Pilar Kaltzada: “Zertarakoak mugitzen ditu gauzak; hor dago komunikazioaren gakoa”
Pilar Kaltzada donostiarrarentzat, komunikazioa lanbidea baino zerbait gehiago da; bere identitatearen parte dela esan dezakegu. Ibilbide emankorraz, handira jokatzeaz eta feminismoaz hitz egin dugu elkarrizketa honetan, besteak beste.
IDOIA TORREGARAI: Pili, a zer-nolako poza! Elkarrizketa hau opari bat da niretzat. Urduri nago; izan ere, inoiz ez gara egon elkarrizketatu eta elkarrizketatzaile leku hauetan.
PILAR KALTZADA: Ez. Urte askotan egin dugu elkarrekin lan, baina sekula rol hauetan ibili gabeak gara. Bitxia da, eta oso polita.
Lehenengo eta behin: Pili edo Pilar esan behar dizut? Niretzat, Pili zara eta…
Familian ere makina bat izen desberdin izan ditut eta denak bueltan-bueltan ibiltzen dira. Nire izenaren arrastoa baldin badu, beti begiratzen dut, badaezpada ere. Beraz, erosoen egiten zaizuna erabili; ni guztiekin ondo sentitzen naiz eta.
Zure aurkezpena egitea oso zaila egin zait, saltsa askotako perrexila baitzara. Hori dela eta, Wikipedian begiratu dut bertan zer agertzen zen ikusteko. Eta hauxe jartzen du: Euskal idazle eta kazetaria da. Hainbat irrati, telebista eta literatura-saiotan parte hartu izan du. Gaur egun, Innobasqueren sustapen eta komunikazio zuzendaria da. Zer iruditzen zaizu?
Beno, argi dago Wikipediako sarrera eguneratu beharra daukadala, zaharra geratu baita. Izan ere, gaur egun, ez nago Innobasquen; bere garaian proiektua abian jarri zenean, hainbat urtez egon nintzen bertan. Urte interesgarri askoak, gainera. Baina une honetan, beste zerbaitetan nabil. Zehazki zeinetan esatea niri ere kosta egiten zait!
Betidanik nahi izan duzu komunikazioa eta kazetaritza munduan aritu?
Bai. Zalantzarik ez nuen izan gustuko nuen jardun esparrua zein zen. Kazetari edo komunikazio aholkulari izango nintzen ez nekien, baina bai komunikazioarekin zerikusia zuen zerbait egin nahi nuela. Beti pentsatu izan dut halako magia bat badagoela gauzak azaltzea lortzen duzunean, eta, batez ere, zure buruari azaltzea lortzen duzunean. Benetako magia hortxe gertatzen da. Beti gustatu izan zait idaztea, eta bestelako komunikazio euskarriekin ere asko disfrutatu izan dut. Nire burua gogoratzen dut irratia entzuten txiki-txikitatik etxeko sukaldean, bakoitza bere gauzak egiten, baina elkarrekin, konpainia eginez.
Lehen pausoak irratian eman zenituen, ezta?
Bai; Egin irratian. Sekulako esperientzia izan zen, eta laborategia ere bai; dena ikasteko nuelako eta, gainera, dena egin zitekeela uste genuen momentu batean tokatu zelako. Ikasten ari nintzen, baina ez bakarrik kazetaritza; izan ere, artean euskalduna bai, baina oraindik nire zailtasunak nituen hitz egiteko. Nire burua entzuten nuen eta “kosta egingo zaizu baina aurrera” esaten nuen. Oso momentu berezia izan zen hasiera hori.
Zure ibilbidearen beste mugarrietako bat Elhuyar izan da. Zer topatu zenuen bertan?
Irratiaren bidez ezagutu nuen Elhuyarren lana eta hantxe aukera eman zidaten zientzia dibulgazioan pauso batzuk emateko. Artean, aldizkaria egiten zen bakarrik, eta hantxe sortu genituen beste euskarri batzuk, zientzia dibulgatzeko esperimentuak. Irratian Norteko Ferrokarrila, prentsa orokorrean kolaborazioak eta telebistan oraindik jarraitzen duen Teknopolis saioa egiten hasi ginen. Egia esan, niri eskatu zidatena aldizkarian idaztea izan zen, baina gero, gauzak pixka bat korapilatu eta proiektu pila bat jarri genituen martxan. Orain, atzera begiratzen dut eta, abian jarri zirenak eta guztiz garatu ez ziren proiektuak kontuan izanda, garai oso zoroa izan zela ez daukat zalantzarik.
