Unai Fernandez de Betoño: “Arrakala soziala sortzen ari da etxebizitzaren arazoa”

Arkitektoa eta EHUko Arkitektura Fakultateko irakaslea da Unai Fernandez de Betoño (Gasteiz, 1977). Etxearen korapiloa nola askatu liburua argitaratu du gasteiztarrak; bertan, Etxebizitza-politika justurako gako batzuk ematen ditu, besteak beste.

Unai Fernandez de Betoño, ongi etorri TTAPera.

Eskerrik asko.

Etxearen korapiloa nola askatu liburua argitaratu duzu UEUrekin eta Ipar Hegoa Fundazioarekin. Nondik sortu zen liburu hau idazteko ideia?

Aspaldi neukan etxebizitzari eta hirigintzari buruzko liburu bat egiteko ideia. Eragin handia daukate gugan zer-nolako etxebizitzak eta hiriak ditugun, bien arteko harremana oso estua baita. Baina politikan aritu ondoren konturatu nintzen askoz ere garrantzitsuagoak direla beste zenbait erabaki. Adibidez, unibertsitateko eskoletan aipatzen nituen Bentaberriko eraikin baten diseinua, fatxada eta horrelakoak. Eta gero konturatzen zara bertan daudenen etxebizitzak mundu mailan oso famatua den BlackStone izeneko putre funts batek erosi dituela. Horrek etxebizitza horietan bizi direnen artean eragin handia du. Politikan ikusi eta ikasi dudanarekin, eskoletara bueltatu naizenean denbora gehiago izan dut zenbait ideia garbira pasatzeko, eta hortik jaio da liburua.

Eta etxebizitzaren korapiloa askatu egin daiteke?

Denon hobe beharragatik, nik uste dut baietz. Kontua da benetan gai hau serio hartu behar dela. Bere garaian hezkuntzarekin edo osasunarekin egin genuen bezala, etxebizitzarekin ere halako sistema publiko bat egin beharko genuke, beharra daukanak eta nahi duenak erabil dezan. Hau da, behar duenak eta horrela nahi duenak bere eskura izan behar du etxebizitza merke eta iraunkor bat. Beraz, arazoa konpondu egin daiteke, baina horretaz jakitun izanda.

Nola laburtuko zenuke gaur egungo egoera zein den?

Jabegoan gaudenok edota hipoteka bat daukagunok horren gaizki ez gaudela esango nuke. Izan ere, prezioek gora eta gora egiten dute eta gure etxebizitzen prezioek ere gora egiten dute. Baina alokairu librean daudenak bereziki oso gaizki pasatzen ari dira. Azken zazpi urte hauetan alokairuen prezioa %27 igo da eta soldatak, %17. Horren ondorioz, %10 pobretu dira. Bestetik, oso gaizki pasatzen ari dira lehen aldiz etxebizitza bat erosi behar dutenak; gazteak, batez ere. Gure garaian gutxienez zorpetuz lortu genuen etxea, nahiz eta ziurrenik oraindik hipoteka bat ordaintzen ari garen. Baina gaur egun gazteek ezin dute modu horretara ere etxebizitza bat lortu. Horren ondorioz, gure gizartean arrakala handi bat sortzen ari da etxe baten jabe garenon artean eta alokairuan edota etxerik erosi ezin dutenen artean. Gai hori benetan serio ez baldin badugu hartzen, arrakala horrek handitzen jarraituko du, eta oraindik ezagutzen ez ditugun ondorio sozioekonomikoak egon daitezke. Saiatu behar dugu gizarte kohesionatuagoa eraikitzen, eta horren funtsetako bat etxebizitza da.

Zein da arazo horren iturria?

Nik esango nuke arazo horren oinarrietako bat aspaldidanik –joan den mendeko 80ko hamarkadatik– gure etxebizitzak etengabe balioa handitzen duen sistema batean sartuta gaudela. Garai hartan, Munduko Bankuak esan zuen etxebizitza-parke publikoak saldu egin behar zirela, pribatizatu egin behar zirela eta alokairuak liberalizatu egin behar zirela. Ordura arte, alokairuak iraunkorrak izaten ziren. Horri jarraituz, Ingalaterran hiruzpalau milioi etxebizitza saldu ziren eta etxe haietako maizterrak bat-batean etxejabe bihurtu ziren. Hego Euskal Herrian hori egitea ez zen beharrezkoa izan; izan ere, Francok 60ko hamarkadan egin zituen babes publikoko etxe mordo haiek 20 urtean liberalizatzeko diseinatu ziren. 1960an herritarren erdiak alokairuan bizi ziren, eta, 20 urte geroago, 80ko hamarkadan, etxebizitzaren eskumena Nafarroari eta EAEri transferitu zitzaigunean, alokairuan zeudenen kopurua %15era jaitsi zen. Zergatik? Francoren proiektuetako bat izan zelako Espainia ez izatea proletarioen herri bat, jabeena baizik. Proiektu ideologiko bat izan zen eta oso ondo funtzionatu zuen. Orduz geroztik, gure DNAn sartu digute etxearen jabegoaren nahi hori, eta etengabe balioa handitu behar duen kultura.

