Unai Iparragirre: “Gezurra diren kritikek egiten didate min”

Ikasketaz ingeniaria eta aktorea, Unai Iparragirre (Arrasate, 1973) ezagun egin zen lehenengo Arrasate Telebistan eta gero ETBn aurkezle egindako lanengatik. Hamabost urte baino gehiago kanpoan eman ostean, 2021ean itzuli zen Euskal Herrira, ETBko zuzendari izateko. Jaioterrian erantzun ditu TTAPen galderak, Arrasaten, Mondragon Hotelean.

Hiru urte eta erdi pasatxo daramazu ETBko zuzendari; zelan laburbilduko zenuke orain arteko ibilbidea titular batean?
Esango nuke gazi-gozoa izan dela. Uste dut gauza asko lortu ditugula Euskal Telebista indartzeko eta sendotzeko, baina badaude beste gauza batzuk nahi bezain azkar egin ez ditugunak edo oraindik bete ez ditugunak. Atzera begiratzen dudanean, iruditzen zait harro egoteko moduan gaudela. Primeran atera dugu. Makusi atera dugu. Nire helburuetako bat bazen zerbitzu publikoan arreta jartzea, eta, alde horretatik, uste dut aurrerapauso asko eman ditugula, eta nazioartean ere horri aitortza egin diote; hortaz, pozik nago. Baina gazia ere bai, badaudelako gauza batzuk egin nahi nituenak eta oraindik bete ez ditugunak.

Pentsatzekoa da asmo batzuekin eta ikusmolde batekin hartuko zenuela kargua; denbora pasata, asmo horiek, ikusmolde horiek, berberak izaten jarraitzen dute?
Batzuk bai, eta beste batzuk aldatu egin dira. Egia da ikus-entzunezkoen mundua etengabe ari dela aldatzen, zuek ere badakizue, eta pandemia gertatu zenetik ziztu bizian doazela aldaketa horiek. Baina, adibidez, egin nahi nuen gauzetako bat bazen Euskal Telebistaren irudia berritzea eta modernoagoa egitea. Mikel Urmeneta artistarekin bat egin genuen, eta orain irudi berria dauka; alde horretatik, modernitate hori eman diogu. Lehen esan dudan moduan, niretzat oso garrantzitsua da zerbitzu publikoak ematen dituzten edukiak ekoiztea. Nik uste dut telebistek, eta, batez ere, publikoek, badaukatela boterea eta indarra gizarteari onurak ekartzeko, eta esparru horretan egin dugun azkenengo edukiak, Porno belaunaldia-k edo Generación porno-k, hilero-hilero pozik egoteko arrazoiak ematen dizkigu; hainbat sari lortu ditu bai Euskal Herrian, bai Espainian eta baita nazioartean ere. Alde horretatik, uste dut egin nahi nituen gauza batzuk egiten jarraitu nahi dudala. Badago beste gauza bat: nik kargua hartu nuenean, nolabait, obsesio txiki bat ere baneukan berrikuntzan, eta konturatu naiz oso saio berritzaileak egin ditugunean, batzuetan, akaso, gure ikusleek ez dituztela ulertu. Egia da telebista tradizionala, batez ere, ikusle tradizionalek ikusten dutela eta, agian, berrikuntza horiek ez direla eurek jaso nahi dutena. Uste dut gauza batzuk lortu ditudala, beste batzuk ez hainbeste, eta helburuak etengabe aldatzen doaz.

Audientziak. Askotan, telebistan agintzen dutela esaten den horiek. Baditugu 2024ko urrikoak: ETB1ek %1,8ko audientzia-kota lortu zuen; ETB2k, %8koa. Hotzean begiratuta, ez dirudi audientzia oso altuak direnik, oso onak direnik. Ze irakurketa egiten duzu zuk? Ze garrantzi ematen diezu audientziei?
Garrantzia ematen diet. Eta onargarria zer izango litzateke, adibidez?

