Sara Azurza: “Epikotasunaren garaian, xumetasuna izan daiteke irtenbidea”
Gazte donostiarrak Hemen berriro diskoa aurkeztu du urtearen hasieran. Soul, funk eta pop kutsukoa da, hark sortutako kantuz osaturikoa. Abesti guztietan haren ahots ederra gailentzen da. Donostiako antiguarra, auzoan dagoen Lugaritz Kultur Etxean disko berriena aurkeztu eta ordu gutxira egindako elkarrizketa da hau. Gau bereziaren aje emozionala gainetik kendu ezinik zela iritsi zen Donostiako Tabakaleran jarritako hitzordura. Atzerrian hainbat egonaldi egin eta gero, sorterrian da, musikaren bidean arrastoa uzteko asmoz.
Donostiako Tabakaleran gaude eta duela gutxi Lugaritzen aurkeztu zenuen Hemen berriro diskoa, zuzenean. Han izan ginen, diskoa erosi genuen eta kantuak aztertzen eman dugu denbora. Uste ustelak, Ez ohildu eta Hemen berriro gerora gogoratu daitezkeen hiru single dira. Bederatzitik hiru kantutzarrak izatea ez da batere uzta txarra!
Neuk ere nahi izan nuen horiek hit-ak izatea. Jendeak ere horiek ditu gogokoen. Badira hiru kantu horiek, beharbada, gehien nabarmendu nahi nituenak.
Asmatu dut, beraz, kinielan.
Bai, bai.
Aurkezpen-kontzertuan argi geratu zen Hemen berriro kantua dantzagarria dela oso. Ez dakit taula gainetik jabetu zineten, baina jendea dantzan eta abesten hasi zen. Poza hartu nuen. Halako kantuak izan daitezke ildo bat etorkizunera begira?
Bai, guztiz. Nire abesti asko lasaiak dira, neronek horrelakoak entzutea eta abestea gogoko dut eta. Gozagarri dira joera hori duten kantuak. Hemen berriro kantua dantzagarria izatea nahi nuen; asmo horrekin jaio zen. Pandemiatik atera eta jendearentzat dantzagarria izan zitekeen pieza bat sortu nahi nuen. Aurkezpen-kontzertuan, jendea eserlekutik altxa eta kantatzen hasi zela antzeman nuen. Askorik ez nuen entzuten, baina hausnartzeko bide bat eman dit horrek.
Zuretzat erreferentzia diren musikariekin egin duzu lan disko horretan; Lauroba anaiak, esaterako. Beste belaunaldi batekoak dira, esperientzia handikoak. Haien laguntza garrantzitsua da zuretzat.
Denbora da ezagutzen ditudala, eta haien bidez murgildu nintzen musikan. Oso gaztea nintzen ezagutu nituenean. Niretzat garrantzitsua da konfiantza eragiten didan eta esperientzia duen jendearekin lan egitea.
Uste ustelak kantuak eskatzen du zure ahotsaren erreplikante bat, ezta? Eta diskoan parte hartzeko Gartxot Unsain gonbidatu zenuen. Kantuaren hainbat pasartetan ahotsa baxuaren eta bateriaren oinarri erritmikoan txertatzen da. Eta hortxe egoki ari da Gartxot.
Ez zen aurreikusitako kontua izan. Gogoan dut kantua erakutsi niela taldekideei, eta entseguetan moldaketak egiten aritu ginen. Kantu horretan bereziki Txiki baxu-jotzailearen lana nabarmendu nahiko nuke. Baxuaren eta bateriaren arteko jolasa sortzen da, kantuaren alde garrantzi handikoa dena. Garai batean, kantu horrek ematen zion hasiera emanaldiari eta baxu-jotzailea eta bateri-jolea igotzen ziren lehenik taula gainera eta intro-a egiten zuten.
Ezustekoa izan zen, dantzaria ere agertu zelako kontzertuan. Halako batean, taula gainetik desagertu eta aretoko alde batetik abestuz agertu zinen. Eta bestaldean, dantzaria. Errepikatzeko asmorik baduzu hurrengo emanaldietan?
Aukera dagoenean, gustatuko litzaidake. Aretoaren eta beste baldintza batzuen arabera izango da.
