Rafa Rueda: “Bizi dugunak agerian utzi ditu hainbat gabezia”

Rafak Rueda izeneko diskoa aurkeztu du, Zart kolektiboaren eskutik. Ezaguna zaigun kantaria da, estilo berritzaile batekin berrasmatzeko arriskua hartu duena. Jokaldi zailean airoso atera da, eta hobekuntza handiena ahotsean nabari da.

Aldaketa estilistiko handia nabari da Rueda diskoan, eta, era berean, betiko Rafa hor aurkitzen dugu zure ahotsean.

Bai, esango nuke jauzitxo bat egon dela; batez ere, formatuan eta lan egiteko moduan. Zeure burua berrasmatzen saiatzen zarenean, erronkarik handiena ere bada ez galtzea zure berezko izaera edo nortasun hori. Eta hori da, nik uste, lan honekin lortu dugun gauzarik zailenetakoa. Esan duzun bezala, Rafa izaten jarraitzen dut, baina beste zerbaitekin azaltzen naiz lan honetan. Hilabeteetako edo urteetako hausnarketa prozesua izan da, eta, gainera, pandemiak ekoizpen prozesuan bete-betean sarturik harrapatu gintuen. Biren artean egindako lana izan da, Jon Aguirrezabalaga ekoizlearen eta bion artean. Bakoitza bere etxetik, eta denbora nahikotxo izan dugu ideiak eta diskoa mamitzeko. Alde horretatik, esan behar dut on egin digula pandemiak.

Denbora alde izan duzuelako, gauzak ondo prestatzeko.

Bai, denbora izan dugu diskoa mamitzeko eta esperimentatzeko. Alde batetik, zortea izan da, kakotx artean esanda, ez dugulako beste musikarien beharrik izan, edo entseatzeko biltzerik izan behar. Ezinezkoa zen, gainera, eta gutako bakoitza bere pantailaren aurrean eta bere lokaltxoan nahikotxo denbora eman dugu.

Diskoa deskribatzeko garaian, badago hitz bat, anbientala, baina egia da musika anbiental adiera hori gorroto dudala. Sentsualak eta guzti iruditu zaizkit kantu batzuk.

Bai; beharbada, badu halako atmosfera edo kutsu bat. Nahiko leuna dela esango nuke. Diskoaren eta kantuen izaera ere halakoa da: patxadaz hartzeko modukoa. Bai, baliteke halako zerak iradokitzea. Argi neukan gauza bakarra, diskoa abiatzerakoan, diskoa gitarran, ahotsean eta elektronikan oinarritu behar zela. Eta horrek eramaten zaitu gauzak modu batera lantzera, zeinean, agian, abiadura edo intentsitate handiko momentu horiek ez diren horren natural agertzen. Horrela suertatu da. Gorputzak eskatzen zidana izan da, erabili nahi nituen baliabideekin. Eta elektronikaren bitartez, harmoniak eta melodiak erabili ditugunez, ildo horretatik bideratu ditugula esango nuke.

Leuna, xuabea esango du norbaitek. Beharbada, arinkeriaz. Esan duzunaren ildotik, barra baten ondoan egongo bagina –eta, oraingoz, ez gara barra baten ondoan egongo–, Liher taldearen musika entzunez “igo ezazu bolumena” esango nizuke. Zure disko honetan bolumena igotzea aukera saihestezina dela uste dut. Izan ere, aipatu dituzun mugimendu horietan ere badago barrura sartzen zaizkigun hotsak. Zure diskoa entzuteko bolumena igotzea gomendatuko nuke.

Bolumena da goseak sortzen duena, edo goseak eskatzen duena. Niri hori musika klasikoa entzuten gertatzen zait asko. Musika ekipoa hartu eta sekulako bolumenean entzun dezakezu. Diskoek alde on hori dute. Beharbada, orkestra batek edo laukote batek zuzenean lortu ezin duena. Bolumena ematen badiozu, gosea ematen dizulako da, dastatzeko modua baita. Nire lanak bolumen hori eskatzen badu, poztuko nintzateke. Azkenean, edozein sormen lanen helburua gose hori sortzea da. Eta bai, diskoan detaile asko daude. Tentu handiz kokatu ditugu pistak kantuan, eta nik ere uste dut bolumena igoz diskoa apreziatu daitekeela beste maila batean.

