Turista
Ofizio gogorra da turistarena. Salbuespenak salbuespen, maiz, turistari egokitzen baitzaio tokian tokikoek haientzat nahi ez dituzten baldintzetan ezagutzea tokiak. Aurreko batean, Tarragonako bati aditu nion uztailean eta abuztuan, justu klima jasangaitza zaienean hangoei, joan ohi direla bisitariak saldoan hiria ezagutzera.
Zenbat zor diogu turistok aire girotuari? Asko, eta gero eta gehiago egongo gara harekiko zorretan.
Beroa pasa, eltxo gogaikarrien ziztadak arindu, gizon krema –hala deitzen dio aftersunari ezagun batek–, usaina barreiatu, txarto jan… Eta ugariak izan arren aipatu dudan kalbario horren alternatibak, direla mendialdeko toki idilikoak edota munduaren antipodetako paradisuak, are eta gehiago isiltzen diren esperientzia turistiko negatiboak: autoan eginiko kilometro mordoa, autobide ertzeko geraleku izugarriak, lau eurotan ordaindutako kokakolak, bertakoak desagertu diren puztutako herriak.
Bai, gorrotagarri zaizkigu turistak, baina gu ere, salbuespenak salbuespen, turista ere bagara. Nola egin diezaiokegu aurre horri?
Turismofobia errazegia zait. Errazegia, besteak beste, kontraesanaren gordetze kasik lotsamangarria delako. Zein ederra den Lisboa eta zein jasangaitz dagoen Donostia. Gai gara esaldi bi horiek jarraian kateatzeko. Ez dakit, hobeto egin dezakegu, ezta?
Neurriko turismoa da nik hartu dudan hautua, eta, ahal dela, inori leziorik ez ematea. Jabe naiz monokultibo turistikoaren kalteak izugarriak direla eta deuseztatzen dituztela hainbat herri, hiri eta natur bazterren mintzak, baina horren geratzeak mundu mailako mentalitate aldaketa bat eskatzen du. Gaur egun oporretara kanpora joatea ezinbestekoa den mentalitatea ezingo baita egun bakarrean desagertu.
Benidormera joatea baino kaltegarriagoa izan baitaiteke Jaizkibelgo kala bakartia ezagutzera ematea. Hor bizi gara. Eta zer den neurriko turismoa? Ez zabaltzea irudiak sare sozialetan. Ahalegintzea tokiko hizkuntzak erabili eta produktuak erosten. Turismo sektoreko langileak adeitasunez tratatzea. Gauza onez eta txarrez hitz egitea. Norbere burua turista multzoan kokatzea.
Ez dakit, akaso aspertu zarete oporrak elkarri kontatzeaz. Baina gai potolo horri heltzeko ez al da negua aproposagoa uda baino?