Pili Gartzia: “Beldurra beharrezkoa da suhiltzaile batentzat, baina kudeatzen jakin behar da”

Gipuzkoako Foru Aldundiko suhiltzaile lantaldeko hiru emakumeetako bat da Pili Gartzia. Elkarrizketa honetan, koronabirusak bere lanean ekarri duen aldaketa, prestakuntzaren garrantzia eta lanbide honetako genero ikuspegia izan ditugu hizpide, besteak beste.

Pili, ongi etorri TTAPera. Koronabirusak sortu duen ezohiko egoeraz hitz egiten hasi nahiko nuke elkarrizketa hau. Nola eragin dizue alarma egoerak suhiltzaile lanean?

Hasieran arduradunak beldurtuta zeuden eta ez ziguten inongo lan berezirik egiten uzten. Lanbide honetan egunero praktikak egin behar izaten ditugu eta krisi honen hasieran praktika horiek kendu egin zizkiguten. Beldur ziren gutakoren bat kutsatu, ondoren bere talde guztia kutsatu eta azkenean zerbitzua bertan behera utzi beharko ote zen. Denborak aurrera egin ahala, eta kutsatzerik ez zegoela ikusi zutenean, zahar egoitzen desinfekzioarekin hasi ginen eta batez ere horretan aritu izan gara. Egia esan, egoera ez da erraza izan inorentzat, eta suhiltzaile moduan ere ohitura asko aldatu behar izan ditugu. Adibidez, lantokia bera desinfektatzeko kudeaketa egin zaigu zailena, txanda aldaketak direla medioa eta abar. Baina tira, guztiontzat bezala.

IDOIA: Nolako esperientzia izan da zahar egoitzetakoa?

PILI: Zahar egoitzetako egoiliarrekin ez dugu zuzeneko kontakturik izan. Beraiek geletan zeudenean egiten genuen guk lan. Hasieran arratsaldeetan desinfektatzen hasi ginen, baina gauez egitea hobe zela konturatu ginen, haiek kutsatzeko aukera txikiagoa zelako. Kontaktu zuzena ez da egon beraiekin, baina bai bertako langileekin. Eta oso eskertuta zeuden. Denbora guztian eskerrak ematen zizkiguten eta gu berriz eskertuta geunden beraiek zaintzen dituztelako gure nagusiak. Benetako lehen lerroan zahar egoitzetako langileak egon dira. Suhiltzaileok lehen lerroko atzealdean egon gara, eta zahar egoitzeko langileak baino babes gehiagorekin.

IDOIA: Esker onak jaso dituzue orduan…

PILI: Bai, eta harritu egiten nintzen. “Eskerrak zuei. Zuek ari zarete benetan arriskutsua den lana egiten” erantzuten nien. Krisi honetan honetan beraiek izan dira guk baino arrisku gehiago jasan dutenak.

IDOIA: Suhiltzaileak heroiak zaretela askok pentsatzen dugu. Nola ari zarete kudeatzen  koronabirusaren larrialdi egoera eta eguneroko lana?

PILI: Egoera arruntean sortzen diren larrialdiei erantzun diegu, baino egia da irteera gutxiago egon direla. Horri esker desinfekzio lanak egin ahal izan ditugu. Heroiak izatearen kontu hori dela eta, egia da badagoela imajinario bat, batez ere AEBtako irailak 11ko gertaeraren ondotik zabaldu zena. Baina benetan ez gara heroiak, pribilegiatu batzuk baizik. Oso lan polita daukagu, baldintza onak eta gainera prestakuntza iraunkorra izaten dugu.  Prestakuntza dugu egoera zailetan lan egiteko, eta baliabideak, eta horrek guztiak prestatzen gaitu egoera zail horietarako. Beraz, heroitik gutxi dugu!

“Prestatuta dagoen edozein da gai lan hau egiteko, gizon zein emakume”

IDOIA: Beldurra pasa duzu inoiz lanean?

PILI: Bai, noski! Inork ezin du esan ezetz. Egoera zailetan gorputza erne jartzen zaizu,  urduritasuna eta beldurra sentitzen dituzu eta horrek lagundu egiten zaitu gure lanean. Beldurrak benetako arriskutik ihes egiteko laguntzen gaitu. Beldurra beharrezkoa da eta ez dugu galdu behar, baina kudeatzen jakin behar da. Beldurrik gabe heroi tonto batzuk izango ginateke, eta irteera bakoitzean hil egingo ginateke.

IDOIA: Baina hala ere egoera horiei aurre egin behar diozue…

PILI: Hori ere ikasi egiten da. Prestakuntzaren bidez zerbait ikasten dugu, baina batez ere irteeretan ikasten dugu, bizipenen bidez. Larrialdi batean batean lanean gaudenean lanean jendea zuk zer egingo dago eta neurritasuna mantendu behar izaten dugu. Aurretik izandako bizipenek eman behar dizute horri aurre egiteko edo ateratzeko indarra. Lehenengo hildakoa ikusten duzunean hurrengo gauetan ezin duzu zure burutik kendu, baina hogeigarrena ikusten duzunean burua beste gauza batzuei buelta ematen hasten da: “beharbada beste erreminta bat erabili behar nuen” edo “beste hura egin behar nuen une horretan”,… Ikasten joaten zara.

