Tor Magoa: “Las Vegasera joatea bakarrik falta zait”
Azti jaio zen Tor Magoa (Algorta, 1982), Aitor Bilbaoren alter egoa, baina 4 urte bete arte ez zen bere kondizioaz jabetu, aitaitak magia trukoa egin zion arte. Txan magoa da bere erreferente nagusia, “magia euskaraz egiteko bidea ireki zuelako”.
Duela urte batzuk gogoratzen dut Txan Magoa baino ez zela existitzen euskaldunondako. Gaurko gazteentzako Txan Mago berria zara? Tor Magoa bakarra dago gaur egun?
Ez, ez, ez. Txanen garaian, Txirri, Mirri eta Txiribitonekin ibitzen zen herriz herri, telebista kate gutxiago zeuden eta Txan izan zen sekulako erreferentea, ireki zuelako magia euskaraz egitearen mundua edo ibilbidea. Horri esker hainbat mago hasi gara bere ibilbidea jarraitzen, baina orain, telebista kate askoz gehiago daude, Youtube dago… eta mago asko gaude Txani esker, azken batean.
Urte gutxian asko aldatu da panorama.
Bai. Ez dakit zenbat izango garen, baina ni Bilboko elkartean nago eta bertan 40 bat lagun gaude; beste elkarte bat dago Barakaldon, eta beste 40 bat izango dira… Euskaraz guztiek ez dute egiten, guztiak ez dira profesionalak, baina magiak gero eta indar handiagoa dauka.
Hortaz, Txan Magoari esker hasi zinen?
Gaztetatik egiten nuen magia; aitaitak erakutsi zidan lehen trukotxoa, baina euskaraz erreferente Txan Magoa izan zen. Euskal Telebista ikustean bera agertzen zen zapaturo eta han ikusten nuen.
Uler nezake nola gazte askok aktore izatearekin, dantzari izatearekin, aurkezle izatearekin… amets egin dezaketen, baina nola okurritzen zaio Aitor Bilbaori mago izan behar duela?
Esan dizudan moduan, aitaitak kartekin gauzatxo batzuk egiten zekien eta harekin gauza batzuk ikasi nituen, eta ikusi nuenean egiten duzunak zelako oihartzuna duen parean duzuen horrengan, horrek handitu egiten zaitu eta apurka gehiago jakin nahi duzu… Kutxa magikoa oparitu zidaten Olentzerotan… Eta zenbat eta gehiago hasi, zenbat eta gehiago hasi, azkenean, ez dakizu nola, baina ikuskizun bat egiteko aukera suertatzen da, egiten duzu eta dagoeneko ez dago atzera bueltarik.
Hasi zinenean zenbat iritzi, gomendio… jaso zenuen ingurukoengandik magia egitea lelokeria zelakoan?
Hasieran, jolas bat zelako, jendeak ondo pasatzen zuen eta listo. Baina esan nuenean profesionalki hartu nahi nuela, jendeak aurpegi arraroak jartzen zituen. Karrera egina nuen, lanean ari nintzen eta guztia utzi nuen magiarekin bizitzeko, eta hor bai aurpegi arraroak ikusten nituela inguruan, baina, azkenean, aurrera egin dut eta ondo joan da.
Eta gaur egun Euskal Herrian dagoen mago profesional bakarrenetarikoa izango zara. Hortik bizi zara.
Beste batzuk badaude. Pozik nago magiatik bakarrik bizi ahal izateaz.
Baina magia existitzen da?
Bai, existitzen da eta esango dizut non: ikusleen buruan. Truko bat egin berri dizut eta zuk magia sentitu duzu; hor dago magia.
Zein da mago bat gehien amorrarazten duen galdera?
“Nire senarra/emaztea desagerraraz dezakezu astebetez?”. Halako kontuak egunero jasan behar dira. Baina, bueno, aurpegi ona jarri, irribarre egin eta listo.
