Uma Ulazia: “Familia heterosexuala desmitifikatu beharra dago”

2019ko eta 2023ko greba feministak sakon aztertu ditu Uma Ulaziak (Mutriku, 2001), ikasgaiak hartu eta borrokan jarraitzeko. Zaintzaren analisi bikaina egiten du liburuan, eta, etorkizunera begira, transmaribibollo mugimenduak lidergoa hartu behar duela aldarrikatzen du.
Uma Ulazia, eskerrik asko TTAPen gonbita onartzeagatik.
Eskerrik asko zuei.
Harat honat zabiltza Lisipe bilduman argitaratu duzun Euskal Herriko greba feministak, diskurtsoaren analisia feminismo materialistatik saiakera dela eta. Liburua irakurrita, Euskal Herriko greba feministak aztergai dituzu, eta asmoa bada ekarpen bat egitea. Helburu hori du, ezta?
Bai; lanketa greba feminista orokorra baino hilabete batzuk lehenago hasi zen. Identifikatzen nuen bazegoela zaintzaren inguruan esaten ari ginen diskurtso horiek ordenatzeko behar bat. Batzuetan, zaintza-sistemari greba egiten geniolako; beste batzuetan, aldarrikatu egiten genuelako; beste batzuetan, eskubidetzat uler zedin nahi genuelako. Zer esan nahi genuen une bakoitzean? Hori identifikatzen ahalegindu naiz. Behar horretatik abiatuta, eta feminismotik egin dudan ibilbidea bollerismotik egin dudalako, militatzen dudan heinean ekarpen batzuen beharra nuen. Liburua hortik abiatzen da, militantziatik egindako identifikazio horietatik.
Liburua kokatzeko… gradu amaierako lanaren ondoren iritsi zitzaizun liburua egiteko proposamena.
Hori da. Zientzia Politikoak ikasi ditut, eta eskuratu nituen tresna teoriko horiek militatzen nuen eremu horretan erabili ahal izateko. Politika ikasi dudalako politika egiteko. Talde barrurako ekarpena zena publikatzeko proposamena jaso nuen. Gradu amaierako lan hori liburura pasatzea izan da zeregina. Prozesu horretan kontraste pila bat egin ditut militante kideekin; elkarrekin egin dugu liburu hau. Kanpoko proposamen hori gabe, akaso, lanketa hori ez litzateke liburu bilakatuko. Orain 23 urte ditut; idatzi nuenean, 22. Proposamenak sekulako dimentsioa hartzen du, hasiera batean egindakoa lan akademikoa baitzen. Baina ohartu naiz ez dudala horretara mugatu nahi, eta liburu horren aurrean kezkekin azaldu nahi dut, baina segurtasunez ere bai. Umiltasunez, baina ausardiaz ere bai.
Bi greba orokor sakon aztertu dituzu: Euskal Herrian izan diren azkeneko biak, 2019koa eta 2023koa; hirugarrenaren zantzurik baduzu?
Irakaspenak beti atera daitezke horrelako prozesuak izan eta gero. Ikusi ditugu arriskuak, eta horiei erantzuteko gaitasuna izan dugu. Adibidez, gizonekin partekatu ditugu antolakuntza-eremuak eta hor ikusi dugu mekanismo batzuk sortu behar izan ditugula. Betoa, adibidez, botere gehiegikeria horiek blokeatu ahal izateko. Ikusi dugu egon direla edukien hustuketarako ahaleginak gobernuetatik, enpresetatik, eta horiek ekiditeko gure gakoak eta logikak zeintzuk diren izan behar dugu presente. Desmerkantilizazioa da horietako bat, desmilitarizazioa bestea. Horiek aplikatzen jakin dugu, eta hurrengo grebarako irakaspen horiek aplikatzea baliagarria izango da.
Ia edozeinek edo ia guztiek feministatzat hartzen zuten beren burua. Izan ordezkari politiko edo erakundeetako ordezkari; praktikan kontrako gauzak egiten dituztenek ere bai.
