Rakel Gamito: “Hezkuntzaz hausnartzeko aukera polita oparitu digu birusak”
Rakel Gamito Hezkuntza Zientzietan doktorea da, eta egun, UPV/EHUko Gasteizko Hezkuntza eta Kirol Fakultatean IKTetako irakaslea. Online bidezko irakaskuntzaz, hezkuntzak dituen erronkez eta koronabirus garaian irakasle eta gurasoen lanaz hitz egin dugu, besteak beste.
Rakel Gamito, ongi etorri TTAPera. Plazera da zurekin egon eta hezkuntzaz hitz egiteko aukera izatea garai interesgarri honetan. Koronabirusak hezkuntza hankaz gora jarri du, baina hausnarketa egiteko aukera ere eman digu.
Bai, zalantzarik gabe. Ez dakit interesgarria den hitza, baina bai dela egoera berezia. Azken asteetan bizitzen ari garen esperientziak eta biziko ditugunak erabat berriak dira. Argi dagoena da hezkuntzan beti egin izan den horrek ez duela beti funtzionatzen. Birusak hausnartzeko aukera polita oparitu digu. Gure esku dago aukera horri heldu eta benetan ikasteko aprobetxatzea.
Etxean ikasten ari dira milaka eta milaka haur eta gazte. Prest geunden teleikasketarako?
Ez geunden prest eta ez dakit noizbait prest egoteko aukera izango dugun. Ezohiko egoera bat da eta ez da guk erabaki dugun zerbait; hau da, ez dugu guk erabaki zerbait online egitea. Egia da gauza batzuk hobetu daitezkeela: irakasleen gaitasun digitala, ikasgelak IKTak txertatzea… Baina ibilbide luzea da, eta, kasu batzuetan, bidearen hasieran gaude. Bestetik, hezkuntza etapa bakoitza errealitate desberdin bat da. Ez da berdina Haur Hezkuntzaz edo Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzaz hitz egitea, ezta Lehen Hezkuntzako lehen maila edo seigarren mailaz aritzea ere. Bakoitzak bere behar eta bere erantzun propioa behar du, baina, hala ere, aprobetxatu behar dugu pixkanaka IKTak eskolaren errealitatean txertatzeko. IKTak gure bizitzaren errealitate bat dira, eta, ondorioz, eskolarenak ere izan behar dute. Gure irakasteko eta ikasteko moduak berritu eta egokitu egin behar dira, horrek lagunduko baitigu bizitzen ari garen egoera honi –edo etorri daitezkeenei– beste modu batera erantzuten.
Etorkizunean aurrez aurreko eta online irakaskuntza tartekatu beharko ditugula uste duzu?
Ez dakit. Azkenaldian mota guztietako iritziak entzun ditut. Batzuek diote hau aukera bat dela, eta beste batzuek, egoera hau berriro ez dela errepikatuko. Egia da berriro gertatzekotan prest egon behar dugula eta oso ondo aprobetxatu behar dugula denbora hainbat kontutan: metodologia aktiboak indartzeko, materiala sortzeko eta irakasleen prestakuntzari denbora eta baliabideak eskaintzeko. Askotan denbora falta izaten baita arazoa. Eta, noski, etapa bakoitzari ondo egokitzea ere bai.
Zeintzuk dira online irakaskuntzaren abantailak?
Kar, kar, kar. Batzuek esango dute lotarako denbora gehiago eta autoa gutxiago erabiltzeko aukera ematen duela! Horretaz gain, Lehen Hezkuntzari dagokionez, adibidez, ez dakit abantaila asko ote dituen online irakaskuntzak. Ni neu online irakaskuntzaren aldekoa naiz, oso, baina etapa horretan online irakaskuntzak ezingo du inoiz eman eskolak ematen duena. Eskola ez da bakarrik edukiak barneratzea edo gaitasunak garatzea; askoz gehiago da. Eskola lagunak, harremanak, sentimenduak eta emozioak ere badira eta hori onlinean galdu egiten da. Etapa nagusiagoetan, berriz –DBH, batxilergoa eta unibertsitatea–, nik ez dakit etengabe erabiltzeko metodo egokia den, baina aukera ematen du ikasten ikasteko. Zure prozesuan protagonismoa hartu, nola ikasten duzun hausnarketa egin eta zure estrategia propioak garatzeko baliagarria da. Noski, irakasle baten gidaritzapean eta gurasoen laguntzarekin.
“Irakasteko eta ikasteko moduak berritu eta egokitu egin behar ditugu“
Eta zeintzuk dira erronkak?
