Sustrai Colina: “Gero eta iritzi finko gutxiago ditut”
Urruñan sortu zen, Larrungo itsas hegian; orain, Iruñean bizi da, oin bat Ezkaba mendian. Bertsoak bezain ongi pentsatzen ditu elkarrizketetako erantzunak. Iritzi finko gutxi dituela dio. Erantzun interesgarri asko ematen ditu.
JUAN KRUZ LAKASTA: Sustrai, urteak eman zenituen molde honetako elkarrizketak egiten Argia aldizkarian. Non erosoago, hor ala hemen?
SUSTRAI COLINA: Hor [elkarrizketagilearen tokian], dudarik gabe. Erantzutea gehiago kostatzen zait, errespetu gehiago ematen dit hanka sartzeak.
Elkarrizketagile moduan, Rikardo Arregi kazetaritza saria eskuratu zenuen. Nik halakorik ez dut jaso. Emadazu aholku bat.
Ez daukat aholkurik. Nire zeregin bakarra izaten zen orri zuri baten aurrean jarri eta pentsatu: zer galdetuko nioke pertsona honi?
Eta galdezka, zer ikasi zenuen?
Jende pilo bat ezagutu nuen, teloiaren atzealdea ezagutzeko modua eman zidan, begiak jarri behar izan nituen bestela jarriko ez nituen tokietan, sortu zizkidan interes berriak. Eta, batez ere, ikasi nuen ezer ez dela ez zuria ez beltza, eta tarteko matiz gris horiei guztiei begiratzen ikastea garrantzitsua dela.
Kazetaritza lanak egin dituzu, baina ikasi Zuzenbidea ikasi zenuen. Zergatik?
Batetik, ama abokatua zen, eta hortik edango nuen zerbait; bestetik, nahiko argi neukan ordurako bertsotan nenbilenez etxetik hurbil ikasi behar nuela, Euskal Herrian, eta Zuzenbide karrera Baionan bazegoen. Azkenik, heziketa izango da, agian, baina ez neukan buruan karrera-lana lotura hori, karrera egiten hasi nintzenerako banekien ez nuela abokatu lanik egingo.
Abokatuak edonor defendatu behar du. Bertsolariak, edonoren diskurtsoa, edonoren larruan abestea egokitzen ahal baitzaio. Bada antzekotasunik hor.
Bai, eta biotan zabiltza zeure burua salbatzen. Txikia nintzenean, gurasoak ez ziren bertsozaleak, eta amak esaten zidan apuntatzeko bertso eskolan horrexegatik, inportantea zelako bizitzan posturak defenditzen ikastea, eta hori hitzez egitea. Amak ikusiko zion abokatu zereginekin loturaren bat.
Zuzenbidea ikastea eta kazetaritzan jardutea erabaki kontzienteak izan ziren. Bertsolari izatearena, antza, ez horrenbeste: esan izan duzu bertsolari izan nahi ote zenuen erabakitzeko unea iritsi zitzaizunerako dena aurreratuegi zegoela, ez zenuela atzera egiterik.
Neurri batean, bai. Amets eta biok oso testuinguru berezi batean atera ginen. Bazegoen Iparraldean bertsolaritza berriz bultzatzeko proiektu bat. Gurekin hasi ziren hori lantzen. Atera ginenerako proiektua martxan zihoan eta hor geunden. Ez balitzaigu gustatu izan edo ez bagenu nahi izan ez genuen segituko, baina bistan da behin horra iritsita pauso zailenak, iristea, behintzat, lortua geneukala.
Galdera singularrean egin dizut eta zuk pluralean erantzun didazu, “Amets eta biok” esanez. Plural hori zein heinean da loteslea?
Garai hori Ametsekin oso lotua bizi dut, sarrera izan zelako. Gero, zorionez, bakoitzak bere bidea egiten asmatu dugu, eta bakoitzak gure bidea egin dugun heinean joan gara hazten. Zentzu horretan garai hartan elkarrekin atera izana oso positibo izan zen bezala, gero elkarrengandik banatu izana ere oso positibo izan da.
Amets eta Sustrai is the new Unai eta Igor.
