Reyes Ilintxeta: “Komunitatea indartu behar dugu”

Nafarroako saltsa mediatiko askotako perrexila da Reyes Ilintxeta Jimenez kazetari iruindar euskaldunberri eta erdaldunzaharra: Euskalerria Irratia, Argia, Hamaika telebista, Ze berri? eta Dario de noticias-en aritzen da egun. Artzapezpikutzaren La verdad besterik ez zaio falta, ia. Hainbatetan, euskara hutsean dihardu. Zenbaitetan, gaztelaniaz, euskaldunen eta erdaldunen hizkuntza komunitateen artean zubi lanak eraikitze aldera. Berriki, 60 lagun elkarrizketatu ditu pandemiaren ondorioei buruz, Hamaika telebistako Altxa burua! saiorako.
Zenbatu al duzu zenbat hedabidetan egiten duzun lan?
Une honetan, bostetan. Garrantziagatik hasita, Euskalerria Irratia, horixe baita nire lanbide nagusia. Gero, Ze berri? aldizkaria. Eta gero, kolaborazioak egiten ditut Argia aldizkarian hiru astean behin; eta Diario de noticias egunkarian, astean behin. Eta orain, azken bolada honetan, saio bat egiten ari naiz Hamaika telebistarekin, hemen, Nafarroan. Altxa burua! izeneko saioa. Baina hori gauza puntual bat da. Hamasei ataleko sail bat. COVIDaren eraginaren inguruko elkarrizketak dira.
Artzapezpikutzaren La verdad aldizkarian kolaboratzea besterik ez zaizu falta.
Bai, ea deitzen didaten egunen batean.
Irratia, idatzizkoak, telebista. Zein da gehien gustatzen zaizun medioa?
Irratia. Irratia oso berezia da. Nire lan esperientzia gehiena irratian garatu dut. Idatziz ere oso gustura ibiltzen naiz, besteak beste denbora gehixeago izaten duzulako gauzak pentsatzeko, forma emateko. Baina bat-batean aritzea ere asko gustatzen zait. Eta irratian horretarako aukera paregabea duzu. Telebista beste mundu bat da, oso zaila, askoz bitarteko gehiago behar direlako.
Eta zure jarduera multimedia horretatik, nola dakusazu Nafarroako euskal hedabideen ekosistema?
Betiko moduan. Prekarietatean bizi gara. Lan izugarri ona egiten ari garela iruditzen zait. Oso profesional onak dauzkagu. Eta lan egiten ari gara izugarri azkar eta izugarri ongi. Hala eta guztiz ere, hor gertatzen da euskararekin oro har gertatzen den bezala: batzuek pentsatzen dute abantailarik ez zaiela eman behar euskal hedabideei. Baldintza berdintasuna aldarrikatzen dute guztientzat, zaku berean denak sartzea delakoan berdintasuna eta askatasuna. Eta hori tranpa bat da. Gure unibertso potentziala askoz txikiagoa da, gure baliabideak askoz urriagoak dira, eta baldintza horietan ezin gara lehiatu erdal komunikabideekin. Tranpa horretan eroriz gero, akabo. Argudio horiek erabiltzen ari dira gizartea konbentzitzeko, sinestarazteko guri ez digutela dirulaguntzarik eman behar eta abar.
Halakoetan, Euskalerria Irratiko zuzendari historiko Mikel Bujandak maiz zerabilen analogia etorri zait gogora: oihanean, lehoia eta gazela elkartu dira. Eta lehoiak liberalismoaren alde egin du: “Ez dugu inolako araurik behar, bakoitzak jan dezala gose denean, askatasun osoz”.
Hor dago tranpa. Kapitalismoaren eta liberalismoaren manta tranpati bat da hori. Printzipio horrek ez du balio. Hori ez da justua, bistan denez.
Nola ikusten duzu Euskalerria Irratia, hain zuzen ere, Mikel Bujanda erretiroa hartu berri duen honetan?
