Sara Gandara: “Badirudi emakume kazetari batek ezin duela kirolaz jakin”
ETBko aurpegi ezezagunenetakoa da gaur egun Sara Gandara. Kazetaritza ikasketak bere lehen aukera ez izan arren, gaur egun maite du kazetari izatea. Kirol kazetaritza du bereziki gustuko, eta, guztien artean, estropadak ematea. Bosgarren urtez kanpaikadak ematen ere ikusiko dugu abenduaren 31n, Mikel Pagaldairekin eta Zuhaitz Gurrutxagarekin batera.
ANA GOITIA: Hemen gaude berriz, leku berean, baina paperak trukatuta. Gaur nik elkarrizketatuko zaitut zu.
SARA GANDARA: Eta arraroa egiten zait. Seguruen gero lasaituko naiz, baina, momentuz, pixka bat arraroa da.
Urduri zaude?
Bai.
Nirekin?
Zurekin ez, elkarrizketagatik da.
Arraroa da kazetari batentzako elkarrizketa bat erantzutea.
Ez dakit zer dudan nik kontatzeko.
Guztiok dugu zer kontatu. Zuk betidanik nahi izan duzu kazetari izan?
Kazetaritza aukeratu nuen Selektibitatean oso nota txarra atera nuelako eta ezin izan nuelako izena eman Publizitate eta Harreman Publikoak ikasketetan, horixe baitzen egin nahi nuena. Eta pentsatu nuen Kazetaritza egitea, gero hirugarren mailan Publizitate eta Harreman Publikoak egitera pasatzeko asmoarekin, baina, azkenean, geratu egin nintzen eta Kazetaritza amaitu nuen eta besteaz ahaztu.
Geratu zinen gustatu egin zitzaizulako.
Bai, gustatu egin zitzaidan. Baina badut arantza hori, eta, askotan, irail partean unibertsitatera joatea pentsatzen dut galdetzera ea zenbat urte beharko nituzkeen Publizitatean lizentziatura lortzeko. Baina ez dut egiten.
Patua izan da, hortaz. Eta orain telebistan, kamera atzean, aurrean… Zenbat saio egin dituzu?
Ba, ez dakit esaten. Duela zortzi bat urte, baneukan zerrenda bat, baina gaur egun ez nintzateke ausartuko esatera zenbat egin ditudan: hamar, hamabost… Ez dakit.
Eta kuttunena edo gehien gogoratzen duzuna zein da?
Kirolez gain?
[Barreak] Badakit kirola dela gehien gustatzen zaizuna, baina horri buruz geroago egingo dugu berba. Bereziki gogoratzen duzun beste saiorik?
Euskal Herria zuzenean saioa, aldaketa handia izan zelako niretzat. Egia da beti kiroletan egotetik eguraldira pasa nintzela eta handik Euskal Herria zuzenean saiora. Baina azken hori jendearekin bat egiteko modu berri bat izen zen, lankide asko ginen, giro oso aparta, zuzeneko kutsua, pronter-ik gabe, berehalakotasun hori… Horrek guztiak kazetaritzarekiko beste ikuspuntu bat eman zidan; ez beti kirola, ez beti informazioa. Beste gai mota bat jorratzeko aukera eman zidan eta hori bereziki gogoratzen dut.
Agian, era naturalagoan.
Bai. Zeren, gainera, badakizu zuzenekoetan dena ez dela behar bezala ateratzen eta nire burua ikustea halako egoera oker batean eta hortik onik ateratzea… Esaten diozu zure buruari: gai naiz hau egiteko eta etor daitekeen guztirako.
Nik uste dut halako zuzeneko bat egin eta gero gainontzekoak errazagoak direla.
Bai. Eta zuzenekoaren kutsu hori aipatzen hasita, arraunak ere asko erakutsi dit horretan.
Orain arraunean aritzen zara, eta, normalean, zuzenean. Adrenalina hori gustuko duzu? Nahiago duzu zuzenekoa grabatzea baino?