Esango nuke euskarazko komunikazio bulego profesional baten lehenengo urratsak jarri zenituztela bertan.
Elhuyarren bertan gogoeta bat egon zen. Zientziaren komunikazioa egiten genuen bertan eta beste erakunde batzuetara zergatik ez genuen zabaltzen ideia hau pentsatu genuen. Gogoratzen naiz saio-proba bat egin genuela. Ideia agentzia bat sortzea zen ikerketa-guneetan, komunikazioaren halako ikuspuntua txertatzen laguntzeko. Gaur egun, ez da inor harrituko horregatik, baina orduan ez dut esango iraultzailea zenik, baina bai nahikoa ausarta. Elhuyar ausartu egin zen hori babesten, eta hori beti eskertuko dut. Askatasun handia izan genuen garai horretan lan egiteko. Kimuak landatu genituen, eta, egia esan, gaur egun zientziaren dibulgazioaren maila ikusten dudanean, asko pozten naiz, intuizioan ez gindoazelako oso gaizki.
Elhuyarren jarritako lehen harri horiek UEUra, Udako Euskal Unibertsitatera, eraman zintuzten.
Elhuyarko esperimentua UEUra eramateko eskatu ziguten eta hor ezagutu genuen elkar. Eta badakizu zer izan zen hori: nik esango nuke profesionalki horrela lehen aldiz lan egin zela esparru horretan. Euskalgintzarekin lotutako erakundeen egituran ez zen ohikoa komunikazio bulegoa izatea; etxe handiek soilik egiten zuten hori. Eta pentsatu genuen gu handiak ginela, egiten genuena handia zela. Hor ere hutsetik hasi ginen eta asko ikasi genuen, eta oso ondo pasa ere bai! Egunkari bat egiten genuen egunero eta oso dinamika interesgarria sortu genuen ere komunikabideekin. Zenbait kasutan, komunikabide horiek lehen hartu-emana izan zuten UEUrekin, eta, bere bidez, UEUren inguruan mugitzen zen komunitatearekin. Niretzat, pertsonalki, eta bertan lan egiten genuen guztiontzat oso pozgarria zen zubi-lan horiek egitea eta komunikabideentzat eskaintzen genituen gaiak interesgarriak zirela konturatzea. Gaia ematen genien eta gero, bide batez, esaten genuen euskaraz zela. Ez zen euskarari eskaintzen zioten tartea, gaiari berari merezi zuelako eskaintzen ziotena baizik.
“Igortzailearen interesetik hartzailearenera jauzi handiegia egoten da”
Beti pentsatzen duzu eskala handian?
Beti saiatzen naiz pentsatzen proiektua ikusten dudan potentzialitatearen mailan. Konplexuak errealitatearekin topo egiten dutenean berez desegiten direla uste dut. Benetan sinesten dut UEU oso proiektu handia dela; beraz, txikira jokatzea ulertzen dut, baina beti iruditu zait dinamika egokiak aurkituz gero, beti aurkitzen dela erritmoa. Erakundeak tentsionatu egiten dira gauza berriak egin behar dituztelako, eta, zerbait berria egiten duzunean, nahi eta nahi ez zure burua kuestionatu egiten duzu. Eta hori beti ona da. Ondo edo gaizki aterako da, baina onura beti ateratzen zaio. Eta bai, garai horretan oso proiektu handia bere egiazko ispiluaren aurrean jarri genuen sentsazio goxoa daukat. Oso esperientzia ederra izan zen.
Hurrengo geltokia Kontseilua izan zen.
