Trantsizio digital eta ekologikoa?

Javier Arrieta Idiakez

Trantsizio digital eta ekologikoaz dihardute munduko gobernu guztiek. Horixe bihurtu dute erlijio. Diotenez, 4.0 Industriaren garaian gaizki behar dute iraultza digitalera egokitzen ez direnek. Alabaina, okerrago izango da eraso baten ondorioz hodeian gordetzen diren datu guztiak ezabatzen direnean. Trantsizio ekologikoa ere beharrezkoa omen da gure planetan bizi ahal izateko.

Aitzitik, ez da bidezkoa herrialde batzuek neurri zorrotzak hartzea, beste batzuk ezer egiteko prest ez daudenean. Herrialde guztiek antzera jardun ezean, alferrikakoa da esfortzu oro. Adibide batzuk besterik ez: berotegi-efektudun gas-emisioek errekor berria egin zuten 2020an; gure atun-ontziak Seychellesko Victoria portuan loturik dauden bitartean, Txinatik milaka tona atun-solomo sartzen da Europar Batasunean zergarik ordaindu gabe eta ia osasun-kontrolik gabe.

Edonondik begira dakiola ere, zenbait erakundek salatu dute ezin dela halako trantsiziorik gauzatu trantsizio sozialik gabe, ezin delako inor bazterrean utzi.

Zinez, trantsizio horien izenean eskubide sozialak murrizten badira, hain zuzen, oinarrizko eskubideak ere errespetatzen ez dituzten herrialdeekin lehiatzeko, gizarte-auzi berri baten atarian egon gaitezke.

Trantsizio soziala gauzatu eta gizarte- kohesioa lortzeko, gizarteak heldutasunez eta arduratsu jarduten ikasi beharko du. COVID-19ak, ordea, argi utzi digu gure gizartea ezaugarri horietatik urrun dagoela, esanak esan, itxuraz eder ager zaiguna sarritan egiaz eskas izaten baita.