Gizarteak bere kultura hobeto maitatzen jakin beharko luke”

Eta nire inpresioa da, ahotsa mutur-muturrean, aurre-aurrean daukagu… eta esango nuke oso lanketa berezia egin duzuela. Konparatzen hasi naiz zure aurreko diskoekin eta uste dut hemen lorpen handiena ahotsaren tratamenduan dagoela.

Bai, zalantzarik gabe. Esango nuke ahotsaren lanketa azken urteetatik datorren zerbait dela. Nire betiko borroka izan da. Adibidez, PiLT taldearen sasoian, ahotsa nabarmentzeko beharra zuen beste instrumentu bat zen. Kantatzearena beste modu batean hartzen duzu lan hori. Baina estetika aldatzen duzunean, ahotsak beste paper bat hartzen du, eta niri jauzi hori egitea kosta egin zitzaidan. Beharbada, ahotsa instrumentu modura behar beste menperatzen ez nuelako. Eta urteak eman ditut nire ahotsarekin adiskidetu nahian, instrumentua-ren ezagutzan. Dagoeneko azken-aurreko lanean adiskidetze maila hori nahiko ona izan zela esango nuke. Diskotik diskora uste dut ikasten joan naizela, eta azken honetan beste guztiaren gainetik ahotsetan egindako lana nabarmentzen da. Kantu bakoitzak behar zuen kantaera asko landu dugu. Normalean, ez zaio horrenbesteko tarterik eskaintzen kantu bakoitzeko ahotsari eman beharreko tratamenduari. Ohikoan, gustura zauden giro bat bilatzen da diskoa kantatzeko. Baina honetan erabili dugun prozedura kantuka izan da. Kantu batek kantaera bat eskatzen zuen, beste kantu batek bestelako kantaera, efektuak txertatzea… Zorionez, patxadaz lan egiteko denbora izan dugu. Ez badaukazu erlojuaren presiorik egin ditzakezu halako gauzak. Orain arte, behintzat, bizi izan dugu dinamika horretan, denbora estudioan oso mugatua zen. Orduan, askotan, ez zenuen ahotsa behar beste lantzeko denborarik izaten. Oraingoan, denbora hori izan dugu, eta uste dut nabarmentzen dela.

Ahotsa, gitarra… Gitarra entzutean, bereziki diskoaren lehenengo bi kantuetan arpegioa hitza nondik datorren pentsatzen hasi naiz. Zeren eta batzuetan ez dakigu gitarra bat ala harpa bat entzuten ari garen. Jostalari aritu zarete, ez dakit hori hitz egokiena den. Soinu landua eta jantzia lortu duzue.

Bai; gitarra nire instrumentu nagusia da, oso barneratuta daukadana. Arpegioarena aipatu duzu, baina harmonikoen jokoa oso gogoko dut, arpegioa jotzerakoan jotzen ez dituzun nota horiek nola agertzen diren, eta zelako giroak sortzen dituzten. Uste dut badela nire gitarra jotzeko adierazgarrietako bat. Gitarra elektrikoarekin jo izan dudanean saiatzen naiz sonoritate horiek ere bilatzen.

Badakit esango didazula ez dela zurea letra, baina Dena irabazi nahian, denen alde. Eta orain hemen jarraitzen dugu, apur bat galduta denen pare. Istorio bat kontatzen da horretan, baina pasarte hori bera gure belaunaldiari aplikatu dakioke. Inpresioa daukat, Rafa, ez garela 50 urtera iritsi eta kantuetan nahiko krepuskular agertzen garela.

Egoera animiko bat da, eta ia egunero bizi dugun egoera bat izan zitekeen. Baina badaukat sentipena alde batetik gure belaunaldiak bereziki sentitzen duela hori, ari garelako bizitzeko beste modu baten jaiotza ikusten.

Lekuko izaten ari gara.

Lekukoak gara, eta, alde horretatik, zuk esaten duzun moduan, 50 urtera iritsi gabe garai baten amaiera bizi izan dugula eta garai horren urrezko urteak edo urrezko sasoi hori…

Industria musikalaren garaia, adibidez.

Adibidez. Bizi izan dugu hori. Eta, beno, oso natural sentitu daitekeen kontu bat da. Ez dira 80 urte, edo 60, edo 70 urte behar halako sentipenak bizi ahal izateko. Kasu honetan, eta kantura etorrita, Iñigo Astizen poema eder horri esker, lagun handi baten heriotza tarteko eta urtetxoak igarota agur esateko edo agur esaten jarraitzeko modua izan da. Jada baditugu urte batzuk ere halako bizipenak prozesatzeko, eta horrek sortzen dituen sentsazioak ere azalerazteko.

