Sua Enparantza: “Hasieran oso gaizki neraman fama, eta ikasi egin behar izan dut gestionatzen”
Egun batetik bestera aldatu zitzaion bizitza Sua Enparantza Alustizari (Donostia, 2003). Ez zuen espero Irabazi arte telesailak horrenbesteko fama lortzerik, eta, ezustean, hainbat umeren erreferente bihurtu da. Baina telesaileko Arene baino gehiago da Sua. Antzeztu ez ezik, dantzatu ere egiten du, haren kantuak konposatzen ditu eta Gure Zirkuan ere badabil. 20 urte baino ez ditu, baina hitz egiten hasi ahala erakusten du artista izateko jaio dela.
ELKARRIZKETA
Sua Enparantza, ongi etorri TTAPera!
Mila esker!
Aktorea zara, dantzaria zara, musikaria zara; artista, zentzu guztietan. Baina zuk zeuk nola definitzen duzu zeure burua? Nor da Sua?
Ez dut etiketa askorik jartzen. Egia da txikitatik dantza egin dudala. 5 urte nituenetik nabil dantzan eta dantzari profesionala naiz. Baina aktore gisa ere banabil. Musika ere gustatzen zait, nire kantuak egiten ditut, baina ez nuke neure burua musikari gisa hartuko. Artista, orokorrean, esango nuke.
21 urte dituzu, ezta?
Bai, egiteko! Uztailean!
Eta oso denbora gutxian bizitza erabat aldatu zaizu Irabazi arte telesailean hartu zintuzten unetik.
Bai, guztiz. Nik Batxilergo Artistikoa egin nuen eta banekien mundu horretatik joan nahi nuela, baina beti pentsatu dut dantza, dantza, dantza. Eta atera zitzaidan aukera hau. Go!azen-erako egin nuen castinga, eta esan zidaten: “Bueno, igual Irabazi arte-n?”. Eta, bat-batean, orain daukat beste bizitza bat.
Nolakoa da horren proiektu handian egotea?
Asko ikasi dut, eta, nire ustez, heldutasuna ere hartzen ari naiz. Nik 16-17 urterekin egin nuen castinga, eta batxilergoa bukatu eta zuzenean horretan sartu nintzen, eta ez nuen ezer eginda kamera aurrean. Hasieran presio handia daukazu; ikasten duzu gestionatzen, eta uste dut ikasketa prozesu bat dela denbora guztian. Jada laugarren denboraldia egitera goaz, eta urtero dago ikasteko zerbait; urtero jartzen naiz pixka bat urduri hasieran, eta oso desberdina dena.
Nesken futbol talde baten gorabeherak kontatzen ditu Irabazi arte-k. Zu Arene zara, protagonista. Zure lehenengo lan garrantzitsua antzezpen munduan edo telesail baten, eta protagonista!
Bai. Castinga egin nuenean amari ere ez nion esan. Ze esan nuen: “Nik zer egingo dut? Ez naute hartuko, eta berdin du!”. Eta finalera iritsi nintzenean esan nion: “Joe, ama. Nago casting batean…”. Baina ez nekien protagonista nintzenik! Hartu nindutenean, deitu egin ninduten eta esan zidaten: “Bueno, hartu egin zaitugu”. Eta ni: “Bai zera, bai zera!”; aitak ez zuen sinisten: “Hori ez da aterako telebistan!”. Eta esan zidaten: “Bueno, protagonista orduan”. Eta: “Nola protagonista?”. Ez nintzen enteratu protagonista nintzela bukaerara arte, eta ondo. Presio gehiago da, baina nahiko ondo eraman dut eta gustua hartu diot. Baina bai, oso pribilegiatua sentitzen naiz, badakit hau ez dela horrela, ezta lehenengo lana horrela lortzea ere; zorte handia daukat.
Futbolean jokatzen zenuen aurretik?
Ez. Eta, gainera, umeak gelditzen dira horrela: “Joe!”. Nik egin dut multikirola ikastolan eta betidanik egiten dena: LH3-LH4, saskibaloia, futbola eta punto. Baina ez naiz inoiz oso futbolzalea izan. Hiru neba ditut txikiagoak: bat futbolaria ez dena, baina beste biak futbolariak dira eta Realean dabiltza. Orduan, lagundu egin didate eta eszenak ikusten ditudanean, konplikatuak, esaten dut: “Haize, Aimar, lagun iezadazue”. Eta egoten naiz etxeko zelaian, praktikatzen.
