Tatxers taldea: “Entzun nahiko genituzkeen kantuak egiten ditugu”

Musikazale heldu askok Hertzainak eta Zarama aspaldiko euskal taldeen eragina atzematen dute haien kantuetan; entzule gazte hainbatek, aldiz, Carolina Durante eta Futuro Terror egungo talde espaniarrena. Nondik begiratzen –edo entzuten– diezun. Nolanahi ere, haiek diote ez direla nostalgikoak eta, besterik gabe, entzun nahiko lituzketen kantuak sortzen dituztela, 80ko hamarkada haien ustez gainbaloratuko musika berpizteko inolako gogorik gabe.

Haien kantarik ezagunenak, Goizean oskorri abestitzarrak, dagoeneko 710.000 entzunaldi ditu Spotifyn. Haiek, baina, ez dute presarik eta ongi aztertzen dute egin beharreko urrats bakoitza: areto txikiak nahiago dituzte, haiek zein ikusleak eroso egoteko, baina baita jendea ezagutu eta harremanak sortzeko ere. Konparaziora, disko berriaren aurkezpen kontzertua Burlatako gaztetxean egin dute. Haien hirugarren lana da, eta oso pozik daude, “ederki islatzen duelako taldea zer den”. Horregatik jarri diote Tatxers izena. Nafarroako musika eszenaren loraldiko beste alde bat dira, eta Ororbiako haien entsegu lokalaren ondoko soroan hartu gaituzte elkarrizketa egiteko.

Txorakeria bat bururatu zait Ororbiako zuen entseatzeko lokal honetarako bidean: zuen adina aintzat hartuz, ez al litzateke Tatxers baino egokiagoa Johnsons izena?
MARTIN ZIRIZA: Bai, baina ez dauka, nire ustez, horrenbesteko indarrik. Los Nikis taldeak badauka abesti bat Margaret, ojalá te vuelva a ver (Margaret, ea berriz ikusten zaitudan) dioena; pentsatzekoa da Margaret Thatcherri buruzkoa dela eta haien belaunaldiaz ari direla.
Zergatik Tatxers?

JON SALINAS: Izen bat jartzen duzu, eta gero, zuk ematen diozu zentzua. Gure erreferentziak momentu hartan oso britainiarrak ziren. Bueno, orain ere badira. Eta izen hori jartzea erabaki genuen.

Badakit izenaz hamaika bider galdetu dizuetela. Nik gaia atera dut horrekin loturik beste zerbait aipatu nahi dizuedalako: normalean, taldearen izena lehen diskoari jartzen zaio eta zuek hirugarren lanari paratu diozue. Zergatik?

M.Z.: Niretzako hau da gure lehen LPa, lehen lan luzea. Lehen grabazioa [Garaipen kutrea] maketa bat izan zen, bigarrena [Hiruzpalau amets larri] EPa, eta azken hau da orain arte gu garena hobekien biltzen duena. Gainera, diskoko esaldi ponposoen artean ez genuen ikusten bat aproposa titulurako.

J.S.: Beste izen batzuk jartzea pentsatu genuen, baina, azkenean, erabaki genuen Tatxers gaur egun diskoan entzuten dena dela, eta horrekin aurrera egin behar genuela. Listo. Homonimo.

Oso gustura geratu zareten seinale. Diskoa Beran grabatu zenuten, ezta?

M.Z.: Bai; ederki joan zen.

Hor nonbait irakurri dut disko horretan gehiago esperimentatu
duzuela.

J.S.: Bai; izan ere, gure artean musika asko pasa diogu elkarri: entzun hau, entzun bestea… Eta, agian, soinuan eta beste gauza batzuetan sumatzen da. Gehiago landu dugu.

M.Z.: Nik baietz esango nuke. Gainera, sumatzen da bitarteko gehiago eduki ditugula.

Punk-oi! mundu horretatik zatozte, baina diskoa poperoagoa atera zaizue.