New jada ez, oso ikusita gaude.
Zaharruno hutsa naizela sumatu zait hor: niretzako beti izanen zarete gazteak.
Baina jada ez gara hain gazte jendearentzat. Lehen etorri naiz pentsatzen ni ere erabat zahartu nauen efemeridean: Ametsek orain dela hogei urte jantzi zuen bere lehen Nafarroako txapela.
Nafarroako txapela jantzi zuen garai haietan txapelketa batera egiten zelako Nafarroa Garaian eta Ipar Euskal Herrian. Txapelketak banandu ziren, hain justu, zuek txapelak irabazten hasi zinetelarik. Ez dakit kausa-efektu harremanik izan zen hor.
Ez dakit. Biei mesede egin dien banaketa izan da. Egun, Nafarroako txapelketa oso osasuntsu ikusten da, eta Xilaba gero eta indar gehiagoz.
Elkarren arteko lehia zer moduz daramazue Ametsek eta biok, Xilaban eta Txapelketa Nagusian?
Ez dakit lehia bezala daramagun.
“Bertsolaritzan eta gizartean ahots gehiago entzuten dira, jende mordoxka dabil lubakien artean“
Pike berezirik ez, orduan.
Ez. Saiatzen gara bakoitzak ahal dugun ongien egiten, eta badakigu hori dela gure buruari exijitu behar diogun minimoa. Gainera, batez ere, Xilaban, berriz ere badaukagu harreman lotesle bat. Uste dut biok sentitzen dugula orain dela 25 urte hasi zen proiektu horren karga eraman beharra, eramaten ari garela. Azken finalean oraindik igarri nuen. Uste dut hemendik aurrera aldatuko dela.
Zeinen zintzoak zareten halako erantzunetan egungo bertsolariak. Batzuetan, Xabier SIlveiraren edo Jon Sarasuaren korroskada baten falta sumatzen dut.
Xabier Silveirarekin txapelketan kantatua nago, eta Xabierrek nik egiten nuena egiten zuela uste dut: ahal zuen bezain ongi egin, eta ongi ateratzen bazen eta irabazten bazuen poztu, eta bestela etxera alde egin burumakur. Hori denoi gertatzen zaigun egoera da.
Zeinen zintzoak zareten egungo bertsolariak, eta zeinen argalak. Pasadizo bat kontatuko dizut: behinola, alabarekin paseoan atera eta lehendabizi Julio Sotorekin eta jarraian zurekin egin genuen topo. Alabari nortzuk zineten azaldu, eta haren itauna: “Bertsolari guztiak horren argalak al dira?”. Badakit Juliok kirola egiten duela, eta zu auzoan korrika egiten ikusi izan zaitut. Egun bertsolari puntakoa izateko sasoi fisiko onean egon behar?
Burua despejatzen laguntzen duen zerbait da. Nire kasuan, behintzat, fisikoki ongi egoteak laguntzen dit oholtza gainean ere ongi egoten. Zergatik? Batzuetan, bertsoa ere uste baino fisikoagoa delako. Ez da inoiz aipatzen, baina egun batean bi saio dituzunean, edo bertso afari baten ondotik lo gutxi eginda bertso bazkari batera zoazenean, fisikoak laguntzen du.
Txapelketetan goi mailan, bertsolari gutxi 40 urte baino gehiagokoak. Pilotariak edo futbolariak nola, bertsolariak ere iraungitze data dauka?
Txapelketari lotuago dagoen zerbait da. Badago anekdota bat: Guardiolak eta Kasparovek afaria egin zuten elkarrekin, eta Guardiolak galdetu zion Kasparovi ea egungo txapeldunari irabaziko liokeen. Eta Kasparovek erantzun: “Lehen bi orduetan sekulako jipoia emango nioke, baina hortik aurrera berak egurtuko ninduke. Zergatik? Nik badakidalako ordu bi horietatik aurrera irautea zenbat kostatzen den eta nire gorputzak ez duela berriz hortik pasa nahi”.
Gorputza ez ezik burua ere entrenatu behar. Gogoan dut txapelketa nagusiaren garaian jo eta ke aritzen zinela prestaketan auzoko liburutegian. Zer-nolako saioak ziren?