Dena batera gertatu zen. Lehen aldiz Bai Euskarari kanpainaren inguruan zerbait egingo zela entzun genuen UEUko prentsa-bulegoan egin genuen bilera batean. Une horretan Kontseilua sortu zen eta hasieratik beretik komunikazio eta gizarteratzeko lan handia egin behar zela ikusten zen. Hala ere, horren handia izango zenik ez genuen uste. 1978an San Mames bete zuen Bai Euskarari haren urteurrena ospatzeko zerbait egitea pentsatzen hasi ginen, eta San Mamesen bakarrik ez, Euskal Herriko bost estadioak bete behar genituela erabaki genuen.
Eta erabaki horretan zuk zerikusirik izan zenuen?
[Barrez] Epailearen aurrean erantzuteko, nire abokatua aurrean dudala egingo dut! Talde horretan agertu zen ideia. Zer nahi zen lortu kontatu ziguten eta guk interpretatu genuen garai horretan behar zenaren testuinguruan. Pentsatu genuen lehen Bai Euskarari hark sortu zuen trinkotze hori eguneratu egin behar zela, eta horrek beste apustu bat eskatzen zuela. Aitortu behar dut hilabete batez-edo agenda bikoitza erabili genuela. Egia esan, ez genuelako sinesten posible zenik ere. “Amets egingo dugu, baina eduki dezagun alternatiba bat”, hori esaten genuen. Oso proiektu ilusionagarria izan zen guztiontzat eta argi genuen erokeria hutsa zela. Eta nola esan ezetz erokeria bati?
Bost estadioak bete egin ziren eta, nire ustez, mugarri bat jarri zen komunikatiboki. Zertan asmatu zen?
Gauza asko sinkronizatu egin ziren: euskalgintzako erakundeek zuten premia eta jendeak erronka oso ondo ulertu izana. Oso erronkazaleak gara. Eguneroko lana oso ondo egiten ere berehala nekatzen da bat, eta baita ere herri bat. Hori ere ikasi nuen. Ahalmena eduki behar da berraktibazio energia hori sortzeko, eta, zalantzarik gabe, 1998ko Bai Euskarari horrek aktibazioa eskatzen zuen ezinbestean. Guk bota genuen dema, baina jendeak heldu ez balio, alferrik. Herrietako taldeek egin zuten lana ikaragarria izan zen, eta ez soilik estadioak betetzeko. Sekulako lana egin zuten eta hor sortu zen altxorra ikaragarria izan zen. Oso ederra izan zen. Beldur asko pasa genuen, dena kontrolatu nahi genuelako, eta, horren ondorioz, gauza absurdoak egiten genituen. Bi hilabete lehenago, arratsalde horretako eguraldia ziurtatu nahi genuen. Meteorologoek esaten ziguten hori ezinezkoa zela eta guk ziurtatzeko exijitzen genien berriro!
Ondotik, komunikazio estrategiaren alorrean aritu zara.
Bai; ondoren, komunikazio korporatiboan hasi nintzen lanean, betiere, gizarte ikuspegia zuen esparruan, eta handik berrikuntzaren mundura pasa nintzen. Lagun batek nire kaos profesional hau ordenatzeko esaten zidan hasierara bueltatzen ari nintzela, hori ere dibulgazioa zelako. Asko eskertu nion ahalegina. Berriro ere proiektu baten hasiera izan zen, berriro ere anbizio handia eskaintzen zuena. 2008an, berrikuntzaren urtea izendatu genuen eta 2.008 ekitaldi egin genituen. Erronka handia izan zen, sustapen, gizarteratze lan handia eta dinamika ilusionagarria eskatu zuena, nahiz eta beste esparru batean izan.
Enpresa ere sortu duzu alor honetan.
Badira lau urte Linking Ideas enpresa sortu nuela Ana Erostarberekin batera. Ideiak konektatu egiten ditugu. Komunikazio estrategia egiten dugu, lehendik ere egin izan duguna, eta saiatzen gara nahi duguna egiten nahi dugun esparruan. Magia hori aurkitzen saiatzen gara. Kontatzen dizuten hori besteei kontatzen ahalegintzen gara, uler dezaten ekintzak eta ekintza horien zertarakoak ez direla beti berdinak. Eta zertarakoak mugitzen dituela gauzak. Badago helburu bat gure eguneroko lanean ahaztu egiten duguna. Eta nire ustez hor dago komunikazioaren gakoa: badagoela beti aldatu nahi duzun zerbait, hobetu nahi duzun zerbait.