Euskalerria Irratiak jada ibilbide luze bat du, 30 urtetik gorakoa. Heldu den urtean 30 urte beteko ditut hemen, irratian. Eta lehenagotik zen emititzen hasia, noski. Fase berri batean sartuta gaude. Hainbat fase eduki ditu irratiak. Horietako bat, oso luzea, ia amaiezina, lizentziarik gabekoa. Hogeita zortzi urte luze eman genituen emititzeko baimenik gabe. Azkenean, lortu genuen, eman ziguten, iritsi zen. Eta beste fase batean sartu ginen. Orain, beste fase berri batean sartzen ari gara. Batetik, Mikel Bujanda jubilatu delako. Eta horrekin batera irratia berregituratu dugulako. Gaztetu egin dugu lantaldea. Eta irratiko tresneria ere berritzen ari gara, garai berrietara egokitzeko. Horretan aurrerapauso garrantzitsuak ematen ari gara. Fisikoki ere berrikuntzak izan ditugu gure betiko egoitzan. Eraikina birgaitzen ari dira, eta hamar hilabetez kanpotik, beste leku batetik, emititu behar izan dugu. Estudio bat muntatu behar izan dugu beste leku batean. Eta orain itzuli berri gara Irrintzi Dorrera. Horrek ere erakusten du fase berri batean gaudela. Irrati komunitario bat gara. Gure bazkideak eta gure kolaboratzaileak gure altxorra dira. Haien ekarpena oso garrantzitsua da. Eta oso garrantzitsua da kolaboratzaileen artean ere jende gaztea edukitzea, ekarpen berriak, ikuspegi berriak integratu ahal izateko.
“Komunitarioak garela erakutsi digu pandemiak: ez dezagun ahaztu, indar dezagun komunitatea”
Trantsizio digital bete-betean gabiltza. Nornahik egiten ditu podcastak, eta zabaltzen ditu sare sozialetan. Ingurumari horretan, zer demontre egin behar dugu irratiok, bereziki irrati txikiok?
Hori da komunikabide guztiok daukagun buruhaustea, komunikabide guztiok egin behar dugun gogoeta: nola egokitu garai likido eta digital berri hauetara. Komunikabideak jada ez dira eskema zahar eta zurrunen araberakoak. Denak gara multimedia, gero eta gehiago. Eta hori ezin dugu ahantzi. Are gehiago, guk bultzatu behar dugu hori. Kontziente izan behar dugu guk prestatzen ditugun edukiak jendeak gero erabiliko dituela nahi edo ahal duenean. Irratia gara eta segitu behar dugu izaten. Oraindik jende askok modu tradizionalean kontsumitzen baitu irratia, FMaren bitartez, irrati aparailuen bitartez kautoan, sukaldean edo telefonoan. Baina jende gero eta gehiago ari da kontsumitzen on line, nahieran eta abar. Fronte guztiak atenditu behar ditugu. Baina jendeak gero eta gehiago formatu multimediak eskatzen dituela ahaztu gabe: testua, audioa, argazkiak, bideoak uztartzen dituena, loturak, konexioak beste eduki batzuekin. Hori dena integratu behar dugu, eta azkar mugitu behar dugu, azkar eta ongi. Eta jarri behar dugu euskarazko komunikazioa erdigunean. Horregatik da oso garrantzitsua ez lasaitzea, beti egotea erne, beti egotea bila, gauza berrien bila.
Argia aldizkarian hiru astean behin elkarrizketa argitaratzen duzu. Irudipena daukat elkarrizketa lasaiago horiekin bereziki gozatzen duzula.
Bai; batez ere, elkarrizketa horiek aukera ematen didatelako gauzak polikiago pentsatzeko eta prestatzeko. Informazioa beste modu batean egituratzeko. Irratian beste modu batez lan egiten dugu, azkarrago.
Dagoeneko pertsona asko elkarrizketatu dituzu. Zein izan da interesgarriena?
Oso zaila da hori esatea. Agian, zu zeu [kar, kar, kar]. 150 elkarrizketa baino gehiago egin ditut Argia-rako…
Hau da, ni zure elkarrizketatuen artean egoteak ez du meritu handirik.
Maiz esaten dut nire lagun guztiak elkarrizketatu ditudala jada. Harrobia bukatzen ari zaidala.
Diario de noticias egunkarian zutabegintzan gaztelaniaz diharduzu. Zer moduz sentitzen zara zeregin eta hizkuntza horretan?
Bikain, ni erdaldunzaharra naizelako.
Euskaldun berria, alegia. Zenbat urterekin hasi zinen euskara ikasten?
Unibertsitatean hasi nintzenean, 18 urte ingururekin. Aldi berean hasi nintzen unibertsitatean eta auzoko euskaltegian, AEKn.
Nola ikusten duzu euskarari dagokionez panorama Nafarroan?
Konplikatua, oso, oso, oso konplikatua. Jakina da teorian euskaldun gehiago gaudela, euskaraz dakien jende gehiago dagoela, baina gero, erabileran hori ez da ezagutzen. Bestalde, hor dago kontrako jarrera dutenen multzo hori, hazten ari dena.