IDOIA: Pribilegiatu batzuk zaretela aipatu duzu elkarrizketaren hasieran, baina manifestu bat argitaratu duzue osasun krisi egoera honetan UME erabilera salatzeko.

PILI: Galizia, Katalunia eta EAEko suhiltzaileen ekimena izan da. Zer aldarrikatzen dugu? Gastu militarra gastu sozialean bideratzeko. Zergatik? UME dago Espainian (Unidad Militar de Emergencias), eta koronabirusa dela eta lan soziala egitera bideratu da, guri zegokigun lana egitera. Eta guk ez dugu inolako momentutan hori beharrezkoa ikusi, are gehiago, behartua ikusi dugu beraien presentzia. Egoera dela eta nahikoa murriztua genuen askatasuna eta beraien presentziak gehiago murriztu du. Nik uste dut estatuak UME erabili duela bere gastu militar lizunak zuritzeko. Eta hori ez zaigu batere gustatu. Gure zerbitzuan lantaldea  gero eta murriztuagoa dago, gero eta inbertsio txikiagoa egiten da eta gero ikusten dugu horretara bideratzen dela…

IDOIA: Zerbait gehiago egiteko asmorik baduzue gai honi dagokionez?

PILI: Printzipioz beti egin izan da eta egingo da, baina gertatu ahala egiten dugu, ez dago ezer programatua. Momentuan momentukoa.

IDOIA: Suhiltzaileen lana nahikoa ezezaguna da. Nola antolatzen duzue eguna? Eta beti jakin nahi izan dudan kontu bat:  filmetan ikusten ditugun barra horietatik jaisten zarete?

PILI: (Barrez) Noizbait bai, jaisten gara, baina larregi ere ez! Gure antolakuntzaz hitz egiteko, berriz, dagoeneko koronabirusaren aurretik eta ondorengo banaketa egin behar dugu. Koronabirusaren aurretik, Gipuzkoako Foru Aldundiko suhiltzaileak arratsaldeko 14:00etan sartzen gara lanera eta 24 orduko txandak egiten ditugu. Sartzen garenean kamioi eta ibilgailu arin baten ardura hartzen dugu bakoitzak. Azterketa egin eta bira bat eman behar izaten dugu gauzak behar behar diren bezala daudela ziurtatzeko. Ondoren, EtxeTxukun deitzen diogun lana egiten dugu, hau da, suhiltzaile parkeko areto bat garbitu eta txukundu. Bestetik, Ibilgarbi egitasmoa ere badugu; kamioi bati azterketa sakona egin eta garbitu behar izaten dugu. Kirola egiteko ordu batzuk ere baditugu, arratsaldean pare bat ordu eta goizean beste pare bat. Eta azkenik, praktikak egiten ditugu: goizez bat eta arratsaldez beste bat. Baina koronabirusa dela eta, desinfekzioak tarte handia hartu du gure egunerokotasunean. Ibilgailuak errebisatzeaz gain, desinfektatu egin behar ditugu, eta berdin aretoak ere. Kirola banaka egiten dugu eta praktikak bertan behera geratu dira, hauetan jendearekin kontaktu zuzena beharrezkoa delako. Praktiken ordez, zahar egoitzetako desinfekzio-lanak egiten ditugu.

“Koronabirusaren krisian, benetako lehen lerroan zahar egoitzetako langileak egon dira”

IDOIA: Eta larrialdi deia jasotzen duzuenean?

PILI: (Barrez) Hori da garrantzitsuena eta ahaztu egin zait aipatzea! Irteera zuk aukeratu eta kontrolatzen ez duzun zerbait da, programatu ezina. Deia jasotzen dugunean egiten ari garen hori utzi eta martxan jartzen gara. Bost pertsona egoten gara txanda bakoitzean, eta bosgarren suhiltzaile hori duela gutxi lortu dugun zerbait da. Parke bat itxi egin zen eta gainerakoetan bosgarren suhiltzailea gehitzea lortu genuen. Dei bat iristen denean denok ateratzen gara parketik. Normalean bi kamioi eramaten ditugu eta gutako bik gidatu egiten dute, beste bik kopilotu lanak egiten dituzte eta beste bat komunikazioaz arduratzen da. Parkean ez da inor geratzen.

IDOIA: Nola koordinatzen da deia?

PILI: Eusko Jaurlaritzaren Bai esan zerbitzuaren bidez. Beraiek deiak jasotzen dituzte, ondoren EAEko dagokion probintziako zerbitzuarekin harremanetan jartzen dira eta hortik parkera iristen zaigu. Deia edozein unetan izan daiteke: kirola egiten ari garenean, kanpoan praktikak egiten ari garenean…

IDOIA: Noiztik zara suhiltzaile?