Bai, askogatik. Zuzenekoa doan moduan ateratzen da eta gai bazara une horretan gerta daitekeen arazoren bat gainditzeko, prest zaude edozertarako.
Zuri kirola beti gustatu izan zaizu.
Bai, beti. Nire asmoa ez zen nire lana kirolean oinarritzea. Beti izan naiz oso kirolaria, beti jokatu izan dut areto futbolean. Nire garaian, duela urte asko, amari ez zitzaion batere ideia ona iruditzen. Neska, futbola… ez zegoen emakumezko talderik, beti mutilekin, beti pilotarekin… Ikasturte hasiera guztietan areto futbolean eman nahi izaten nuen izena, eta amak ezetz. Mutilen kirola iruditzen zitzaion, baina nagusitzen joan nintzen eta institutu garaian apuntatu egin nintzen eta lau urte zoragarri egin nituen, gauza asko irabazi genituen. Unibertsitate sasoian ere aritu nintzen, Zamudion sortu genuen Iraultza izeneko taldea, gaur egun dagoeneko existitzen ez dena. Pentsatzen dut gazteagoek ez zutela jarraitu nahi eta gu adinean gora gindoazen; gainera, larri lesionatu nintzen, lotailu gurutzatua hautsi nuen, eta itzuli nintzen, baina beldurrez, eta 29 urte nituela utzi egin nuen. Baina futboletik kanpo beste gauza batzuk egin ditut: padelean jokatu, gimnasiora joan, txakurrarekin sekulako paseoak eman… Beti gustatu izan zait zerbait egitea, eta, ahal dela, talde kirola.
Gaur egun ere egiten duzu zerbait?
Txakurra atera eta bospasei kilometro egiten ditut eta etxean ergometroa dugu eta han ere aritzen naiz. Kirola nire ihesbidea da. Zuk nik bezain ondo dakizu lanbide honek zelako estresa sortzen duen, zela gabiltzan egun osoa hara eta hona, ezin iritsita, jateko denbora barik askotan, eta tartetxo bat daukadanean gustatzen zait izerdia botatzea.
Eta denbora ateratzen duzu? Zeren ni aitzakiak jartzekoa naiz…
Saiatzen naiz eta gorputzak eskatu egiten dit zerbait egitea.
Eta ze iritzi duzu emakumezko futbolarien grebaz?
Nahiko pozik nago nahi zutena lortu dutelako. Urte askoan borrokatu behar izan dute hori lortzeko. Bertan behera geratu behar izan da jardunaldi bat hori lortzeko. Eta nik uste dut gutxieneko bat behar dugula emakumeok, eta nahiko pozik nago horregatik, akordioa lortu delako eta, behintzat, gutxieneko soldata bat, ama izateko eskubidea…
Gutxienekoa da dena. Konturatzen zara gizonezkoetan zenbat diru mugitzen den eta emakumezkoek gutxieneko bat eskatu beharra izan dutela?
Horrela gabiltza.
Baina denean, ezta?
Askok diote nesken eta mutilen futbolak ez dutela gauza bera mugitzen, beste interes mota batzuk daudela… Horren kontrakoa naiz. Esan nahi dut, gutxienekoa lortu dute, bidea oso luzea da eta espero dezagun epe laburrera parekatuta egotea. Zergatik ez? Ez da kirol guztietan gauza bera gertatzen. Esaterako, tenisean soldata eta eskubide berberak dituzte neska eta mutil tenislariek.
Eta kazetaritzan ere gertatzen da, bereziki kirol kazetaritzan. Oso kirol kazetari gutxi dago, geroago eta gehiago, baina, hala ere, gutxiago. Sekula arazorik izan duzu?