Inflexio puntu bat dago hor: joan den legealdian hazi egin zen.
Bai, oso esanguratsua da. Konparatzen badituzu 2016ko datu soziolinguistikoak 2018koekin, hor igoera nabaritzen da. Eta oso kezkagarria da.
Nola eman dakioke buelta horri?
Oso konpliktaua da. Nola prestigiatu euskara, nola egin beharrezko, praktiko, baliotsu. Hori oso zaila da indar batzuk saiatzen ari direnean kontrakoa egiten: euskarak ez dezala ezertarako balio, eta ez dezala inolako prestigiorik eduki. Oso konplikatua da egoera. Euskaldunon aldetik, istorioa betikoa da: inork baino gehiago egin behar dugu lan, inork baino hobeki, inork baino azkarrago. Hori da exijentzia euskaldunontzat.
“Ez dirudi sindemia hau azkena izanen denik: ikas dezagun akatsetatik, ez zaitezen errepikatu”
Zenbait erdaldunek euskararekiko duten jarreraz ari gara. Eta zuk zubi lana egiten duzu bi hizkuntza komunitateen artean, Ze berri? aldizkariaren bitartez.
Ze berri? oso ekimen interesgarria da. Duela 25 urte sortu zen. Udalarteko euskararen aldeko argitalpen bat da, doan banatzen dena toki pilo batean. Nafarroan 90.000 ale baino gehiago banatzen ditugu. Bi hilean behin. Doan. Eta gehien-gehienak etxeetara bidaltzen ditugu. Gaztelaniaz dago idatzita, batez ere. Atal batzuk baditu euskaraz. Gaia beti da euskara. Euskararen inguruan zer egin den historian barrena, zer egiten den gaur egun, eta zer egin daitekeen etorkizunean. Zer lortu nahi dugun horrekin? Bada, jendeari esan hemen dagoela euskara, hemen egon dela betidanik, hemen egonen dela etorkizunean ere. Eta zeinen interesgarria den euskaraz egiten dena, eta zenbat gauza egiten diren euskaraz. Batzuetan, irudipena dugu euskaldunok egiten ditugun gauzak euskaldunon artean gelditzen direla, eta erdaldunek ez dutela haien berririk jasotzen. Haiei esan behar zaie zertan ari garen. Aldizkari honen indargunea da toki askotara iristen dela, erdaldun askoren etxeetara, deitu gabe ere.
Etxe askotan sartzen da, ia konturatzeke.
Hori da; posta kutxatilan sartzen da eta hortik etxeetara egiten du salto. Batzuetan, ireki eta irakurtzen dute; beste batzuetan, agian, ez. Agian, zuzenean zakarrontzira botatzen dute. Baina etxeetan, behintzat, sartzen da.
Zeinen garrantzitsua bi hizkuntza komunitateen arteko zubi lan hori, euskararen aldeko gehiengo sozialak lortze aldera.
Sentsibilizazio kanpaina handi bat da, erraldoia, eta etengabea, hilean behin egiten dena, eta oso emaitza ona ematen ari dena. CIESen azken azterketen arabera, 40.000 irakurle baino gehiago dauzkagu. Egun Nafarroan ale gehien argitaratzen dituen argitalpena da, irakurle kopuru ikaragarria ere baduena. Pentsatu nahi dugu zerbait ongi egiten ari garela.
Bereziki, zuzendaria ari da ongi, Reyes Ilintxeta Jimenez andrea.
Ni kazetaria naiz. Nire nagusiak argitalpenaren gibelean dauden udal horiek guztiak dira, haien Euskara teknikarien bitartez. 65 udalerri.
Telebistan lehen urratsak egiten ari zara, Hamaika telebistan pandemiari buruzko saioa eginez: Altxa burua! Elkarrizketa andana egiten ari zara.
Hirurogei lagun elkarrizketatu ditut, hamasei ataletan. Hasiera batean, gaizki ulertu nuen kontua. Esan zidatenean hamasei atal zirela, uste izan nuen hamasei elkarrizketa eginen genituela. Baina gero, lanean hasi eta askoz gehiago egin genituen: “Zergatik ez dugu hitz egiten honekin eta bestearekin?”. Animatu egin ginen, asko. Eta 60 elkarrizketara iritsi ginen. Gai askoren inguruan mintzatu gara. Uste dut emaitza oso interesgarria dela. Gainera, lantaldea oso ona da. Ez nuen telebistaren mundua ezagutzen, eta animatu nintzen ideia polita zelako eta, batez ere, lantaldea ikaragarria zelako. Ander Lanasekin eta Zoe Martikorenarekin lan egin dut. Ikaragarri onak dira biak.