Lagunen, etxekoen eta auzokoen aurrean diskoa lehen aldiz aurkeztea presio erantsia da? Nola bizi izan zenuen?
Emanaldiaren aurreko egunetan nahiko lasai nengoen. Ez nuen urduritasunik nabaritzen, ezta soinu-proban ere. Emanaldia hasteko ordu erdi falta zenean presio handia nabaritu nuen. Senide eta lagun asko egongo zirela banekien, baita industria mundukoak ere.
“Kantuen bidez nire emozioen zergatira hurbiltzen naiz”
Aje emozionalik utzi dizu Lugaritzekoak?
Bai, baina baita emanaldia berriro egiteko gogoa ere bai.
Zuzenean aspaldiko kantu bat eskaini zenuen, eta, kontzertua osotasunean aztertuta, alde handia nabari da kantu berrietan. Artistikoki urrats handia egin duzun seinale da hori.
2017ko kantua da, pentsa zenbat denbora pasa den! 19-20 urte izango nituen, jauzi hori hor dago eta esango nuke diskoa gehiago landu dudala. Eta, noski, neuk ere neure burua landu dut artistikoki.
Estetika zaindu duzu disko horretan. CDan agertzen den Sara Azurza agertu zen taula gainean. Orrazkera eta janzkera berberarekin. Zetazko eskularruak, adibidez.
Estetika garrantzitsua da niretzat. Diskoaren azalean erabili dudan estetika hori emanaldietara eraman nahi dut. Ez da ikusten CDan, baina argazki-saioko jantzia eraman nuen emanaldira. Balio bat ematen diot horri.
Kandelak ere estetikaren parte dira.
Oraindik ez ditut kandelak salgai jarri, baina bai emanaldian. Eskuz egindako kandelak dira, etxean egindakoak.
Zerorrek egindakoak?
Nire bikotekideak, zehazki. Etxean egindakoak dira. Diskoaren kontrazalean ageri dira kandelak. Eta, azken batean, diskoa kandelen artean sortu da. Konturatu nintzelako abestiak konposatzeko garaian kandelak behar ditudala inguruan. Ideia originala iruditu zitzaidan, eta sinbolikoki aproposa da.
La lune frantsesez abestuz amaitu duzu diskoa. Aurrekoan euskaraz eta ingelesez aritu zara.
Jende askok egin didan galdera da. Frantzian bizi izandakoa naiz, 15 urte nituela. Han ikasi nuen frantsesa, eta gertuko askoren eskaera zen. Erronka izan zen, ez nintzen-eta inoiz saiatu. Ekin nion, eta, egia esan, intuitiboki sortu nuen. Melodia sortu nuenean, frantsesez atera zitzaizkidan kantuaren hitzak.
Komunikazio munduan zabiltza lanean eta zure egunerokoan frantsesa eta ingelesa erabiltzen dituzu.
Lau hizkuntza ezberdin darabilzkit lanean: euskara, gaztelera, frantsesa eta ingelesa.
“Lantzen dudan musika, sonoritatean, ingelesezkoa da”
Diskoan Unexpected people eta Thinking ingelesezko abestiak txertatu dituzu.
Melodiak sortzerakoan, batzuetan sortzen zaizkidan lehen hitzak euskarazkoak dira. Beste batzuetan, berriz, ingelesezkoak eta ondoren euskarazko hitzak txertatzen ditut. Egunerokotasunean entzuten dudan musika ingelesezkoa da. Lantzen dudan musika, sonoritatean, hori da, eta sortzen zaizkidan hitzen zirriborroek ingelesaren pareko fonetika izaten dute. Lehen, zirriborro horiek ingelesez abestutako kanta bilakatzen ziren. Eta, egun, saiatzen naiz euskararen aldeko apustu handiagoa egiten.
Soul eta funk musika joerak nabarmentzen dira. Zure belaunaldikoen artean retro hartzen zaituzte? Zure lagunek bestelako estiloak entzungo dituztelako diot.
Egia esan, inguruan musika estilo hori entzuten duen jende asko ez dago. Erreferente mitikoak izan nituen garai batean, Adele eta Amy Winehouse, baina indie-soul kutsuko artista ezezagunago batzuk topatzen joan naiz gaur egun. Estilo horren aldeko apustua egin dut. Retro musikarako joera hori izan dezaket, bai. Arima zahartxo bat izango dut barrenean sartuta.
