Txikitan amestutako sorkuntzak

Marka: Kuluxa artesania

Ariane Rasinesi handitan zer izan nahi zuen galdetzen ziotenean, haren erantzuna beti berdina izaten zen: margolaria. Beraz, gurasoek 6 urteko marrazketa-eskoletara apuntatu zutenean, ezin zoriontsuagoa izan zen. Urte batzuk geroago, eta hainbat pintura teknika probatu ondoren, akuarela-arkatzak hartu zituen eta erabateko maitasuna izan zen! Teknika horrekin egiten ditu paparrekoak, katiluak eta bestelako bildumetarako ilustrazioak Kuluxa Artesania tailer-dendan.

Azokekin maiteminduta

Atentzio handia ematen zion Erdi Aroko azoketako eta artisautza azoketako giroak. Batez ere, artisauen adeitasunagatik, postutxo politengatik eta piezak nola egiten ziren kontatzeko erabiltzen zuten maitasunagatik. Horregatik esan zion bere buruari: “Ariane, hau da zurea!”. Oso argi izan zuen produktuak marrazkiarekin eta eskuz pintatzearekin zerikusia izan behar zuela, kolore askorekin eta ukitu bereziarekin. Eta horrela jaio zen Kuluxa. 2013an egin zuen lehen azoka.

Denda-tailerra

Etxeko egongelako txoko batean hasi zen Kuluxarekin. Baina, negozioa handitzen joan zen heinean, denda-tailerra zabaldu zuen Mungiako Aita Elorriaga kalean. Han sortzen eta saltzen ditu produktuak. Webgunean ere egin daitezke eskaerak. Haren sorkuntzak Leioako, Bilboko alde zaharreko eta Iurretako denda banatan saltzen ditu.