Teknologiaren aplikazioa
Marka: Maria Lafuente, Pixel Sistemas eta Stratasys
Pixel Sistemas-ek, Stratasys-en eta Maria Lafuente diseinatzailearen arteko lankidetzaren ondorioz, fabrikazio gehigarriak –3D inprimaketak– Mercedes-Benz Fashion Week Madrid nazioarteko agertoki garrantzitsuan desfilatzea lortu du. Stratasysen teknologiaren aplikazioa Elgoibarko Pixel Sistemas-en eskutik bideratu da, zuzenean kotoian, lihoan, poliesterrean eta larruan diseinu bereziak inprimatuz. Maria Lafuenteren, Stratasysen eta Pixel Sistemasen arteko lankidetza 2022an abiatu zen, eta Inefable delako bilduma izan da elkarlanaren lehen emaitza.
Bildumaren lerroak
Inefable Maria Lafuente diseinatzailearen 2023ko udazken eta neguko bilduma da. Bilduma osatzen duten piezek patroi organikoak dituzte; tularekin, lentejuelekin, TIRE-X parpailarekin eta pneumatikoekin moulage teknikak eta egitura arkitektonikoak gauzatu ditu. Gaininpresioekin eta 3D teknologiaren bidez egindako osagarriekin bilduma borobiltzen dute, baita eskala kromatikoa aberastu ere, hainbat kolore lortuta: arrosa, alberjinia, nudea, mertxika, berde turkesa, morea, grisa, itsas urdina eta beltza, besteak beste.
Bilduma otsailaren 15ean aurkeztu zen Espainiako Batzorde Olinpikoaren egoitzan, Mercedes-Benz Fashion Week Madrid programa ofizialaren barruan. Yolanda Font aktore eta modeloa, eta Mireia Mendoza modelo gor-itsua izan ziren casting-ari berezko izaera eman zioten aurpegi ezagunetako batzuk. Desfilea arte mailara igo zen La Joven Orquesta de Castilla y Leon taldeko dantzariak agertokira igo zirenean. Pasarelari hasiera eman zion konpainiak, genero indarkeria gaitzesten zuen koreografia dantzatuaz, eta Maria Lafuentek eratutako jantziei mugimendua erantsiz, musikak, dantzak eta modak mezu aldarrikatzailea lerrokatu zuten.
Teknologia
3D-Fashion hiru dimentsiotan inprimatzen duen teknologia eraginkorra da. Alegia, ehunaren gainean hainbat kolore eta bolumenetan zuzenean inprima daiteke, eta jantzietan, oinetakoetan eta osagarrietan diseinu harrigarriak eta ilusio optikoko efektu fantastikoak eratzen dira. Teknologi horrek lihoan, kotoian eta poliesterrean inprimatzeko aukera ematen du, baita 460x360x200 mm-ko inprimatze-eremu batean sartzen den objektua eratzeko ere; hala, osagarri erakargarriak eratzen dira.
Pixel Sistemas
Elgoibarko enpresa horrek 25 urteko esperientzia zabala du balio teknologikoko soluzioak eskaintzen PLM softwarearen esparruan, baita fabrikazio gehigarrian ere. Gipuzkoako enpresa horrek gaur egun hainbat sektoretako 1.500 bezero baino gehiago ditu: makineria, kontsumo, automozio, garraio, energia, aeronautika, medikuntza eta hezkuntza sektoreetan banatuta.
Maria Lafuente
Nazioartean moda jasangarriaren erreferentea den Leongo diseinatzailea dugu Lafuente. Naturarekin izandako elkarrizketa baten emaitza dira haren bildumak, eta ingurumena babestuz ehungintza berritzera bideratuta daude haiek beti. Agerian jartzen du modu kontzientean eta arduratsuan sortzeko, ekoizteko eta kontsumitzeko premia larria. Munduko hainbat lekutan saritua izan da. Era berean, ehun jasangarrien PEFC ziurtatutako lehen bildumarekin NBEko Goi Mailako Nazioarteko Foroan lana erakutsi duen lehen diseinatzailea izan da. Logika horretan, eta auzolan sozialaren ildoan, emakumeen bizitza duintzeko ahaleginak bideratzen dituen La Buya elkartearekin duen lankidetza dator. Irabazi asmorik gabeko elkartea da, gizarte-bazterketa jasateko arriskuan dauden eta lan-merkatuan sartzeko zailtasunak dituzten emakumez osatua. Haiek aktiboki parte hartzen dute Maria Lafuenteren bildumetan.
Euskal Herriko moda
Isabel Zapardiez ere 3D-Fashion teknologiaz baliatu da azken proposamenetan. Horren adibide da haren bildumarako eratu dituen azken bi jantziak. Madrilgo desfilea ixteko erakutsi zituen.