Zuretzat zer izango litzateke onargarria?
Bada kontu bat audientziena… Jendeari audientziei buruz entzuten diodanean, bada gauza bat grazia egiten didana. Jendeak asko hitz egiten du audientziei buruz, baina oso jende gutxik hitz egiten du audientziei buruz atzean zer dagoen jakinda. Urriko datuak zuk esan dituzunak dira, baina, audientziak ulertzeko, datu absolutuari baino gehiago begiratu behar zaio. Egia da historikoki ETB1ek, batez ere, baina baita ETB2k ere irailean eta urrian behera egiten dutela. Horrek badauka arrazoi bat atzean: publizitate diru gehiena bigarren hiruhilekoan eta irailetik abendura egoten da; orduan, kate handiek, kate komertzialek, euren eduki potenteenak hilabete horietan jartzen dituzte. Eta horren ondorioa izaten da beste kate batzuek behera egiten dutela. Hortaz, iraila eta urria guretzat beti izaten dira hilabete baxuagoak. Baina urteari begiratuta, ETB1, adibidez, %2,1en dago; euskaldunen artean, %4,4. Zeren eta niretzat garrantzitsua da ETB1 euskaldunen artean neurtzea. Hori mundu mailan egiten den praktika bat da, haurren kateak haurren artean neurtzen diren bezala. ETB1 %2,1en dago eta ETB2ren urriko %8 hori %8,6 bihurtzen da. Horiek datu absolutuak dira. Baina audientziak behar bezala ulertzeko eta horien inguruko hausnarketa egiteko, garrantzitsuagoa izaten da joera. Pandemia garaian hilabetero esaten ziguten zenbat pertsona zeuden COVIDarekin. Baina horrek momentuko argazkia ematen dizu; garrantzitsuagoa da aurreko hilabetean zenbat zeuden eta duela bi hilabete zenbat zeuden, jakiteko hobera goazen edo okerrera goazen. Horrenbestez, ETB1 azkenengo bi urteetan %5 hazi da. ETB2k pixka bat behera egin du, %3. Eta datu absolutuari begiratzeaz gain, joerari begiratzeaz gain, garrantzitsua izaten da inguruari ere begiratzea: ni nola nagoen, baina ingurukoak nola dauden. Esan dut ETB1ek %5 egin duela gora eta ETB2k, %3 behera; baina Telecincok –ze gu oso euskaldunak gara eta dokumentalak ikusten ditugu, baina Euskadin, erkidegoan, Telecinco izan da jaun eta jabe urte askoan– %20 egin du behera. Eta Antena3ek, guk baino diru askoz ere gehiago edukita, %13 egin du behera. Horrela begiratuta, ETB1 hazten ari da eta gainontzekoak, handiak, behera doaz, eta ETB2, gutxi gorabehera, mantendu egiten da. Television Españolak –ze hemen oso euskaldunak gara, baina Television Española asko ikusten da– bai egin du gora, baina 300 milioi euroko zulo batekin. Komunikabide batzuetan ETB alderatzen dute baita Galiziarekin eta Kataluniarekin ere; bada, TVGk %13 egin du behera eta gaur egun ETB2ren azpitik dago; eta Kataluniakoak, zoritxarrez, %7 edo %8 egin du behera. Pozik nago? Ez, beti nahi dut gehiago; nire aurreko bizitza profesionalean ikasi nuen garrantzitsuena beti haztea dela, eta, ahal baldin bada, digitu bikoitza. Gehiago nahi dut? Bai, baina egoera ez da batzuek esaten duten bezain katastrofikoa. Nik uste dut –eta nahiko nuke– ETB1ek %2,2an bukatuko duela; %4,6an euskaldunen artean; eta uste dut, Gabonak doazen moduaren arabera, lortuko dugula. Eta ETB2, berriz, mantentzea. Baina badiotsut, ingurura begiratzen dudanean, Telecinco %20 behera eta Antena3, %13.

