Usticako lezioa

Ander Izagirre

Eliza, plaza eta museoetatik urrun, Boloniako artelanik aztoragarriena hiriko kanpoaldeko hangar batean aurkitu nuen. Hogeita hamar metro luze ditu, hamabost tona, eta lehertutako balea metaliko bat dirudi, zuria marra gorriekin, hegalak zabalik keinu akitu batean. Piezaz pieza erreskatatu zuten Tirreniar itsasoaren hondotik, 3.700 metroko sakoneratik, han zazpi urte pasa eta gero. Eta piezaz pieza osatu zuten, berriz. 1980ko ekainaren 27an desagertutako DC-9 abioia da. Boloniatik Palermora zihoan 81 bidaiarirekin, eta Usticako irlaren parean arrastoa galdu zioten radarrek. Hurrengo urteetan, agintari militarrek erregistroak suntsitu eta pista faltsuak sortu zituzten (adibidez: abioiaren barruko bonba baten leherketa iradokitzen zutenak), zertarako eta abioia misil batek bota zuela estaltzeko. Hala adierazi zuen 1999ko epai batek. Giuliano Amato lehen ministro ohiak esandakoaren arabera, NATOko ehiza-hegazkin batek jaurti zion misila abioi italiarrari, Gadafi presidente libiarraren abioia zelakoan. Hildakoen familiei kalte-ordainak ematera zigortu zituzten Italiako ministerio pare bat, 80 bat militarrek ere zigorra jaso zuten agiriak suntsitu eta faltsutzeagatik, baina ez zuten inoiz zehaztu misila nork bota zuen.

Boloniako erakustoki bitxi horretan, Christian Boltanski frantziarrak arte instalazio bihurtu zuen DC-9a: abioi birrindu eta berriz osatutakoaren inguruan 81 ispilu beltz daude, xuxurlaka ari direnak, hildakoen ahotsak gogora ekartzeko; sabaitik zintzilik, 81 bonbilla, argi horixka ematen dutenak indar aldakorrarekin, arnasa hartzen duten arimak bailiran; bederatzi kutxa beltz handik hildakoen objektuak gordetzen dituzte. Txikitutako abioia agonian dagoen piztia da orain, hiritarrek bizirik mantendu duten salaketa bat, itsas hondotik erreskatatutako egia izugarri bat: estatuaren arrazoien aurrean, oraingoa bezalako garai gerrazaleetan, bizitza zibilek oso gutxi balio dute.