Azkenean, pandemiaren ondotik, pertsona hobeak al gara?
Bistan da pertsona hobeak ez garela. Baina orain da momentua hausnarketa asko eta asko egiteko. Irakaspenak atxikitzeko. Oso azkar ahazten ditugu gauzak. Hilabete gutxi barru, gauza pilo bat atzenduta izanen dugu. Orain da momentua erdigunean jartzeko irakaspen batzuk. Esate baterako, zaintza lanak, emakumeen papera, lanaren prekarizazioa, aberatsak zirenak nola aberastu diren gehiago, pobreak zirenak nola pobretu diren gehiago, nola jokatu dugun haurrekin, nola gaztetxoekin… Hori guztia orain oso ongi pentsatu behar dugu, etorkizunean akatsak ez errepikatzeko. Hau sindemia ikaragarria izan da, baina ez dirudi azkena izanen denik, ezta gutxiagorik ere. Horren atzean jokamolde globala dago, planetarioa. Klima aldaketa ere lotuta dago horrekin. Pentsatzekoa da etorkizunean antzeko egoerak biziko ditugula, behin baino gehiagotan. Hori iristen denean, ongi legoke argi edukitzea zer egin dugun ongi eta zer gaizki, akatsak zuzendu ahal izateko.
Oso atal polita egin zenuten sortzaileekin.
Atal bat baino gehiago. Musikariekin bat, arte eszenikoetako sortzaileekin beste bat, eta gero, beste bat idazleekin eta argitaletxeetako arduradunekin.
Pandemian genioen sormenak salbatu gintuela eta etorkizunean gehiago estimatuko genituela sortzaileak eta haien lana.
Begira, alde horretatik, gauza zenbait ikasi ditugula esanen nuke. Sortzaileen lana orain gehiago estimatzen dugu. Ostalariena ere bai. Eta ikasi dugu buruz buruko harremanak zein garrantzitsuak diren. Guztiok egon gara itxita, etxean bakartuta. Eta badakigu zein gogorra izan daitekeen hori. Batzuk oso eroso egon dira euren sare sozialekin eta. Baina beste askok oso gaizki pasatu dute, eta ikusi dugu zer gertatu den adineko jendearekin, bakarrik bizi diren pertsonekin. Gure espiritu komunitarioa indartuta atera dela uste dut. Eta are gehiago indartu beharko genuke.
Hirurogei lekukotza jaso dituzu. Zein izan da argigarriena, espero ez zenuen zerbait ikustarazi, ulertarazi dizuna?
Haurrak izaten dira argien hitz egiten dutenak, baita gaztetxoak ere. Orain, burura datozkit Chill Mafia taldeko Irene Cervantes eta Flako Fonki.
Zeinen zintzo aritu ziren elkarrizketan.
Bai, eta oso egiatiak izan ziren. Hori oso eskertzekoa da. Beste gazte batzuk ere bai: Mikele, Jon eta beste zenbait. Buruan zutena eman zuten, filtrorik gabe, eta oso interesgarria izan zen. Adinekoen lekukotzak ere bai; Koro Sabandorena, esate baterako. Momentu batzuk oso hunkigarriak izan dira.
Une batzuk hunkigarriak, eta beste batzuk barregarriak, aktorearena ere egin baituzu saio honetan.
Zenbait sarrera eta irudi oso zozoak geratzen zirela iruditzen zitzaidan, eta hasi nintzen graziaren bat egiten. Tontakeria horiek guztiak sartu dituzte saioan, eta ongi gelditzen dira.
Antzerkiaren mundutik baitzatoz.
Hori da; antzezle, monitore eta zuzendari izan naiz. Gurutze Plazako Institutuan hasi nintzen antzezle, 15 urterekin. Gero, talde independenteetan hasi nintzen, eta gero, monitore eta zuzendari aritu nintzen Iturrama institutuan.
Kazetari, ekarri titular batera Altxa burua! saiotik atera dituzun irakaspenak.
Ez dezagula ahaztu ikasi dugun apur hori. Eman diezaiogun balioa komunitateari eta bizitzari. Ez utzi liluratzen kapitalismoak saldu nahi digun guztiarekin. Osasun alorreko aurrekontuak eztabaidatzen direnean, mesedez gogoratu nola ateratzen ginen guztiok balkoietara