Kapitalismoarekin oso ondo josten da hori.

Noski! Batzuek diote kapitalismoarekin bukatuko bagenu etxebizitzaren arazoa bukatuko litzatekeela. Baina, horretara itxaron gabe, beste neurri batzuk ere bilatu behar ditugu orain.

Bizitza eta etxebizitza sinonimoak izan daitezen, nondik hasi beharko genuke lanean?

Nik uste dut programa erreformista eta erradikala aurrera eraman daitekeela errealitatean etxebizitza bizitzaren sinonimo bihurtzeko. Horretarako behar ditugu etxe gehiago, merkeak eta iraunkorrak direnak. Liburuan hamar neurri proposatzen ditut eskaintza handitzeko, beste hamar proposamen etxeak merkeagoak izan daitezen eta beste hamar proposamen egiten ditut etxe horiek iraunkorrak izan daitezen. Gaur egun Hego Euskal Herriko herritarren %20 alokairuan bizi dira eta daukaten arazoetako bat da ezin dutela bizitza-proiektu luze bat egin, badakitelako hemendik bost urtera etxe hori utzi egin behar dutela, edo berriro negoziatu beharko dutela alokairuaren kontratua.

Alokairu soziala unibertsala izatea lortu behar dugu

Zer neurri hartu daitezke etxebizitzen prezioa jaisteko?

Eskuindar eta neoliberal askok esaten dute etxebizitzaren arazoa konponduko dela etxe gehiago eraikita. Nik esaten dudana da etxe berri batzuk eraiki beharko direla, baina ezin dugula adreiluaren burbuilan bezala eraiki. Modu doituagoan eraiki behar dugu, eta kontuan ere hartu behar ditugu behar ditugun zenbait etxe dagoeneko eraikita daudela; hutsik dauden etxebizitzak edota pisu turistikoak, adibidez. Horiek hartu eta merkaturatu egin beharko genituzke. Alokairu sozialean maizterrek ez dute alokairuan ordaintzen beren soldataren %30 baino gehiago. Europa mailan kopuru hori nahikoa adostuta dago. Nahi duenak erosi dezala etxebizitza bat, baina egon dadila ere sektore publikotik eskaintza hori. Bestetik, prezioak jaisteko alokairuak mugatzeaz gain, espekulazioaren aurka ere borrokatu behar da. Alde batetik, sektore publikoak lursail gehiago erosi behar ditu. Bestetik, hirigintzak etxebizitzak egiteko proiektuak onartzen dituenean, sustatzaileek euren komenientziara atzeratzen dituzte datak, prezioak igo arte, eta, ondorioz, epeak ez dituzte betetzen. Horren jarraipena ere egin beharko litzateke. Azkenik, batzuek etxeak erosten dituzte, besterik gabe, finantzarioki espekulatzeko. Ikusten dute etxe bat erosi eta alokairuan jartzeak %6-10 bitarteko errentagarritasun handia ematen diela. Hori ere begiratu beharko litzateke.

Zein da alokairu sozialaren egoera gaur egun?

Austrian, Danimarkan eta Herbehereetan, adibidez, etxe guztien %20 baino gehiago alokairu sozialekoak dira. Hego Euskal Herrian, berriz, %2,5ekoak dira. Eta Europako batezbestekoa %11koa da, Ipar Euskal Herrian antzera. Horrek lotura dauka gazteen emantzipazioarekin. Izan ere, Ipar Euskal Herrian gazteak bospasei urte lehenago emantzipatzen dira Hegoaldekoekin alderatuta. Ez da izango horregatik bakarrik, baina zerikusia badu. Nire ustez, hemendik hamar urtera boskoiztu egin beharko genuke Hego Euskal Herriko alokairu sozialen kopurua. Zergatik ez da sustatzen? Nire ustez, dirua ahalik eta azkarren irabazi nahi delako. Hau da, promotore batek alokairu soziala sustatzen badu, ez du berreskuratuko berehala egiten duen inbertsioa. Eta, bestalde, administrazio publikotik orain arte estigmatizatu egin da alokairu soziala. Unibertsala izatea lortu behar dugu.

Proposatzen dituzun neurriak martxan jarri daitezke orain?

