‘Skincare’ korearra
Gaur egun azalaren zainketaz arduratzen den edonork entzun du skincare korearrari edo k-beauty-ari buruz zerbait edo hitz egin izan du norbaitekin horri buruz. Denen ahotan dago, eta, mundu guztian bezala, Euskal Herrian ere presente dagoen joera da. Produktu eta marka zerrenda amaigabea eskaintzeaz gain, aktiboak –azalari onura egiten dioten osagaiak– erabiltzen ditu eta osagai horiek argi adierazten dira, bertoko produktu askotan ez bezala.
Kanpo-irudiaren garrantzia
Hegokorearrek azal zainketari ematen dioten garrantzia haratago doa, eguneroko errutina markatu eta luzeekin, eta horren emaitza azal leun, distiratsu eta hidratatua da. Hego Koreako gizartean eta kulturan bakoitzaren itxurak eta irudiak erabateko garrantzia du eta oinarrizkoa da azal osasuntsu bezain perfektua izatea. Horrek produkturik onenak sortzera eraman ditu eta munduko begirada guztiak erakarri ditu.
Hamar pausoak
Errutina motak ere askotarikoak dira, baita singularrak ere, norbanako bakoitzak bere errutina pertsonala izan baitezake, baina egiteko modu guztiak oinarrizko hamar pausoko errutina batetik egokitzen dira: 1. Base oliotsudun garbiketa 2. Geldun garbiketa 3. Esfoliatzailea 4. Tonikoa 5. Esentzia 6. Seruma 7. Maskara 8. Begietako krema 9. Krema hidratatzailea 10. Eguzkitako krema. Baina azal bakoitza desberdina da, beraz errutina honetatik bakoitzak berari komeni zaiona aplikatu behar du.



