Ramon Agirre: “Sorkuntza, hori izan da nire ofizioa”

Nazioartean arreta handia bereganatu duen La casa de papel telesailaren bosgarren denboraldia grabatzeari ekingo dio. Bitartean, hain maitea duen sorterrian, Gu, primer! antzezlana aurkezteari ekin dio Inazio Tolosa eta Nerea Gorritirekin batera.

Eskerrik asko, Ramon, TTAPen gonbidapena onartzeagatik.

Gustura etorri naiz.

Ez dakit haur zinela zer izan nahi zenuen, baina Arkitektura ikasi zenuen eta zure lan ibilbide osoa kulturaren bidetik egin duzu…

Bai, ez da hain harrigarria. Ez da hainbesteko jauzia. Txikitan etxean, besteak beste, ondo marrazten nuen, eta, hortik tiraka, diseinuaren alderdi hori oso gogoko nuen. Badago beste alor bat arkitekturan kalkuluarekin harremana duena eta oso inportantea dena… Hori ez nuen hain gogoko. Arkitektoarena ofizio sortzailea da, arte ederretako bat da. Sorkuntza, hori izan da nire ofizioa.

Modu naturalean hartu zenuen arte eszenikorako bidea?

Antzerkia gogoko nuen, eta Parisen urtebete egin nuen. Arkitektura ikasten ari nintzela hartu nuen etenaldia izan zen. Antzerkigintza eta marrazkigintza, Parisen nire bi afizioak garatzeko aukera izan nuen. Marrazkian, bereziki komikia. Eta antzerkigintzari dagokionez, pantomimarekin hasi nintzen. Paristik itzultzean, antzerkigintza tokia irabazten joan zen.

Arkitektura, Paris, hiria… Jakin badakit oso gogoko duzula Koldo Izagirre idazlea. Parisen bizi naiz poesia liburua idatzi zuen, hiriaz eta bazterrekoaz: Parisen bizi naiz / Marrutxipi izeneko auzoan / non ote nagoen oraintxe galdezka nire buruari / zer hiri mota den hau… Zer-nolako Donostia da Ramon Agirreren begietara agertzen dena?

Donostia asko maite dut, oso donostiarra sentitzen naiz. Ez danborrada eta elementu klasiko horiengatik. Erreala eta… bai, ni futbolzalea ere banaiz. Donostia oso hiri atsegina izan da. Itsasoa du, mendia… bizitzeko leku zoragarria da. Nire bizitza da. Igeri egiten ikasi nuen Ondarretan zegoen gabarroi moduko batean. Donostiarekin oso lotuta egon dira nire haurtzaroa eta gaztaroa. Beste leku batzuetara joaten hasten zarenean, Donostia bezalakorik gutxi. Donostia toki ederrenetarikoa iruditu izan zait beti. Donostia oso ederra da, eta bizitzeko oso atsegina izan da. Azken urteotan bizi kalitatea galtzen ari da, eta hori kezkaz ikusten dudan gauza bat da. Donostia aldatzen ari da, okerrerako, ia gauza guztietan.

Kezkatuta antzematen zaizu. Alde Zaharrean bizi zara, oker ez banago.

Bai. Alde Zaharra aldaketa gehien sufritzen ari den auzoa da. Gertutik ikusten ari naiz eta, esan bezala, bizi kalitatea jaisten ari da. Hiria kanpotarrei begira pentsatzen ari dira, eta horrek ez luke horrela izan behar. Hiria hiritarrentzat pentsatu behar da.

Urtarrilaren 30erako, Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak greba deitu zuen. Donostiako manifestaziora trenez joan ginen eta banketxe batean publizitatearekin topo egin nuen: Zu non, gu han. Manifestazioaren pegatina itsatsita zegoen, ondoan. Dibertigarria iruditu zitzaidan hasieran, baina gerora, beldurtu egin nintzen. Manifestazioan aurrera nindoala hara non topatu zintudan, Metroaren edo Topoaren aurkako pankarta baten atzean.

Metroarena ulertzen ez dudan beste kontu bat da. Beste askotan bezala, manifestazio hartan horren kontrako aldarri batzuk bota genituen. Beti bezala, oso umoretsu. Ingenio handiko esloganak dira. Dibertigarriak izaten dira metroaren aurkako manifestazioak. Metroarena ez da ulertzen. Neuk, behintzat, ez dut ulertzen. Hain obra erraldoia da, beharrik ez duena. Garestia… diru horrekin zenbat gauza egin litezkeen. Eta bizi dugun garaian, are absurdoago eta ulergaitzago bihurtzen da. Aurrera doaz.