Bertsolaritza oraindik ez dago kirolaren pautetan. Kirolariek prestatzaile fisikoak dituzte esaten dietenak ez dakit zenbat serie egin behar dituztela. Hemen ez dago halakorik. Bakoitzak bere modura egiten du, bilatzen duenaren arabera. Bada jende bat paseatuz lantzen duena, pentsatzen duena. Beste batzuek eserita egon behar dugu, eta kontzentrazioa lortzen laguntzen digun inguru batean. Nik txapelketa garaian ume jaioberri bat nuen etxean, han ez zegoen isiltasun handirik eta auzoko liburutegira joaten nintzen. Zer egiten nuen bertan? Pentsatu gaiak nondik heldu, zer erakutsi nahi nuen, zer ez, zein izan zitezkeen nire indarguneak, zein nire ahulguneak, gaia modu batera bazetorren nondik hel niezaiokeen, estrategia horiek guztiak.
Eta ongi atera zitzaizun; izan ere, bertsolariek gutxitan diozue final batean gustura geratu zaretela, eta 2017ko final haren ondotik halaxe esan zenuen, gustura geratu zinela.
Gustura geratu nintzen, nahiz eta gero gauzak dekantatzen uzten dituzunean batzuetan beti sortzen dela: hemen hau egin izan banu…
Gogoan dut finalaren ondotik elkarrizketa batean esan zenidala gustura geratu zinela, baina oraindik ez zenuela berriz ikusi, nahiago zenuela sentsazioekin gelditu.
Eta ez dut berriz ikusi. Baina burutazio horiek badatoz gero burura. Eta ez naiz burbuila batean bizi. Jendearekin hitz egiten duzu eta etortzen zaizkizu zure sentsazioak eta zure bertsoak. Konturatzen zara non egin zenezakeen hobeki eta non gelditu zaren herren. Eta nahiz eta oso garrantzitsua den oholtzatik lasai jaistea eta ni asebeteta jaitsi nintzen, garrantzitsua da ere zure zuloen berri izatea eta zulo horiek motibazioa izatea aurrera jotzeko.
Zein tamainatakoak dira zulo horiek, egiturazkoak ala konpontzeko modukoak?
Denetarik egongo da. Erremin pixka batekin geratu nintzen finalaren ondotik ez nuelako gozatu. Plaza mordoxka bat eduki genituen finalistok, eta ez dut uste gaizki jardun nuenik, baina sentsazioa nuen txapelketa on bat egin ondotik gozatuko nuela, eta ez nuen egin. Badut horren damua edo mina. Uste dut ez nuela disfrutatu txapelketak oso mugara eraman ninduelako bai fisikoki baita psikologikoki ere. Ez nengoen plaza erauntsi horri behar bezain fresko erantzuteko moduan.
“Bertsolariok gero eta gehiago jakin behar dugu iritzi finkorik ez dugunean hori zintzoki aitortzen”
Finalean aldaketak ikusi genituen gaietan, ikuspegietan. Baten batek idatzi zuen kultur sistema berri bat jaio zela BECen. Urteek ematen duten perspektibarekin, nola dakusazu baieztapen hori?
Bistakoa da gaikeran aldaketa bat badagoela, eta uste dut erantzuten diola gizartean ere gero eta gehiago hartzen ari den diskurtso bati. Bertsolaritza eta gizartea zentzu horretan nahiko parean doaz, eta uste dut aurrerantzean ere hala izango dela: egongo dela beste salto bat eboluzio horretan, orain arte kantatzen ez diren beste gai batzuk ere kantatu ahal izango direla, eta orain arte kantatzen ditugunak beste modu eta beste begi batzuekin kantatzeko aukera ere topatuko dugula.
Aurrekoan, Beñat Gaztelumendiri halako elkarrizketa egin nion, eta berak zioen gatazka, akaso, azkarregi desagertu dela bertso saioetatik, orain dela unea horri beste modu batean heltzeko, bestelako gauzak kantatzeko.
