Ramada Inn

Oñatiko musika taldea Mikel Marcok (bateria), Ander Etxanizek (baxua), Juan Vallsek (gitarra) eta Iñigo Ugartek (gitarra) osatzen dute. Pills for horses diskoa aurkeztu digute.

Bakarlari ezagutu zaitugu, Juan Valls izenarekin; oraingoan, zergatik taldean?

Bakarlari formatuaz aspertu egin nintzen. Aldaketa behar nuen, eta lagun batzuekin hasi nintzen taldean jotzen. Ordutik, taldekide berriak sartu eta beste batzuk irten dira, baina hor jarraitzen dugu, fresko-fresko.

Katapulta Tour programan parte hartuko duzue; gogotsu?

Bai, gogotsu. Aukera polita da. Antolakuntza, kontzertu eta ikusgarritasun aldetik punch interesgarria da guretzat.

Zer dakar zuen Pills for horses diskoak?

Interpretazio bikainak!

Aurretik kaleratu dituzun diskoekin alderatuta, aldaketarik badakar berriak?

Taldean abestiek eraldaketa handiagoa jasaten dute, askotariko ikuspuntu eta iritziak baloratzen direlako. Horrek guztiak musikari gisa asko laguntzen dit nire ideien irudi beteagoa bilatzeko eta aurkezteko.

Zuk sortu dituzu abestiak; alboan lantalde handia izan duzu, ezta? Ezagunak zaizkizun musikariak, gainera…

Bai; emaitza guztiona da. Esan bezala, nire ideiek erraz aurkitzen dute tokia horrelako lagun eta musikariekin.