Sotoalde taldea

Musika urbanoan diharduen talde berria da Sotoalde, eta dagoeneko argitaratu dute haien lehenengo singlea, Sin cobertura. Hori, baina, ez da argitaratzea aurreikusten duten lan bakarra.

Nola sortu zenuten taldea?

Betidanik izan dugu musikan sartzeko kuriositate hori. Zuzenekoetara joaten ginen bakoitzean, abestiak egiteko gogoa sartzen zitzaigun. Orain dela urte batzuk, Sotoalde bezalako talde bat sortzen saiatu ginen, baina, momentuarengatik edo kanpoko aurreiritziengatik, ez genuen aurrera egin. Denbora tarte honetan, bakoitzak bere letrak sortu ditu eta lagunekin partekatu ditugu.

Hori horrela, uda honetan, Linzo eta Asfa kanta bat egitera animatu ziren. Kantaren prozesua pixkanaka taldeko beste partaideekin partekatzen joan dira. Egia da hasiera batean taldea sortzeko ideia planteatu gabe zegoela. Baina, lauron artean etengabeko elkarlanean aritzean, konturatu ginen talde bat egiteko gogoa zegoela. Gure ustetan, laurok bizitzako momentu berean harrapatu gaitu proiektu honek.

Zergatik Sotoalde?

Sotoalde Linzo-ren familiaren txokotik dator. Gu hara joaten gara abestiak sortzera. Izena hara joan ginen egun batean pentsatu genuen. Gainera, uste dugu Linzo-ren aitona eta amonari eskerrak emateko modu bat izan daitekeela. Sotoalde gure egunerokotasunetik irteteko bidea da. Hau da, errutina horretatik irteteko aukera sentitzen dugu hara sartzen garen bakoitzean. Gustatuko litzaiguke gehiagotan joatea hara, baina zaila izaten da taldeko kide guztien artean egunak eta orduak adostea. Gainera, txokoa Elgetan dagoenez, handicap hori izaten dugu. Bergaran gazteentzako lokal bat zabalduko balute… Badakigu badagoela Udalak bideratzen duen musika taldeentzako lokal bat. Baina txiki geratzen ari da.

Asfa-z eta Linzo-z gain, badaude kide gehiago taldean?

Bai. Taldea lau kidek osatzen dugu. Lehenengo kanta hau beste bi taldekideen presentziarik gabe ez zen posible izango. Lau kideok izan dugu influentzia bera kanta sortzeko orduan. Egia da Asfa-k eta Linzo-k protagonismo handiagoa hartu dutela, baina argi daukagu abestia laurona dela. Taldea aurkezteko gogo handia daukagu. Bergaran, herrian, jende askok badaki zeintzuek osatzen dugun taldea. Baina, publikora begira, nahiago dugu lasaitasunez jokatu eta gauzak guk sentitzen ditugun bezala egin.

Zein musika estilora bideratuko dituzue zuen lanak?

Ez daukagu estilo bat ezarrita taldean. Egia da musika estilo oso antzerakoa entzuten dugula laurok. Baina, abestiak egiteko orduan, ez dugu pentsatzen estilo batera bideratu behar ditugunik gure lanak. Kantak egiteko orduan, momentuko sentsazioa izaten dugu kontuan. Hau da, taldekide batek musika estilo bat egiteko gogoa izaten badu, horrekin joaten gara. Musika estilo bat aukeratu beharko bagenu, urbano estilora gerturatzen direla esango genuke.

Kontzertuak ere emango dituzue ala, oraingoz, abestiak kaleratu bakarrik?

Oraingoz, nahiago dugu lasai ibili, guretzat berria delako. Proiektuaren prozesua intentsua izan da. Dena den, kontzertuak emateko asmoa daukagu, baina oraindik ez. Orain, sorkuntza fasean gaude, abestiak sortzen eta ideia guztiak martxan jartzen. Aurrerago, beharrezkoa den materiala eta baliabideak eskuragarri dauzkagunean, kontzertuak emateko prest egongo gara, noski! Abestia aurkezteko aukera izan genuen gure kuadrillak antolatutako Txirifesten. Bergarako gaztetxean izan zen eta Etxepeko lagunekin batera abesteko aukera izan genuen, eta Sin cobertura abestia aurkezteko aprobetxatu genuen. Ikaragarria izan zen. Lehen aldia izan zen oholtza gainean, baina sentsazio oso onekin; asko disfrutatu genuen.

Esan beharra daukagu Sin cobertura proiektuaren ideia sortu zenetik grabaketa eta ediziora arte proiektu hau posible izan dela sektoreko beste profesional gazte batzuekin izan dugun lankidetzari esker. Etxepe taldea osatzen duten familiari eta Anixeri, batez ere, eskerrak eman behar dizkiegu prozesu hau izugarri erraztu izanagatik. Etengabe egon dira guri laguntzeko prest, eta bidea momentu batzuetan erraza izan bada haiengatik izan da.

Hala ere, uste dugu gure esentzia mantentzea garrantzitsua izango dela dena ongi joan dadin. Kantak gure sentimenduak azaleratzeko erabiltzen ditugu. Kaleratzen ditugun edo ez, arestian esan dugun bezala, gure sentsazioek markatuko dute. Hala ere, baditugu hainbat gauza polit, kaleratzeko bezala.