Edozein lekutan aurki daitezkeen aktore onak dauzkagu hemen

Protesta egitea hain sanoa da, eta beharrezkoa. Beste garai batekoa dirudi, ordea. Badirudi ahaztu egin zaigula protesta egitea eskubide bat dela.

Bai, bai. Kalea berreskuratu behar da. Politika politikari profesionalen esku uzteko garrantzitsuegia da. Parte hartu behar da, eta kalea adierazpenak egiteko lekua da. Bada protesta egiteak ez duela ezertarako balio dioenik, baina nik uste dut baietz. Insistitu egin behar da, kalera atera eta ozenki aldarrikatu. Geldiaraztea ez bada ere, erdibideko gauzak lor daitezke. Jende asko dago Metroarena astakeria dela iruditzen zaiona. Kaleak badu bere indarra, eta berreskuratu egin behar da. Kalea ez da terrazan kontsumitzeko tokia bakarrik. Ibiltzeko, gozatzeko, elkartzeko eta gauzak adierazteko tokia da.

Tabakaleran gaude, Donostia 2016 egitasmoarekin lotuko den eraikina. Asko hitz egin daiteke orduko hartaz, baina esango nuke Shakespeareren Uda-gau bateko ametsa Kultur Hiriburuak utzi zuen hitzordu kuttunena izan zela. Gladys-Enean eskainitako antzezlan irekia izan zen, ikusle askoren gogoan iltzatuta geratu zena. Lan korala izan zen hura, euskal aktore ezagun askoren parte hartzearekin. Besteak beste, Ane Gabarain, Gorka Otxoa, Aitziber Garmendia, Sara Cozar, Joseba Apaolaza. Zein oroitzapen datorkizu zuri burura?

Gozamena izan zen. Denontzat, esango nuke: parte hartu genuenontzat, ikusteko zortea izan zuten ikusleentzat… 30 emanaldi inguru izan ziren, eta emanaldi bakoitzeko 100 ikusle inguru sartzen ziren. Pentsa, afari eta guzti eskaintzen zitzaien ikusleei. Ikusleek uste dut ez dutela erraz ahaztuko. Magikoa izan zen.

Ideia hura Fernando Bernuesena izan zen. Ez dakit zer zigarro klase erre zuen, eta, beharbada, ni ere tartean izango nintzen, eta halako ideia zoragarria izan zuen. Eta ez bakarrik ideia izatea, baizik eta burutzea. Lantalde zoragarria osatu zuen, ez bakarrik aktoreena. Teknikariak, musikariak…

Ez zen batere erraza, aire librean egiten zelako.

Oso-oso konplikatua zen. Abentura ikaragarria. Den-dena ondo atera zen. Eguraldiarekin suerte ikaragarria izan genuen. Miraria izan zen. Ezin hobeto atera zen. Fernando Bernues ausarta da. Antzezlan hori aurrera eramatea oso ausarta da.

Bitxia da. Nazioartera begirako egitasmo erraldoi batean tokiko ekoizpen batek halako arrastoa uztea. Paradoxikoa ere bada.

Oraindik ere konplexuz beterik jarraitzen dugula demostratzen da. Mundu mailako eta kalitatezko gauzak gai egiteko ote garen… eta horrelako ikuskizunek erakusten digute baietz, baliabideak egonez gero posible dela. Arte eszenikoetan, gremio guztietan, 20-30 urteko eskarmentua duen jendea dugu. Eta atzetik datozenak: zuzendariak, teknikariak, Patxo Telleria bezalako obren egokitzaileak… Badago giza materiala, eta bestelakoak, gauza handiak egiteko eta ausartak izateko. Eta, noski, euskaraz egiteko.

Ogibide askotan, ibilbide luzea egin eta gero eta adin batera iritsita, jende asko jubilazioan pentsatzen hasten da. Kulturgileak betiko zaretela barneratuta daukagu…

Nik ez dut lana uzteko gogorik, baina jubilatzeko asmotan nengoen birus alu hau etorri zen arte. Jubilazioa eskatzeko adina badut, eta ez naiz %100eko kotizaziora iristen. Eta orain telebista mailako proiektu handi bat dut esku artean. Hori egin eta beharrezkoa dudan kotizaziora iritsiko naizela pentsatzen dut.

Aurrera goazela dirudi.

Bai, hori dirudi. Zabaldu beharra dugu atea, eta pixkanaka hasi.

Zinema ibilbide luze horretan Euskal Herriko ekoizpen askotan parte hartu duzu, baita estatu mailako eta nazioarteko film gehiagotan ere. Aipagai direnak asko dira, baina bat Handia izan daiteke. Hanekeren Amour filma zuretzat lan polit bat izan zen. Almodovarrekin lan egin duzu, Julieta filmean. Meritua da zuzendari eta genero ezberdinetara moldatzen jakitea.