Mundu guztia da feminista, gauza oro da zaintza, eta, beraz, horregatik defenditzen dudana da argitu behar dugula zaintza zeri deritzogun: zaintzaz aritzen garenean, zertaz ari gara? Feminismoaren ikuspegitik, gure printzipioak zeintzuk dira? Gure borroka-logikak zeintzuk dira?
Azter ditzagun mugarri izan ziren bi greba orokorrak: 2019ko Martxoaren 8a mugarria izan zen, jendetza atera zelako kalera. Hortik harago, bizpahiru ideiatan laburbilduko zenuke hitzordu hura?
2019ko greba, bere horretan, izan zen gerra kulturalean sakontzeko tresna bat. Horrekin zer esan nahi dut? Logika berriak planteatu, adiera berriekin hitz egin eta ortzi-muga berriak planteatu genituela. Eta hori gauzatu zen emakume, trans eta bollerek egindako greban. Aldi berean, erradikaltasunean sakontzen da, familiaren eremuan ere greba eginda. Lanaren kontzepzioa zabaldu zen, ez soilik enplegura mugatuz. Ikusten dugu badaudela adieren logika berriak, eta horren funtzioa izan da gerra kultural batean sakontzea. Badakigu klase menderatzaileak behar duela mundu ikuskera orokortu eta zabala, patriarkala dena, iraun ahal izateko. Horren aurrean aldaketa kultural hori bilatu, bestelako hegemonia bat, bestelako pentsatzeko modu bat zabaldu behar dugula, bestelako sistema bat eraiki nahi badugu. 2019ko grebak funtzio hori betetzen zuen.
“2019ko greba gerra kulturalean sakontzeko tresna bat izan zen”
2023an, aktore berriak agertu ziren, beste argudio batzuekin; ez dakit transbertsalagoa den hitza.
Zaintza beste termino batzuetan agertu zen. 2019an zaintzari greba egin geniola esan genezake, eta esaten genuen zaintza dela pobretzen gaituena. 2023an presente dago zaintza eskubidea. Hori badago lotuta, zuzenean, negoziatu nahi izanarekin. Publifikazioaren aldeko neurriak modu zehatzagoan eta sakonagoan landu ziren.
Sindikatuen parte hartzea ere handiagoa izan zen 2023an.
Jauzia eman zen. 2019an mundu feministak antolatu zuen greba, eta 2023koa transbertsalagoa izan zen. Greba feministatik greba orokorrera jauzi egin zen. Aliantzetan oinarritu zen, gehiengo sindikalarekin eta mugimendu sozialekin. Sortuko dira baldintzak grebaren arrakasta handiagoa izateko, eta, ondorioz, negoziatzeko presio handiagoa lortuko da.
Liburuari aipamena eginez, patriarkatu neoliberalaren aroan sartuta, pribatizazioaren eta murrizketen ondorio zuzena familiaren indartzea da. Eta liburuaren tesietako bat da familia, instituzio bezala, apurtu beharreko kontzeptu bat dela.
Aro neoliberalean, murrizketak areagotzen direnean, borroka aktibatu da Osakidetzan. Adibide batekin errazago ulertuko da. Ospitalean zazpi egunez egon behar baduzu baina murrizketak direla-eta bost bakarrik egoten bazara, beste bi egun horiek etxean emango dituzu. Horren ondorioz, emakume bat zu zaintzen izango duzu etxean. Familia instituzio gisa areagotzen da horrela, lan horiek familiaren gain geratzen direlako. Eta, beraz, emakumeek ordainsaririk gabe egiten dituzte lan horiek. Emakumeen pobretzea areagotu egiten du horrek, hain justu, eszedentziak hartzeak eta antzeko formulak indartzeak pobrezian sakontzen duelako. Eta horregatik, hain justu, hitz egiten dugu familia deuseztatzeko beharraz, badelako instituzio bat legitimatzen duena egotea pertsona batzuk, emakumeak direnak, doan lan egin behar dutenak.
