Txuma Murugarren: “Borroka etengabe batean bizitu dut musika”

Disko berria aurkeztuko du Txuma Murugarrenek (Errenteria, 1964) udazkenean eta, inon baino lehenago, TTAPen jardun du kantu berriez eta, oro har, musikaz. Estiloa berritu du, bogan dagoen autotunea darabil… eta, halere, betiko Txuma aurkituko dugu kanta-sorta ederrean.

Hemen behar luke diskoa uda ostean argitaratuko da eta ibili gara, primizian, masterra entzuten. Ongi etorria TTAPera, Txuma.

Eskerrik asko.

Batetik bestera zabiltza diskoa entzuten? Ala fase hori jada pasa da?

Pasa genuen, orain zuzenekoak prestatzen ari gara. Ea nola moldatuko dugun kontzertuetan zeren eta, badakizu, aurrekoekin alderatuta, berezia da diskoa. Eta orduan diskoan jaso dugun giro hori zuzenera eramateko modurik onena zein den ari gara neurtzen.

Diskoa entzunda ikusmin handia daukat hori zuzenean nola egingo duzuen ikusteko. Ni ez naiz kantuarekin abiatzen da diskoa. Bihotzak kolpeka jarduten zuen errepikatzen da kantuan. Bihotzak kolpeka, baina kolpeka-kolpeka dabilena da erritmoa. Eta gitarrak zorrotz. Goi-goian hasten da, oso indartsu.

Bai. Diskoa ateratzen denean egingo dugu bideoa kantu horren gainean izango da. Behar luke aurrerapen gisa da kantua, baina aurkezpen-txartel gisa erabiliko dugu‚ Ni ez naiz  kantua. Bai, abestia zorrotza da. Behar luke, esan nahi baita, kontatzen denagatik. Pentsatzen dut diskoan barrena gai bakarra erabiltzen dela: zer gertatu da? Harriduraz, zer gertatu da? Gauza bat izan nahi nuen eta beste bat naiz. Aurreko disko batean ere bazegoen letra batean esaldi bat: ”bizitzak jipoitzen zaitu eta jartzen zaitu zure lekuan”. Eta hori da nolabait, pentsa dezakezu nahi duzula izan X, baina izango zara bizitzak agintzen dizuna.

Iñigo Aranbarri nirekin batera sinatu duzu diskoari hasiera ematen dion letra. Ni ez naiz, eta Xabier Letek, aldiz, Ni naiz idatzi zuen. Amesgaiztoa naiz, ganibeta naiz‚… baieztapen baten atzetik dator haren kontrastea. Begirada zorrotz batetik idatzita dago.

Zigor saio bat da. Lehenbiziko bertsioa askoz motzagoa zen. Eta proposatu nion Iñigori luzatzea eta uste dut bete-betean asmatu zuela. Kontraste oso politak egin zituen letrarekin.

Hurrengo abestia Dena amiltzen da izenekoa da. Dena galtzearen tragedia hizpide duzu kantuan, baina era berean badago oraindik bilaketa bat, ahots propio baten bilaketa. Ez dago dena galduta.

Ez dago dena galduta. Gertatzen dena da harridurarekin ikusten duzula inguruan zeneuzkan gauza sendoenak ere ez direla pentsatzen zenuen bezain sendoak. Eta horrek sortzen dizun harridura da nolabait dena amiltzen den sentsazioa. Hor dago irudi bat, gauzak amiltzean hautsa sortzen da eta geruza horrek nolabait leundu nahi du tragedia hori.

Kontrasteen artean uste dut disko honek zeresana emango duela zure jarraitzaileen artean. Erreparatuko diote zeri kantatzen diozun, baina bestea da nola kantatzen duzun. Azalaren eta mamiaren artean sekulako kontrastea dago eta esango nuke –nire aurreiritzi guztiak alde batera utzita–, kantu honetan neurriz sartuta dagoela autotunea. Pasa gabe. Eta ez da batere erraza.

Hasiera batean pentsatu nuen zerbait behar zela kontrastea lortzeko. Eta niri ere autotunea ez zait asko gustatu inoiz. Uste dut oso modu samurrean erabilia dagoela, ez da autotune oso sakona eta nik uste dut kantuarekin oso bat datorrela eta bizitu egiten du abestiaren mezua.

Zure atzean daukazun jende guztiak kobratu behar du

Sakonduko du diskoaren grabaketan eta, oro har, esango nuke oso jostalari aritu zaretela ekoizpenean. Lehenengo kolpean zera pasa zitzaidan burutik: hauek zeinen ondo pasatu duten diskoaren grabaketan.