Nik uste dut proposatzen ditudan 30 neurriak egingarriak direla, borondate politikoa baldin badago. Duela bost urte, alokairuak mugatu egin behar zirela esatea erokeria hutsa zen alderdi batzuentzat. Orain, behintzat, publikoki ez dute hori esaten. Presio sozial eta politikoaren ondorioz, lortzen ari gara aurrerapausoak ematea; behintzat, diskurtsoan. Beste kasu bat pisu turistikoena da. Duela bost urte, turismofoboa zinen oraintxe hartuko diren neurri batzuk hartu behar direla esaten bazenuen. Horrek ematen dit bide positiboa izateko eta pentsatzeko borondate politikoa baldin badago egoera irauli eta hobetu egin daitekeela.

Zein neurrirekin hasiko zinateke arazoa konpontzen?

Aipatzen ditudan neurri gehienak aldi berean hartu behar dira. Alokairuaren prezioa bakarrik kontrolatzen baduzu, eta ez baduzu eskaintzan eragiten, eskaintza txikitu egin daiteke. Hainbat neurri hartu behar dira batera, eta ez bakarrik urte baterako edo lau urterako, politikan ohituta gauden bezala. Alderdi guztien artean kontsentsu orokor batzuk hartu beharko liratekeela uste dut. Adibidez, alokairu sozialaren kopurua Europako bataz bestera igotzea.

Presio sozialak zer-nolako garrantzia du hemen?

Ezinbestekoa. Alokairuen mugan eta pisu turistikoen kasuetan ezinbestekoa izan da presio soziala. Herri-plataformak daude halako ideiak sustatzen, eta hainbat aldaketa legal herri ekimen legegileen bidez hasi dira. Oraintxe bertan etxe-kaleratzeekin dugun sentsibilizazioa ez genuke izango Kaleratzeak Stop plataformak existitu ez balira. Eta haiei esker jakin izan dugu gure hipoteketan  gehiegizko klausula batzuk zeudela. Gehiegizko klausula horiek alokairu kontratuetara iristen ari dira, eta horiek ere presio sozialaren bidez salatu behar ditugu. Kolektiboki defendatu behar ditugu gure eskubideak, eta hor sindikatuak garrantzitsuak dira. Bestetik, zure etxe-jabearekin duzun arazoa eraikin bereko beste pertsona batzuek izan dezakete, eta, elkartzen baldin bazara eta sindikatu baten bidez presio kolektiboa egiten baldin baduzu, agian lor ditzakezu emaitzak.

DNAn sartu digute etxea jabegoan izateko nahia

Liburua neutrala ez dela esan duzu.

Hala da. Neutraltzat hartzen ditugu indarrean dauden zenbait neurri, eta uste dut horiek ere ez direla neutralak. Adibidez, etxebizitza politiken aurrekontua igotzea edo ez igotzea, biak dira erabaki politikoak. Hau da, atzetik ideologia bat dute. Liburuan etxebizitza politikarako aurrekontua igotzea proposatzen dut, baina baita ere gaur egun politika horretan gastatzen dugun dirua beste modu batera gastatzea. Beste adibide bat: etxe bat erosteagatik desgrabazio batzuk egiten dira EAEn, eta hori neutraltzat hartzen da, baina Espainiako erkidego bakarra gara hori egiten duena. Edo beste bat: abal batzuk ateratzen dira 40 urtetik beherako 350.000 euroko etxebizitzak erosteko. Programa horretan 144 milioi euro sartuko dira, eta, nire ustez, diru hori sartu beharko litzateke alokairu sozialeko parkea zabaltzeko. Neutraltzat ere hartzen dugu gaur egun gazteentzat Gaztelagun eta Emantzipa prestazioak egotea [Eusko Jaurlaritzan dauden bi alderdi politikoek euren laguntza atera dute, nork berea], eta ez dugu begiratzen ea gainjartzen diren –gainjarri egiten dira–. Erabaki horiei guztiei buelta bat eman beharko geniekeela uste dut. Horregatik esaten dut liburuan nik ere ez dudala neutrala izan nahi.

Nori zuzenduta dago liburua?

Etxebizitzaren arazoaren gainean kezkatuta dagoen edozeini. Azken boladan inkestetan ondorioztatzen da herritarren kezka nagusienetakoa dela; beraz, herritar guztientzat da. Zatiren bat teknikoagoa da, baina saiatu naiz ahalik eta didaktikoena izaten, eta uste dut edozeinentzat irakurgarria dela.

Zein izan behar dute hurrengo urratsek?

Hartu beharko litzatekeen lehen neurri orokorra proposatzen ditudan 30 neurri horiek martxan jartzea litzateke. Pertsonalki, berriz, unibertsitatean egonda, ezagutzan gehiago sakondu nahi dut. Etxebizitzaren inguruan ikerketak egin nahiko nituzke, ahal bada, taldeka, eta horiek zabaldu. Azkenik, politikariek neurri egokiak martxan jarri ditzaten presioa ere egin beharko genuke.