PILI: 2007an egin nuen lehenengo EEPa (Enplegu Eskaintza Publikoa). Gainditu bai baina ez nuen lanpostua lortu eta poltsa batean geratu nintzen. Suhiltzaile bezala lanean hasteko prestakuntza berezi bat jaso behar duzu, administrazioak ematen duena. Niri prestakuntza hori egiteko 2012an deitu ninduten. Orain ia zazpi urte daramatzat jarraian lanean, eta bitartekotasunarekin ia sei.

IDOIA: Nola erabaki zenuen suhiltzaile izatea?

PILI: Tentazioa etxean nuen! Ezkondu nintzenean nire senarra suhiltzaile postua ateratzen ari zen eta handik gutxira lortu zuen. Etxean beti suhiltzaileen kontuak entzuten nituen eta azkenean inbidia sentitu nuen. Horrela ikasi nuen ogibidea maitatzen. Haurrek 5 eta 8 urte zituztenean niretzat denbora gehiago nuen eta suhiltzaile frogak egiteko ikasten hasi nintzen. Nire buruari esan nion saiatuko nintzela eta saiatu nintzen.

IDOIA: Ez zen txikitako amets bat izan orduan…

PILI: Nola bada, erreferentziarik ere ez genuen eta horretan amesteko ere! Horregatik iruditzen zait garrantzitsua horrelako elkarrizketak egitea.

IDOIA: Emakume suhiltzaile gutxi zarete oraindik.

PILI: Gipuzkoan hiru gaude eta erreferentziak sortzen saiatzen ari gara.

IDOIA: Gizonezkoentzat diseinatuta dago suhiltzaile lanpostua?

PILI: Duela gutxira arte gizonek bakarrik egin dute lan hau, eta oraindik frogetan eskatzen dena horren araberakoa da. Ez dut esaten inork errurik duenik, baina oraindik gaur egun froga fisikoak gizonari begira daude. Batez ere goiko gorputz-enborra landu behar izaten da, eta horretan gizonek egituragatik abantaila dute. Esperantza dut emakume suhiltzaile gero eta gehiago izanda, frogak ere aldatzen eta moldatzen joango direla, eta lanari egokitzen. Izan ere, gaur egun froga horiek egunero egiten dugun lanari lotuta daudenik ez dut ikusten.

IDOIA: Izan ere, indarraz gain beste gauza batzuk ere beharko dira, ezta?

PILI: Lanean gaur egun ez dago desberdintasunik emakume eta gizonen artean. Denok egiten dugu lan berdina eta ez dago inolako tratu berezirik. Ezin da gainera, bost pertsona bakarrik gaude eta! Denok egiten dugu dena. Lanean hasi aurretik nire buruari galdetzen nion ea gai izango nintzen, eta gaur egun oso garbi daukat hori: gai naiz eta ahal dut. Prestatuta dagoen edozein pertsona gai da lan hau egiteko, gizon zein emakume. Baina frogak oraindik gizonari begira daude eta horregatik gaude hiru emakume bakarrik Gipuzkoan lanbide honetan. Zergatik? Emakume guztiak ezgauzak garelako? Lanean nik ikusten dut gai garela. Orduan zer gertatzen da? Ba orain arte lan hori gizonezkoek egin dutela, eta frogetan oraindik  eskatzen dena dela gizona izatea.

IDOIA: Eta nork aldatu beharko lituzke frogak?

PILI: Administrazioko teknikoek egin beharko dute hori, kirol arloan dabiltzanak. Badirudi aurreko azterketak moztu/itsatsi egiten dituztela.

IDOIA: Dena ez da izango indarra eta bizkarrean hartuta jendea hartzea…

PILI: Hori sekula ez da egiten! Suhiltzaile bakarra pertsona bakarra eramaten ikustea; hori ez da gertatzen errealitatean.

IDOIA: Baina forma fisiko onean egotea beharrezkoa izango da, ezta?

PILI: Noski. Suhiltzaile izateko hainbat froga egin behar dira, forma fisiko onean egotea eskatzen dutenak. Horretarako prestatuta egon behar zara. Baina Danielak, beste suhiltzaile batek esaten duen bezala, erreminta kaxa batean gauza desberdin asko daude, eta denak beharrezkoak dira. Suhiltzaile taldeak ere horrelakoak izan beharko lukete. Izan ere, egun batean zulo txiki batean sartu behar izaten dugu eta bestean arina izatea abantaila bat da. Denetik behar da taldean.

IDOIA: Emakume suhiltzaile artean harremanik baduzue?

PILI: Bai, eta eskerrak! 2007ko azterketan ezagutu ginen eta orduz geroztik mantendu dugu harremana Gipuzkoan lan egiten dugun hiru emakume suhiltzaileok. Hiruroi EAE eta Nafarroako emakume suhiltzaileon wasap talde bat egitea bururatu zitzaigun eta une batzuetan egia esan oso lagungarria izan da. Espainia mailan ere badago talde bat Ser Bombera izenekoa.

IDOIA: Eta zer da lanbide honetatik gehien gustatzen zaizuna?

PILI: Jendeari lagundu ahal izatea eta horretarako medioak eta prestakuntza edukitzea.