Ulli musikariaren ‘Hutsa’ abestia

Musika gertu-gertutik bizi du Mikel Ullibarriarana Ulli-k, eta, The Clayton taldeko kide bada ere, bakarkako ibilbidea hastea erabaki du. Hutsa du izena haren lehenengo abestiak.

– Bakarkako ibilbideari ekin diozu; nolatan?

Musikan sartu nintzenetik denetik probatzea gustatu izan zait. Gitarrarekin hasi nintzen, eta gero, baxua hartu nuen, serioago. Duela gutxi, bateriako eskoletan hasi nintzen, eta horrek bultzatu ninduen halako zerbaitekin hastera. Beti izan dut buruan bakarkako lan bat argitaratzea, baina ez nuen uste halako formatu batean izango zenik. Momentu batean etxean gelditzen ziren ezkutatuta neuzkan ideia guztiak, eta ateratzea erabaki nuen. Hasiera batean, niretzat sortu ditut, terapia moduko bat delako.

Hutsa abestia argitaratu duzu; zeri abesten diozu?

Deskribatzen duena da pertsona baten muturreko egoera bat; momentu txarrak izan dituen pertsona batena. Niri gertatu zait hortik igarotzea, eta beti izan naiz guztia niretzat gorde eta ezer azaleratzen ez duen horietakoa. Proiektu horrekin hasi nintzenean, argi izan nuen nire barruko guztia atera nahi nuela. Beldur apur bat ematen zidan topiko bat izateak, baina nire barruari abesten diodala esango nuke. 

– Nolakoa izan da sortze-prozesua?

Gitarrarekin melodiak etortzen zitzaizkidan burura, eta grabatu egiten nituen. Oso pertsona melodikoa naizela esango nuke. Baxua gainetik sartzea izan zen hurrengo urratsa, eta, azkenik, niretzat zailena izan dena: bateria. Hitzak sortzea izan da azken urratsa, eta asko kostatu izan zait beti. Prozesu luzea izan da, eta pazientziaz hartutakoa, gainera.

– Lan luzeago bat ateratzeko asmorik baduzu? Zer egingo duzu aurrerantzean?

Bi abesti grabatu ditut, eta hasierako ideia da irailean beste bi grabatzea. Abendurako lan labur bat kaleratzea gustatuko litzaidake, lauzpabost abestikoa. Ez dut nekatu nahi etorkizunean pentsatzen, baina egindako lan guztia jendeari aurkeztea eta zuzeneko emanaldi bat egitea gustatuko litzaidake.