Familia, zaintza, zaintza sistema… Aterabidea, liburuan, bollerismoan kokatzen duzu.
Familia deuseztatzeaz hitz egiten baldin badugu, behar dugu familia heterosexualaren desmitifikazio bat. Uste dut bizitza heterosexualaren edo familia heterosexualen desmitifikazio horretan beharrezkoa dela subjektu bolleroaren lidergoa. Aldi berean, grebaren antolaketa prozesuan eta, bereziki, azkeneko greba honetan, ikusi dugu heterosexualitatea ez dela modu zentralean problematizatu. Eta ez dela bereziki presente egon transmaribibollo mugimenduaren lidergoa mugimendu feministaren barruan. Uste dut asmatu behar dugula transmaribibollo mugimenduaren lidergoa egon dadin mugimendu feministan; hain justu, behar dugulako erradikaltasunean sakontzeko, bizitza heterosexuala eta familia heterosexuala desmitifikatzeko.
Liburuak badu helburu pedagogikoa. Etengabe kontrastean daude bi kontzeptu: idealista eta materialista. Parez pare jartzen dira biak, eta ariketa bera egiten da bi greba deialdiak analizatzeko garaian. Azaldu ezazu hori.
Hitz oso potoloak dirudite idealismoa-k eta materialismoa-k, baina ikusten dugu oso presente daudela egunerokotasunean eta, bereziki, feminismoaren borrokan. Laburbiltzearren, idealismoaren premisa bada emakumeak eta gizonak naturalki direla ezberdinak, naturalki direnez ezin dela hori aldatu eta eman behar zaiola balioa emakumeen ezberdintasun horri. Materialismotik, aldiz, esango dugu naturatik eratorritako ezberdintasun horiek erabiltzen dituztela inposatzeko. Zaintza-lanak erabiltzen dituztela inposatzeko, berezko ahultasun batean sakontzeko… Naturaren izenean blokeatu egiten dira eremu horiek guztiak, inposizio horiek ezingo direlako aldatu. Eta, beraz, hitz egiten dugu emakumeak eta gizonak bereizten dituen sexu klaseez. Horrek hauspotzen du gatazka, klaseen artean. Erradikalizatu egiten da borroka. Ez daudelako gizon onak eta eraso egiten dutenak, baizik eta gure aurkako biolentziak jarraitzen duelako eta hori kolektibo oso batek legitimatzen duelako. Egoerak feminismoaren erradikaltasunean sakontzeko aukera ematen digu, eremu horiek guztiak politizatu eta borroka-eremu bihurtzeko. Horregatik defenditzen da borroka termino materialistetan.
“2023an presente dago zaintza eskubidea; hori badago lotuta, zuzenean, negoziatu nahi izanarekin”
Era berean, badut inpresioa norberaren ideiekin gatazkan aritzeak askatzailea dirudiela; ez da oztopoa gatazka, baizik eta zeozer askatzailea.
Analisia autokritikatik planteatzen da. Autokritika positibotzat hartzen da. Idealismoa sozialki sustraituta dago eta guztiok erreproduzitzen ditugu logika idealistak. Baina uste dut logika idealisten birsortzeak balio digula eraldaketan sakontzeko.
Klase borrokaz ari zarenean, gizonen eta emakumeen artekoaz ari zara. Liburuan bada aipamen bat, eta irakurriko egingo dut: Garrantzitsu deritzot feminismoa guztion onerako den diskurtsoarekiko zorrotzak izateari. Ezin gara mugimendu sozial bakarra izan gure borroka klase antagonikoarentzat aberasgarria dela dioena.
Langileok lortzen baldin baditugu garaipenak enpresaren arloan, inork ez du esango patronalarentzat hori positiboa denik. Feminismoarekin gertatzen da pedagogia-lan bat egin behar dugula gizonezkoei pobretzea gaizki iruditzen zaiela lortu arte. Saltoa eman behar dugu klase borroka ulertzeko eta erradikalizatzeko. Izan ere, dirudienez, badaude borroka nagusiak eta erradikalak izan beharko liratekeenak, eta beste batzuk bigarren mailakoak.