J.S.: Tira, gu nahiko poperoak gara. Gero eta garbiago jotzen dugu, eta, denetarik entzuten badugu ere, gure erreferentzia nagusiak nahiko poperoak dira.
M.Z.: Ez dakit eskinetoek nola hartuko zuten diskoa. Seguru asko, ongi. Baten batekin hitz egin dut eta gustatu zaio.

JS.:. Eta gustatu ez bazaio, zer eginen diogu [Barrez].

Gero eta ahots eta gitarra garbiagoak sartzen dituzue…

M.Z.: Hori da orain arte jarraitu dugu ardatza. Hori bai ez dela aldatu. Ahots melodiak beti hor egon dira eta gitarra melodikoa ere bai, joko askorekin. Agian, gero eta gehiago.

Zahartzen ari zarete…

M.Z.:: Aizu, oraindik gazteak gara [Barrez].

Zenbat urte dituzue?

J.S.: Nik 23 eta hark 24.

M.Z.: Baina urte berekoak gara.

Baina gazteak izanda bidetxo bat egin duzue jada, bost urte baitaramatzazue Tatxers taldearekin. 2018an hasi zineten, ezta?

M.Z.: Baietz esanen nuke. Lehen kontzertua 2019an egin genuen eta EPa 2020an grabatu genuen, baina lehenago hasi ginen entseatzen.

Hor nonbait irakurri dut taldea sortzeko ideia Iruñeko Arrosadia auzoko plaza batean sortu zela, hain justu, TTAPerako Aingeru Epaltza elkarrizketatu genuen plazan.

J.S.: Bai; nire haur eskola izandakoaren ondoan dago. Oroitzen naiz Martin eta biok beste talde batean geundela…

Acera Rock. Bai izen itsusia…

M.Z.: Bueno, garai haietakoa.
J.S.: Eta asko zor diogu talde hari. Baina beste musika bat egin nahi genuen. Argi genuen guk biok beste talde bat sortu nahi genuela. Bateria jotzaile bat falta zitzaigun. [Iñigo] Soria bururatu zitzaigun, eta Arrosadiko jaietan esan genion: “Etorri momentu bat, hitz egin dezagun” [Barrez]. Eta engainatu genuen.

M.Z.: Bi bertsio pasa genizkion, ikus zezan zein zen ildoa. Eta kito. Gustatu zitzaion.

Txikitatik zarete lagunak. Aipatu duzuen haur eskola hartara elkarrekin joan al zineten?
M.Z.: Txikitatik gara lagunak, baina ez horren txikitatik. Iturrama institutuan ezagutu genuen elkar. Ni Iturramakoa naiz.

J.S.: Eta ni Zabalgunekoa.

M.Z.: Baina aurreko taldea Arrosadikoa zen eta gure kuadrillako gehienak ere hangoak dira.

Baina entseatzen Burlatan hasi zineten.

J.S.: Burlatako gaztelekuan, bai, ez genuelako lokala alokatzeko dirurik, eta han doan egin genezakeelako.

Eta berehala, lehen kontzertua, Iruñeko Jarauta karrikako Aitzina tabernan. Ze oroitzapen duzue?

M.Z.: Guretzat ikaragarria izan zen. Bikain atera zen. Kaleko Urdanga taldekoek ere jo zuten, oi! munduko erreferentziazko talde bat da. Lehen kontzertuan, gure abesti propioekin, hor tartean sartzea sekulakoa izan zen: boom!

J.S.: Gero, Aitzinean bertan beste bi aldiz jo genuen.

Kontzertu haren bertsio serio samarra kontatu didazue. Zuei egindako beste elkarrizketa batean irakurri dut lehen kontzertu hartan sekulakoa harrapatu zenutela eta erdiaz ere ez zaretela akordatzen.
M.Z.: Baina ez da bakarrik mozkorraldiarengatik. Niri kontzertuetan hori gertatzen zait. Topera egoten naiz, eta gero, pena ematen dit gauza asko ez zaizkidala buruan gelditzen. Pilo bat ahazten zaizkit.