Askotan errepikatu behar izaten dituzue?
Bueno, bueno, galdetu zuzendariari! Egunaren arabera, bai. Eta egia da ekainetik abuztura grabatzen dugula. Orduan, uztailean grabatu behar badugu, normalean, desesperantea izaten da. Ze urtebete baloirik ukitu gabe… kosta egiten zait. Baina gero, abuztuan, uda osoa baloi batekin pasatzen dut eta esaten dut: “Praktikatuko dut”. Eta zelaian nagoenean, ahal dudan denbora guztian aprobetxatzen dut praktikatzeko, eta errazago ateratzen da abuztuan.
Nolakoak izaten dira grabaketak?
Ekainaren 17tik aurrera egiten ditugu probak: jantzitegi probak, makillaje probak, entseguren bat pertsonaia berriren bat baldin badago… Eta gero hasten dugu grabaketa, lokalizazioka. Lehenengo bi asteetan edo lehenengo astean grabatzen da Areneren etxea, eta hor egiten dira Areneren etxean pasatzen diren eszena guztiak. Gero, Ilunbera joaten gara eta nesken aldagela guztiak grabatzen ditugu. Gero, institutua; eta gero, zelaia. Eta gero, kanpoko gauzak. Orduan, oso intentsua da, ze ez da telesailaren ordenan grabatzen. Grabatzen da lokalizazioka. Aldagelan dena da errieta, dena dira oihuak, tentsioa… Pasatzen duzu aste bat, egunean hamabi ordu, oihuka edo bronkaka, eta oso intentsua da. Baina gero, ikusten dugu telesaila eta esaten dugu: “Aiba! Hau pasatzen da?”. Ze, klaro, ez daukazu ordena ondo buruan.
Eta? Zeure burua ikusten duzunean?
Bueno… Kostatzen zait. Nik bakarrik ikusten badut, bueno. Baina gurasoekin oso gaizki pasatzen dut, ez zait gustatzen. Baina edozein gauzarekin e! Amak askotan esaten dit: “Bidali elkarrizketa”. Eta nik: “Nire aurrean ez jarri. Ikusi zuk bakarrik”. Orain ohitu naiz gehiago, baina ez zait gustatzen. Anaiak ere lotsatzen dira; orduan, niri lotsa ematen dit… Ez dakit. Nahiago dut nik bakarrik ikusi.
“Castinga egin nuenean, amari ere ez nion esan“
Eta nolako giroa dago aktoreen artean?
Ba, egia esan, kristoren zortea daukagu. Azkenean, ordu asko-asko dira, udan da, gazteak gara, gure adineko jendea parrandan eta oporretan dago… Orduan, egiten dugu piña handia eta elkar oso ondo ulertzen dugu eta nik uste dut oso harreman ona daukagula. Eta gazteen eta helduen artean ere bai. Dorleta Urretabizkaia, Alvaro Garayalde, Jose Ramon Soroiz, Iker Galartza… Egin dugu kristoren harremana, eta, adibidez, Jose Ramon Soroizek hartzen du aitonaren papera. Mozten da grabaketa, baina jarraitzen du eta etortzen da: “Ai, nire txikiak, non daude nire txikiak?”. Eta sekulakoa da. Nahiz eta errodajea gogorra den, ze ordu asko dira eta oso intentsoa da, taldeak asko merezi du.
Eta zelako pribilegioa, ezta? Zure lehen telesaila, zure lehen papera, eta horren aktore ezagunekin lan egitea.
Nik ez nuen sinisten esan zutenean: Iker Galartza. Nik ezagutzen nuen, ze ikusi dut Allí abajo, ikusi dut Wazemank, Vaya Semanita, dena. Poxpolo niretzako zen Poxpolo pailazoa. Orduan, esan zutenean hura zela entrenatzailea, nik: “Bua, nolako nerbioak”. Hasieran lotsa ematen zidan, ze esaten nuen: “Ni nor naiz haren aurrean hasteko antzezten”. Baina ikasten dut pila bat beraiekin, truko pila bat ematen dizkizute eta nik uste dut ikasteko prozesua azkarragoa dela beraiekin, eta, gainera, ematen dizute segurtasun handia. Plazera da.
Ni Ameriketako Estatu Batuetan bizi nintzen telesaila hasi zenean. Itzuli nintzen Euskal Herrira eta inguruko neskatila guztiak ikusten nituen kamiseta arrosak jantzita. Eta esaten nuen: “Baina hau zer da?”. Kontziente zara erreferente bihurtu zarela?