Ez, kirol erredakzioan beti sentitu izan naiz gizonen maila berean. Ez dut inoiz sentitu emakume izateagatik lan batzuk egin ezin ditudala edo gutxiago kobratu. Uste dut duela urte batzuk boom bat egon zela agertzen hasi zirelako emakume kirol kazetariak; besteak beste, Sara Carbonero, Lara Alvarez… eta jendea oso kritikoa da horrekin, badirudi emakume batek ezin duela jakin kirolari buruz. Aizu, barkatu… Eta horrek ematen dit amorrua eta, batzuetan, agian, bai sentitu dudala zerbait… Talde batek fitxaketa berri bat egin eta jokalari hori nor den ba ote dakidan galdetu didatenean eta begira begira geratu… Ba, oso ondo, ze gehiago esango dizut, zergatik demostratu behar dizut badakidala nor den. Baina, oro har, ETBko kiroletan oso ondo egon naiz. Egia da emakume gutxi garela, baina geroz eta gehiago.
Carbonero eta Alvarez aipatu dituzu, oso profil antzerakoa duten emakumeak, espektakularrak. Oso lan ona egiten duten bi emakume, baina sarri gehiago kritikatzen ditugu emakumezkoak gizonezkoak baino…
Askoz gehiago.
Baina egia da, bestalde, hainbatek emakumezkoak jartzen dituztela kiroletan, baina irudi zehatz horrekin, emakume ederrak. Gizonezkoak, berriz, edonolakoak daude…
Eta bi emakume horietako batek esan du, gainera, kiroletan jarri zutenean ez zekiela kirolez. Emakume bat izan daiteke kazetaria edo komunikatzaile ona eta zergatik ez da egongo aurpegia ematen? Askoz hobeto gaia kontrolatuko balu, baina…
Hori, dena den, gertatzen da leku guztietan. Saio bat aurkezten jar zaitzakete, nahiz eta gaia erabat ez kontrolatu baina oso komunikatzaile ona izan.
Emakumeok beti gaude jo-puntuan.
Eta gehiago eskatzen zaigu. Komunikatzaile ona izatea gain, polita izan behar duzu, edertasun kanon batzuen barruan sartu behar duzu.
Tamalgarria da. Zeren nik ikasketak egin ditut berdin-berdin, karrera atera dut aurrera, han eta hemen ibili naiz sos batzuen truke…
Badakizu zuk zer den han eta hemen ibiltzea… Gaur egun nola dagoen kazetaritza, edo gure lanbidea, ezta?
Gogoan dut unibertsitateko 4. mailan nintzela izan nuela aukera ETBn praktikak egiteko, eta oso gustura egon nintzen. Eta gerora etorri ziren beste kontratu mota batzuk, hiruzpalu egunekoak, beste batzuen oporren ordezkapenak, egun bat bai eta gero hiru hilabete telefono deiaren zain… Eta nazkatu egin nintzen egoera horrekin eta garai hartako kirol zuzendariari, ez dut esango bere izena, joan nintzaion eta galdetu nion ea egoera hori beti horrela izango zen. Eta erantzun zidan momentuz baietz. Eta orduan esan nion berriz ez deitzeko.
“Probatu ditut beste lan batzuk eta ikusi dut kazetaritza egin nahi dudala”
Ondo jarrita dituzu.
Nik nahi nuen soldata bat hil bukaeran, egonkortasun emozionala, errutina bat… Eta han ez bazen beste tokiren baten aurkituko nuela pentsatzen nuen. Eta ez zidan berriz deitu. Eta eman nituen hiru urte kazetaritzatik kanpo.
Eta zer egin zenuen?