Saio oso berritzaileak egin ditugunean, batzuetan gure ikusleek ez dute ulertu

Gaur egungo telebista kontsumitzeko ohiturekin eta audientziak lehengo eran neurtzeko moduarekin, ez dakit audientziei zenbateraino begiratu behar zaien hotz-hotzean…
Begira… kargua hartu aurretik Andoni Aldekoa gure zuzendari orokorrarekin lehenengo bilerak izan nituenean, nik azaldu nion nik nola ikusiko nukeen nire ametsetako Euskal Telebista. Eta, noski, audientzia garrantzitsua da, zeren eta telebista kate batek gizartean eragina izateko jendeak ikusi egin behar du. Baina niretzat garrantzitsuena ez da hori. Niretzat garrantzitsuena kalitatea da; gizarteari laguntzea eta zerbitzu publikoa ematea. Badakit hori, normalean edo gehienetan, audientziarekin ez datorrela bat, eta nik Andoni Aldekoari esan nion: nik ikusten dudan Euskal Telebista egiteko kantitatean pixka bat behera egin beharko genuke, edo egingo dugu, kalitatean gora egin nahi dudalako. Eta hark ikuspuntu bera zeukan. Batzuetan, eduki batzuk kritikatzen dira ez direlako kulturaren ingurukoak edo kalitatea daukatenak, baina gero kritikatzen da baita ere audientziak behera egiten duenean. Niretzat, Mihiluze bueltatzea oso garrantzitsua zen, iruditzen zaidalako ETB1en eta ETB3ren betebehar garrantzitsuenetako bat euskara bultzatzea dela. Mihiluze bueltatu zenean, lehenengo denboraldian audientziak ez ziren onak izan. Kendu izan banu, kritikatu egingo zen erabakia; mantendu egin dugu, eta orain oso audientzia ona dauka. Baina, esandakoa, ez da erraza oreka mantentzea audientziaren eta kalitatearen artean. Hor dago koska; batez ere, telebista publiko batean eta maite dudan telebista batean, Euskal Telebistan.

Kritikak aipatu dituzu; EITBri eta, bereziki, ETBri egiten zaizkion kritiken artean, zein iruditzen zaizu injustuena?
Begira, ni kritika-zalea naiz, iruditzen zaidalako benetan konstruktiboak egiten badira eta borondate onetik baldin badatoz ikasi egiten dela. Ez dago kritika konstruktibo bat niri min egin didanik. Min egiten didatenak dira, batez ere, gezurrak direnean. Egun hauetan Trumpi buruz asko hitz egingo da, eta askok pentsatzen du fake news-ak Amerikako kontu bat direla; batez ere, Trumpi lotutakoak. Baina fake news-ak euskaraz ere badaude, eta horiek egiten didate min. Adibidez, duela hilabete batzuk, egunkari batek esan zuen Euskal Telebistak ez zizkiola utzi Movistarri Unicorn Wars-en euskarazko eskubideak. Eta hori ez da egia; ekoiztetxeak berak esan zuen. Hasteko, eskubide horiek ez direlako esklusiboki ETBrenak. Nahi izango bagenu ere, ezin izango genuke atzera bota euskarazko bertsioaren eskubideak Movistarri ematea. Eta beste alde batetik, euskararekiko gure politika da euskarazko edukiak ahalik eta leku gehienetan egotea, eta, gure euskarazko eskubideak eskatu dizkigutenean beste medio batean egoteko, beti baietz esan dugu. Beste medio batek esan zuen duela gutxi euskarazko fikzioan 2016. urtetik ez dagoela euskara zuzentzailerik. Hori ez da egia. Horiek ematen didate min: gezurra direlako, manipulatuta daudelako eta uste dudalako min egitera doazela. Eta, gainera, uste dudalako benetako eta fundamentuzko kazetaritzak iturriak kontrastatu egin behar dituela. Gero, gainera, niretzat, euskaldunak lau katu gara, eta ez dauka zentzurik gure artean mokoka egoteak. Espainiarrek, Madrilen elkar joka egon arren, ez dute inongo arazorik hemen euskaldunak Ajuria Enetik ateratzeko; bat egiten dute. Guk, euskaldunon artean, zergatik ibili behar dugu mokoka? Zubiak eraikitzea da bidea; batez ere, euskaldunon artean. Horrek ematen dit min.