Ba, kostatu egiten zait, asko. Egia da nik nire egunerokotasunean beste gauza batzuk dauzkadala, udan grabatzen dudala telesaila… Baina gero, nik dantza egiten dut eta dantza ez da telesailaren mundua bezalakoa. Pixka bat da antzerkia bezalakoa, prekarioagoa da… Orduan, ni ohituta nago, joan, egin emanaldiak, etxera joan, entseatu, entseatu, entseatu; agian, sarrerak ez dira saltzen… Beste mundu bat da. Eta bat-batean zatoz hona eta hemen daude fan pila bat eta jendeak bidaltzen dizkit mezu batzuk… Esaten dut: “Ai, ama!”. Ni ez naiz kontziente. “Jo, zuregatik futbolean hasi naiz”. Eta halakoak. Orduan, gurasoei esaten diet eta esaten didate: “Sua, konturatu zaitez behingoz!”. Orduan, batzuetan ardura handia sentitzen dut eta batzuetan larritu izan naiz esanez: “Edozer gauza esaten dudala edo elkarrizketa batean hanka sartzen dut, eta ume guztiak daude hor, begiratzen”. Baina, bueno, uste dut ahotsa eman didatela. Eta garrantzitsua da, ze euskarazko telesail gutxi daude, eta horretarako ahotsa baldin badaukat, ni pozik!
Zer da esan dizuten politena?
Begira, esan ziguten, eta flipatu egin nuen honekin. Mutilen futbol taldeak oso erraz betetzen dira eta inskripzioak egiten direnean jende asko kanpoan gelditzen da. Baina neskenetan arazo bat zegoen duela urte batzuk arte: ez ziren betetzen eta ez ziren ateratzen nesken ekipoak. Orduan, neskak sartu behar ziren mutilen ekipoetan. Eta telesaila atera zen eta joan zen pixkanaka indarra hartzen, eta deitu ziguten klub batetik eta esan ziguten nesken talde guztiak beteta zeudela eta jendea geratu zela itxarote-zerrendan. Eta guk esan genuen: “Zer?”. Eta horrela. Jendea aurkitzen dugunean kalean eta: “Jo, nire alabak eskatu dizkit futboleko botak”. Edo: “Entrenatzen dabil eta ez du sekula futbolean egin”. Orduan, ikusten duzu baduzula indar bat, telesailak badaukala indar bat, eta, hoberako baldin bada, guretzako sekulakoa da.
Ikusgarritasuna eman diozue emakumezkoen futbolari. Eta, azkenean, ematen du haurrek erreferenteak behar dituztela. Ez badute ikusten, ez dute pentsatzen horretara iritsi daitezkeenik. Eta zuek zarete horren lekuko.
Eta gurasoak. Haurrak eta gurasoak. Ze gurasoek ikusten badute posible dela, haurrak eramango dituzte. Oso ohikoa da mutila eramatea futbolera eta neska balletera. Baina orain ikusten badute normalizatuta dagoela, agian hasten dira neskak ere futbolera eramaten. Orduan, guretzat hori oso ondo.
Emakumezkoen kirola ikusarazteko beste ekimen batean ere bazaude. Noraren papera egiten duen Nahia Sillerorekin batera podcast bat duzue.
Aurten, justu, ni ez naiz egon podcastean, ze nire pertsonaia koman egon da bost kapitulutan. Orduan, telesailarekin batera doa. Lehenengo kapitulua ematen da eta komentatzen dira lehenengo kapituluan pasatu diren gauzak, baina pertsonaietatik da, eta elkarrizketatzen ditugu emakume kirolari profesionalak. Eta, egia, kristoren aurkikuntzak egin ditugu. Ez daude baloratuta, nire ustez, eta bat-batean etortzen zaizu, kontatzen dizu bere istorioa eta nola bizi duten dena dauden tokian egoteko. Eta guk oso ondo pasatzen dugu, egia esan. Gu jartzen gara paperean eta elkarrizketatzen, eta beste proiektu bat da.
“Jendeak esaten digu gugatik hasi direla futbolean”
Ze motatako kirolariak ezagutu dituzue?
Futbolariak. Nerea Eizagirre etorri da, Athleticeko beste bat ere bai, piraguismokoak, komentaristak, denetarik. Baina emakumeak beti.
Sua, dantzaria ere bazara. Noiz hasi zinen dantzan?
