Raquel Torres: “Txonipunk’ umorea egiten dugu, feminista, politizatua eta lizuna”

Bakarrizketen eta mikrofono irekien munduan lekua egiten ari da Raquel Torres (Madril, 1988), Ane Lindanerekin batera, Despotorre show berritzailearekin.

Despotorre show-k bi urte bete ditu. Zer da Despotorre?

Ane Lindanek eta biok sortu dugun komedia/standup showa da. Despotorropen ere badugu, emakumeentzat eta genero disidentzientzat mikro irekia. Beste umorista batzuei tokia eman nahi diegu, eta hilean behin Bilboko erdialdean antolatzen dugu. Bertako umoristek euskaraz zein gazteleraz egin ditzakete bakarrizketak. Eta hirugarren, Despotorren dago: horrenbeste potorro-rekin jendeak egin duen nahastea da; kar-kar!

Zein umore mota egiten duzue Despotorre-n? Iragazkirik gabekoa?

Txonipunk umorea esaten diogu, txoni bat eta punk bat garelako. Era berean, umore feminista, politizatua eta lizuna ere bada. Ni baldarra eta traketsa ere naizela esaten dute.

Nola sortu zen Ane Lindaneren eta zure arteko harremana?

Bakarrizketen lehiaketa berean parte hartu genuen, eta ez genuen irabazi. Porrotak asko batzen du. Ia ezagutu gabe, batera lan egiten hasi ginen, eta dagoeneko bi urte daramatzagu. Elkar ezagutzeak asko eman digu umorista gisa; hazi egin gara, eta, esaterako, Bilborock aretoan showak antolatzera ausartu gara, eta Despotorre Madrilgo Galileo Galilei areto mitikora eraman dugu.

Extremaduran urte dezente bizi izan zara. Zer eman dizu Euskal Herriak hemen gelditzeko?

Madrilen jaio nintzen, Extremaduran urte asko eman nituen eta hangoa sentitzen naiz. Bilbon %100ean gozatzen ikasi dut, eta nahi nukeena baino euri gehiago ikusi dut ere.

Nola heldu zinen bakarrizketen mundura?

Umorera jauzia eman nuen, aktore moduan denbora gehiago eman nuelako zakilak baino gehiago kaka jaten.

Gero eta emakume gehiago ikusten ditugu bakarrizketetan. Hala ere, hedabide nagusienetan egoera ez da bera…

Eskerrak gero eta gehiago garen. Izan ere, oraindik ohikoa da zakilen festa bat diren programazioak eta kartelak edonon ikustea. Eta inor ez da harritzen horietan ez dagoelako emakumerik…

Zeintzuk dira zure erreferenteak umorearen alorrean?

Ez dut erreferente argirik. Lina Morgan bururatzen zait: aktorea, umorista, abeslaria, vedettea… Dena aldi berean nahi izate horrek ordezkatzen nau.

Show baten gertatu zaizun anekdota bitxirik?

Mendabiako jaietan gertatu zitzaiguna gogoratzen dut. Azoka erdian jarri zuten agertokia; umeak alboan, Bob Esponjaren puzgarrian saltoka, atzean autotxokeak zarataka, eta aldamenean txurro-dendako kea gure gainera etortzen. Zoragarria izan zen.

Bilboko publikoa nolakoa da?

Berotasuna transmititzen digun eta gure txiste guztiekin barre egiten duen publikoa dugu. Batzuetan, arraroa egiten da, txiste berekin Madrilera joaten naizelako eta aho bete hortz geratzen direlako niri begira. Bilbon ezberdina da giroa.