Pxli-ren ‘Dirua’ abestia

Pxli euskal musika urbanoko artista gaztea da, bere estiloan euskara eta gaztelania nahastuz nortasun propioa eraiki duena. Rap eta trap doinuetan oinarrituta, bere bizipen eta ikuspegietatik sortzen du musika. 721 taldearen parte da; batzuetan, taldean igotzen dituzte abestiak, eta, besteetan, bakarka.
Duela gutxi argitaratu duzu Dirua abestia. Zer nolako harrera izan du?
Duela astebete atera nuen abestia, eta harrera ona izan du; jende askok gustatu zaiola esan dit. Euskara eta gaztelania nahastea ere asko gustatu zaio jendeari. Orokorrean, oso harrera ona izan du.
Abesti asko igo dituzu jada. Nondik datorkizu inspirazioa? Eta Dirua abestiaren kasuan?
Egia esan, abestiak sortzerako orduan, betidanik izan dut inspirazioa. Nire aita musikaria da, instrumentu asko jotzen ditu eta talde bat dauka; nik, bere urratsak jarraituz, 12 urte nituenean talde bat nuen eta bateria jotzen nuen. Ordutik nabil musika sortzen. Garai hartan, ez nuen idazten, ez bainintzen abeslaria, baina musika sortzen hasi nintzen. Ondoren, rapean hasi nintzenean, idazteari ere ekin nion, eta, hortik aurrera, beste modu batean sortzen jarraitu dut. Egia esan, bizitza osoa daramat musika egiten.
Dirua abestiaren inspirazioa berez sortu zen: Bergarako Heiss-ek egindako basea gustatu zitzaidan, eta haren gainean idatzi nuen. Entzun eta idatzi; ez dauka misterio handirik, kar-kar.
Aldaketarik nabaritu duzu zure lanetan, lehenengotik hona?
Bai, aldaketak nabari ditut nire musikan. Musika ikusteko eta bizitzeko beste ikuspegi bat daukat orain; azken bost urteetan, aldaketa handiak egon dira. Uste dut esentzia mantendu behar dela, nork bere soinu-identitatea galdu gabe; bestela, besteek nahi dutena egiten amaitzen duzu. Zure bihotzetik ateratzen dena egin behar duzu. Nire kasuan, uste dut bide horretan ondo nagoela: agian, abestiak desberdinak dira, eta estilo berriak probatzen ditut, baina ni izaten jarraitzen dut.
Nola hasi zinen abesten?
Musikan, bateriarekin hasi nintzen. Gero, trapa, rapa eta musika urbanoa nire kabuz entzuten hasi nintzenean, letrak idazten hasi nintzen. Nire kuadrillako batzuek ere idazten zutenez, denon artean hasi ginen abestiak sortzen, gure kabuz. Denborarekin, grabatzen ere hasi ginen, eta horrela jarraitzen dugu, gaur arte.
Zeintzuk dira zure epe laburreko planak?
Duela gutxi, 721 taldearekin, Zergatik ez abestia atera dugu; nik ere berriki kaleratu dut Dirua; eta, laster, Ekso abeslariak bakarkako abesti bat aterako du. Udako kontzertuekin hastear gaude. Horrez gain, abesti berriak prestatzen ari gara, single moduan eta bideoklipekin kaleratzeko. Diskoa duela urtebete atera genuen, eta, orain, norabide horretan jarraitu nahi dugu.