Interpretazio lanak dira, aktore baten zeregina. Zortea dut nire curriculumean badirelako halako harribitxi batzuk. Hori egiteko zortea izan dut. Ez dugu inongo konplexurik eduki behar, edozein lekutan aurki daitezkeen aktore onak daude hemen. Batzuetan, gainera, badirudi kanpoan lan egin behar dela zure lanari errekonozimendua aitortzeko. Pentsatzen dut toki guztietan gertatzen den gauza bat dela. Ez nuke esango hizpide dituzun lan horiek nire onenak direnik.

Arte eszenikoetan 20-30 urteko eskarmentua duen jendea dugu

Aipatu ditudanak, ordea, elkarren artean oso ezberdinak dira. Egokitu beharra dago film bakoitzera, eta horrek badu bere meritua.

Tokatu zait denetik egitea. Komedia, drama… Niretzat opari bat da frantsesez aritzeko aukera izatea. Oso dibertigarria da. Erdaraz ere, noizean behin. Dibertigarria da hizkuntzaz aldatzea. Ingelesez ere gauzatxo pare bat eginda nago. Ez diot beldurrik. Aktoreak horretan ausartak gara.

Badakit oso ariketa zaila jarriko dizudala. Baina ba al duzu kariño bereziarekin gogoratzen duzun ekoizpen bat? Musikal batean parte hartutakoa zara, besteak beste.

Musikala da generorik ederrena, baina hemen oso gutxi egiten dira. Aurrekontu eta azpiegitura handia behar da, eta horregatik hemen ez da ia musikalik egin.

Uda gau-bateko ametsa aipatu dugu lehen, eta antzerkiari dagokionez badago beste bat oso kuttuna dudana; ikusi zutenen artean zapore ona utzi zuen Bertold Brecht idazlearen Kreazko borobila antzezlanak. Iparraldeko eta hegoaldeko aktoreekin batera, Kubako aktore batek ere parte hartu zuen obra hartan. Euskaraz eskaini genuen, Itxaro Bordak itzulitako testuan. Oso ikusgarria zen, zuzeneko musikariekin. Aitor Furundarena, Pascal Gaigne… boskote zoragarria zen. Oso obra ederra. Ikusleak txoratzen ateratzen ziren. Obra hura harribitxi modukoa da niretzat.

Eta, kontrara, gaur egun hainbeste zabaldu den telesailen alorrean grabatzear zaude berriro ere nazioartean entzutetsu bilakatu den La casa de papel  telesailean.

Egun batetik bestera, laugarren denboraldiko azken bi kapituluetan parte hartzeko deitu ninduten. Meatzari asturiarrarena egiten dut, eta bitxia da, Itziar Ituño Auzitegi Nazionaletik erreskatatzen nuelako. Itziarri esaten nion, “joe, hau Euskal Herrian ikusten denean…”. Barre egiten genuen.

Nire pertsonaia hurrengo denboraldian mantenduko dute. Oso pozik omen daude egin dudan lanarekin, eta asmatu duten pertsonaia horrekin. Jokoa eman dezake eta bosgarren denboraldian egongo naiz.

Irismen handia duen telesail horrek ba al du lan egiteko garaian beste lanetatik ezberdin egiten duena?

Zailtasunak berberak dira. Handiagoa da muntaia, badakizu milioika ikusle izango dituela eta toki askora iritsiko dela. Baina, azkenean, Goenkale-n, Goazen-en eta hemengo telesailetan zailtasuna testua ikasi eta ondo egitea da. Hori ez da erraza, ez han eta ez hemen.

Ekoizpen aldetik erraztasun gehiago daude kamera gehiago dagoelako, ekoizle taldea bikoiztu egiten delako, eta autoz egunero jasotzen zaituztelako. Baina horiek ez dira garrantzitsuak. Produktu onena egiteko bakoitzak duen onena eman behar du.

Gidoi onak behar dira, eta hemen baditugu gidoilari onak eta errealizazio mailako profesional onak. Ekoizpena handiagoa da, baina lan sistema antzekoa da. Arrakasta non dagoen? Ez dakite, ez han eta ez inon.

Musikari garenok kantari ikusi nahi zaitugu, maizago. Putinen guardasola, Zazpi gezur txiki… antzerkiaren bidetik kantuan aritzeko aukera izan duzu. Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoen konpainiak hainbat diskotan abesteko aukera eman dizu.