J.S.: Niri halakoetan argazkiak hartzea gustatzen zait, baina zuei batere ez [Martini]. Baina bihotzean badaukagu gordeta gau hura eta Aitzina taberna bera.

2021ean Hiruzpalau amets larri EPa atera zenuten. Hor heldu zen Goizean oskorri kantatzarra, eta sekulako arrakasta izan zuen. Orduan jabetu zineten hau serio zihoala?

M.Z.: 2020an, maketa gaztelekuan bertan grabatu genuen eta jarraian single bat grabatu genuen punk-oi! bilduma baterako. Gero, EPa etorri zen. Goizean oskorri abesti indartsua izan zitekeela ikusten genuen eta horregatik landu genuen bideoklipa. Baina ez genuen uste erantzuna horrenbestekoa izango zenik.

J.S.: Berrogeialdiaren ondorengo garai haietan izan zen. Genituen kantak atera nahi genituen, besterik gabe. Ez genuen halakorik espero.

Spotifyn 710.000 entzunaldi daramatza. Euskarazko kanta gutxi iristen dira horrelako zenbakietara.
M.Z.: Lokalean botila bat ardo daukagu gordeta, berezia, milioi bat entzunaldira iristen denerako. Botila harekin ospatuko dugu.

J.S.: Baldin eta iristen bada [Barrez].

M.Z.: Bueno, hamar urte barru bada, hamar urte barru.

J.S.: Ados.

M.Z.: Guretzako guztiz harrigarriada.

Irudipena daukat urrats guztiak ongi pentsatuta egiten ari zaretela bidea.
J.S.: Bai, baina, seguru asko, argiago daukagu zer ez dugun egin nahi zer egin nahi dugun baino.

M.Z.: Adibidez, ez dugu nahi Goizean oskorri kantuak gure gainontzeko diskografia osoa itzalpean uzterik. Horrek amorrua emango liguke, baina ez dut uste hori gertatzen ari denik. Bestalde, argi dugu horrelako gauzak une jakin batean gertatzen direla eta gero aurrera egin behar duzula.

Eta zuen ibilbidean, oro har, zer egin nahi duzue eta zer ez duzue egin nahi?
J.S.: Leku txikietan jotzea gustatzen zaigu, jendea ez ezik gu ere eroso egotea. Eta halako leku txikietan erosoago gaude.

Burlatako gaztetxean aurkeztu berri duzue disko berria. Beste nonbait egin zenezaketen, baina han egitea erabaki zenuten.
J.S.: Hori argi geneukan. Iruñerrian gaztetxe hori geratzen da soilik, eta kristoren ilusioa egin digu disko berria hor azaleratzeak. Gustatzen zaigu jendea ezagutzea, harremanak sortzea. Hiru gara taldean. Argi daukagu Tatxers gu hirurok garela soilik. Erabakiak gure artean hartzen ditugu, eta, gainera, erabaki guztiak adostu egiten ditugu.

Gaztetxeen eta areto alternatiboen bide hori zailagoa da orain, meritu handiagoa dauka, garai batean baino gutxiago baitaude.
M.Z.: Bai, baina harremanak, sortzen diren loturak ere hor daude. Egin ditugun kontzertuekin sareak sortu dira eta oraindik egon badago zirkuitu bat hor.

J.S.: Badira kolektibo asko oso gauza guapoak egiten ari direnak. Adibidez, udan Madril, Valentzia, Bartzelona eta Zaragozara joanen gara, oso jende jatorrarekin.
M.Z.: Eta badakigu kontzertu bakoitza nork antolatzen duen, aurretik haiekin egon gara.

Eta badakizue dirua noren patrikara edo zein proiektutara doan.

J.S.: Hori da. Diru gutxiago dago, baina hobeki erabiltzen da.

Dirua aipatzen hasita, burutik pasa zaizue musikaren profesionalak izatea?

J.S.: Burura etorri zaigu, bai, baina ez da erraza.
M.Z.: Hemen hirugarren taldekidea falta da. Eta zer egin nahi dugun edo zer ez dugu egin nahi erabakitzerakoan denok egon behar dugu. Zaila da gure artean gauza batzuetan ados jartzea.