Ba, 5 urterekin hasi nintzen dantzan, euskal dantzetan. Gero, egin dut pixka bat denetarik: egin dut jazza, hip-hop txapelketak, balleta egin nuen urtebetez, eta gero, garaikidea. Eta Kukain sartu nintzen. Nik nituen 17 urte eta Batxilergo Artistikoan nenbilen, baina batxilergora joan egin behar duzu. Eta deitu zidan nagusiak, Jon Maiak: “Etorri nahi baduzu probatzera”. Eta, noski, nik hori nahi nuen egin, eta esaten nuen: “Zer ari naiz hemen batxilergoan denbora galtzen, nahi badut horra joan!”. Berez, nire plana zen Dantzertira joatea antzerkia ikastera, baina esan zidaten: “Etorri probatzera”. Eta egiten zidan astero frogagiri bat: “Sua ezin da joan klasera, Kukaira dator entrenatzera”. Eta noski, Batxilergo Artistikoan egonda, irakasle guztiak: “ze ondo! Joan, joan”. Eta ni: “Bale!”. Orduan, pasa nuen batxilergoa horrela, eta bukatzerakoan sartu nintzen. Egin nuen urtebete praktika moduan eta hiru urte pasatu ditut, beste bat bezala.
Eta nolako esperientzia ari da izaten?
Oso ona. Orain, egia da hartu dudala geldialdi bat, ze nik ez dakit ezetz esaten. Denari “bai, bai, bai”, eta bat-batean nago 21 urterekin mila proiektutan. Nik dena egin nahi dut, ez da dantza eta kito, antzerkia egin nahi dut, musika egin nahi dut… Pasio asko ditut eta batzuetan kostatu egiten zait ondo kudeatzea. Orduan, ibili naiz topera denarekin: Japonian egon naiz, Kanarietan egon naiz, gero bueltatu, grabatu… Orduan, esan dut: “Orain laugarren denboraldia datorrela, atsedenaldi bat hartuko dugu”. Eta orain egiten ditut emanaldi solteak, eta niretzat emanaldi solteak egitea beraiekin sekulakoa da. Ikasi dut pila bat, bai dantzaz eta bai bizitzeko moduaz, ze, azkenean, gazteena naiz hor. Besteek dituzte 28 urte gazteenak eta besteek 39 eta gorago. Eta ni 20 urterekin; ai, ama… Baina izan da ikasketa bat zentzu guztietan.
Esan duzu Japonian egon zaretela, Kanarietan ere bai… Nola hartzen dute hemendik kanpora Kukairen dantza?
Ba, sekulakoa da. Japonian flipatu egin genuen. Japoniara hamar egunerako joan ginen eta egunean hiru emanaldi egiten genituen Oreka Txrekin, eta gero, ematen genizkien euskal dantzako tailerrak japoniarrei. Eta sekulakoa zen. Fanatismo handia dute Euskal Herriarekin, etortzen zen jendea euskaraz hitz egiten, euskaltegian edo Euskal Etxean ikasi zutela… Eta euskal dantzak irakasten pasatu genuen oso ondo.
Eta nola izan da sendotuta dagoen talde batera sartzea?
Niretzako izan da plazer hutsa, eta beti sentitu izan naiz pribilegiatu. Ze jende asko dago dantza egiten duena, eta oso zaila da hor egotea. Azkenean, konpainian bost bakarrik daude. Baina nik beti esaten dut atea jo behar dela eta horretan ausarta izan behar duzula. Eskerrak nire amari, beti dabil eta: “Benga, Sua, animatu, animatu”. Eta konstantea izan behar duzu. Eta ikusten duzunean fruituak jasotzen dituzula, oso eskertuta. Kristoren giroa daukate, beti sentitu izan naiz oso ondo taldean eta beti irakasten dute pila bat.
Elkarrizketaren batean irakurri dizut oso lotsatia zarela, baina inflexio-puntu bat egon zela zure bizitzan aurresku batekin.