Irakasleen formakuntza ezinbestekoa da, eta aldeko jarrera izatea ere bai. Askotan ikusten da IKTen kontrako jarrera irakasleen aldetik, ez dutelako betiko hori aldatu nahi. Baina ikusten ari gara betikoak ez duela funtzionatzen, ez ikasgelan eta are gutxiago online eskoletan. Eskolek beraien IKTen politikak definitu behar dituzte; erronka polita dugu hor. Eskoletan lanketa bat egiten da erabakitzeko ze testu-liburu edo ze material erosten den. Gauza berdina egin beharko litzateke IKT baliabideekin. Irakasle horiek jakin behar dute zer-nolako IKT baliabideak erabiliko dituzten eta zergatik. Aukera zabala dago, eta eskola bezala zeren alde egiten duzun zehaztu behar duzu. Irakasle bezala online saio bat egiteko ze baliabide zehatz erabili behar duzun baldin badakizu, asko erraztuko da zure lana. Koronabirusaren krisi honetan milaka tresna desberdinekin aurkitu gara, ez dakigu zein den onena, gure bakardadean bat erabili dugu eta irakasle bakoitza tresna desberdin batekin ari da ematen klasea. Aurretik hori guztia definituta eta justifikatuta badago, aukera horiek kalitate handiagokoak izango dira.
Datorren ikasturtera begira gaude. Zer egin beharko litzateke, zure ustez?
Uste dut egin behar dugun lehendabiziko gauza ez zoratzea dela. Eta bueltatzen garenean, oso garrantzitsua iruditzen zait honetaz guztiaz hitz egitea. Nola bizi izan dugun, nola kudeatu dugun, zer-nolako bizipenak jaso ditugun… Ezin duguna da bueltatu ezer gertatu ez balitz bezala eta curriculumarekin buru-belarri jarri. Hezkuntza edukiak baino gehiago da. Hezkuntza pertsonak dira, eta pertsona horien ongizatea. Nire ustez, egin behar dena da honek guztiak mugitu duena mahai gainean jarri eta lantzeko aprobetxatu. Curriculumari dagokionez, uste dut ez dagoela formula bakar eta magikorik, baina ez hezkuntzan ez eta beste arloetan ere. Kasuan kasu aztertu behar da zer behar den: gela batzuetan heldu ahal izango zaio curriculumari arazorik gabe, eta beste kasu batzuetan iazko edukiak berreskuratu beharko dira. Moldatzeko prest egon behar dugu.
Zuk uste duzu denborarik izango dugula esperientzia honetatik ikasteko?
Hasierako etapetan ez dut uste. Agian, irakaslearen arabera, sakontzeko material gehiago bideratuko da online. Goi mailako ikasketetan, berriz, baietz uste dut, edo, behintzat, honekin lortu duguna da ulertzea online ikastea beste aukera bat dela. Lehen esan bezala, ez, beharbada, Lehen Hezkuntzan, baina bai ibilbide profesional bat duen pertsona batentzat, beti ezin iritsirik gabiltza eta. Gero eta zailagoa egiten zaigu hain garrantzitsua den etengabeko prestakuntza hori bermatzea. Online ikaskuntzak gure garapen profesionalean bizitza guztian zehar ikasten jarraitzeko aukera ematen digu. Koronabirusak ekarri duen egoera honek lagunduko digu ulertzen bi aukera daudela eta, agian, online eskaintza zabaldu daitekeela. Edo hori espero dut, behintzat.
“Aprobetxatu behar dugu pixkanaka IKTak eskolaren errealitatean txertatzeko”
Gurasoek beste protagonismo bat hartu dute seme-alaben ikasketetan. Zein izan beharko litzateke gurasoen egitekoa egoera honetan?
Gurasoen zeregin handiena lehentasunak markatzea dela uste dut. Ikasleak pertsonak dira eta etxe bakoitzeko egoera oso desberdina izan daiteke. Argi dago egoera konplikatua dagoen kasuan lehentasunak mantendu eta horretan zentratu beharko luketela –gaixotasuna–. Egoera ideala/egokia baldin bada, gurasoek gertu egon behar dute. Badakit zaila dela zenbait edukirekin, baina gertu egon eta umeari laguntzeko prest zaudela erakustea oso garrantzitsua da. Bestetik, ondo egindakoak aitortu behar zaizkio semeari edo alabari. Eta, batez ere, orain inoiz baino gehiago, lan egiten ari dela bermatzeaz gain, atseden hartzen dutela eta emozionalki ondo daudela ziurtatu behar dugu.
Irakasleentzat ere aldaketa handia ekarri du online bidez klaseak emateak, baina ezbaian jarri da zuen lana. Unibertsitateko irakasle zaren heinean, nola bizi izaten ari zara egoera hau?
Gogorra izaten ari da eta gogorra izango da. Unibertsitatean, adibidez, ikasturtea online irakasten bukatuko dugu, eta zalantzak ditugu ea irailean nola hasiko garen. Gogorra da, moldaketa asko egin behar direlako, koordinazio-lana ez delako batere erraza eta, gainera, hori guztia egun batetik bestera egin behar duzulako. Oso denbora gutxi izan dugu egin dugun guztia egiteko. Eta, gainera, gure lana zalantzan jarri da, eta ia beti zalantzan jartzen da. Nire ustez, herri bezala ez digu inolako mesederik egiten hezkuntza sistema zalantza jartzeak. Familien eta sistemaren konfiantza behar dugu aurrera egiteko. Horrek gogorrago egiten du gure lana. Unibertsitateak berak gure lana jarri du zalantzan. Eta hori ez da polita.
