Gari – Kantaria

“Bidea izan da musikari sentitzea”

Klasikotzat hartzen du bere burua Whatsappik ez duela-eta galdetzen diogunean. BMW moto zahar eta dotore batean iritsi da Bilborockera. Gitarra atera, eta kantatzeari ekin dio klasikoen pare, dotore-dotore. Aurkezpenik behar ez duen kantaria da Gari. Bilbon topatu du babesa, sarea. Maldanberarekin azken hamarkadan lortu duen sonoritate hori zuzeneko grabaketan islatu nahi izan du laster Elkarrek argitara emango duen diskoan.

 

Eskerrik asko, Gari, TTAPen gonbita onartzeagatik. 

Zuei.

Hementxe gaude, Bilborocken; La Merced izan zen garai batean. Zuzeneko emanaldi piloa egin da hemen. Zuzeneko disko bat grabatzea zer da, ausardia ariketa bat?

Zuzeneko disko bat egitea, gaur egun, oso gauza erraza da alderatzen badugu 80ko hamarkadarekin. Hertzainak taldeko zuzeneko diskoaz, adibidez, hainbat datu jarriko nituzke mahai gainean: Trailer bat jarri genuen eszenarioaren atzean, bi grabagailu analogiko 48 pista grabatzeko, kanpoko teknikariak grabaketa egiteko… Sekulakoa zen. Egun, hori guztia erraztu da asko, digitalizazioarekin.

Ausardia ere behar da; gehienbat, erronka bat delako. Zuzenekoetan aritutakoak gara, baina grabatzea beste gauza bat da. Eta erregistro hori fisikoki azaltzen baldin bada, formatu batean, nerbioak eta bestelakoak gehitu egiten dira. Baina erronka polita da; azkenean, konturatu ginen aspaldi ez genuela zuzeneko diskorik. Eta pena zela, taldea azkenengo urte hauetan egonkortuta dagoelako. Zuzenekoetan eskaintzen dugun eta bilatzen ari garen sonoritatea nahiko finkatuta dago eta pena zen errepertorio hori guztia hor uztea. Denbora pasatzen da eta beste proiektu batzuetan sartzen zara, beste sonoritate batzuetan. Ideia aspaldikoa zen, baina noiz eta nola egin, hor zegoen koska. Aprobetxatu ditugu bizi izan ditugun azken bi urte hauek horretan jartzeko.

Grabazio estudio batean gehienetan azaltzen ez den energia eta indar hori biltzen du zuzenekoak.

Kontraesan modukoa izan dut estudioan sartu izan naizen bakoitzean. Estudioan sartzerakoan beti izan dut nolabaiteko jarrera aldaketa bat. Ez naiz oso eroso sentitu inoiz. Estudioan kanpoko begiradan jartzen dut arreta, gehiegi. Eta horrek ez dit laguntzen. Abeslariok baditugu tara batzuk gure ahotsa entzuterakoan eta horrek ere, neurri batean edo bestean, etekin ezkorrak ekartzen dizkigu. Eta zuzenekoak alderantziz, ez. Zuzenekoa da momentuan disfrutatzea, eta nik uste dut horretan ere azkenengo hamarkada honetan lortu dudala inperfekzioak ere maitatzea. 

Maldanberarekin lortu duzun sinbiosia gakoetakoa da zuzeneko grabaketari ekiteko garaian.

Zuk jakin badakizu talde bat bideratzea, talde baten proiektua gauzatzea ez dela gauza txikia. Indar asko egin behar da, ordu asko sartu behar dira. Lan asko eta etekin gutxi, eta beti ziurgabetasunean murgilduta. Beraz, Bilbora etorri nintzenean orain dela hamalau-hamabost bat urte, abiatzeko sarea inguruan sortu behar nuen eta ordutik hona ikusi dudana da oso proposamen ona izan zela. Niri horrek bidea erraztu dit pila bat. Ez bakarrik erraztu, baizik eta indarrak gordetzen dituzu hobeto. Guztia nik neuk kudeatzen dudanez, hainbat esparrutan indarra behar da eta indar horiek ezin dituzu hustu edozein aldapa txikitan, edozein esprint txikitan. Begiratu behar duzu haratago. Eta zentzu horretan taldeak eman didan babesa, ez bakarrik musikariek, baita teknikariek, espazio fisikoak… babes hori oso lagungarria izan da. 

