Sukena taldearen ‘Ahots hura’ bideoklipa

Denbora batez lokal barruan lanean egon ostean, Ahots hura abestia kaleratu du Sukena taldeak. Kontzertuak jotzen hasi dira berriro, eta, era berean, abesti berriak sortzeko eta kaleratzeko asmoa du seikoteak.
– Eszenatokietatik urrun egon ostean, Ahots hura abestia kaleratu duzue; bueltan zaudeten seinale da?
Etenaldi nahiko luzea egin dugu joan den udan kontzertu dezente eman eta gero. Beharrezkoa zen, poliki-poliki lanean jarraitzeko eta gauza berriak egiten hasteko. Horretan ibili gara, eta orain, denbora bat igaro ostean, gauza berriekin itzuli gara.
– Disko baten aurrerapen-kantua da?
Guk ere ez dakigu oraindik. Poliki joan nahi dugu, gauzak ondo egiten. Oraingoz, ez dakigu noizko izango dugun beste disko bat. Gure asmoa da abesti berriak sortzen joatea eta presa barik lan egitea. Ikusiko dugu zer harrera duten kaleratzen ditugun abestiek.
– Etenaldiaren ostekoa Sukena berri bat da?
Baietz esango genuke. Ez guztiz berria, baina bai aldatu den Sukena bat. Hasi ginen ezer ez jakiten, eta gaur egun badakigu zer norabide hartu nahi dugun eta zer musika mota egin nahi dugun; egia da ez dugula guztiz garbi, baina esango genuke ari garela bidea aurkitzen. Ez da hasi zen Sukena berbera, eta pozik gaude aldatu egin garelako, baina onerako.
– Zeintzuk izango dira aurrerantzean joko dituzuen kontzertuak?
Azkena Durangon jo genuen, 40 Minutu Rock jaialdian, otsailaren 15ean. Hortik aurrera, martxoaren 6an Jimmy Jazz aretoan egongo gara, martxoaren 7an Kutxa Fundazio klubean, martxoaren 13an Arrasateko Kooltur Ostegunak ekimenean, apirilaren 3an Bilboko Kafe Antzokian eta apirilaren 18an Berriozarko Gazte Topagunean. Horiek dira orain arte iragarri ditugunak, baina aurrerago ere etorriko dira gehiago.