‘Tote bag’-ak: zenbat dituzu etxean?
Ingurumenarekiko errespetuaren ikur bilakatu dira tote bag-ak edo oihalezko poltsa berrerabilgarriak. Plastikoaren alternatiba jaio ziren poltsak, ordea, moda osagarri bilakatu dira gaur egun, eta, aspaldian, eskutik helduta dauden tendentzien eta iraunkortasunaren isla bilakatu dira street style-an.
Askotariko erabilera
Kolore, lelo eta mota askotako tote bag-ak ikusiko dituzu kalean. Batzuek erosketak egiteko erabiliko dituzte; beste batzuek, aldiz, moda osagarri gisa edota aldarrikapenak egiteko. Askorendako jada nortasunaren eta identitatearen ikur ere badira; izan ere, poltsa horien gehiengoak ideia bat, ilustrazio bat edo esaldi bat darama. Marka handiek, berriz, pagotxa ikusi dute eta herritarrek euren logoa eta marka street style-an paseatzeko aukera ere aprobetxatu dute.
Ekologikoa
Poltsa horien hasierako ideia plastikoaren erabileraren aurrean alternatiba izatea baldin bazen ere, gaur egun etengabe ekoizten dira, merchandising gisa. Horren ifrentzuan, bestelako irakurketa bat dago: Non dago ekoiztuta? Zenbat oihal erabiltzen da? Zenbat kutsatzen dute? Etxean zenbat ‘tote bag’ dituzue?
Galdera horiek egiten hasia dira modazale asko, baina badirudi oraindik ere olatua bizi dutela telazko poltsa horiek.