Zuzeneko grabazioak zenbateraino baldintzatzen du frontman aritzeko garaian? Seguru nagoelako kontzertu guztietan etengabe buruan zenuela emanaldia grabatzen ari zirela.

Ez dut horrelakorik sentitu. Lau kontzertu izan dira, laurak grabatuta. Gakoa lehen aipatu dudan inperfekzioarena gainditzea izan da. Ez naiz gustura sentitzen gauzak musikalki herrenka dabiltzanean, baina gero, onartzen jakiten duzu, eta hori inportantea da horrelako proiektu bat gauzatzerakoan. 

Gitarra batera lotuta naiz. Eta ez da mozorro bat, bere inportantzia du musikalki eta sonoritate aldetik. Beraz, oso lotuta naiz. Bestalde, aspalditik nabil zuzenekoetan publikoarekin harreman emozional ezberdin bat lortu nahian. 

Taula gainera itsu-itsuan azaltzen zarenean publikoa ez da existitzen, zu bakarrik zaude. Zure egoa baino ez dago. Hori baztertzen denean, hainbat aukera azaltzen dira mahai gainean; nire kasuan, inportantea izan da sonoritate baten atzean ibili eta sonoritate hori ahalik eta modu errazenean defendatzea. Horretarako, inportantea da publikoarekiko hartu-eman berezia sortzea. Kanta bat jotzea liturgia erraza da, baina liturgia horrek ez badu horrelako hartu-eman sakon bat, hutsune bat sentitzen dut. Inportantea izan da biratxo honetan, hartu-eman horietan, emozioa bilatzea. Eta emozioa bilatzerakoan zu zeu emozionatzea. Erronka hori da.

Ez dugu orain arte aipatu eta baten batek galdetuko du honezkero: zer entzungo dugu diskoan? Zure ibilbidearen errepasoa izango da? Kantu berriak tartekatuko dituzue?

Hertzainak desagertu aurretik hasi nintzen kanta batzuk idazten, eta, gutxi gorabehera, 22-23 kanta izan dira grabatu ditugunak. Grabazioak eman digu aukera taldearen eboluzioa zein den ikusteko. Hasierako kantuen eta gaur egungoen artean lotura ezberdinak daude. Sumatzen da aldaketa bat, eraldatze prozesu bat. Oso polita izan da ibilbide hori ikustea: non nengoen eta non naizen, zer nintzen eta gaur zer naizen. Musikari bezala oso prozesu polita izan da. Lazkao, Bergara, Bilbo, Getxo. Lau emanaldi horiek oso bereziak izan dira guztiontzat. Berezitasun horrek badu bere indarra, eta ea lortzen dugun zuzenekoan indar hori islatzea. 

Estutu eta Beste denbora batean diskoak entzunez, zugan crooner joera hori areagotuz doala iruditzen zait. Crooner hitza ingelesezko to croon aditzetik dator, eta kantatzeko modu leun eta xuxurlaria adierazten du. Ez dakit deskribapen horrekin identifikatzen zaren, baina nik hori bereziki nabaritzen dut zure kantaeran.

Bai. Gehienbat, esango nizuke biluzte prozesu bat dela. Jorratu ditut musikari bezala horrelako esparru oso heterogeneoak: rocka, punka, tradizioari edo musika latinoari lotutakoa… Rocka ulertzen baldin badugu modu estandarrean, ni oso aspalditik oso urruti nago. Hor dauden parametroak ez datoz bat nire parametroekin. Bidea izan da musikari sentitzea, ofizioa lantzea eta ofizio horretan eta lanketa horretan gustura sentitzea. 

