Santa Luzia, argia eta bizia

F. Javier Arrieta Idiakez

Abenduaren 13an ospatzen da Santa Luzia. Esaera zahar asko ari dira egun horretaz. Guk horietako bati helduko diogu: Santa Luzi, gaua moztu eta eguna hazi. Bada, egun hori da urteko laburrena, eta hortik aurrerakoak luzatzen joaten dira.

Luzia izenak argia esan nahi du. Argia biziarekin lotzen da, iluntasuna heriotzarekin bezala.

Santa Luzia martiria izan zen. Arimaren argitasunak eman zion indarra torturatzaileei aurre egiteko. Txiroen artean banatu zituen bere ondasun guztiak eta uko egin zien handikien asmoei. Horixe bere errua. Begiak atera arren ere, ikusten jarraitu omen zuen, gauza guztien gainetik bizitzeko kemena eta indarra zituelako. Horregatik, jostunek zaindaritzat dute.

Santa Luzia egunez, 1906an, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako foru aldundiek Ekonomia Ituna berritu zuten, hirugarrenez, Espainiako Gobernuarekin.

Ez dakit argi handirik ote dugun etorkizunari Santa Luziak bezain kementsu begiratzeko. Eguna noiz luzatuko zain gauden honetan, ugari dira gauaren iluntasunean ezinean bizi direnak; alegia, gaur egungo martiriak.

Jostun abilak beharko genituzke itun berriak ondo josteko: itunak aberastasuna sortu eta behar den moduan banatu ahal izateko, guztion ona xede izanik, bakean eta pozik bizi ahal izateko. Besterik ez eta hainbeste, aldi berean. Baina, horretarako, ikusi gabe sinetsi beharko genuke. Begirik gabe, arimari erreparatu beharko genioke, konturatzeraino badirela beste milaka eta milaka arima, norberarena baino ez gutxiago, ezta gehiago ere. Akaso, gure artean horrela nagusituko dira argia eta bizia.