Ados nago, neurri batean, eta, beste neurri batean, uste dut bertsolariak topatu dezakeela espazio bat nahi duena esateko, gatazkari buruz kantatzeko. Gatazkari buruz gaur egun kantatuko bagenu orain dela bost-hamar urte kantatzen genuenaz oso modu ezberdinean kantatuko genuke.
Uste duzu egun bertsolarien artean ahots ezberdin gehiago entzuten direla orduan baino?
Uste dut gizartean entzuten direla ahots gehiago. Orduan denok geunden gure lubakian sartuago. Eta orain iruditzen zait jende mordoxka bat dabilela lubakien artean.
Zaintza aipatu dugu. Auzoan, Arga ibaiaren ertzean, maiz ikusi zaitut semearen gurditxoa bultzatzen. Entzun izan dizut semeak lehentasunak hankaz gora jarri dizkizula.
Bai. Esperientzia horretatik pasa den askori gertatu zaiola hori. Munduari begiratzeko beste angelu bat eman dit, eta alde horretatik oso pozik nago eta oso eskertuta.
Hazi eta hezi aldizkarian honi buruzko elkarrizketa egin zizuten. Esan zenuen kezka bazenuela: semea zaintzeagatik askok aita cool-tzat zintuztela, eta bikotekidea, aldiz, inork ez duela ama cool-tzat hartzen semea berdin zaintzeagatik.
Bai, hori errealitate bat da. Ni saiatzen naiz pribilegio bezala bizitzen. Goizero eraman dezaket semea eskolara, eguerdian jaso dezaket, egon naiteke berarekin. Orain ere krisi honen erdian lanorduak moldakorrak ditut eta berarekin egon naiteke, disfrutatu dezaket berataz. Batzuetan, faltan igartzen dut niretzako denbora; batzuetan, erreminak sortzen dizkit; batzuetan, nahiko nuke askatasun gehiago; baina pribilegio bat da gauden bezala zure seme-alabekin denbora pasa ahal izatea.
Bertsolaria, gizonezkoa. Uxue Alberdiren Kontrako eztarritik liburua irakurrita, zer?
Liburu horrek meritu handi bat du: bozgorailua eman izana horrenbeste emakumezko bertsolariri; eta bestea, gaia mahai gainean jarri izana. Niretzat pertsonalki ez da deskubrimendu bat izan. Banuen hor aipatzen diren errealitate askoren berri. Konforme nago esaten denaren ehuneko handi batekin, eta uste dut balio behar duela irakurketa bat egiteko: jende askok bertso mundua idealizatuta eduki du eta ez gara beste inor baino gehiago, eta ez gara inor baino feministagoak, eta ez goaz inor baino aurrerago. Baina uste dut ere liburu honen harira jende batek aprobetxatu duela bere miseriak ez begiratzeko. “Bertso munduan zer gaizki zaudeten”. Beno, begira ezazu ere zurea. Ez gara inor baino gehiago, baina ezta gutxiago ere, eta, behintzat, gurean badago gaitasuna honetaz hitz egiteko. Espero dut honetaz hitz egiteko espazioa aprobetxatzea. Bost urte talka eta talka igaro daitekeena bost hilabetean hizketan konpontzen badugu, denbora asko irabaziko dugu.
Behin baino gehiagotan aipatu dut auzoan ikusi zaitudala. Urruñatik Iruñera etorri zara, Arrotxapea auzora. Finalean periferiaren aldarria egin zenuen. Segitzen al duzu aldarri horrekin?
Bai, noski, baina, aldi berean, ikusita nola erabili den eta zenbateraino zabaldu den… Bertsotan derrigorrez sinplifikatu behar dituzu gauzak, baina ni ere kontziente nintzen aldarri hori egiten ari nintzela euskal kultur ekitaldirik hegemonikoenean. Edo Iruñea periferia da Donostiarekiko euskal munduarentzat, baina Tuteran bizi denarekiko ez. Ni periferian nago? Gauza askotan bai, baina gizon zuri heterosexual bat naiz, 40 urte betetzear dagoena. Hor ere nik ipurdian zuloa.
Zentzu horretan, zenbait kazetarik eta idazlek kritika egin zioten bertsolaritzari, euskal kultur sistemako zentroan dagoelako, indar posizio batean, hegemoniko.
