Udazkenerako joerak

Egilea: Maite Albes

Iraila pasarela eta moda asteen sinonimoa da. Ikasleentzat ikasturte hasiera da, eta moda zaleentzat ere bada kurtso hasiera. Iraileko edizioak bereziak dira beti; opor osteko moda gosea asetzeko helburuarekin, joera izango diren proposamenak aurkezten dituzte markek euren prêt-à-porter bildumetan. Alegia, kalean eta dendetan ikusiko ditugunak aurreratzen dizkigute. Baina kontuz, orain, datorren udaberriko sasoian eramango ditugunak aurkezten dira, fabrikazio kontuak direla-eta sei hilabete lehenago. Orduan, zer jantziko da datozen hilabeteetan? Errepasa ditzagun joan den otsailean MBFW Madrilen jaso nituenak, datozen hilabeteetan ikusiko duguna ulertzeko.

Kolore ilunak

Koloreei dagokienez, ilunak eramango direla esango nuke, hala nola

beltza, marroia, txokolatea edo granatea. Egia esan, udazkenari lotzen zaizkion koloreak dira, baina jakin ez direla bakarrak izango, tonu biziak ere ikusiko ditugu eta: laranja, gorria eta pistatxo-berdea, besteak beste. Otsaileko pasareletan kaki-berdea eta grisa ere gailendu ziren, jantzietan tonu ilunak ez ezik, aldaera argienak ere jasoaz.

Askotariko oihalak

Materialei dagokienez, larrua eta ehun satinatuak izan ziren gehien ikusi nituenak, udazken eta neguko sasoian eroso jantzi ohi ditugun belusarekin eta puntuarekin konbinatuak. Layering-a edo jantzien gainjartzea oinarri duten estilismoko teknikak eta ehun gardenak bildumetan sarri errepikatu ziren patroiak izan ziren; azken hori joera izan zen 2024 osoan.

Sorbaldak protagonista

Sorbaldek aparteko protagonismoa hartuko dute udazkenean, off shoulder eskoteen bidez edo sorbaldako markatuekin blazerretan eta soinekoetan. Gainera, hori Furry joerak bultzatua ikusiko dugu neguan. Alegia, ilezko berokiekin, bolumena duten hegaletik eta yeti itsura duten botekin. Boho estiloa ere izango da nabarmen, eta, silueten artean, 50eko hamarkadan Audrey Hepburn eta Grace Kelly ikonoek modan jarri zuten Lady Like joera mantenduko da.

Monokromatikoa

Badira edizio dezente bildumetan look monokromatikoak gailendu direnak, eta otsailekoan ere hala gertatu zen. Hala ere, testurek eta estanpatuek ere izan zuten lekua. Errepikatu ziren estanpatuen artean, estanpatu koadroduna aipatuko nuke. Animal print-ak ere jarraituko du joera izaten, eta kamuflaje estanpatuak ere presentzia izango du.