Udaberriko eta udako koloreak
Modazalea bazara, jakingo duzu aste hauetan fashion-show gehienak egingo direla munduko txoko guztietan. Hurrengo udazkeneko eta neguko sasoirako bildumak aurkeztuko dituzte; produkzioak direla eta, sei hilabeteko aurrerapenarekin argitaratzen dira.
Gaur gurera ekarriko ditugunak, aldiz, sartuko garen udaberri eta udako sasoiko joerak izango dira. Irailean Madrilen jasotakoak berrikusi eta dendetan gehien ikusiko ditugun joerak azpimarratuko ditugu, beraz. Batzuek udazkenean eta neguan izan dute tartea, eta sasoi berrian ere gurekin jarraituko dute. Beste batzuek, ordea, aspaldian presentzia gutxi izan dute bildumetan, eta badirudi indartsu etorriko direla gure artera. Kasuan kasu, adi datozen hilabeteetan jantziko ditugun material, silueta eta koloreei.
Pastel-koloreak
Udazken eta neguko bildumetan urdin argiak presentzia nabarmena izan zuen, gorriarekin, burgundiarekin eta marroiarekin batera. Sasoi berrian, ordea, gurin-kolorea, menda-berde argia eta arrosa pastela ikusiko ditugu, batez ere.
Kaki-berdea udazkeneko ohiko kolorea izan ohi da, eta, ildo horretan, jantzi askotan ikusteko aukera izan dugu azken hilabeteetan. Sartuko garen sasoi berrian, aldiz, berdeak bizitasuna irabazi, eta oliba eta pistatxo berde kolore potenteetara pasako da; soineko eta jaka askoren diseinuari protagonismoa lapurtuko diote.
Marroia eta estanpatua
Marroia indartsu sartu zitzaigun iazko irailean; antezko jaka eta biker bota gehienak kolore horretan proposatzen ziren urteko azken hiruhilekoan. Pantonek berak joan den abenduan 2025eko kolore izendatu zuen marroia, eta badirudi udaberrian ere gurekin jarraituko duela; bertsio guztietan, gainera.
Estanpatuetan, aldiz, marrak, koadroak eta sasoi honetan hain ohikoak diren loreak topatuko ditugu; batez ere, larruan, organtzan eta material satinatuetan islatuak.



