Sustrai Berriak taldea

Iruñeko punk-rock taldeak hirugarren lana kaleratu berri du; punk-rock estiloz eta erreferentziaz betetako EP erakargarri bat: Biolentzia ta arnas ahaleginak.

Nortzuek osatzen duzue Sustrai Berriak eta nola sortu zenuten taldea?

Gaurko egun, taldea hurrengo kideez osatzen dugu: Urki, baterian; Aimar, baxuan; Jon eta Oier, gitarretan; eta Gaizka, ahotsean. Nahiz eta denak Iruñerrikoak garen, auzo ezberdinetan bizi gara, hiru Mendillorrin eta beste biak Antsoain eta Zabalgunean. Taldea, berez, duela sei urte sortu genuen, gure inguruko eszena musikalak bultzatuta eta lagunarteko denbora-pasa gisa, nahiz eta, berehala, lagunarteko kontua izatetik proiektu xume bat bilakatu zen. Hasieran, hasten diren talde gehienak bezala, egunerokotasunean entzuten genituen taldeen bertsioak jotzen hasi ginen. Nahiz eta instrumentuetan nahiko trakets ibili, ilusioz beteriko entsegu zein kontzertuak izan ziren. 2018an hasi ginen gure lehen lan luzea izango zenaren lehenengo kantak konposatzen, eta nahiz eta gure geldialditxoak hartu ditugun, esan daiteke etengabe egon garela entseatzen, eta pixkanaka, gure lanak kaleratzen. Gaur egun, sei urteren ostean, bi disko eta EP bat kaleratu ditugu, eta atzera begira, oso harro gaude jorratu dugun ibilbideaz.

Kantuak kaleratzen ari zarete azken asteetan. Gauza berriak datoz?

Duela hilabete  Biolentzia ta arnas ahaleginak azken proiektuaren abestiak kaleratzen hasi ginen. Dagoeneko kanta guztiak plataforma guztietan daude entzungai. Egia esan, oso pozik gaude EPak izan duen harrerarekin eta jasotako babesarekin. Epe motzera, diskoak formatu fisikoan eta kamisetak saltzeari ekingo diogu. Prezioen igoerak direla eta, kamisetak pre-order moduan kaleratu beharko ditugu, ezin baitiegu azkeneko lanak ekarri dituen gastu guztiei aldi berean aurre egin. Kamisetak denbora mugatu batez eskatu ahalko dira, beraz, adi egon gure sare sozialetara!

Zein esango zenukete dela zuen estiloa?

Galdera honekin askotan deseroso sentitzen gara, zerbaiten seinale izango da… Guk punk-rocka lantzen dugula esan ohi dugun arren, estilo ezberdinak probatzen egon gara lehenengo eta bigarren diskoetan. Gure lanetan metal, oi! zein rap kutsuak dituzten abestiak aurkitu daitezke, izan ere, gure eguneroan entzuten ditugun estiloak ere badira. Ezagutzen gaituztenek, hirugarren disko honetan gure estilo propioa nabariago dela diote; izan daiteke, diskoarekin oso eroso sentitzen baikara. Hala ere, gure estiloa aurkitu izanak ez du esan nahi beste musika esparruetan murgilduko ez garenik… nork daki zer dakarren etorkizunak!

Emanaldiak dituzue datozen hilabeteetan?

Bai, Nafarroan nagusiki. Baina gure asmoa eta nahia Nafarroatik harago dauden herrietan jotzea da, leku zein jende berria ezagutzeko asmoz.

Amesten duzuen jaialdia edo agertokia?

Jotzen hasi ginenetik, Hatortxu beti izan da amestutako jaialdietako bat. Baina, gaur egun, beste zenbait gaztetxe, areto zein jaialditan jotzea ere sekulakoa izango litzateke; Iparragirre aretoan (Gernika), Ekinez jaialdian, Bergarako gaztetxean, Clash tabernan (Berlin)…

Zeintzuk dira zuen erreferenteak?

Taldekide bakoitzaren gustuak oso ezberdinak dira, baina talde bezala asko gustatu zaizkigun eta haien ibilbidea jarraitu ditugunen artean, Iruñeko punk eszena ohia –Siete Balas, Arkada, Pottoka Punk…– eta berria –Herdoil, Derailed, Sofokaos…–. Iruñetik kanpo –Oliba Gorriak, Never Surrender, Doubling boys, Arkada Social, Deskontrol, Kaleko Urdangak, Azken Sustraiak, Brigade Loco…– eta Euskal Herritik kanpo –Lion’s law, Rude Pride…–.