Txinparta iluntasunean

Demagun, besterik ez bada ere noizbehinka, zure inguru hurbilenetik haratago begiratzen duzula. Agian, zugandik urrun sortutako berri batek lasaitasunerako sortu duzun geruza zeharkatzen duelako edo algoritmoak gutizia hori duelako.
Gauza da, jakin gabe ere, eremu arriskutsuan abiatzen zarela, edonora begiratzen duzula ere. Nekez aurkituko duzu notizia kontsolagarri bat, begi bistan duzun basamortuan loratutako belar izpi bat. Berdin da iparrera nahiz hegoaldera begiratu, ezkerrera nahiz eskuinera. Betaurrekorik baikorrenak soinean badituzu ere, iluntasuna izan daiteke ikusten duzun gauza bakarra.
Esan dezadan agian beti izan dela horrela, ez dudala nik iraganean nire adineko askok ezagutu omen zuen paradisua aurkitu, auskalo zergatik. Seguruenik, ez nindutelako leku eta garai egokian sortu, edo ez ditudalako oraindik iraganeko oroitzapenak nahiko edertu, ez ditudalako oraindik behar haina koloreztatu.
Iragana iragan, badirudi mundua okerrera doala, aspaldiko ekaitzak itzuli direla, eta, horrekin batera, askok eta askok etsipenari eman diola amore, uko egin diola gauzak besterik ez bada ere pitin bat hobetzeko jardunari. Salba nadila ni, eta inguru hurbilekoak eta gainerakoak hor konpon. Agian hori da gizartean gehien zabaldu den joera, baina esan beharra dago pentsaera hori ez dela ezinbestekoa, nahi duena ahalegindu daitekeela gauean txinparta bat pizten, aspaldiko iluntasunean hainbatek egin zuen bezala.