Somak taldearen ‘Lekuko bakarrak’ diskoa

Haizea Larrosak, Eneko Alabak, Eneko Diezek eta Unai Ibañezek osatzen dute Somak musika talde bizkaitarra. Apirilean argitaratu zuten sei abestiz osatutako Lekuko bakarrak diskoa. Disko berria plataforma digital nagusietan kaleratu dute, eta formatu fisikoan ere izango da laster. Aurreko albumean –Iluna Argitu– bezala, Jurgi Taboada izan da ekoizlea, eta Zumaiako Ozen Estudioetan grabatu, nahastu eta masterizatu dute. Lan berrian, abesti gitarreroak eta landuagoak entzun ahal dira, askotariko estilo, erritmo eta soinu testurak uztartuz.
Lekuko bakarrak diskoa argitaratu duzue. Nolakoa da?
Sei abestiz osatutako lana da. Pop-rock gisa definituko genuke estilo aldetik; pop-rockaren espektro zabalean mugituz, abesti bakoitzak bere esentzia du. Lekuko bakarrak diskoko kantuak aurreko lanekoak baino gitarreroagoak direla esango genuke; teklatuaren intentsitatea jaitsi dugu, gitarrari tokia egiteko. Hala ere, batek jakin zein bide hartuko duten etorkizuneko kantek; orain arte egin dugun bezala, espero dugu senak agintzen digunari jarraitzea.
Nolakoa izan da sorkuntza prozesua? Zein izan da diskoaren inspirazio nagusia?
Lekuko bakarrak diskoaren sorkuntza prozesua oso berezia izan da, lehenengo aldiz, kantak zerotik elkarrekin sortzen hasi garelako. Hain zuzen ere, gure singlea, Eskuz esku, elkarlan horren emaitza da.
Zer nolako harrera izan du diskoak?
Egia esan, oso eskertuta gaude. Lagunengandik zein ezezagunengandik feedback positiboa jasotzen ari gara, eta horietako batzuk analisi sakonez egindako iruzkinak dira, gainera. Pozgarria da, benetan, kontzertuetan jendea gurekin batera abesten hasi dela entzutea. Momentuz, diskoa plataforma digitaletan entzungai dago, eta, laster, formatu fisikoan ere kaleratuko dugu.
Aldaketarik nabaritu duzue soinuan lehen lanetik hona? Nolakoa izan da zuen bilakaera?
Aurretik esan bezala, oro har, gitarreroagoa da lan hau. Baina baditugu kantu intimistagoak ere, Esentziala abestia, adibidez. Saiatu gara kanta bakoitzak eskatzen duen doinu eta erritmoetan lan egiten. Modu naturalean eta ohartu gabe sortu ditugu, hasiera batean. Aurreko ezagutzak eta intuizioak bideratu dute prozesua, baina, denborak aurrera egin ahala eta abesti bakoitzaren izaera definitzeko asmoz, geure artean eztabaidatu eta jolastu dugu, gaur egun entzungai dauden kantak lortu arte. Eta grabatuta badaude ere, ziur gaude zuzenekoetan jotzen ditugunean etengabeko eraldaketan jarraituko dutela, hori delako kontzertuen magia.
Zeintzuk dira zuen etorkizunera begirako planak? Etengabe sortzeko beharra dugu eta ideia berriak sortu nahian ibiltzen gara entseguetan, baina, oraintxe bertan, batez ere, zuzenekoak emateko gogoz gaude, Euskal Herrian barrena geure musika zabaltzeko gogoz. Ilusioz esan dezakegu udan zehar sare sozialen bidez jakinaraziko ditugun zenbait zuzeneko eskainiko ditugula, eta, oraindik ere, data gehiago ixteko aukera dugu.