Saskibaloi klub baten idazkari aritu nintzen bi urtez eta hirugarrena, ikuskizunak antolatzen zituen enpresa baten. Eta horretan ari nintzela sortu zitzaidan aukera Deia-n gehigarri batean, hamabostekari batean lan egiteko, eta idazten hasi nintzen. Gainera, nire eskualdeko, Txorierriko, albisteak ziren, kiroletakoak… eta horrek berriz ere piztu egin zidan zerbait barruan. Gero, produkzio-etxe baten lan egiteko aukera etorri zen… Urte haiek izan ziren, Ana… Orain batzuek pentsatuko dute oso ondo nagoela aurkezle lanetan, baina…
Baina kaka jan duzu…
Eta ekoiztetxean hasi nintzen. ETBrako saio bat egiten zuten eta jardun erdiz hasi nintzen bertan eta Deia-n idazten jarraitzen nuen. Eta gauza batek beste batera eramaten zaitu, sekula ez dago jakiterik, eta, produkzio-etxean nengoela, Hamaika telebistan hasi nintzen arratsaldeetan. Beraz, goizean produkzio-etxean egiten nuen lan, arratsaldeetan Hamaika telebistan eta hamabostean behin Deia-rako idazten nuen. Eta bat-batean beste aukera bat atera zitzaidan, off ahotsak sartzeko, eta hori gauetan egiten nuen. Urte askoan aritu naiz horrela. Hamaika telebistan denetarik egitea tokatzen zitzaidan, baita aurkeztu ere. Hamaika telebista izan da nire eskola. Eta aurkezle lanetan ere hasita nengoenez, ETBra etorri nintzen eta kiroletako zuzendariarekin egin nuen berba –ordurako beste bat zegoen– eta CD bat eman nion Hamaika telebistako nire lanekin. Eta bi egunera ETBn sartu nintzen berriz ere. Hori 2011n izan zen.
Eta ordutik zenbat saio!
Lehen esaten genuena, sekula ez dagoela jakiterik non dagoen aukera. Kontua da gauzak egiten jarraitzea. Niri asko gustatzen zait denetarik egitea, ezin naiz geldi egon. Probatu ditut beste lan batzuk eta ikusi dut kazetaritza egin nahi dudala, eta kazetaritza egiteko bidea ez da erraza izan, baina merezi izan du.
Orain, gustura zaude?
Oso gustura nago.
Arraunarekin asko gozatzen duzu.
Sekulako aurkikuntza izan zen. Gainera, aurkezle sartzearekin batera irailean, arrauna egiten hasi nintzen. Gerora, eguraldiaren etapa etorri zen, kiroletan ez zegoelako jarraitzeko aukerarik, eta gero, Euskalerria Zuzenean, baina arrauna izan da nire bigarren eskola. Pentsa, Euskal Herriko kostaldeko herri bat, uda giroa, eguzkia, itsasoan zaude… lana da, baina oso gustura egiten dudan lana da. Lehen irteera Mikel Olazabalekin egin nuen, jendea aurkeztu zidan… eta gogoan dut lehen zuzeneko hura gaur izango balitz bezala; alegia, oso urduri nengoen, izerdia eskuetan… Zeren platoan zaudenean ere zuzenekoa da, baina ez da gauza bera. Arrauna oso polita iruditzen zait, jende ikaragarria dago, oso giro ona… osagai guztiak ditu.
Eta aurten itsasotik bertatik jarraitu dituzu estropadak. Ez zara zorabiatzen?
Ez nuen astebururo zorabioaren kontrako pilulak hartzen ibili nahi eta lankide batek utzi dizkit eskumuturreko berezi batzuk, akupuntura egiten dutenak, eta ondo etorri zaizkit, ez naiz zorabiatu.
Gustura egingo zenukeenik?
Hasieran esan dizudana, Publizitatea eta Harreman Publikoak. Idaztea beti gustatu izan zait, saiatzen naiz ahal dudanetan lehiaketetara aurkezten. Sormen aldetik beti daukat burmuina lanean. Eta zentzu horretan, publizitatea gustatu egiten zait.
Eta telebistan?
Batek daki.
Aurten ere egingo dituzu kanpaikadak.
Bosgarrenez egingo ditut. Oso ondo pasatzen dugu, honezkero familia bat bezala gara. Zuhaitz eta Pagadi ikaragarriak dira. Lantaldea ere bai, egun berezia da, guztiok egoten gara pozik, guapo…
Eta etxetik ikustea ederra izaten da, urtero ikusten dugu.
Eskerrik asko. Aurten ea ez naizen izozten.
Ez didazu pistarik emango?
Soinekoari buruz? Ezta pentsatu ere. Abenduaren 31n ikusiko duzu, 00:00etarako 15 minuturen faltan hortxe izango gara.