Eta egia da hori. Hasi nintzenean, disko guztietan bezala, etxean kantuen lerro nagusiak egiten: lehenbizi gitarra, beti ere egiten dut bateria bat edo beste, tekla batzuk… kantuak jantzi nahi izaten dut taldekideek zein bide nahi diodan eman ikus dezan, eta bere egiteko. Baina egiten ari nintzela nioen, zergatik ez dut utzi abestia bere horretan? Berantetsita edo Dena amiltzen da abestiekin. Ikusten nuen oso biribil zegoela abestia, besterik gabe. Eta orduan etxean grabatutako hori guztia gorde eta Ekaitz Hernandezena (Split 77) jo nuen. Musika ekoizpenak egiten ditu eta iritzia eskatu nion. Berak ere eskua sartu du beste bateria programazio batzuk gehituz. Interesgarria izan da bion arteko ping-pong ariketa. Eta gurekin ere ibili da asko Miguel Ramirez, nirekin gitarra jole dabilena. Eta orduan denetarik egin dugu hiruron artean. Izan da oso prozesu polita, gero estudiora eraman ditugu pista horiek guztiak.

Pistaren bat sartu gabe utzi al duzue?

Bai. Asko gelditu dira kanpoan.

Pista asko sartu dituzuelako diot.

Bai, asko sartu ditugu, baina nahasketa egiten hasten denean konturatzen zara zein entitate hartzen duen soinu batek eta ez duela behar beste baten laguntza. Orduan, hor gertatu da deskartea.

Traste berri horien erabileraren ondorioz arriskua badago: batzuetan gehiegizko erabileragatik ez ote den atzean geratzen kantuaren muina. Diskoaren ekoizpenean izan dituzue eztabaida horiek?

Bai, bai, bai. Izan da eztabaida. Hasieran esan bezala, etxean lan egiten duzunean, zure tresneriarekin, paleta handi bat erabiltzen duzu eta gero estudiora zoazenean konturatzen zara baten bat ez dudala behar, besteak ez duela tokirik… Hor ibili behar zara norbaiten irizpidearen arabera lanean. Horretarako Ekaitz Hernandez izan da mugak ezarri dituena. Azkenerako uste baino pista gutxiago dago. Entzuten duzunean, agian, ematen du anplitude ikaragarria daukala.

Hori guztiaz jabetzeko bolumen handian entzutea eskatzen dit gorputzak. Paisaia musikal oso zabala dagoelako kantuetan. Kapa asko eta oso ezberdinak daude eta lehen kolpean ez dira denak antzematen.

Bolumen handian eta, gutxienez, kaskoekin. Jendeak orain ohitura dauka zuzenean telefonotik entzuteko musika. Orduan, egin duzun esfortzu guztiak ez dauka zentzurik. Zuk esan bezala, guk nahi izan dugu paisaia zabal bat sortu eta badaude detaile asko galdu egiten direnak ez baldin baduzu entzumen sakon bat egiten.

Denbora aldetik zenbat denbora eman duzue diskoa lantzen? Aurretik Nick Caveren moldaketa egin zenituen eta ez dakit tartean kantu berri hauek sortzen aritu ote zinen. Oker ez banago, gainera, diskoan ez dira grabaturiko guztiak argitaratu.

Nick Caveren eta gero baziren 2-3 kanta disko honetakoak. Aurreko diskoa berezia izan zen, pandemia ostean egindako berpizte ariketa. Horren ostean banekien nik zerbait grabatuko nuela eta hor neuzkan Berantetsita eta Ni ez naiz kantuak idatzita. Bi abesti horietatik tiraka eta, gaia bera izaki, monografiko bat nuen buruan, esan nahi baita gai baten inguruan egindako ariketa bat nahi nuela. Eta bai, baziren abesti gehiago, baina hor ere badago beste hausnarketa bat: zein da neurria? 14 abestiko disko bat egiteak merezi du? Jendeak playlistak entzuten ditu. Esan nahi dut, hartzen du abesti bat zure diskotik, bi gehienez jota. Eta hor gelditzen dira hamabi abesti… Ezertarako ez. Niri abesti horiek guztiek ematen didate pena. Beti esan izan dut abesti umezurtz asko dagoela, aipatu izan dut hori nire letretan eta benetan sinesten dut berreskuratu egin ditudala abesti horiek, bizi bat eman eta gelditu dira espektatiba batekin, baina belarririk gabe. Ez da horrek tristetzen nau. Orduan, baziren abesti gehiago baina merezi zuen? Edo hobe gordetzea eta beste disko bat egitea hemendik 8 hilabetera? Orduan esan nuen, 7 abestirekin nahikoa eta sobera dugu disko hau atontzeko. Eta hala izan da.

“Kontzertuak egiteko zegoen sare hori ahuldu egin da ia desagertu arte”

Diskoaren muina, benetako Txuma, Ezer ez da berez eta Berantetsita kantuetan aurkitu dut. Diskoan, gainera, jarraian datoz. Zeharo industriala iruditzen zait lehena, txertatu dituzten elementuekin. Oso bortitza da baina, estribilloan, maite dugun Txuma ageri da. Berantetsita kantuan crooner estiloa gailentzen da.

Naif puntu bat badu, asko gustatu zait beti abesti mota hori. Nire disko guztietan badaude bat edo bi giro horretakoak.