Nik eman dezakedana hori da. Ni ez naiz beste munduko abeslaria…

Albaolaren historia biltzen duen Txo mikmak txikia ikuskizunean Plastiker pertsonaiaren paperean abesten duzuna mundiala da. Eta kantu horretan abestu egin beharra dago.

Gustura ibiltzen naiz.

Eta ondo, gainera!

Beno, nik ez dut hori esan behar. Lauzpabost alditan deitu didate eta oso gustura joaten naiz. Oso gogoko dudalako kantuan aritzea. Eta gehiago, interpretazio lana egin behar bada. Txakurrarena, edo maltzur eta gaiztoarena egin behar badut. Oso polita da.

Hemen gutxi egiten da. Musikaren eta umorearen arteko oso uztarketa ona da, eta ez da askotan egiten. Bide horretan prestatu berri dugu ikuskizun berria Inazio Tolosarekin eta Nerea Gorritirekin.

Aurreko muntaiekin loturatik ba al du?

Bai; Inazioren eta nire pertsonaiak mantentzen dira. Munduan zehar dabiltzan bi titiritero gara, eta oraingo honetan beste kide bat dugu. Zenbait pertsonaia egiten ditu, eta hiruron artean antzezlana osatu dugu. Berak ere teklatua jotzen du, ondo abesten du…

Zuk gitarra joko duzu, noski.

Bai, nik gitarra, beti bezala, eta Inaziok haize-instrumentuak.

Ez dugu antzezlanaren izena esan…

Gu, primer. Primizian kontatuko dizuet. 50 urte pasa dira eta NASAk paper batzuk desklasifikatu ditu. Paper horietan azaltzen da amerikarrak ez zirela Ilargira iristen lehenak. Baizik eta gu izan ginela. Bi euskaldun izan ginen Ilargira iristen lehenak. Baina gertatzen da arazo batzuk izan genituela, eta nola itzuli ez genekiela amerikarrek ekarri gintuzten. Eta horren truke hara iritsi izanaren egiletza amerikarrek hartu zuten bere gain. Baina orain 50 urte bete dira, eta, paper horiek desklasifikatu dituztenean, esan genezake euskaldunak izan ginela Ilargira iristen lehenak.

Gu, primer antzezlana, areto ezberdinetara egokitzeko modukoa.

Bai, aurrekoetan bezala. Ilusio handia dugu, Inaziok eta biok dagoeneko elkarrekin egiten dugun laugarren lana delako. Dinamika oso ondo hartu dugu, eta lan borobila dela uste dut. Nerea Gorritiren parte hartzearekin, leku guztietara joateko desiratzen gabiltza.

Ezin aipatu gabe utzi bizi dugun aro zaila, koronabirusak eragindakoa. Osasun mailako krisi honek kulturgintza kolpatu du. Taula gaineko lan asko kolokan, eta taularen bazterreko eta atzeko langile asko egoera prekarioan geratu dira. Kezkagarria da panorama.

Jende askori eragingo dio, gremio guztietan. Jendea eskean ari da eta badirudi gu beti negarrez gabiltzala, baina eskean ez. Ez dakigula eskatzen, hori dirudi. Ez dugu babes legalik ere. Orain ikusi da. Zerbaiterako baliagarria izan bada koronabirusaren historia hau, agintarien lehentasunak beste alde batetik doazela ikusteko baliagarria izan da.

Falta denean ikusten da zeinen garrantzitsua den kultura. Sortzaileak pixka bat gehiago zaintzen baditugu, ez naiz oso optimista, baina… badakit ireki ezinik dabilen tabernariak bere arazoak dituela, eta lehen baino auto gutxiago saltzen dituenak ere bai. Baina horiek ari dira eskatzen eta Renove plana eta laguntzak eskaintzen dituzte. Eta guri, izatekotan, apurrak. Ea gurea garrantzitsua dela ikusten den. Osasun mentalerako sortzaileek lan handia egiten dute eta horiek ere gosaldu, bazkaldu eta afaldu egin behar dute.

Hemengo aktore profesionalak ezagutzen ditut, aktore lana ogibidetzat dutena, eta datozen hilabeteetan gehienek oso-oso gaizki pasako dute. Hilabeteak, auskalo noiz arte. Beharbada, ozenago eskatu beharko dugu. Sikiera, dagokigun laguntza.

Legeak ere gure prekarietate eta ezegonkortasun hori bideratzeko aztertu beharko lirateke. Badira ereduak, Iparraldeko lankideek intermitentzia deitzen dena badute. Lanik egiten ez dutenean administrazioak babesa ematen die. Badira formulak, horrelako zerbait gertatzen denean ipurdi-bistan ez geratzeko.