Zaintzara itzulita, hitzaren zentzu polisemikoan murgiltzen zara eta leiho bat zabalik uzten duzu. Hari-mutur bat solte esaldiarekin zer esan nahi duzu?
Lan horretan hasi nintzenean, bereziki kezkatzen ninduen zaintzak dituen adiera guztiak. Pankarta batean geundela, zaintza eta gero zer idatzi ez genekiela geratzen ginen. Liburuan adierak sailkatzeko lan bat egin dut. Lehenengo adiera da zaintza dela pobretzen gaituena eta emakume egiten gaituena badela lan horiek egin behar izatea. Konnotazio guztiz negatiboa luke zaintza-k. Bigarren adiera da eskubidea dela zaintza. Adiera hori erabili dugu sare publikoaren sendotze baterako. Bada eskubidea, eta, beraz, zaintza deitzen diogun lan horietatik badugula eskubidea emakumeok ere lan horietatik era eratortzen diren produktuak eta zerbitzuak jasotzeko. Badago beste adiera bat, hari-muturrarekin lotura duena, konnotazio erabat positiboa duena. Zaintza produktibitate kapitalistaren kontrako logika gisa ulertuta, kapitalismo patriarkalaren premisa diren isolamendu eta indibidualismoaren kontrako logika bezala, ikuspegi komunitarioarekin. Militatzen jarraitzen dugu, logika horiek gure militantzian presente daudelako. Adiera horiek guztiak laburbilduz, lehen adiera horretan jasotze dena abolitu egin behar da. Bigarrenean, birbanatu egin behar da. Eta hirugarren kasuan, aldarrikatu. Esan nahi dudana da konplikatu egiten zaigula borroka, termino batek hainbeste adiera baldin baditu, hain konnotazio desberdinekin. Hirugarren konnotazio positibo hori baliatzen ari dira, bereziki, enpresak eta gobernuak. Erromantizatu egiten dutelako ordaindu gabeko zaintza, gatazka ekiditearekin lotzen dutelako zaintza. Nire proposamena da zaintzaren konnotazio positibo hori ezabatzea, eta lehen eta bigarren adierak tartekatzea. Hari-mutur bat solte utzi dut, hirugarren adiera positibo hori, agian, bestelako termino batekin definitzeko. Behar dugulako presente izatea, baina, agian, bestelako hitz batzuekin.
“Bereziki kezkatzen ninduen zaintzak dituen adiera guztiak”
Feminismoaren baitan hainbat aldaera eta korronte daude. Euskal Herrian barrena zabiltza liburua aurkezten. Zer iritsi zaizu irakurleengandik
Bollerismoa, zaintza, estatua… Eztabaida asko eta borrokarako bide berriak irekitzen ditu, zalantza berriak sortzen ditu. Ikuspegi dibulgatzailea duela, hori da jaso dudan feedback positiboa. Ematen digu aukera eguneroko borroketan izan ditzakegun zalantzei helduleku bat eskaintzeko. Hori zen nire helburua, eta feedbacka norabide horretan jaso dut. Horrekin pozik nago.
Esku artean dudana zer da: lan-tresna? Artefaktu bat? Bozgorailu bat?
Artefaktu bat dela esatea handinahia iruditzen zait. Lan-tresna bat izateko jaio da, eta horretarako baliagarri izatea nahiko nuke. Militantziatik sortzen delako, borrokak hauspotu ditzan, borrokan jarraitu dezagun. Jasotzen duelako mugimendu feministatik metatu dugun jakintza guztia. Helburua bada pista batzuk ematea, helduleku gehiago eskaintzea egiten ari garen horretan jarrai dezagun. Horretarako baliagarri izatea nahiko nuke.