Skabidean taldearen ‘Herri kuttuna’ diskoa

Seigarren lana argitaratu du Skabidean taldeak: Herri kuttuna. Diskoak oso harrera ona izan duela diote taldekideek, eta Euskal Herrian zein nazioartean ibiliko dira diskoa aurkezten.
– Urte bukaeran argitaratu zenuten zuen seigarren lana; nolako diskoa da? Lanketa sakona egin duzuela diozue.
Bai; disko batek denbora asko behar du, bai konposatzeko eta baita ideiak eta abesti guztiak antolatzeko ere. Lehenengo aldiz disko kontzeptual bat egiteko apustua egin dugu. Urte batzuk daramatzagu hori lortu nahian, baina asko gara taldean eta batzuetan kostatu egiten da gauzak adostea, edo guztiek ikuspegi bera izatea. Alde batetik, disko honetako abestiak idazterakoan saiatu gara 70eko eta 80ko hamarkadetako euskal abeslarien influentzia jasotzen eta jamaikar estilo fidelagoa jorratzen abestietan; rocksteady eta calypso estiloak, adibidez.
– Kolaborazio bereziak aipatu zenituzten diskoa argitaratutakoan; nortzuk izan dituzue bidelagun?
June Diaz eta Unai Mendiburu bertsolariak egon dira gurekin diskoaren sarreran eta Gorroto abestian abesten. Gorroto abestian ere Trikoma taldeko Markelek eta Arratek eta Bisaiak taldeko Arratek ere parte hartu dute; abesti hori reggae munduko kolaborazioa izateko aproposa ikusten genuen. Bukatzeko, Despedida abestian soken sekzio bat izan dugu: Qingmei, Oihana eta Maitane.
– Ia hamarkada bat igaro da zuen lehenengo lana argitaratu zenutenetik; nola aldatu da taldea denbora honetan guztian?
Asko, dudarik gabe. Blackbirds hirukoteak –Idoia Tapia, Lorena Aisa eta Claudia Rodriguez– izugarrizko eragina izan zuen hirugarren diskoa konposatzerakoan. Gaur egun, hasieran geneukan formakuntza bera daukagu, baina hamar urte gehiagoko esperientziarekin; beraz, bakoitzak bere instrumentua hobeto erabiltzen du. Influentziak ere asko aldatu dira. Gure lehen maketa 2016. urtean kaleratu genuen, 17 eta 18 urterekin egindako abestiekin, nahiz eta Pipi eta Arazoak abestiak gaur egun ere gure zuzenekoaren parte izan, baina bakoitzak bere musika zaletasunean bide ezberdinak hartu ditu. Dena den, hasieratik amankomunean genituen bi erreferentzia partekatzen ditugu: musika jamaikarra eta Oskorri.
– Nolakoa izan da seigarren lana sortzeko prozesua?
Oso polita, normalean disko luzeagoak egin ditugulako. Aurrekoa, adibidez, hamazazpi abestiz osatutako diskoa izan zen eta konposatzeko zein grabatzeko prozesuak nekagarriagoak izan ziren. Hamar egunean hamazazpi abesti grabatzea egurtu handia izan zen, baina Herri kuttuna diskoan osotara bost abesti konposatu ditugu eta bai guretzat eta baita Kaki Arkarazorentzat prozesu guztia ederra izan da. Maitasun handiz egin dugu guztia: konposaketatik hasi, eta grabaketara zein masterizaziora arte.
– Nolako harrera izan du diskoak?
Oso ona. Uste dugu harrera onena izan duen diskoa izan dela. Disko asko saldu ditugu jada. Durangoko Azokatik, adibidez, diskorik eta merchandisingik gabe itzuli ginen, eta hori aurreko bi urteetan ez zitzaigun gertatu. Oso pozik gaude.
– Aurrerantzean zer kontzertu joko dituzue?
Aurten kontzertu gutxiago eman nahi ditugu. Iaz, 46 kontzertu jo genituen, eta disko bat grabatu; beraz, lasaitasun handiagoz disfrutatu nahi dugu urteaz. Hala ere, laster Azpeitian izango dugu kontzertu oso berezi bat, Potatorekin, Portugalgo Rosa Sparks lagunekin eta Iruñeko Bisaiak reggae taldearekin. Gero, Erandion egongo gara, eta, ostean, Japoniara joango gara, sei kontzertu jotzera. Itzulitakoan, Euskal Herrian ibiliko gara, eta Italiara zein Portugalera ere joango gara jotzera.