Jo, nire amak esan zuen hori behin, eta hor geratu da. Ni izan naiz beti oso lotsatia etxetik kanpo. Etxean nintzen marizoro hutsa. Bost anai-arreba gara: bat musikaria da, ni dantzaria, besteak pailazoak dira… Orduan, beti etxean baneukan konfort-zona hori, gurasoek eman didatena, beti antzerkiak egiten, eskulanak, artistiko munduan. Baina gero, hortik ateratzen nintzen eta oso-oso lotsatia nintzen. Dantzarekin egia da pixkanaka joan nintzela lotsa galtzen, baina beti azkenengo lerroan. Esaten nuen: “Ni aurrera ez noa, eta atzean baldin banago, hobeto”. 12 urterekin eskolako dantza taldean nenbilen eta esan zuten agurra dantzatu behar zuela pertsona batek, eta ginen 50 bat. Eta ni pentsatuz: “Ez, ez…”. Eta esan zidaten: “Sua, kanpora”. Eta ni: “Errieta egingo didate, ea zer egin dudan…”. Eta: “Sua, dantzatzeko”. Eta izan nuen kristoren dilema, ze ni baino zaharragoak zeuden oso ondo dantzatzen zutenak, eta eman zidan kristoren lotsa postua kentzeak edo ni bakarrik egoteak. Amak, azkenean, animatu ninduen eta esan nuen: “Bueno, bale”. Konstituzio plazan dantzatu nuen Aste Nagusian, dena beteta, eta hori egin eta gero kendu nuen kristoren pisua, gustatu zitzaidan pila bat eta hortik aurrera agertokiak adrenalina ematen dit, etxean bezala sentitzen naiz, kristoren segurtasuna daukat eta oso gustura egoten naiz.
“Agertokiak adrenalina ematen dit eta etxean bezala sentitzen naiz”
Hori ematen dizu agertokiak. Eta zer ematen dizu zirkuko tapizak? Ze Gure Zirkuan ere bazaude, ezta? Nolakoa izan da prozesua?
Ba, Iker Galartza ezagutu nuen Irabazi arte-n; nire entrenatzailearen papera egiten du, Larraren papera, eta egia da konexio oso ona izan nuela. Eta beti zirkua gustatu izan zait pila bat, ze batzen ditu musika, antzerkia, dantza… Eta Irabazi arte-ko lehenengo urtean joan ginen ikustera Iker eta esan nuen: “Ama, nik egunen batean hor amaitu nahi dut.” Eta noski, nik nire amari hori esaten badiot, arriskua. Ze aitari esaten diot eta: “Kar-kar”. Baina amak: “Bale; ba, esaiozu Ikerri, saiatu”. Eta nik: “Ezetz”. Handik bi urtera deitu zidaten dokumentalerako. Ikerrek esan zuela norbait sartu behar zela beraien etxean eta konfiantzazko norbait izan behar zela. Orduan esan nuen baietz, oso pozik. Eta kasualitatea izan da, ze nire amak egin ditu jantziak. Nire ama da jantzitegi diseinatzailea, eta hura zebilen hori dena egiten. Eta, beraz, nik bizi izan nuen urtebetez prozesu hori guztia, eta bat-batean joan nintzen bilerara eta esan zidaten: “Badago emakume bat, Maider, jantziak egiten dituena, oso politak…”. Eta nik: “Nire ama da”. Geunden kontratatuta biak, baina ez zekiten ama-alabak ginenik. Hor esan nuen: “Ama, hau seinale bat da”. Eta pasatu nuen hor hilabete bat. Erabaki nuen nire karabana eramatea, ze egin nezakeen joan, grabatu eta etxera etorri, baina uste nuen ez zela oso zilegi. Esan nuen: “Hemen bizi behar badut eta esperientzia kontatu behar badut, kontatuko dut ondo”. Orduan, geratu nintzen hor, flipatu egin nuen: “Ze zoragarria!”, esan nuen. Azkenean, ni karabanan bizi naiz benetan, etxean karabana daukat. Orduan esaten nuen: “Asteburuetan antzezten ari gara, gero entrenatzen, kristoren giroa dago, familia.” Eta hor barruan bizitzen dena sekulakoa da. Kristoren berotasuna dago, jendea pila bat emozionatzen da eta zirkuak badauka zerbait ikuskizunaz gain: bihotzak ukitzen dituela. Eta emanaldi bakoitza egin eta gero emozionatu egiten zara eta esaten duzu: “Joe, hau lortzea ez da erraza”.
Eta ze beharrezkoa zen zirku bat euskaraz!
Bai. Euskaraz lan egiteko aukera baldin badago, zoragarri.
Dokumentaletik, zirkuaren parte izatera pasatu zara.
Bai!
Zer egiten duzu?
Ba, nik egiten ditut akrobaziak teletan. Ikasi nuen dokumentalean, gustatu zitzaidan, eta horrelakoa naiz. Zerbait gustatzen zait eta: “Benga, horretara jarriko gara!”. Gero, dantza egiten dut, euskal dantza pixka bat nahastuta, eta abesten ditut musikarekin abesti batzuk.