Urte bukaera aldera gaude, 2025era begira jartzekoa, eta hor aurrekontuak aipatzen dira. Argitaratu da 2025ean EITBk 218,6 milioi euroko aurrekontua izango duela. Eta argitaratu denaren arabera, ETB2k 69,25 milioi aurrekontua izango luke eta ETB1ek, 68,58 milioi euro. Ia 700.000 euroko aldea bien artean.
Datorren urtean?

Datorren urtean, 2025ean.
Hori ez da egia, zeren eta datorren urteko planak oraindik egin gabe daude. Akaso, proiekzio bat izan daiteke, baina, izatekotan, kontrakoa izango litzateke: ETB1ek ETB2k baino gehiago. Datorren urteko planak maiatzera arte eginda daude, baina urte osokoak ez, eta gure aurrekontuek konputatzen dute edukiak emititzen goazen heinean. Orduan, datorren urtean aurrekontuek nola bukatuko duten ezin dizut orain esan, datorren urtera arte ez dudalako jakingo. Baina aurtengoak bai, eta aurten, adibidez, ETB1ek ia 66 milioi izango ditu eta ETB2k, 61,5 milioi. Aldea dago, ETB1en alde. Eta aurten, euskarazko kate edo medio guztiak batuta, hau da, ETB1, ETB3, Makusi eta Primeran; eta beste alde batetik, erdarazkoak, hau da ETB2 eta ETB4; euskarazkoetan ia 10 milioi gehiago dago. Datorren urtean zer gertatuko den? Oraindik ez dakit, baina, aurten bezala, euskarazko medioek pisu handiagoa izango dute, eta aurrekontu altuagoa.

Bateko eta besteko edukiak, ETB1eko, ETB2ko edo ETB3ko edukiak diseinatzeko orduan, parrilla esaten zaion hori diseinatzerakoan, zeren arabera egiten da?
Kontu askoren arabera. Aurten, ETB1en eta ETB2ren kate-estrategia aldatu egin dugu, iazko azken hilabeteak ez zirelako joan nik nahi nuen bezala. Nazioartean erabiltzen den metodologia bat erabili dugu, arketipoena. Orduan, ETB1erako arketipo bat dugu, nolakoa den gure ikuslea; Maite eta Jonan daukate izena. ETB2rako beste bi arketipo ditugu. Geure buruari galdetzen diogu ea Maiteri eta Jonani gustatzen zaizkion eduki horiek; horrela baldin bada, aurrera egiten dugu. Badaude genero batzuk kate batekiko esklusiboak direnak. Adibidez, kirola beti ETB1en egiten dugu; salbuespen batzuk badaude, baina, normalean, kirola ETB1en egiten dugu. Barne produkzioa den fikzioa euskaraz egiten dugu beti, salbuespen gutxi batzuetan izan ezik. Eta kanpoko fikzioa, erositakoa, ETB2n. Hortik aurrera, esango nuke ETB2ko ikusleak tradizionalagoak direla; ETB1eko ikusleek, berriz, esperimentuak eta berrikuntzak pixka bat hobeto hartzen dituzte. Adibidez, Bikote bionikoa ez genuke inoiz ere ETB2n egingo; edo, Baserri Gourmet ETB1en egingo bagenu, ziur asko erritmo azkarragoa izango luke. Kate bietan egiten duguna da, noski, albistegiak eta zerbitzu publikoa.