Laguntza handia izan zen, momentu batean, Patti Smithekin izan nuen esperientzia Gasteizko Artiumen. Musikari bat behar zuen eta ni agertu nintzen. Bota nion lehen galdera izan zen musikari ona bat behar zuela, eta ni ez naiz musikari petoa. “Nirekin ez duzu ezer egingo, ziurrenik”, esan nion. Eta haren erantzuna oso bitxia izan zen: “Zu bezalako bat behar dut”. Hiru egun eman genituen elkarrekin. Beti izan naiz oso instrumentista eskasa. Baina egin genuen prentsaurrekoa eta bertan hainbat politikarik eta postu altuko pertsonek hitz egin zuten mikrofonoaren aurrean, eta, bat-batean, Patti Smithi bere txanda egokitu zitzaion. Gitarra hartu zuen eta re zatar bat jotzen hasi zen. Re txungo bat jarriz atmosfera indartsu bat sortu zuen. 

Horrek zugan eragina izan zuen.

Bai, eta horren haritik hasi nintzen horren gauza bereziak prestatzen. Gitarra xume batekin, eta ez joera rock batekin, baizik eta ahalik eta biluzien. Hortik aurrera konturatu izan naiz horrelakoetan sortzen dela beste kimika bat. 

Lotura bat ikusten dut munduan bakarrik bidaiatzearekin. Demagun Amazonasen gaudela, eta zeharkatzen ari zara hainbat egunez erreka erraldoi hori. Eta bakarrik baldin bazoaz, inguruak babesten zaitu. Afrikan gauza bera gertatzen da, edozein herrialdetan. Bidaiatu nuen Afrikan, adibidez, 2.000 kilometrotik gora neuk bakarrik autobus zahar batean, Kongoko Lubumbasitik Tanzaniako Dar es Salaamera. Gizon zuri bakarra nintzen, eta nirekin autobus berean zihoazen Kongoko hainbat emakumek eman zidaten babesa ikaragarria izan zen. Gizon zuri bakarra nintzen eta babes hori eman zidaten. Hori gertatzen da biluzik agertzen zarenean. Publikoak babesten zaitu. Nik, behintzat, zuzenekoetan hori jasotzen dut eta sortzen den magia hori oso polita da.

Magia berezi horretan zerikusia izan zuten ikusleek grabatu zenituen emanaldietan. Aldiz, ibilbide oparoa egin duzuen artistok baduzue aurkari bat, eta hori nostalgikoena da. Musikaren eta garaiaren pantaila igaro ez dutenena.

(Isilik geratu da)

Ataka estuan utzi zaitut?

Ez, ez. Ni ez naiz nostalgiaren oso laguna. Bat nator esan duzunarekin. Behin adin bat pasata, nostalgikoz inguratuta gaude. Sortzaile bezala ez dut oso ondo ulertzen. Orain dela gutxi, The Rolling Stones izan dira munduan barrena, irakurri ditugu hainbat kritika eta kronika… Nik ez dut ondo ulertzen. Ez naiz eurekin sartuko, eurek egingo dute euren erreflexioa, baina ni ez nator bat horrekin. Nostalgiak ez nau elikatzen. Beraz, ez naiz batere gustura sentitzen horrekin. 

Beste gauza bat da erretrobisorean ikustea zer-nolako ibilbidea egin dudan eta horri buruz erreflexio batzuk egin; gehienbat, bihurgune berrian zer egingo dudan erabakitzeko. Niri interesatzen zaidana haztea da. 

Egiten ari zarena, eta datorrena.

Hori da, bestela ez du zentzurik. Elkarrizketan aipatu dituzun bi lan horietan, sonoritate bat eta bide bat egonkortu behar nuen. Nire errealitatea, egungoa, Euskal Herrian dago. Niri ez zait ezertxo ere galdu Madrilen edo Marseillan, esate baterako. Nire egunerokoa hemen dago. Garbi dut ere gauza batzuk egonkortu egin behar direla.

Geroz eta azkarrago bizi gara. Klasiko bat zarela esan duzu lehen, Deabruaren galderei erantzunez, baina lanean eta eguneroko ero honetan sormenerako tartea noiz hartzen duzu zuk? Noiz aurkitzen duzu denbora gitarra hartu eta kantuei ekiteko?