J.S.: Gauza asko bazterrean utzi beharko genituzke. Eta jende gehiago beharko genuke gurekin gauzak antolatzen. Oraingoz, ez gaude prest horretarako.

M.Z.: Baina niri burutik pasa zait, noski. Eta neure buruari esaten diot kristorena izanen litzatekeela honetan bizi ahal izatea bolada batez eta aurrera egitea. Baina gero ere pentsatzen duzu bakoitzak bere bizitza daukala eta gauza askori uko egin behar zaiola bide hori hartzeko. Ez dakit prest gauden horretarako.

J.S.: Eta ez dugu kritikatzen hori egiten duen jendea. Ezta pentsatu ere.

M.Z.: Ez, ba. Bakoitzak egin dezala nahi eta ahal duena, bizibidea nonbaitetik atera behar da eta.
J.S.: Oraingoz, horrela ongi doa.

“Areto txikietan jotzen dugu eroso egoteko, jendea ezagutzeko eta harremanak sortzeko”

Uxue Reyk berriki Berria-n elkarrizketa egin zizuen. Esaldi batek eman zidan atentzioa. Zuen erreferente moduan Itoiz, Hertzainak eta Zarama aipatzen badira ere, zera zenioten: “Ez gara nostalgikoak”.

M.Z.: Egun, musika eskaintza ikaragarri handia eta askotarikoa dugu eskura, eta, horrexegatik, egiten duguna guztiz gaurkotuta dago. Amorrua ematen dit entzuteak nostalgikoak garela. Gu oso harro gaude egun dagoen musika eskaintzarekin eta testuinguru honekin. Gure kontua ez da 80ko hamarkadako musika berpiztea, orain autotunea soilik dagoelako. Ez, ba. Guri ere asko gustatzen zaigu, baina egiten duguna egiten dugu, eta ez dut uste kontraesankorra denik.

Reyren elkarrizketan oso gauza interesgarria zenioten: musikan denboraren mugak lausotu direla, aro guztietako musikak eskura dauzkagulako.
J.S.: Hori da. Lehen egiten zena egun egiten denarekin nahasten da. Zein begitatik begiratzen diozun gure musikari, gauza ezberdinak ikus ditzakezu. Agian, zuk esan dezakezu kanta bat Itoizen oso antzekoa iruditzen zaizula, baina gaztetxo batek kanta horri berari buruz esan dezake Carolina Durante, Futuro Terror edo egungo antzeko talde baten antzekoa dela.

Hirukote bat zarete, eta Berri Txarrak taldearen hiru arimetatik bi dauzkazue –poperoa eta punka; hardcore-zalea soilik falta zaizue–. Halere, Urbizuren taldea sekula ez duzue aipatzen zuen erreferenteen artean.

J.S.: Nik asko maite dut Gorka Urbizuren musika. Asko entzun dugu Berri Txarrak. Baina, agian, gure rolloari dagokionez, ez gara antzekoak.

M.Z.: Tira, kontu teknikoa da, baina soloetan soka bat jo ordez asko jotzea harmonia bat sortzeko hutsunerik egon ez dadin une horretan, errekurtso hori, hari ikusi diot aspaldidanik.

Balerdi-Balerdi ere ez da ateratzen zuen elkarrizketetan, euskal pop erradikalaren aitzindari iruindarrak.

J.S.: Horrek niri amorrua ematen dit, Balerdi-Balerdi asko maite dudalako.

M.Z.: Orain bai, nostalgiko jartzen ari gara [Barrez].

Ez da zertan kontu nostalgikoa izan: EPa plazaratu berri dute.

M.Z.: Jonek erosi zuen, nire etxean ahaztu zuen, eta ebastekotan izan nintzen, baina, azkenean, itzuli egin behar izan diot.

J.S.: Azken kantua oso guapoa da.

