Trikuaren lezioa

Ander Izagirre

Ikara anitzen garaian bizi garenez -gerrak, genozidioak, epidemiak, hondamendi klimatikoak, teknooligarken tentakuluak, Txoria txori kantua gure futbol estadioetan-, Aralarko kareharrien artera joan naiz, pelegrin, penitente, babes esoterikoen bila: itsas trikuen fosilak behar ditut.

Miguel Sanchez-Ostiz idazleari irakurri nion Pirinioetako artzainek asko estimatzen zituztela fosil horiek, eta zorroan eramaten zituztela, amuleto moduan, tximistetatik babesteko. Marinelek San Telmori eskatzen zioten tximisten aurkako babesa. Eta San Telmo ermitaren ondoan, Zumaiako labarretan, biziraupen-lezio harrigarria daukagu: milioika urtez, hostopil harritsu horretan erregistratutako suntsipen masibo guztietatik bizirik irtendako piztia bakarra, meteoritoen talkei, Lurraren polo magnetikoen alderantzikatzeei eta beroaldi globalei aurre egin diena… itsas trikua da.

“Seigarren suntsipen masiboa bizitzen ari gara”, esan zigun Miguel Delibes de Castro biologoak, duela zenbait urte, Algorrin. Begirada lasai eta irribarretsuz botatzen zituen halakoak. “Espezieen gaur egungo desagertze-tasaren erritmoa normala baino ehunka edo milaka aldiz handiagoa da; dinosauroak desagertu ziren garaiko tasarekin konpara daiteke oraingoa. Eta horren arrazoia giza espeziea da, meteorito baten moduko indarrez ari baita Lurra eraldatzen”.

“Zer ote du itsas trikuak”, galdetzen zuen Delibesek, “gene onak ala zorte ona? Ziurrenik, zorte ona”. Irauten dutenak ez dira indartsuenak edo azkarrenak izaten, aldaketetara hobeto egokitzen direnak edo txiripa handiena dutenak baizik. Animalien alegia klasikoetan ikasi ditugun irakaspen nazkanteen kontra (inurri langileak txitxarra umiliatzen du dibertitzen ari delako; astoa pozik dago lanera jipoika behartzen dutenean, jan besterik egiten ez duen zerriari zintzurra moztu diotelako), eta gaur egungo alegia saltzaileen kontra (coach-ak, motibatzaileak, prentsako zutabegileak eta bestelako hitzontzi ziri-sartzaileak), horien guztien kontra, trikuaren egia altxatzen da: dinosauroek gobernatu zuten planeta, itsas trikuek iraun zuten. Arantzadun bola horiek milioika urte daramatzate zoru ozeanikoetan barrena arrastaka, batere anbiziorik gabe.