Sua, nola daramazu fama?
Ba, orain, hobeto. Uste dut orain badakidala nola gestionatu psikologoari esker, esan behar dut. Baina hasieran oso-oso gaizki eraman nuen, ze ez nekien oso ondo nola gestionatu, ez nekien oso ondo. Hasieran, guk grabatu genuen, baina ez da Go!azen bat. Go!azen-en sartzen direnek badakite zer datorren, gutxi gorabehera, badakizu non dagoen, zenbat umek ikusten duten… Baina Irabazi arte… nik esaten nuen: “Norbaitek ikusiko du?”. Eta ni lagunei esaten: “Mesedez, ostiraletan jarri, egin dugu lan, eta ea norbaitek ikusten duen…”. Hortik kalean gelditzera eta jendeak daukan fanatismo hori jasotzera niretzat izan zen kristoren txokea. Eta, batez ere, aurre-estreinaldietan. Zu zure etxean zaude, dantzan nabil, ahaztuta daukat telesaila eta bat-batean urtarrilean joaten gara Bilbora eta betetzen da dena eta jendea dator erdi negarrez, emozionatuta… Geratzen zara, esaten duzu: “Nola gestionatzen dut hau?”. Gero, etxera zoaz eta ama bronka botatzen: “Jarri ontzi-garbigailua…”. Orduan, jaitsi egiten zara bat-batean, eta hori izan zen nahiko txokea. Esan bezala, nabil gauza hauetan guztietan, baina gero, oso lotsatia naiz. Kalean ez zait gustatzen nota ematea, ez zait gustatzen jendeak askorik begiratzea, ze oso urduri jartzen naiz. Eta orduan, izan zen bat-batean kristoren booma.
Eta argazkiak eskatzera datozenean?
Ba, orain hobeto hartzen dut eta pentsatzen dut hori gertatzen bada dela lana gustatu zaielako eta zerbait ondo egiten ari garelako. Baina momentuak daude. Momentu batzuetan oso ondo harrapatzen zaituzte eta beste batzuetan esaten duzu: “Begira, daramatzat ez dakit zenbat egun elkarrizketak ematen, jendaurrean denbora guztian agertzen”, eta egunak dituzu. Eta parrandan. 21 urte ditut eta parrandan ateratzen naiz eta pasatzen dut gau osoa argazkiak ateratzen. Tokiaren arabera. Beste batzuetan ez zaitu inork ezagutzen eta kito. Garaiaren arabera. Hori asko nabaritzen dugu. Udan edo azaroan edo abenduan jendeari ahaztu egiten zaio pixka bat eta oso lasai egoten gara. Baina behin telesaila emititzen ari dela, jendea dago antsietate horrekin. Eta da pixkanaka gestionatzen jakitea eta erremintak izatea.
Eta ikasi duzu ezetz esaten?
Egiten dudana da zerbait hartzen ari banaiz edalontzia lagunei ematea. Lagunek ulertzen dute: “Argazki bat”. Eta hartzen didate edalontzia. Ze ez dut nahi gero ateratzea argazki horiek. Orain Instagram dago oso modan eta denbora guztian jasotzen ditut mezuak nire argazkiekin, jende guztiak daki non nagoen… Oso kontrolatuta sentitzen naiz eta parrandan kostatzen zait asko esatea ezetz. Nik nahiko nuke, baina gero, batzuek ez dute ondo hartzen, eta orduan esaten dut: “Bueno, begira, ea nola doan argazki hori eta kito”. Behin esan nuen ezetz eta oso erantzun txarra jaso nuen, eta orduan, ikasi behar dut, baina pixkanaka.
Sua, zeintzuk dira zure hurrengo erronkak?
Hurrengo erronka da jarraitzea telekin zirkuan, eta ea nola moldatzen naizen. Eta gero, telesaila, laugarren denboraldia.
Eta hemendik aurrera? Antzezpena? Dantza? Ala datorrena?
Datorrena! Nire bizitzan lehen aldiz nago irekita eta irailetik aurrera egongo naiz ea bizitzak zer dakarren. Batxilergoa bukatu eta dena joan zait lotuta, ez dut izan denbora ezta pentsatzeko ere. Orduan, orain esan dut: “Begira, hartuko dugu lasai, joango gara proiektuak egiten”. Eta ea zer datorren hurrengo urtean!
Ba, seguru datorrena ona izango dela. Beraz, eskerrik asko, Sua, gaur gurekin TTAPen egotearren, eta zorte on bizitzan!
Mila esker!