Txerri Ugerrak

Erromoko taldeak hardcore eta rap-metal doinuak nahastu ditu Carta alta lehen EPan. Bizkaitarrek bideoklip landuak kaleratu dituzte, gainera.

Nortzuek osatzen duzue Txerri Ugerrak?

Txerri Ugerrak Erromoko bost lagunek osatzen dugun rap-metal edo groove-metal taldea gara. 2022ko udan sortu genuen taldea eta gaur egunera arte gure lehen EPan lan egiten egon gara: Carta alta. Taldea Aritzek, Guillek, Aitorrek, Landak eta Endok osatzen dugu. Aritz eta Landa Endorekin jarri ziren harremanetan Zetalau eta Tierra Kritikal taldeen arteko kolaborazioa bat egiteko. Orduan, talde berri bat sortzeko ideia proposatu genuen, rap eta metal estiloak nahasten zituena. Geroago, Guille batu zen; eta, azkenik, Aitor.

Askotariko musika estiloak jorratzen dituzue…

Taldekide bakoitzak bere estilo eta nortasun bakana erantsiz estilo sutsu eta bortitza iradokitzen du. Rap/metal estiloari ikusmira berri bat ekarri nahi diogu. Aritz Gonzalez gitarren arduraduna dugu: Txerri Ugerraken soinu bizi eta bortitzaren lekukoa. Guille baxuaren arduraduna da: abestiei oinarri sendoa eta bizia ematen die. Aitor bateria-jolea da: estilo bortitz eta zehatza du. Azkenik, abeslariak Landa eta Endo dira: Endok rap zatiak idatziz letra zuzenak jorratzen ditu eta Landa ahots guturalez arduratzen da; leloetan, bereziki.

Zeintzuk dira zuen erreferenteak?

Soziedad Alkoholikari otoi egiten diogu egunero; kar-kar… Kop, Kuraia, Narco, Rage Against the Machine… Erreferentzia andana ditugu..

Dagoeneko bi bideoklip kaleratu dituzue eta zuen lehenengo lana ere eskuragarri dago, ezta?

UFO eta Txerri ugerrak kantuen bideoklipak kaleratu ditugu.  Martxoaren 20an, Carta alta EP osoa argitaratu genuen. Sei abestik osatzen dute; Tierra Kritikal taldearekin egindako kolaborazio bat dago horien artean.

Kontzertuak emateko gogotsu zaudete?

Noski, irrikan gaude gure lehenengo bira egiteko. Jada bi kontzertu eman ditugu. Udaberri eta uda alderako hainbat kontzertu ditugu lotuta. Sare sozialetan emango dugu horien berri.