ETB1 hazten ari da eta ETB2, gutxi gorabehera, mantendu egiten da

Zenbat begiratzen diozue kanpoan egiten denari, kanpoan ondo funtzionatzen duen horri?
Asko. Eta, gainera, niretzat, nire lanaren zati politenetako bat da; eta Andonik Euskal Telebistara ekarri ninduenean eman zidan betebeharretako bat izan zen nazioartean arrakastatsuak diren saioak euskal ikusleei eskaintzea. Bada, esan dudan moduan, nire lanetik gehien gustatzen zaidan kontuetako bat: kanpoan zer egiten den ikustea eta kanpoan egiten den hori hemen eginez gero gure ikusleak nola lukeen ikustea. Eta esan beharra daukat gehienetan ondo joan zaigula. Piztu telebista, adibidez, Erresuma Batuko formatu bat da, ETB1en egin duguna, arrakastarekin; hainbat denboraldi egin ditu eta oso audientzia-datu onak eman ditu. Ametsen arbola Herbehereetako formatu bat da, orain ETB1en ematen ari garena. Esto no es normal ere kanpoko formatu bat da, ETB2n emititzen ari garena. Batzuetan, uste dugu euskaldunak bakarrak garela, eta gauza askotan bagara eta ni oso harro nago euskalduna izateaz. Baina badaude tendentzia batzuk edukien munduan mundu mailakoak direnak; batez ere, pasiozko edukien ingurukoak. Hori nik asko ikasi nuen Discoveryn lanean nengoenean, eta oso polita da.

Zergatik?
Hasteko, kanpoko formatu bat erosten dugunean aukera ematen digulako kanpoko lantaldeekin lan egiteko eta eurengandik ikasteko. Eta beste alde batetik, esperimentatzen dugunean… Niri esperimentuak gustatzen zaizkit, baina mugatuta; arriskuak hartzea gustatzen zait, baina mugatuta baita ere. Orduan, kanpoko formatu bat hartzen dugunean, gutxi gorabehera badator nola egin behar den, zeintzuk diren kontuz ibili behar dugun esparruak eta zer behar den formatu hori behar bezala egiteko. Adibidez, Ametsen arbola-ren kasuan, Herbehereetako ekoiztetxe horrek esan zigun ezinbestekoa zela aurkezleak sintonia ona edukitzea eta gustuko izatea umeak, eta elkarrizketak egiten ere ona izatea. Bueno, bada, Xabier Madariaga. Eta asmatu dugu. Nire ustez, Xabier Madariaga Ametsen arbola-n bikain dago, haren lan onenetako bat da.

Gazteek ez dute telebistarik ikusten, edo ez, behintzat, orain arte egin izan den moduan, modu arruntean; horrela da?
Bai; zoritxarrez, horrela da. Lehen aipatu dut nire lanetik gehien gustatzen zaidan esparruetako bat nazioarteko taldeekin eta telebistekin kontaktu hori dela. Adibidez, abenduan, urtero, Londresen konferentzia batzuk antolatzen dira, London Content izenekoak; nire ustez, mundu mailan egiten diren onenak dira, eta asko ikasten da. Eta izenak content esaten duen arren, batez ere estrategiaren inguruko konferentziak dira. Hor egoten dira Fox-eko presidentea, BBCko estrategia-burua… eta kontatzen dituzte euren estrategiak. Duela bi urte kontatu zuten batzuk hainbat estrategia ari zirela ezartzen gazteak erakartzeko euren kateetara. Eta horiek beroiek iaz esan zuten: “Akabo! Amore eman dugu eta ez dago modurik gazteak telebista tradizionalera ekartzeko”. Guk ere bide hori hartu dugu, eta hortik dator Primeran abian jartzearen ideia, Makusirena… Gazteak ez datoz telebistara, gazteak datoz Youtubera eta plataformetara. Orduan, bi estrategia ezberdin behar ditugu: gazteak digitalera erakartzeko eta gazteak ez direnak telebista tradizionalera ekartzeko.