Orain nostalgiko ni jarriko naiz: kuadrilla afari batean kontatu nielarik Iruñean bazela talde berri bat Stiff Little Fingers erreferentetzat aipatzen zuena, bat baino gehiago hunkitu egin zen.

J.S.: Duela urte batzuk haien bertsio bat grabatzen saiatu ginen, Bits of kids, baina, azkenean, bidean geratu zen.

Hori guztiori horrela, zer irakurketa egiten duzue euskal rock erradikalaren gainean?
M.Z.: Horretaz hitz egin izan dugu gure artean. Oihartzun handia izan zuen, hedabideek ere sekulako bonboa eman zioten, zeukan eginkizun politikoarengatik eta. Horrek, azkenean, itzalpean utzi du beste musika asko 90eko hamarkadan edo 2000ko hamarkadan etorri zena. Egun ere gehiago entzuten ditugu garai haietako taldeak egungoak baino. Horrek amorrua ematen du. Konturatu behar dugu egungo musika ere oso ona dela. Ia mesprezua da egun egiten den horrekiko.

J.S.: Egia da 90eko hamarkadako talde on asko hor gerizpean bezala geratu zirela.

Aurrekoan, elkarrizketa hauetako batean, Ion Celestinok zioen Iruñerrian euskal rock erradikala behingoz hil zela, Chill Mafiakoek eta DJ Reimik pandemia garaian Arrotxapeko zubi baten pean egin zuten festa hartan. Ados al zaudete?
J.S.:: Niretzako 80ko hamarkada beti bizirik izan da Youtuben edo Spotifyn, baina ez kalean. Nahiz eta gure inguruan badiren hainbat nostalgiko.

Punk-oi! inguru horretatik zatozte, eta han nostalgia hedatuago dago, akaso.

J.S.: Batzuk ez dira inoiz nekatuko Sarri-sarri entzuteaz.

M.Z.: Baina punk-oi! taldeek egun egiten duten musika ez da orduko soinua. Halere, egia da garai bateko taldeak entzuten dituztela. Eta Celestinoren baieztapen horri dagokionez… Erromantiko samarra iruditzen zait.
J.S.: Baina estrategia ona izan daiteke: hori esaten duzu, eta ea zer gertatzen den gero.

M.Z.: Ados. Eta sekulako gaua izan zen hura.

J Martina taldeko Kattalin Barcenak Berria-n elkarrizketa batean horren guztiaren irakurketa politikoa egin zuen: euskal rock erradikala beste garai bateko errealitate soziopolitiko bat salatzeko tresna zen, eta egun bestelako tresnak behar dira beste ziklo soziopolitiko batez aritzeko. Ados?
M.Z.: Neurri batean, ados nago haiek 80ko hamarkadako musikaz egiten duten irakurketarekin. Baina gaurko mobidari erreparatuta, ez dakit hala den. Zein da helburua, garai haietan egin zena orain ere egitea, hegemonizatuz eskaintza kultural bat ildo bati jarraituz? Ez dakit gaurko gizarteak hori nahi duen. Nik uste dut ez duela nahi. Egungo garaiek heterodoxia behar dute, uko egin gabe irakurketa politikoei. Guk baditugu, J Martinak ere bai, eta talde gehienek dute; agian, guztiek. Baina ez dakit bidea hori den.

Irakurri izan dizuet Tatxersen politikoki heterogeneoak zaretela: ongi legoke orain esatea zuetako bat GKSkoa dela eta bestea Ernaikoa.

M.Z.: [Barrez] Ez gara hain heterogeneoak.

J.S.: Ni EGIkoa naiz [Barrez].

M.Z.: Eta ni Eusko Alkartasunakoa.

J.S.: Jendea asko aztoratzen da horrekin.

M.Z.: Gu saiatzen gara hori saihesten. Guk pentsatzen duguna pentsatzen dugu eta horren arabera egiten dugu guztia.

Hartara, zuen iritziz, talde batek funtzio politiko edo sozialik eduki behar al du?

