Txoriak eta txoriak ez direnak
Ubarroi edo sakilloek errioaren behera egiten dutenean, itsas bazterreko haitzetara joateko, udaberriaren etorrera nabaritzen da.
Txepetxak hasten dira habiak egiten sasoi horretan, lehenak baitira horretan.
Basoetan kukua entzun daiteke orduan, Andre Mari martxokoan. Sanpedroak arte arituko da kukuka.
Okilak ikus daitezke arbolarik arbola, enborretan zuloak egiten.
Apirilaren amaiera aldera enara eta katakak agertzen dira zeruan, batetik bestera, alaitsu, txioka.
Kostaldeko zelairen batean etzan, eta paseko txori-aldrek liluratu zaitzakete. Guardantxuloak eta tarinak amaigabeko dantzan ibiltzen dira gora eta behera.
Belardietan, larratxorien hegoek inoiz baino gehiago dirudite urrea.
Bide-hegaletan buztanikaren eta miken geldi ezin egona sumatzen da.
Iluntzeetan zozoak eta birigarroak ohi baino zaratatsuago antzeman daitezke…
Baina, aspaldian, txoriak ez direnak ere ugaritu zaizkigu zeruetan.
Udaberrian, egunak luzatu ahala, zeru oskarbiko egunetan, ehunka hegazkin eta horien lorratzak ikus daitezke.
Hainbeste hegazkin daude, ze txoriekin norgehiagokan dabiltzala pentsa daitekeen.
Batzuen eta besteen arteko aldea nabarmena da ostera. Txoriek ez dute kutsatzen eta hegazkinek bai. Baina dezente kutsatu arren ere, hegazkinak txoriak bezain aske dabiltza gure zeruetan.
Bitxia hegazkinena, sinestarazi nahi digutenean automobilak oso kutsagarriak direla eta, ondorenez, gure hiri eta herri handietan premiazkoa dela urte asko dituztenak galaraztea. Kotxe berria erosteko gai izan ezean, txorien askatasuna baino ez zaigu geratuko.