Raul: “Ezezagun izatetik mundu osoan kontzertuak ematera igaro nintzen”

Raul Fuentesek (Gasteiz, 1975) sekulako arrakasta izan zuen 2000. urtean, Sueño su boca kantuarekin booma izan ostean. Ordutik hona, musikan bere tokia egin du gasteiztarrak, beste erritmo batean.

2023an ez duzu ia atsedenik izan. Proiektu berririk baduzu esku artean?

Oraindik, Supreme Deluxekin batera sortu nuen azken singlea aurkezten ari naiz, Divinamente, eta bira betean nabil. Kontzertu batzuk eskaini ditugu dagoeneko, baina udan mordoxka bat ere izango ditugu. Gainera, single berria prestatzen ari naiz; beraz, ezin geldirik egon. Bideoklip berri bat ere laster kaleratuko dut! Uda ostean.

Musikaren industria erabat aldatu da azken urteetan singleen kaleratzeekin. Gaur egun, diskoa kaleratzea arraroa da, ezta?

23 urte daramatzat musikaren munduan, eta, hasi nintzenean, single solte bat ateratzea oso-oso arraroa zen. Jendeak 10-12 kanturekin osaturiko diskoak kaleratzen zituen. Gero, banan-banan promozioa egiten saiatzen zinen, komunikazioak gehiagorako ematen ez zuen arte. Baina beste xarma bat zuen. Zure esentziaren eta arimaren zati bat uzten zenuen album baten. Historia, bizitza eta sentimendu artistiko handiagoa transmititzen zenuen disko baten bidez. Gaur egun, azkar kontsumitzen diren singleak kaleratzen dira, eta hotzagoa da dena. Ia-ia artista ezagutzeko denborarik ere ez dizu ematen. Album baten, sarritan, artista biluztu egiten zen. Jarraitzaileekin eta zaleekin harremana gertukoagoa zen gaur egungoa baino.

Sare sozialek zerikusi handia izan dute aldaketa horretan?

Noski. Eta, era berean, jarraitzaileekin dugun gertutasun hori lortzeko bide berri bat zabaldu da. Eguneroko komunikazioa izan dezakezu haiekin; oso zuzena, gainera. Egia da ere sare sozialetan zure izaera biluztu dezakezula, maila profesionalean zein pertsonalean. Oreka lortzea da gakoa, betiko jarraitzaileak mantentzeko oso garrantzitsuak baitira sare sozialak.

Zer moduz moldatzen zara zu sare sozialekin?

Gutxi gorabehera… Onartu behar dut dibertigarria dela niretzat, ez dudalako soilik profesional mailako informazioa ematen. Lagunekin eta familiarekin ditudan topaketak ere partekatzen ditut. Lanaren zati bat da, baina niretzat eguneroko moduko bat da. Lehen, eguneroko baten idazten nituen nire sentimenduak; orain, argazkien bidez adierazten dut hori.

Atzera begira jarrita… zuk bai hasi zenuela milurtekoa gorenean… Sueño su boca abestiaren boom hura nola bizi izan zenuen?

Bizitza modu erradikalean aldatu zitzaidan. Ametsa egia bihurtu zitzaidan. Nik ez nuen uste lortuko nuenik, egia esateko. Baina bizitzak sorpresa ugari ditu gordeta, eta, batzuetan, ateak irekitzen zaizkizu. Bi aldiz pentsatu gabe egin nuen, jakin gabe oso ondo nora egiten nuen jauzi. Ni langile-familia xume batetik nator, eta espektakuluaren eta musikaren mundua oso urrun gelditzen zitzaidan. 25 urte bete berri nituen, eta mundua jan nahi nuen, baina bi hilabeteren bueltan bizi izan nuen egoera zoratzekoa izan zen. Ezezagun izatetik mundu osoan kontzertuak ematera igaro nintzen.

Hasiera meteoriko haren ostean, atsedenaldia hartu behar izan zenuen…

Lehenengo bi albumen eta biren ostean izan zen. Bi urte haietako erritmoa oso gogorra izan zen. Bi disko jarraian kaleratu nituen, eta Hego Amerikara, Mexikora eta AEBetara ere joan nintzen bira egitera. Txikituta sentitu nintzen; galduta, nolabait. Ez nuen ezetz esaten jakin, eta bi urteren ostean gorputzak atsedena eta lasaitasuna eskatu zidan. Lortutakoaz jabetzeko ere ez nuen denborarik izan. Kate baten zerrendetan edo herrialde baten lehenak ginela esaten zidaten, eta nik banekien hori oso garrantzitsua zela, baina ez nion zuen balio hori ematen. Beraz, atseden sasoi hartan, nire bizitza nola aldatu zen aztertzen hasi nintzen, lortutakoari balioa eman nion eta etorkizunean norantz jo nahi nuen erabaki nuen. Nire bizitza pertsonalaren zati handi bati uko egin behar izan nion hasierako bi urte haietan, eta mugak jartzea erabaki nuen.

Eurovision jaialdira joateko zorian izan zinen 2000. urtean, eta 2014an ere jaialdira joateko saiakera egin zenuen. Arantzatxo bat duzu hor?

Bai, aitortzen dut baietz. Eurovisionek musikaren ateak ireki zizkidan, eta betidanik izan naiz jarraitzaile sutsua. Emozio horiek bizitzea gustatuko litzaidake. Beste modu baten bizi izan ditut, baina arantzatxo hori dut, bai. Gaur egungo musika joera berriekin, eta indartsu datozen artista gazteekin, zail ikusten dut Eurovisionen nire lekua egitea…

Gaia aldatuta, pandemian sasoi gogorra igaro zenuela aitortu zenuen elkarrizketa batzuetan. Arlo profesionalean bakarrik ala pertsonalean ere bai?

Egia da ordurako bizimodu lasaiagoa neramala eta ez nituela horrenbeste kontzertu ematen. Egoera zaila zela ikusten zen, eta emanaldi guztiak bertan behera gelditu zitzaizkidan, bira bete-betean. Agertokietan eta jaietan izan nahi zaituenak berriro deitzen dizu hurrengo urtean. Horrela izaten da. Modu pertsonalean bai bizi izan nuela larritasuna. Mundu mailako egoera izan zen, eta bakartasun egoerez asko jabetu nintzen. Baina, apurka, normaltasunera itzuli ginen, eta profesionalki indartuta atera nintzela esango nuke. Gaur egun, ezkontzetarako edota ekitaldi pribatuetarako kontratatzen naute, adibidez. Ez dut ulertzen nondik ateratzen duten dirua horrenbeste jendek…

Urteak daramatzazu Gasteiztik urrun, baina noizean behin bertako energia xurgatzera etorri behar duzula aitortzen duzu…

Etxera itzultzea hutsetik hastea bezala da. Kaka guztiak bazter baten uzten dituzun momentua da. Familiarekin eta lagunekin elkartzeko unea da. Erlaxatzeko unea. Madrilgo errealitatetik deskonektatzeko aukera ematen dit. Arnasa hartu eta pilak bete-bete eginda itzultzen naiz lanera.