Bai, baina bertsolaritzari ez zaio ezer oparitu. Dagoen tokian baldin badago da bere garaian ongi antolatzen jakin zuelako, elkarte indartsua dagoelako atzean, mugimendu bat sortzeko gai izan delako. Erein zuen hazi horrek fruitua eman du. Baina ez dezagun denbora pasa orain esaten zein guapoak garen, zein jatorrak garen. Badago euskalgintzaren beste alde bat bertsolaritza eredutzat jartzen duena. Eta ez da ez bat eta ez bestea. Bertso munduak gauza batzuk ongi egin ditu eta beste batzuk, seguru asko, ez hain ongi, eta bere bidea egiten ari da.
Gaztelumendik indar posizioaren kontura gardentasun ariketa egin zuen: esan zidan hilabete askotan bertsolari profesional moduan ez dela iristen Hego Euskal Herriko lanbide arteko gutxieneko soldatara.
Ez izan dudarik: bertsotan bizitzea oso zaila da. Gorka Urbizuk badauka esaldi bat non esaten duen: “Musikatik bizitzea oso erraza da, musikarientzat salbu”. Bertso munduan ere gertatzen da dilema hori. Eta guk ere badauzkagu gure kontraesanak. Guretzat ere etorkizuna ziurgabetasunez beteta dago, are gehiago une honetan. Baina jende apasionatua ere badago, eta horren aldeko apustua egiten dugunok ere hor gaude. Igual ere, horregatik funtzionatzen du bertso munduak.
2015ean iritsi zinen Iruñera. Aldaketarekin. Joseba Asiron alkate zela. Orain, desaldaketa ezagutu duzu. Navarra Sumako Enrique Maia alkatea. Zer iruditzen?
Hasieran, etorri nintzenean, Kale Nagusian bizi ginen, eta oso deigarria egiten zitzaidan balkoitik begira jarrita kasik iragarri zenezakeela pasatzen zen bakoitzak nori ematen zion botoa. Zein karikaturala zen dena. Tokatu zitzaidan Katakraken sorrera, Asiron alkate izatera iristea, jendea plazan negarrez… Gerora ulertzen joan naizen gauzak. Ni ez nator indar abertzaleek agindu duten herri batetik, baina politikagatik negarrez ikustea, gainera irabazita… Gero ulertzen duzu zer dagoen azpian. Garai politak izan dira horiek.
Espainiako telebistan modako galdera da zenbat diru duzun. Ez dizut hori galdetuko. Euskaldunagoa iruditzen zait galdetzea ea non kokatzen duzun politikoki zeure burua…
Ez da inongo sekretua ezker abertzalearen inguruan kokatzen dudala neure burua. Egia esango dizut: azkenaldian, politika nahiko distantzia batetik bizi dut. Nik ere eduki dut politikarekiko garai suhar bat, eta, azkenaldian, letra larrizko edo alderdien politika horrekiko halako distantziatxo bat markatzen dut. Baina ezker abertzalearen inguruan nago, eta auzoan ikusten ditudan ekimen txikiago baina seguru asko politikoagoak diren horietan parte hartzea ez bada, behintzat, erreparatzea.
Ezker abertzale ingurukoa zarela ez dela sekretua diozu. Amaitzeko, sekretu egiazko bat: hasi aurretik esan didazu nahiago zenuela koronabirusaren ondoko egoeraz gehiegi ez galdetzea, ez duzulako oso argi. Balirudike bertsolariek iritzi finkoa eduki behar duzuela gauza orori buruz.
Bada, nik gero eta gutxiago dauzkat. Lehen galdetzen zenidan txapelketa bat nola prestatzen den. Hori ere bada: lantzea gauza batzuen inguruko iritzia, eta iritzi garbirik ez daukazunean nola plazaratu hori ahal duzun modurik zintzoenean. Eta uste dut etorkizuneko bertsolaritzak bigarren konponente honetatik gero eta gehiago eduki dezakeela.
Auzoan ikusiko dugu elkar.
Espero dut baietz. Eskerrik asko.