Urtebete pasatxo da Primeran martxan jarri zela; ze balorazio egiten duzue?
Oso positiboa. Duela gutxi jo dugu 120.000 erregistratuen muga hori. Egia da nik duela bi urte ez neukala hain ziur Primeran errealitate bihurtuko zenik, Euskal Telebista telebista tradizionala egitera ohituta dagoelako eta streaming zerbitzu bat atera dugun lehenengo proiektua izan delako. Barne funtzionamenduan gauza asko aldatu behar izan ditugu, gauzak beste era batera egiten ikasi behar izan dugu. Baina, zorionez, zerutik Alex Gibelalde etorri zitzaigun, Primeranen arduraduna dena nire taldean, eta Alex Gibelaldek nazioartean esperientzia handia izan du: Googlen egon da, Twitterren egon da, HBOn egon da… Egia esan, oso pozik gaude: 120.000 erregistratu asko dira, kontuan hartuta fokua euskara dela eta euskaraz bizi garenok Euskal Herrian ez garela hainbeste. Badaukagu non hobetu, eta datorren urtera begira helburua 200.000ra heltzea da, eta, batez ere, jendeak gero eta eduki gehiago kontsumitzea. Ikusi dugu argi eta garbi oso gauza potenteak dauzkagunean jendea etortzen dela, baina ez dagoela egunero Primeranera etortzeko ohitura hori. Hori bultzatu nahi dugu datorren urtean, baina momentuz lortu dugunarekin ni oso pozik nago.

ETBn fikzio gutxi egiten dela ere behin baino gehiagotan entzun da sektorean, ikus-entzunezkoen, fikzioaren munduan lan egiten duen jendearengandik; horrela da ala ez? Zergatik da horrela?
Nik nahiko nuke fikzio gehiago egitea, baina egia da fikzioa egitea oso garestia dela. Eta egia da baita ere abian jarri ditugun fikziozko proiektu asko bidean geratu direla. Datorren urtera begira badago bat orain lantzen ari garena, nik bai ala bai egin nahi dudana. Baina oso prozesu luzea izaten da; gauza bat da proiektu bat aurkeztea eta guk gustuko izatea. Gero, hortik gidoigintzara pasatu behar da, eta proiektu asko bidean erori egiten dira. Egia da Go!azen-ek eta Irabazi arte-k pozik egoteko arrazoi asko ematen dizkigutela, baina bai nahiko genuke, eta hurrengo helburua izango da, helduentzako proiektu gehiago ere egitea. Lanean bagabiltza, baina ez da bide erraza izaten.

Eskatu egiten ditugu gauzak, baina gero, ikusten ditugu?
Ez. Egia da gainontzekoen dirua denean oso erraza dela gauzak eskatzea. Eta egia da hau niretzat ere ikasketa prozesu bat izan dela. Lehen, asko entzuten nituen komentario horiek, orain gero eta gutxiago; hain justu, zuk esandakoagatik: gauza asko eskatzen dira ondoren ikusten ez direnak. Bi adibide emango dizkizut: bat, El conquis. Zergatik beti erdaraz eta ez euskaraz? Nire bigarren urtean euskaraz egin genuen El conquis egiten duen ekoiztetxe berberarekin, zuzendari berberarekin eta aurrekontu berberarekin: Naufragoak. Kontuan hartuta El conquis-en audientzia euskaldunon artean neurtzen dugunean audientzia orokorra baino altuagoa dela; hau da, El conquis euskal hiztunek gehiago ikusten dutela erdal hiztunek baino. Niretzat, bi gehi bi, lau: Naufragoak eginda lantalde berberaren eskutik, aurrekontu berberarekin, audientzia izan beharko luke. Eta sekulako porrota izan zen. Zinema euskaraz. Saiakera asko egin ditugu: iaz egin genuen Zinea zetaz-ekin; aurten irailean ere egin ditugu eta hainbat film on eman ditugu euskaraz eta audientzia zati hamar egin da. Orduan, eskatu egiten da; baina ikusi, ez. Horren aurrean zer? Lehen ere esan dut: nire ustez, audientzia ez da beti garrantzitsuena, baina audientzia ere kontuan hartu behar da. Eta, hain justu, eduki horiek eskatzen dituztenek, ondoren audientzia jaisten denean, audientzia kritikatzen dute. Lehen esandakoa: nik ere bide honetan ikasi dut eta orain komentario horiei gero eta kasu gutxiago egiten diet.