Desagerrarazte horretan imajinatzen dut David Copperfield-ek ere erru handia izango duela… Eta Copperfield aipatuta, badakizu 2018an epailearen aurrean aurkeztu behar zuela.
Bai. Gauero desagerrarazten zituen agertokian 13 ikusle, eta, halako ikuskizunetako baten, 13 ikusleetako batek min hartu zuen eta epaiketara eraman zuen Copperfield. AEBetan gauzak bestela dira, eta Copperfieldek epailearen aurrean ilusio osoa nola egiten zuen azaldu behar izan zuen, xehetasun guztiekin.
Eta mago batentzat bere trukoak kontatzea egon daitekeen gauzarik txarrena da.
Bai; sekretuak sekretu izan behar dira; bestela, magia desagertu egiten da. Ikusleak sekretua igartzen duenean guztia zapuztu egiten da, tontakeria bat dirudi. Eta ez da tontakeria; izan ere, ikusleek gauza horiek ez igartzeak sekulako lana dauka eta gauzak ondo egin behar dira, asko hitz egin behar da, entretenigarria izan behar da… Baina sekretua dakizunean, magia hori galdu egiten da.
Inoiz harrapatu zaituzte?
Sekula gauza batzuk gaizki atera dira, baina abantaila bat daukagu eta da jendeak ez dakiela zehatz-mehatz nola amaituko den gauza; beraz, modu jakin baten amaitzekoa zena gaizki badoa, beste modu baten amai dezakezu, nahiz eta horren ikusgarri ez geratu.
Zein da publikorik zailena? Gaztetxoak, helduak…
Umeek abantailak eta desabantailak dituzte. Umeekin gertatzen dena da ez dutela gezurrik esaten; hortaz, aspertzen badira, ba, esango dizute, “hau kaka bat da”, nahiz eta antzoki baten egon. Hortaz, zaila da zentzu horretan. Adinaren arabera, baina eurendako magia existitzen denez, zuk magia egiteaz aparte entretenitu egin behar dituzu.
Baina ez zaizu iruditzen mago asko gehiegi luzatzen direla truko konkretu batera iristeko?
Segun eta estiloa. Batzuk bai. Nik ikusi ditut karten ikuskizunak ordu erdiko aurkezpen batekin, baina jendeak onartzen duen bitartean eta ondo pasatzen duen bitartean…
“Magia ikusleen buruan existitzen da”
Galdera deseroso bat egingo dizut: zela daki mago batek truko gehiago ala gutxiago egiten?
Magoa autodidakta da eta bere kontura ikasi behar du. Magian hainbat esparru daude: magia kartekin, Copperfielden antzeko gauza handiak, mentalismo modukoak… Eta zuk hartzen duzu ondoen moldatzen dena zure izaerara edo gehien gustatzen zaizuna… eta hori aurkitzen duzunean, bide horretatik jarraitu behar da eta irakurri beste mago batzuek egiten dutena, beste mago batzuk ikusi, haiekin hitz egin… Batzuetan, gauzak erosi egin behar dira, edo eraiki…
Euskal Herrian badago magia eskolarik?
Ni elkarte baten nago, lagunak gara eta bertan elkartu egiten gara eta gauza berriak daudenean komentatu egiten ditugu eta batak besteari lagundu. Kanpotik ere ekartzen dugu jendea hitzaldiak ematera, gauzak ikasteko. Hortaz, nahiz eta magiatik kanpo sekretuak sekretu izan behar diren, magia barruan sekretuak konpartitu egiten dira.
Zuen artean, hortaz, ez dago beste gremio batzuetan egon daitekeen konpetentziarik.
Bai, badago. Esaterako, inork egin ez duen eta inork egitea nahi ez duzun gauza bat asmatzen baduzu, bada, ez duzu esango. Edo esango duzu zatitxo bat… Baina orokorrean, giro ona dago.
Copperfield aipatu dugu lehenago, eta halako mago handiei iruzur egin izana leporatu izan zaie. Nola daramazu polemika hori?