Nola jarri du zalantzan?
Unibertsitateak ikasleei mezua bidali die esanez ez badute irakasleen aldetik erantzunik jasotzen beraiei mezu bat bidaltzeko abisua emateko. Noski, irakasleok hau ez dugu ondo hartu, ikasleei polizia lanak egitea eskatzea bezala ulertzen baita. Ni eta nire inguruko irakasleen kasuan goiz, arratsalde eta ia gauera arte ibili gara lanean. Erantzun bat eman nahi izan dugu eta horretan ibili gara orduak eta orduak. Edozein klase online eremura eramateko oso ondo prestatu behar duzu. Gelan azaltzen duzun dinamika batonlinetestuingurura eroatea ez da batere erraza. Mezu bat bidaltzerakoan kontuan izan behar duzu zu ez zaudela aldamenean ikasle horri argibideak emateko, eta, azkenean, mezu hori idaztea oso lan potoloa bihurtzen da. Izugarrizko esfortzua egiten ari dira eta ni, behintzat, oso harro nago beraietaz. Batzuetan gelan baino gehiago lan egiten dutela pentsatzen dut! Baina irakasleontzat lan gogorra da. Momenturo ahalegin handia egiten ari zarenean eta bueltan zalantza etortzen denean… tristea da. Gainera, dena justifikatzea eskatu digute: ebaluazioa, plangintza… Ez zait gaizki iruditzen hori justifikatu behar izatea, baina koherentzia falta dagoela iruditzen zait. Aurrez aurreko klasean gaudenean inork ez dit eskatzen txosten bat nire plangintzari buruz, edo nire ebaluazio irizpideak ez dira pasa behar fakultateko batzarretik. Eta online gaudelako, orain bai. Koherentzia falta hori oso nekagarria da.
Ikasleekin etengabeko harremanetan zaudete, ezta?
Bai; tutoretzak mantentzen ditugu. Gure kasuan, Hezkuntza Fakultatea gara eta hori gauza askotan igartzen da, bai praktiketan eta harremanetan ere. Klaseetan lehenengo gauza galdetzen diedana da ea zer moduz dauden. Online gaude, baina jarraitzen dugu pertsonak izaten egoera oso arraro batean. Klasearen bukaeran ere esaten diet deskantsatzeko, asteburua aprobetxatzeko… Nekatuta daude. Esaten dute irakasleak beti gaudela oporretan, baina aurten ez dugu Aste Santurik izan. Nire kasuan, ikasleak etxean egon dira, aspertuta; hori dela eta, lan egin dute, eta, ondorioz, posta elektroniko pila bat jaso ditut.
Lan handia dago atzean…
Bai, lan ikaragarria. Gainera, irakasleok zer baliabide ditugun ikusi behar da, hori beste errealitate bat baita. Asko hitz egin da ikasleen baliabideez, baina, beharbada, hitz egin behar da irakasleen baliabideez ere. Ikasle guztiek ez dituzte baliabide tekniko berak eta irakasleok ere ez. Gure kasuan, gainera, unibertsitateak ez dizu bermatzen ordenagailu bat. Unibertsitatera sartzen zarenean derrigorrezkoa duzu ordenagailua, baina zure ordenagailua erabili behar duzu lan egiteko.
Ikasleak ere lan handia egiten ari direla aipatu duzu.
Nire ikasleak esfortzu oso handia egiten ari dira, eta haurren kasuan orokorrean egiten ari direna eredugarria da. Lanean jarraitzen dute, autonomia erakusten ari dira, heldutasuna… askotan, helduek baino gehiago. Egoera hau helduok baino askoz hobeto kudeatu dutela iruditzen zait. Beti esaten da haurrengandik asko dugula ikasteko, baina kasu honetan erakutsi digute horrela dela.
Interneten erabilera asko igo da itxialdian. Aholkurik?
Sare sozialen eta online jolasen erabilera igo egin da, baita errezeten bilaketak ere. Normala da; izan ere, gure aisialdiaren zati bat online aisialdia da. Beste aisialdiaren zatia kalekoa da, eta egun batetik bestera kendu digute hori. Ondorioz, aisialdi hori onlinera bideratu da. Garrantzitsua dena da online egonda ere ekintza desberdinak egitea. Hau da, ez pasatzea egun osoa online jolas berdinean edo Instagramen sartuta. Internetek duen gauza onena da duen eskaintza zabala, eta hori aprobetxatzen jakin behar dugu. Ikasi behar dugu kaleak eskaintzen diguna eta onlinekoa aprobetxatzen; hau da, online dieta osasuntsua izaten.