Esaidazu kantuarekin hasten da diskoa, baita zuzenekoa ere. Ta ez dakit nola irakurri buru hori edo ni. Zalantza eta hauskortasuna aipatzen dira hitzetan.
Gatazketan bestearengan jartzen dugu karga, askotan. Eta norbera? Zeure burua? Bada joera errua besteari botatzekoa. Berez, amodiozko kantua da. “Ez zaitut ulertzen” diogu, askotan, nork bere burua ulertzeko lanak izaten dituenean.
Barrura begirako hitzak gehiago irakurtzen ditugu orain garai batean baino. Lehen, gehiago zen norbaiti, zerbaiti, norbaiten alde edo zerbaiten aurka abestea. Orain, gai intimoak azaleratzen ari dira gehiago.
Bai, egia da. Aldarrikapen kutsukoak ziren gehiago aurreko belaunaldietan. Ez daukat horretarako erantzunik, baina azken belaunaldietan geroz eta gehiago ageri dira barrura begirako joerak. Kantuaren bidez edo beste jarduera artistiko batzuen bidez. Normaltasunari bidea ireki diogulako, akaso, edo behar hori dugulako, edo egungo bizimoduak hori eskatzen duelako.
Sentimendu horiek hitz bilakatzea asko kostatzen zaizu zuri?
Ez; egia esan, ez. Hitz bilakatzen direnean nire emozioen zergatira hurbiltzen naiz, eta eskertzen dut egoera horri hitzak jartzea. Erantzunak topatzen ditut, askotan.
Sormen-prozesurako baduzu joera zehatzik?
Lehen, gehiago zen gitarra hartu eta bilaketan ibiltzea. Melodia sortzen nuen eta hitzak txertatu ondoren. Azkenaldian ez naiz hain konbentzionala. Kalean noala melodia bat sortzen badut, hura grabatu egiten dut. Grabaturikoa entzun eta kantu bilakatzeko lanari ekiten diot gero. Saiatzen naiz sormenerako bidea ez errepikatzen. Emaitzak ezberdinak direlako.
Eta ideia horiek taldera eramaterakoan aldaketa handiak izaten dira?
Gitarrarekin sortzen dudanean, pop kutsukoak izaten dira gehiago. Eta melodiatik abiatzen naizenean, beste joera batekoak izaten dira.
Zuzenean gorputz adierazpenari erreparatuta, taula gainean oso ondo egoten dakizula antzematen da.
Batek baino gehiagok adierazi didate hori. Txikia nintzenetik dantza egin dut. Emanaldira gonbidatu genuen dantzaria txikitako dantzakide dut. 4 urte nituenetik dantzatzen egote hori lagungarria izaten ari zait orain. Ez dut mugimendu horietan pentsatzen, horrela ateratzen zait.
Garai hauetan, jendeak oso baieztapen potoloak erabiltzen ditu. Zure kantu batean oso gogoko dudan argudioa topatu dut. Ez da baieztapen handia, airera botatako galdera bat baizik: Maitatzea besterik ba al dago?
Gau batean sortu nuen kantu hori, hitz potolo horiekin halako frustrazioak eraginda. Sare sozialetan nabarmentzen den joera hori ez dut oso gogoko. Eta, azkenean, zer da garrantzitsuena? Maitatzea, ezta? Zerk egiten gaitu zoriontsu? Niri, behintzat, maitatzeak eta maitatua sentitzeak. Bizikidetzan maitasuna oinarri izatea aldarrikatu nahi dut kantu horretan.
Uste ustelak kantuan ageri da esaldi hori; hurrengo emanaldia non izango duzue?
Maiatzaren 4an Hernaniko Biterin ariko gara.
Bada beste esaldi bikain bat, handitasunetik urrun dagoena: Bide xumeak zeharkatuz, bakea bilatuko dugun ziurtasunez.
Hori da; handitasunaren eta epikotasunaren garaian, xumetasuna izan daiteke irtenbidea. Norberarentzat onena bada, bide hori jarraitu behar da. Xumea gauza handia da.
Zorterik onena, Sara.
Eskerrik asko.