Akaso, ni xelebrea naiz. Orain dela hogei urte, aukera izan nuen, lana gogotik eginda, drogak uztekoa. Prozesu horretan bat-batean konturatu nintzen zein inportantea den egunerokoari eustea eta egunerokoa bizitzea. Ahalik eta modurik indartsuenean. Esperientzia latz horrek erakutsi zidan zenbaterainoko garrantzia duen horrek.

Geroztik, nire helburu bakarra izan da egun bakoitzari heltzea, eta egun bakoitza aprobetxatzea. Ez iezadazu galdetu nola egiten dudan, zeren ez dakit. Egin egiten dut. Ez dut pentsatzen askorik. Beti izaten dut, gainera, buruan inpresio bat: beti hasten ari naizela, eta horrek ez nau nekatzen. Ikasi dut indarrak gordetzen. 

Inportantea da indarrak gordetzea, eta, zentzu horretan, eguneko ordu onenak goizeko orduak dira, eta ordu gorrienak azkenekoak. Beraz, saiatzen naiz aprobetxatzen lehenengo orduak sormenarekin duten gaiei heltzeko. 

Eta gero, negozioak ematen didana da oreka bat. 

Lana zure heldulekuetako bat da, beraz. 

Hori da. Ematen badidazu gaur aukera bihar jubilazioa jasotzeko, ziurrenik, ezezkoa erantzungo nizuke. Ez naiz prest, eta ez naiz inoiz prest izango. Zergatik? Ez dakidalako hori egiten. Horrelako eremu zabal batean jartzen baldin banauzu, galdu egiten naiz. Esperientzia hori badut jasoa, eta ez dut lokatzetan sartu nahi. Behar dut bide estu bat. Hor hobeto mugitzen naiz. Egunerokoari etekina ateratzea lortu dut, eta harro naiz horrekin. 

Oso interesgarria da kontatzen diguzuna, Gari. Horri buruz galdetu nahi nizulako. Beraz, zure plana lanari eustea eta musikarekin batetik bestera ibiltzea da.

Musikaria naiz, eta musikari izatea ez da bakarrik sortze prozesua, kanta egitea, Musikaria izatea hemen Euskal Herrian, eta beste leku askotan, negozio bat kudeatzea bezala da. Kudeaketa lana egin behar da pertsona askorekin: musikariak, teknikariak, harremanetan jarri behar duzu hainbat kultur teknikarirekin, hainbat ekoizlerekin… Ez da erraza. Urteak pasa ahala, saiatzen zara gogoko dituzun proiektu horiek gauzatzen. 

Herri txiki bat dugu eta beti esaten dut: nahiz Gipuzkoan, Bizkaian, Araban eta baita Nafarroan ere –beharbada, arrotz sentitzen naiz Iparraldean–, baina, bestela, beti jokatzen dut etxean. Oso gustura sentitzen naiz. Eta, are eta gehiago, ikusten dudalako azkenengo urte hauetan berreskuratzen ari direla lehengo erromeriak. Nik uste dut gure lekua hor dagoela. Gure lekua dago leku txikietan, leku popular horietan. Pop musika hori da, kanta popularrak egitea. Horretan saiatzen gara eta horrek behar du hartu-eman txikia, edo hartu-eman berezia. Hemen ohitura izan da betidanik herri txikietan eta ni oso gustura sentitzen naiz horrelako lekuetan, ermita txikietan, herri txikietan. Zergatik? Lortzen delako harreman ezberdin bat. Bilbon jotzen baldin baduzu Arriagan –Arriaga oso ondo dago. Ikaragarria da–. Baina baldin bazoaz herri txiki batera, zure ikusleria herria da. Egun horretan ospatzen ari dira gauza berezi bat, eta hor sortzen den lotura inportantea da niretzat. Horrelakoetan izan ditudan esperientzia guztietan jaso dudana nik emandakoa baino askoz ere gehiago izan da. Eta hori gustuko dut. 

Plazer ikaragarria izan da, Gari. Oso gustura egon naiz zurekin hizketan eta espero dut Euskal Herrian barrena, herri txiki eta txikiagoetan zuzenekoetan topo egitea. 

Eskerrik asko. Plazera izan da.