Datu kazetaritza oinarri duen Saretzen bezalako proiektuekin, erakusten da posible dela EITBren, ETBren eta Tokikom barruko tokiko euskarazko hedabideen arteko elkarlana; ETBko zuzendari moduan, zelakoa iruditzen zaizu edo zelakoa irudikatzen duzu harreman hori?
Ezinbestekoa. Askotan hitz egiten da win, win horri buruz; bada, niretzat, hau da win, win, win. Zeren eta horrelako proiektuetan Euskal Telebista irabazten ateratzen da; Saretzen-en kasuan, Tokikom irabazten ateratzen da; baina, batez ere, hemen irabazten ateratzen dena ikuslea da, eta, azkenean, egiten dugun guztia ikuslearentzat egiten dugu. Lehen esan dudana: Euskal Herrian bi katu gara, edo lau… bi, esango nuke. Eta ez dauka zentzurik gure artean elkarlana ez sustatzeak. Politikan gertatzen den bezala: nik alderdi ezberdinetako politikariak bat egiten ikusten dudanean poztu egiten naiz; iruditzen zait hori euren lana dela. Eta badakit, kalean komentatu didatelako, Saretzen moduko proiektuak egiten ditugunean, edo sanjoanak Goiena Telebistak eta EITBk elkarlanean egiten dutenean, edo Tolosako Inauteriak Tolosako tokiko telebistak eta EITBk elkarlanean egiten dituztenean… gure ikusleek pozik hartzen dutela. Ni elkarlanaren zale amorratua naiz, eta uste dut denok ateratzen garela irabazten; eta, batez ere, ikusleak.

Bukatze aldera egingo dugu, eta promoziorako ere tartetxo bat: datozen hilabeteotarako eskaintzaren barruan, zer ez genuke galdu beharko ETBn?
Nik hemen gauza asko ezin dut esan, zeren eta promoziokoek hil egingo naute. Baina, adibidez, hemendik aste gutxira, Ur handitan bueltatuko da, euskal ikusleentzat oso kuttuna den saio bat. Gabonetan, Piztu telebista bueltatuko da. Gabonak zoragarriak izango dira, bai ETB1n eta baita ETB2n ere. Eta pixka bat nostalgia modan dagoenez, Gabonetarako, batzuek barre egingo dute, baina Gabonetarako Txirri, Mirri eta Txiribitonen 40. urteurrena ospatzen duen dokumental bat ari gara prestatzen; Txirri, Mirri eta Txiribitonek euskal gizarteari gauza asko eman dizkiotelako. Uste dut oso dokumental polita izango dela, bihotzera joango dena eta eurentzat omenaldi bat izatea nahiko duguna. Eta nobedade moduan, eta promoziokoek hil egingo naute, baina kanpaikaden ostean Euskal Telebistak irudia aldatuko du eta oso itxura modernoa, euskalduna eta mundura zabalik dagoena estreinatu dugu.

Hori, datorren urtean. Bukatzeko, orain bai, Unai, azken galdera. Orain itzaleko lanetan, kamera atzeko lanetan, kudeaketa lanetan ikusten zaitugu. Itzuliko zinateke berriz ere kamera aurrera? Izan ere, askok horrela gogoratuko zaituzte, kamera aurreko lanetan, izan Arrasate Telebistan, izan ETBn.
Egia esan, kamera aurrean jartzeak gaur egun nagikeria sortzen dit. Aurkezle moduan ez dut uste egingo nukeenik. Baina ni aurkezle izan aurretik aktore izan nintzen; nik Informatika ikasi nuen, eta Arte Dramatikoa, eta nire lehenengo ordaindutako lana aktore moduan izan zen, TV3en, 22 urte nituela. Lagun batek bideo hori bidali zidan. Aurkezle lanetara ez, baina antzerkiko aktore lanetara bai bueltatuko nintzateke.