Magoen artean ere polemika hori daukagu: konpintxeen kontua. Nik ez dut inoiz ere onartuko, esaterako, zu eta biok konpintxatuta egotea. Truko baterako nik esaten badizut ze karta hartu, hor magia desagertu egiten da. Eta hemen serio jartzen naiz. Sinatu gabeko paktu antzeko bat dago ikusleen eta magoaren artean; ikusleak ikusle dira eta magoa mago. Izan ditzaket nire ikuskizunean 44 dantzari, eta magia egiten laguntzen didaten laguntzaileak. Baina ikusleetako bati eskatzen badiot karta bat esateko, hori beti izan behar da benetakoa; bestela, magia galdu egiten da. Ikusleek ikusten badute hori posible dela, eta mago batzuek egiten dute, ez dizut esango zeinek, baina egiten dute antzoki baten edo telebista saio baten, bada, hor niretako magia desagertu egiten da, zeren orduan edozein gauza egin daiteke. Eta gainera, mago txarra zara, zeren esfortzurik barik egiten baituzu.
Zein da amesten duzun ikuskizuna?
Txikia nintzenean ametsa zen magia egitea jende aurrean. Gerora, amesten duzu magia ikuskizun bat egitea jende aurrean. Gerora, pentsatzen duzu Arriaga antzokian egin nahiko zenukeela, eta, azkenean, pausoz pauso gauza horiek betetzen zoaz, eta Las Vegasera joatea bakarrik falta zait.
Iritsiko da hori ere.
Egon naiz, baina ikusle moduan.
Eta trukoak erabili izan dituzu kalean zaudela, ligatzeko…
Honako hau gertatzen zitzaidan: kuadrillakoek esaten zidaten, “joan neska horiengana, egin magia eta gero guk egingo dugu ondorengoa”. Bakoitzak bere trukoak ditu.
Etxebarriko Eleder mago gazteak aurrekoan eskatu zidan zuri galdetzeko ea 60 urterekin ikusten duzun zure burua mago.
Galdera zaila da eta sarri galdetu diot hori nire buruari. Egia esan, ez dut planteatzen, egunean bizi naiz; bai ditudala ideia berriak etorkizunean egiteko; bestela, estankatu egiten zara. Baina 60 urte bete arte asko falta zait; beraz, ez dakit nolakoa izango litzatekeen nire magia. Baina uste dut magiatik ere bizi ahalko dela.
Ez duzu uste farandularen mundua dela gaurko ogi, biharko gose? Niri sarri esaten didate hori.
Bolatinero edo orekari zarela, ezta?
Hortaz, aurreztu egin beharko duzu?
Profesionala egiten zarenean ez da ikuskizun kontuetara mugatzen bakarrik, etxeko kontuak ere hortik atera behar dira eta zailago bihurtzen da; afizionatu zarenean dena da polita, baina profesional bilakatzean gauza batzuk zorrotz eraman behar dituzu, tontakeria barik, baina ni pozik nago, eta hori da garrantzitsuena.
Eta amaitzeko, dudan zalantza bat: nola desberdindu noiz zaren Tor eta noiz Aitor? Eta, bide batez, izenarekin ez zinen gehiegi konplikatu.
Ez, askorik ez.
Beraz, zer ematen dio Torrek Aitorri, eta alderantziz?
Txikitatik oso lotsatia izan naiz, eta magiak lagundu egin dit lotsa garaitzen. Agertoki baten nagoenean ni naiz, baina nire beste aurpegi batekin; hau da, naiz ni, baina agertokian. Eta agertokitik jaistean naiz ni, baina agertokitik kanpo. Esaterako, nire ama irakaslea da eta esan dit gauza bera gertatzen zaiola: klasea ematen ari denean bera da, baina eskolak ematen eta etxean beste modu batekoa da.
Eta iritsiko da eguna Tor eta Aitor gauza bera izango direla.
Edo oso desberdinak, agian…
Horretarako itxaron egin behar dugu, urte batzuk jarraitu beharko zaitugu eta zure magiaz gozatu. Mila esker.