“Kantu bakoitzak behar zuen kantaera asko landu dugu”

Krepuskularra aipatzen nizun, baina badago Mari Luz Estebanek idatzitako beste kantu bat. Zahartzeko modurik onena izenekoa, eta niri mundiala iruditzen zait, eta ez dakit kantu horretarako propio jostalari aritu zareten. Baina abesten denaren eta abesteko moduaren artean badago halako talka bat. Izan ere, ahotsa manipulatuta dago, autotunearekin, oker ez banago. Oso deigarri egin zitzaidan, eta poztu egin ninduen. Zergatik ez? Egin ditzagun guk ere horrelakoak…

Noski! Eta testua ere zahartzearen aldarrikapen bat da. Bat etor daitekeela zuk aipatu duzunarekin. Ahotsaren tratamendu horretan, gaur egun gazteek erabiltzen dituzten tresna berberak erabiltzen dira. Baina, hala ere, esango nizuke kantu horrekin etxean kantari ibili nintzenean, burura etortzen zitzaidana ahots zahar bat zela. Diskoan, kantatu ostean eta manipulatu ostean, hori transmititzen zidan kantuak. Efektuak uste dut ez duela kantua bere testuingurutik ateratzen, eta, aipatu dudan moduan, Estebanen kantuan antzeko zerbait aldarrikatzen da: ez gara sofan eserita geldituko.

Neu, gainera, horrelakoetan ez naiz oso esajerazio-zalea, baina uste dut disko honetan efektu horiek oso zainduta daudela. Tamainan.

Gakoa beti dago neurrian, eta mugan aritzen gara beti, eta oso lausoa da muga hori. Batzuetan, milimetro batengatik, egindako lana zapuztu dezakezu, zoragarria izan daitekeen zerbait. Orduan, muga horretan ibiltzearena sortzaileen kontu bat da. Batzuetan, asmatu egiten dugu; beste batzuetan, ez. Sentipena daukat nahiko lan txukuna egin dugula, horretan. Anbizioarekin, muturreraino joateko nahi horrekin. Beldurrik gabe, nahiz eta jakin amildegia hortxe bertan dagoela, ez. Eta esango nuke ez garela amildegitik jausi.

Amildegia edo Hokusairen olatua…

Kar, kar. Horixe.

Diskoa egiten ari zinela gozatu egin duzu? Zeren eta hasierara itzulita, nahiz eta zu zaren, jauzi handi bat dago diskoan.

Gozatu egin dut, asko maite dudan prozesua delako. Behin kantuak bideratuta daudenean, kantua eginda dagoenean, esan nahi dut, orduan hasten da niretzat gozamena. Zeren eta kantuak burutzea gozamenaren eta sufrimenduaren arteko zerbait da. Sortzeak poz sentsazio bat badu, baina, puntu horretara iritsi bitartean, sufrimendua ere badago.

Bilaketa lan hori…

Bilaketa lan horretan masokak bagarela uste dut, zeren eta nahiz eta sufritu oso gogoko dugun zerbait da. Behin kantuak eginda edo borobilduta daudenean, eta soinuekin lanean edo kantatzeko moduekin esperimentatzen hasten zarenean. Hor bai, joko horretan asko disfrutatzen duzu. Alde batetik, ziur zaudelako edo ziurtasuna duzulako jatorrizko hori berez ondo dagoela badakizulako. Abiapuntu horretatik, disfrutatzea baino ez daukazu. Eta horretan, egia esan, jolas modura hartzen dut eta asko disfrutatzen dut.

Lehen kantuak harrapatu egiten du entzulea. Bada beste kantu bat, Hokusairen olatua… Hori da, beharbada, disko honetako singlea.

Izan daiteke, melodia itsaskorra badu eta erritmikoki dantzagarria izan daiteke. Baditu single batek izan ditzakeen ezaugarriak. Kantua aurretik grabatua neukan, Elkarrek duela bi urte Sarrionandiaren hitzekin argitara emandako bilduma baterako. Beste formazio batekin grabatu nuen eta lan honen prestaketarekin hasi nintzenean kantu zaharrak hartu eta sonoritatea lortu arte berrasmatzen hasi nintzen. Oso modu sinplean gitarra, ahotsa eta oso laguntza gutxirekin. Kantu hori ez neukan nire lanen artean argitaratuta, eta, horregatik, disko honetarako bigarrenez grabatu dut.

