Unai Baigorri: “Los Angeles’ entzuten dudanean, gogor entrenatzeko motibazioa sartzen zait”


Gimnasia artistikoaren alorrean mundu mailan bere tokia egiten ari da Unai Baigorri gasteiztarra (Gasteiz 2005). Europako Txapelketan eta Munduko Kopan lehiatu berri da, eta aurrerapauso garrantzitsuak eman ditu, nahiz eta lesio txikiak izan.
Gimnasia artistikoko Munduko Kopan eta Europako Txapelketan parte hartu duzu berriki; zer-nolako esperientziak izan dira?
Esperientzia oso politak izaten dira atzerrira lehiatzera joaten zarenean. Aurten, ziklo hasierarekin eta gimnasiako kodearen aldaketekin, ariketa berriak muntatzeko momentua izan da. Ariketa zailak eta asko landu beharrekoak. Bi txapelketa horiek, Kopergoko (Eslovenia) Munduko Kopa eta Europako Txapelketa, ariketa berriak probatzeko txapelketa onak izan dira. Kopergon lehenengo aldiz aurkezten nituen. Akatsak egon ziren eta ez zitzaizkidan primeran atera. Ulergarria da 2025eko apirilean ariketa horiek finduta ez izatea. Saltoa hoberen egin nuen aparatua izan zen eta finalerako sailkatzea lortu nuen. Finalean akats bat egin nuen, baina pozik, berriro ere hor egotea ikasketa oso handia delako eta etorkizunerako asko lagunduko didatelako halako esperientziek. Europako Txapelketara bikia eta oina minduta nituela heldu nintzen. Txapelketa ondo joan zen, oro har. Ez nahi izango nukeen moduan, baina fisikoki nituen minekin ahal nuen guztia egin nuen. Lurra, potroa eta saltoa egin nituen. Hiru aparatuak erorketarik gabe baina akatsekin egin nituen. Hiru aparatuetan nota onak lortu nituen taldearen sailkapenean laguntzeko. Esperientzia politak izan dira, eta, gainera, Alemaniara nire gurasoak eta klubeko entrenatzaileak ere etorri ziren. Ziur etorkizunerako bi txapelketa horietan izandako esperientziek asko lagunduko didatela.
Nola entrenatzen zara gimnasta izateko?
Gimnasta izateko asko entrenatu behar da. Sei ordu egunero, astelehenetik larunbatera, eduki oso desberdinak lantzeko. Beroketa, malgutasuna, indarra, oinarrizko ariketak, elementuak, konbinazioak… gauza asko eta oso desberdinak landu behar dira lehiatu ahal izateko. Horiek egunero eta behin eta berriz egiten ditugu. Errepikapen asko. Entrenamenduaren eduki handienak aparatuak ditugun Madrilgo gimnasioan egiten ditugu. Indarra lantzeko gimnasioa ere erabiltzen dugu batzuetan. Fisikoa ere entrenamenduaren zati garrantzitsua da fisikoki ahal den hoberen egoteko. Psikologoa eta nutrizionista ere entrenamenduaren alde garrantzitsuak dira. Hori guztia goi mailako gimnasta izateko bidearen parte da.
Olinpiar Jokoak dira gimnasta baten ametsa? Los Angeles entzuten duzunean ezer berezirik sentitzen duzu?
Olinpiar Jokoak dira kirolarion ametsa. Txapelketarik gorenena da. Nahiz eta beste hainbat txapelketa egon eta urtero goi mailako txapelketak eta helburuak jarri, beti epe luzerako helbururik garrantzitsuena Olinpiar Jokoak dira. Los Angeles entzuten dudanean, gogor entrenatzen jarraitzeko motibazioa sartzen zait. Esan dudan moduan, nahiz eta urtero Europako txapelketak eta mundukoak egon, hori da etorkizuneko helburua.
Erreferenterik izan duzu kirol horretan? Edo beste kirolen batean?
Gimnasiako erreferenteak, mundu mailan, betidanik japoniarrak izan dira. Gimnasia oso teknikoa, polita eta ikusgarria egiten dute. Espainia mailan Joel Plata izango litzateke erreferenterik handiena. Egunero harekin entrenatzen gara gimnasioan, eta oso eredugarria da. Egunero gogor lan egiten du helburuen bila.
Hainbat modalitate biltzen ditu gimnasia artistikoak; zein gustatzen zaizu gutxien eta zein gehien?
Gimnasia artistikoan sei aparatu ditugu: lurra, zaldia, eraztunak, saltoa, paraleloak eta barra. Gehien gustatzen zaidan aparatua lurra izan da betidanik. Asko gustatzen zaizkit airean txiribueltak ematean ditudan sentsazioak. Gutxien gustatzen zaizkidanak paraleloak dira. Ez ditut inoiz oso gustuko izan, baina horiek lantzen jarraitzen dut.
Lesioak oso ohikoak izaten dira kirol horretan; zortea izan duzu, oraingoz?
Lesioak oso ohikoak dira. Momentuz, lesio garrantzitsurik ez dut izan, baina Madrilera joan naizenetik eta entrenamenduen intentsitatea asko igo denetik lesio batzuk izan ditut. Lehenengo urtean bizkarrean lesioa izan nuen eta denbora bat saltorik eman gabe egon nintzen. Aurten, belaunean min hartu nuen erorketa txar baten ostean, eta denbora pixka batez egon naiz berriro gelditu. Azken hilabetean bikian eta oinean bi lesio izan ditut. Orain, karga pixka bat murriztu dugu eta fisioterapeutarekin tratamendu berezia egiten ari naiz denboraldia ondo bukatu ahal izateko.
Zer-nolako egoera du gimnasia artistikoak Euskal Herrian?
Gimnasia artistikoa Euskal Herrian ez da kirol oso entzuna. Euskal Herri osoan bi klub baino ez daude, eta biak, zorionez niretzat, Gasteizen daude eta instalazio berean entrenatzen dira. Kirol gutxitua da, baina zortea dugu instalazio nahiko onak ditugulako kirol hori egin ahal izateko. Klubean 17 urte izan arte entrenatu nintzen, eta gero, Madrilera joan nintzen, hobetzen jarraitzeko.
Zer egiten du Unai Baigorrik egunerokoaz deskonektatzeko?
Egunerokoaz deskonektatzeko denbora gutxi daukagu. Entrenamenduez gain, ikasketak ere baditut. Unibertsitatera noa, eta, horregatik, ikasteko denbora ere atera behar dut. Denbora daukagunean, Madrilen paseoren bat egiten dugu edo afaltzera joaten gara.
Ezagutu nahiko zenukeen herrialde bat?
Ezagutu nahi ditudan herrialde asko daude; kar-kar. Australia, adibidez, Suitza berriz ere, Norvegia, Islandia… Ahal izango banu, mundu osoa bisitatuko nuke.