Tatxers taldea
KLan berria kaleratu du Nafarroako Tatxers taldeak, Ezpatei disdira! diskoa, eta urte hauetan euren taldearen sinbolo izan den ezpatari erreferentzia zuzena egin nahi izan diote.
Zazpi abesti eta hogei minutu inguruko entzunaldia; baina zer da Ezpatei disdira Tatxersentzat?
Ezpatei disdira! izenburua Martinen bikotekideari bururatu zitzaion. Izenaren gaineko eztabaida asko izan eta gero, aproposena iruditzen zitzaigun. Garai hauekiko iradokitzailea oso, baina, era berean, modu sotilean intsinuatuz. Horrez gain, ezpata gure ibilbide osoan presente egon den elementu bat izan da eta ideia ona iruditu zitzaigun izenburuan sartzea.
Hirugarren lan luzea argitaratu duzue; nola aldatu da taldea lehendabizikotik?
Nahikoa aldatu da; nagusia bateria aldaketa izan da: iaz Iñigo Soriak taldea utzi zuen eta Sergio Devesa sartu da. Horrez gain, letrak findu egin ditugu, haien esanahiari kalterik egin gabe, eta instrumentalei buelta gehiago eman dizkiegu. Ez dut esan nahi beti konplexuagoak direnik, inolaz ere, baina hiru disko egin eta gero, aurretik egin duzunetik ateratzen saiatzen gara, eta gauza berriak probatzen.
Zer harrera izan du diskoak aurreneko aste hauetan?
Goiz da jendeari orokorrean gustatu zaion edo ez jakiteko. Gure ingurukoei asko gustatu zaie, hori bai. Azken egunetan asko entzun da, baina nobedadea delako izan daiteke. Denborak eta kontzertuetako giroak esango du jendeari gustatu zaion edo ez. Hala ere, gu inoiz baino kontentago gaude emaitzarekin, eta hori da garrantzitsuena.
2024ko amaierarako baduzue kontzerturik lotuta? Ezer aurreratzerik?
Diskoa, oraingoz, Bilboko Sarean espazioan eta Burlatako gaztetxean aurkeztu dugu, toki txikietan. Hemendik aurrera, Euskal Herrian barrena kontzertu ugari ditugu. Hala ere, gure asmoa Euskal Herritik ateratzea ere bada; uste dugu bira politak lotu ditzakegula Euskal Herritik kanpo.