Disko honek irudiak eskatzen dizkit.

Musika eta irudia oso gauza bateragarriak dira, berez.

Diskorako sortu dituzun atmosfera edo giroagatik, bereziki.

Bai, bai. Niri ere gertatzen zait oso gustuko dudan musikarekin, eta ez dute zertan atmosferikoak izan.

Zuzenean Maite Arroitajauregirekin edo Joseba Irazokiren pare ikusiko zaitugu, jostalari?

Zuzenekorako hiru formatu ditut buruan. Bakarka emandako kontzertuak, alde batetik. Kantu guztiak nahiko ondo sostengatzen dira, oso elementu gutxirekin. Ez dakit one band man tankera horretara iritsiko ote naizen. Gaitasuna izan behar da, Josebak edo Maitek duten bezalakoa. Baina gitarra eta ahotsarekin ere kantuak sostengatzen dira. Bigarren aukera hirukotean egingo ditugun zuzenekoak dira, elektronika eta baxua uztartuz, Jaime Nietorekin eta Alvaro Oletxearekin. Hirugarren formatua badut buruan, diskoan parte hartu duen Euskeria abesbatzarekin. Bilboko koral elkarteko gazte abesbatza da; oso abesbatza landua, gainera. Jende gaztea da, eta nahiko nituzke kontzertu berezi batzuk eurekin egin. Diskoan bost kantutan hartu dute parte. Abesbatzarena zaindu beharrekoa da, zeren eta entitate handia du eta neurria hartu behar zaio. Oso arriskutsua da hori, eta neurria ez badiozu ondo hartzen, jan egiten du inguruan duen beste guztia. Alde horretatik, eurekin lan egitea erabaki genuenean, argi geneukan lehentasuna giroak eta kantuek zutela. Horretan ere oso zorrotzak izan gara, eta abesbatza oso ondo moldatu da gure nahietara. Asmoa dago kontzertu berezi batzuk formazio horretan egiteko, zuzenekoetan erakusteko.

Aukera horiek gauzatu ahal izateko, ordea, panorama alaiagoa beharko dugu, eta askeagoa. Urrutira joan gabe, Bilborock-en gaude, musikaren tenpluetako batean. Era berean, Bilboko Kafe Antzokia itxita dago. Nola bizi duzu zuk egoera zail hau?

Ahal den moduan. Baikorra izan nahi nuke, baina, egia esan, bizi izan dugun honek guztiak agerian utzi ditu aspalditik genituen gabezia batzuk. Itxaropena dut, behintzat, honek guztiak hausnarketarako balio behar digula. Oso egoera zaila da, ez bakarrik gurea, gremio askotakoak, baina, noski, gu beste sektore bat gara. Uste dut oso-oso garrantzitsua herri mailan, eta horren garrantziaz arduratu beharko genukeela. Batez ere, gizarteak bere kultura hobeto maitatzen jakin beharko luke. Eta ea astindu honek horretarako bidea ematen digun, zeren eta asko leporatzen diogu instituzioei, besteei… baina, azkenean, hitza dugunak gu gara gizarte modura. Eta gu gara erantzule nagusiak. Beste kontu bat da zer egin dezaketen instituzioek gizarte moduan gure kultura gehiago edo hobeto maitatzeko. Hori beste eztabaida bat da. Lan handia dago horretan ere. Baina erantzukizun nagusia gurea da. Eta itxaropena dut halako astindu batek gure jokatzeko moduari ere eragingo diola.

Eta egoera zail honetan, bakarrik aritzea, betiere, zailagoa da. Zu, adibidez, Zart! kolektiboan sartuta zaude, eta taldean aritzea errazagoa da beti.

Uste dut sinergiak biderkatu egiten duela edozein gauza. Zart!-en helburuetako bat horixe da, hainbat jende lagunak gara, baina mundua oso modu antzerakoan ikusten dugu, eta horretarako batu gara. Gure egunerokoari bakarrik aurre egin ez izateko. Guk bilatzen duguna sinergia da, eta hori asko eskertzen da. Are gehiago, bizi garen garai honetan.

Rafa Rueda, zorionak! Disko ederra egin duzu, eta zorterik onena. Eta ea taula gainean zu ikusteko aukera dugun. Aukeran, garagardo bat ondoan edukita, askoz hobeto, ezta?

Bai, ziur. Mila esker.