Sare-konpontzaileen horma-irudia

F. Javier Arrieta Idiakez

Street Art Cities plataformaren arabera, munduko hirugarren horma-irudirik onena da Ondarroako Kamiñazpi auzoan dagoen sare-konpontzaileena. Sinbologiaz beteriko irudia. Galzorian dagoen ogibidea erakusten digu, arrantza ere gainbeheran doakigulako.

Zerbait gehiago erakusten digu: emakumeei aitortu gabeko beharra. Kasu honetan, sare-konpontzaileei.

Iraganera begira jarriko gara.

Familian bertan ikasten zuten ogibidea, umetatik. Izan ere, belaunaldiz belaunaldiko ogibidea zen. Zer ikusi, hura ikasi. Eskolatik irten eta amari laguntzera joaten ziren neskatxoak: orratzak betetzera, mandaturen bat egitera… Etxean ere sare zati txikiak hartu eta olgetan.

Nerabezaroan, olgetak bukatu eta sare-konpontzaile bihurtzen ziren asko.

Garai batean, ordainsaririk gabe konpontzen zituzten sare, tresmaila eta bolintxak. Gainera, lehorreko behar guztiez arduratzen ziren.

Udaldian, txalupak Asturias aldera joaten ziren otarrainetara. Emakumeak trenez joaten ziren haraino, lehorreko zereginetan laguntzeko. Haurdun ere joaten ziren.

Gerra ostean, baxurako txalupak handitu eta ugaritu ahala, sare handiagoak agertu ziren: treinak. Ohikoa izaten zen edozenbat emakume-kuadrilla ikustea horiek konpontzen, kalean, behearen gainean jarrita, edota txalupetan.

Kuadrilla bakoitzak bere maestrak zituen, arduradun eta irakasle.

Goiz eta arratsaldez lan egin arren, sarritan, gaueko ordu txikiak arte egoten ziren.

Armadoreak hasi ziren, azkenean, lana ordaintzen. Alabaina, 80ko hamarkadara arte ez zuten Gizarte Segurantzan kotizatu.