Esango banizu bi kantu horiek direla niretzat kuttunenak, emozionalki eraman nautelako miresten dudan Txumara… zer sentitzen duzu? Batetik, bada zure lana balioan jartzea, baina akaso askok nahi zaitugu oso bide estu batean beti.

Hori logikoa da. Horiek dira enblematikoenak. Beno, badakizu, gu saiatzen gara beste bide batzuk jorratzen. Ez dakit beti lortzen dugun eta ez dakit egiten dugun ariketa horrek benetan merezi duen. Zeren eta nolabait egiten duzu zure senaren kontra. Uzten baldin badiozu zure senari, egiten dituzun abestiak beti izango dira horiek. Orduan behartu egiten duzu, bilatzen dituzu bide desberdinak eta horrek azkenerako, batzuetan, ez dakit jendeak despistatu egiten duen edo jendeak estimatzen duen. Nik behintzat bide horiek jorratzen ondo pasatzen dut. Aberastu egiten naiz eta nire betiko horretatik ateratzen naiz. Arnasa hartzeko bide bat ere bada.

Orduan aipatu dizudana normaltzat hartzen duzu. Ez dizu halako erreparorik eragiten.

Ez, ez. Josu Zabalak orain dela gutxi esan zidan: disko bakoitza aita eta ama desberdinetakoak dira. Nik ez dut uste horrenbesterainokoa denik baina saiatu naiz diskoz disko, giro eta kolore desberdinak erabiltzen.

Ez eman amore da azken kantua. Disko osoan sortu duzun unibertso sonoro horretan, azken kantuarekin biribiltzen da.

Nik esango nuke patroi bera dutela lehen kantuak eta azkenak. Agian, azkena da askoz ere errepikakorragoa. Letra ere motzagoa da, baina intentsua. Eta hori ikusten nuen nik bukatzeko. Kantuak dio hemen beharko luke izan nahi zenuena, baina ez eman amore, txo! Egizu zerbait.

“Egizu zugatik, sikiera”, dio kantuak.

Egizu zugatik, ez egin beste inorengatik, egizu zugatik. Hori da mezua.

Urte asko pasa behar izan dugu horretaz jabetzeko?

(Kar, kar) Benetan! Beti behar duzu kanpoko feedback hori, behar duzu erantzun bat eta askotan ez da heltzen erantzunik. Askotan gauzak anonimotasun gordinenean egiten dituzu. Eta niri gertatu izan zait: nire ibilbide musikala oso borroka handi bat izan da. Hori galdetzen zidaten 3. eta 4. diskoarekin. Eta nik beti esaten nuen, nire baitarako, baina ba al daukat nik publikorik? Ez dut inoiz pentsatu publiko bat daukadanik, eta hori sintomatikoa da. Borroka etengabe batean bizitu dut musika kontu hau eta, horregatik, abesti honetan, “aizak, jarraituzak” diot. “Etzak beste inorengatik egin, hiregatik eginzak”. Hori da.

“Zein da neurria? 14 abestiko disko bat egiteak merezi du?””

Bueno, uda ostean dator diskoa. Ez dakigu publiko daukazun ala ez, badituzu jarraitzaile sutsu batzuk.

Bai, satelite batzuk.

Zuzeneko sorta bat egitea bikaina litzateke. Oso gauza bitxia gertatzen ari da euskal musikaren panoraman, hedabideen arreta badugu. Gizarte osoari mezuak zabaltzeko bozgorailua da, baina badago industria bat, badaude azpiegiturak eta hainbat artistentzat emanaldiak eskaintzeko oso aukera eskasa.

Panorama asko aldatu da azken urte hauetan. Baita musika eta kultura kontsumitzeko moduan, oro har. Eta ez diogu neurria hartzen. Horrek gure kontra egin du eta, pixkanaka-pixkanaka, kontzertuak egiteko zegoen sare hori ahuldu egin da ia desagertu arte. Zaila da orain zure proposamena zuzenera eramatea. Gainera, oraingoan formazioak oso txikiak izaten dira. Zer esango dizut nik, oraingo musikan asko erabiltzen dira samplerrak, asko erabiltzen dira bestelako baliabide batzuk eta orduan ez da behar horrenbeste pertsona. eszenario gainean. Mugitzeko ere errazagoa da, merkeagoa izan daiteke. Eta horrek eramaten zaitu birplanteatzera nola egingo dituzu zuzenekoak. Disko honekin nola egingo dugun hasi behar dugu pentsatzen.

Traste batzuk eramango dituzu.

Bai, traste batzuk eramango ditugu, baina pertsonak biran murgiltzea beste gauza bat da. Niri lotsa handia eman dit, betidanik, musikariak nirekin eramatea eta ez jakin ailegatuko ote den haien lana ordaintzeko. Niri ez zait inoiz gustatu ardura hori. Zure atzean daukazun jende guztiak kobratu behar du.

Gaurkoz hemen utziko dugu, banina amaitu aurretik TTAPekoontzat berantetsita kantua joko duzu. Eskerrik asko eta zorterik onena.

Eskerrik asko zuei.