J.S.: Nire ustez ez. Talde batek egin behar duena musika da, gustatzen zaion musika. Musikak niretako ez du zertan arma izan. Erabil dezakezu arma politiko gisa, baina ez derrigor. Guztiarekin egin dezakezu irakurketa politiko bat. Niri gustatzen zait pentsatzea musika soilik musika dela. Eta irakurketa politikoa egin nahi baduzu egin dezakezu.
M.Z.: Agian, musika egilearen nahia ez da, baina politikoa da, bai.

Garazi Arrulak halako elkarrizketa batean aurrekoan zioen bere azken liburuan bere pertsonaien arazo pertsonalez idatzi duela, baina hori badela prekarietatea edo etxebizitza bezalako auziez aritzeko beste modu bat.

M.Z.: Nik batzuetan nire letrekin zerbait salatu nahi dut eta modu horretan egitea gustatzen zait, estetika horrekin. Edukia izan daiteke panfleto batena, baina forma aldatuta asko aberasten da mezua. Entzulearenzat askoz erakargarriagoa da, eta estetikoki politagoa.

“Disko berriak ederki islatzen du zer den gure taldea; horregatik jarri diogu Tatxers izena”

Aurrekoan Uxue Reyk zioen hitzerdika idazten duzuela.
J.S.: Izan daiteke. Metaforarik ez dugu erabiltzen. Noizean behin baten bat, baina nahiko sinpleak. Nik letrak egiten ditudanean esaldiak dauzkat, oso gauza ezberdinak, baina gero, batetik bestera salto eginda ongi geratzen direla iruditzen zait. Zure bizitzako egun batean oso gauza ezberdinak gerta daitezke. Zergatik ez letra batean? Gero, jendeak esaten dit ez dituela ongi ulertzen. Tira, agian, nik ere ez ditut sobera ongi ulertzen, ez direlako oso letra narratiboak, irudiak dira.

Oso irudi iradokitzaileak.

M.Z.: Hori da kontua. Nahiz eta lerroz lerro irakurrita ez duzun ulertzen, edo bai, edo zerbait bai eta beste zerbait ez, nik uste dut disko osoa entzunda zerbait iradokitzen dizula, zerbait sentiarazten dizula.

Dena dela, hor nonbait irakurri dut kanta bat sortzen ari zaretelarik letrak eta musikak talka egiten badute, musikari ematen diozuela lehentasuna.

J.S.: Nik halakoetan beti letra sakrifikatzen dut.
M.Z.: Eta errima e-rekin egin behar bada hitz guztiak e-z amaitu daitezela, eta kitto.

J.S.: Halakoetan euskalkiekin jokatzen dugu, errima errazago egin ahal izateko.

Hitzerdika bada ere, zenbat ereserki sortzen ari diren azkenaldian Iruñerrian: zuen Goizean oskorri, Ibil Bediren Orain bat gara, Chill Mafiaren 31014

M.Z.: Eta, zorionez, ez dira himno izateko pretentsioarekin sortuak izan, baizik eta espontaneoki, garai berean, gure artean harremana daukagulako, baina besterik gabe. Chill Mafia izan ziren ateratzen lehenak, eta horrek Iruñerria mapan jarri zuen. Hori aprobetxatuz Ibil Bedik ere bere bidea egin zuen, eta gero, gu ere hor gabiltza, Iruñea mapan dagoelako.

Deigarria da talde horiek guztiak zeinen heterogeneoak zareten.

M.Z.: Estrapolatzen badugu Euskal Herria, gauza bera gertatzen ari da.

Zuen sortzeko modua azaldu diguzue. Argi geratu da mantso joan nahi duzuela, xedea ez dela dirua lortzea… Orduan, zertarako ari zarete? Zertarako Tatxers?

J.S.: Entzun nahi ditugun abestiak egiteko. Diskoa grabatzen dugunean eta jada kantuak grabatuta entzuten ditugunean, horixe da nire pozik handiena. Bueno, hori eta jendearekin egotea, jendea ezagutzea, eta sekulako harremanak egitea jende askorekin, betirako.

M.Z.: Finean, ongi pasatzeko.