Tessy Ebosele: “Orain, niretzat, ez da osasuntsua helburuetan pentsatzea”


Nigeriatik alde egin eta Europara bidean zihoan familia batean jaio zen Tessy Ebosele (Maroko, 2002), eta, urtebete zuela, amarekin pateran heldu zen Iberiar penintsulara. Luzera-jauzia egiten duen atleta gasteiztarrak lesio larria izan zuen iaz, baina, dagoeneko, itzuli da pistetara.
Lesio larria izan zenuen Akilesen tendoian, eta ebakuntza-gelatik igaro behar izan zenuen 2025eko udaberrian. Nola zaude gaur gaurkoz?
Oso ondo, egia esateko. Urte oso zaila izan da, Akilesen tendoiko lesio batek denbora luzez geldirik egotera behartzen zaituelako; eta errekuperatu nintzen edo ez jakin arte, beldur asko izan ditut. Hilabete oso gogorrak izan dira niretzat, oso luzeak, lehengo maila izatera edota goi-mailako kirolera itzuliko nintzen ez nekielako. Goi-mailako atleta izatetik, egun bakarrean, dutxatzeko ere laguntza behar izatera igaro nintzen.
Eta aurten, berriz ere, jauzi egiteko zapatilak jantzi dituzun lehen eguna nolakoa izan zen?
Kaka eginda nengoen, argi eta garbi. Urduri, beldurtuta eta zalantzekin. Jauzi egitean hareatara heltzea ere kostako zitzaidala pentsatzen nuen. Hala ere, sentsazioak oso onak izan ziren, eta aurrera jarraitu ahal izan dut.
Horrelako lesio larri baten ostean, nola ezartzen dira kirol helburuak?
Gai potoloa da hori. Goi-mailako kirolean oso presente ditugu emaitzak, datak eta helburuak. Egia da kirolarekin bat datozela, baina, niretzat, orain, ez da osasuntsua helburuetan edota epeetan pentsatzea. Bizitzak buelta asko ematen ditu, eta bideak ez dira beti errazak izaten; eta kanpoko faktore asko eta asko ez ditugu guk kontrolatzen. Entrenatzailearekin batera jarri dudan helburu nagusia da berriro ez lesionatzea. Horrelako geldialdi handirik berriro ez izatea. Lesioak beti egongo dira, baina saiatu behar naiz lesio larririk ez izaten. Ondo entrenatzen jarraitu behar dut hurrengo denboraldiei begira. Entrenamenduetan jarraitutasuna izatea nahi dut.
Berriro ez lesionatzeko beldur hori gainditzea oso zaila izan behar da…
Min txikiren bat dudanean, orain, beldurtuta egoten naiz. Ezjakintasun horretan berriz ere jausteak ematen dit beldurra. Baina kirolaren parte dela ere ulertu dut. Entrenamendu-kargak ondo planifikatzea da gakoa. Niri beldur edo trauma hori gainditzeko gaia terapian lantzeak asko lagundu dit.
Parisko Olinpiar Jokoetako esperientzia baduzu, dagoeneko. Zer ikasi zenuen?
Nirekin justua izaten. Denboraldi zaila izan zen niretzat, minekin ibili nintzelako; eta ez nituen lortu nahi nituen emaitzak. Baina helburuak eta markak lortzeko gogor lan egin nuela pentsatu nuen, eta egindako lanak hobetzen jarraitzeko motibazioa eman zidan.
Atletismoan arituta, zaila izango da hurrengo Olinpiar Jokoetan ez pentsatzea, ezta?
Oraindik ez naiz pentsatzen hasi. Atletismoko edozein probetan, helbururik handiena Olinpiar Jokoak dira, zalantzarik gabe. Baina 2026 urtea da oraindik. Nik egunez egun pentsatzen jarraitu behar dut orain. Noski badela helburua, eta, lesioek uzten badidate, erakutsi dezaket hor egon naitekeela. Egiteko gai naizena erakusteko gogoa dut, gainera.
Parisko 2024ko esperientziatik kontatu ahal diguzun anekdotaren bat?
Janari oso-oso gozoa zegoen, eta, hiri olinpikoaren barruan, gozotegi erraldoi bat zegoen. Ogia egun osoan zehar egiten zuten, etxean egindako marmeladak zeuden, ezti ezberdinak… eta atletek dena doan genuen. Txarrena liztor ugari zeudela!
Pistan zaudenean erabat aldatzen diren horietakoa zara? Ala pistatik kanpo eta barruan pertsona bera zara?
Uste dut pertsona bera naizela pistan eta pistatik kanpo, baina lehiatzen ikusi nautenek ez didate horrelakorik esan, kar-kar.
Zein esango zenuke izan dela irabazi duzun dominarik garrantzitsuena?
Federazioen arteko lehiaketa batekoa, 18 urtez azpiko kategorian. 13 metroko marka lortu nuen lehen aldia izan zela uste dut. Nirea ez zen entrenatzaile batekin joan nintzen, eta gomendio ezberdin batzuk eman zizkidan. Atleta moduan jauzi garrantzitsua izan zen niretzat, ia erabakita neukalako saskibaloira pasatzea… Nire buruan modu kuttunean gordetzen dudan domina da.
Eta nolatan aukeratu zenuen gaztetan luzera-jauzia?
Ez nuen nik aukeratu, behartu egin ninduten egitera! Kar-kar.
Oso ona zarelako da hori…
Ez dakit zergatik izango den… Txikitan, Gasteizen atletismoan nenbilenean, Usain Bolt izan nahi nuen. Azkarra izan nahi nuen. Eta nire entrenatzaile Jokinek eta bere adiskide Jesusek luzera-jauzia egiteko potentziala ikusi zuten nigan. Eta behartu egin ninduten! Kar-kar.