Eta zer ahazten dugu komunikazio estrategian?
Ahaztu egiten dugu komunikazioa ez dela norberarena, komunikazioak eskatzen du bestearekin interakzioa sortzea. Komunikazioa ez da zure interesa, zuregandik zerbait behar duen horren interesa baizik. Nahiz eta zuk ordaindu behar duzun festa –kanpaina– hau, festa ez da zurea. Benetan uste baduzu zure bezeroei zerbait eskaintzen diezula, eskaini iezaiezu. Edo zerbait eskaintzen diozula euskal gizarteari proiektu horren bitartez, emaiozu. Baina emaiozu entzunez, berak behar duen hori eman, ez zuri interesatzen zaizuna. Igortzen duenaren interesetik hartzen duenaren interesera jauzi handiegia egoten da. Eta mundu horiek elkartzen ez direnean, niretzat, askotan, su-festa da. Oso polita eta guztiz legitimoa, baina, askotan, ikusten ditudan komunikazio-proiektuak lore-jokoak direla esaten diot nire buruari. Niretzat, zertarakoa eta beste aldekoaren interesa kontuan izan behar dituzu, bestela ez da komunikazioa. Edo bada, baina ez nik maite dudana.
Identitatea eta markak apasionatzen zaituela entzun dut. Horrela da?
Horretan nabil aspaldidanik, uste dudalako zertarako hori lotuta dagoela garenarekin. Gure buruari askotan esan izan diogu oso txikiak garela, eta, askotan, konplexutik hitz egiten dugula susmoa dut. Eta nik erantzuten dut: txikiak, eta? Eta zer zortea txikiak garelako! Zer zortea dugun elkar ezagutu dezakegulako. Zer zortea dugun gure proiektuak benetan egingarriak direlako. Zer zortea gure ametsak gure ohetxo honen ingurumarian egin ditzakegulako. Identitateak gako asko ematen dizkigu. Askotan ikusi izan ditut identitateari begiratzen ez dioten proiektuek mozorro estrategia erabiltzen dutela. Hau da, “beste hori bezala izan nahi dut” esaten dugu askotan. Oso ondo dago besteengandik ikastea, baina uste dut gure neurriko hizkuntza, gure neurriko komunikazioa egin behar dugula. Neurri horretakoa baldin bada, nahi dugun bezain handiak izango dira gure estrategiak. Baina besteen ispilu aurrean jartzen baldin bagara janzteko, arropa horiek gaizki emango digute. Identitatean daude gero eta gehiago gaur egun gakoak, eta ez bakarrik hemen, munduan ere bai.
Nola lotzen dira komunikazioa eta feminismoa zure bizitzan?
Zorionez, hobetzeko eta egiteko dena dago. Nire lanean beti egon da feminismoa uztartuta. Ez nuke nire burua identifikatuko horrela ez balitz. Beste kontu bat da nola pentsatu dudan ekarpen bat egitea erabat beharrezkoa dela ikusten dudan eraldaketari. Eta uste dut gaur egun komunikazioan ikasi duguna derrigorrez aplikatu behar dugula gizarte eraldaketarako. Eta nik anbizio guztiarekin gizartea aldatu nahi dut. Gizarte hau ez delako bideragarria emakumeentzat, baina ez delako ezta ere bideragarria, esate baterako, ume askorentzat. Horregatik, Save The Childrenekin kolaboratzen dut. Komunikazioak baditu oso gako interesgarriak, feminismoan ere bai. Teklak ukitzen lagundu dezakeelako eta gizartea aktibatzen lagundu duelako. Komunikatzeak berak ez du aldaketa sortzen, baina komunikatzen bada aldaketa gertatu dadin, hor beste koska bat aurrera egingo dugu. Nire aktibismo partikularretako bat Doce Miradas taldearekin aurkitu dut, beste 11 emakume zoragarrirekin bat eginda. Pentsatu dugu gaur egun espazio publikoan ahotsak zabaldu egin behar direla eta alor desberdinetatik begiratzeko modu desberdinekin begirada kaleidoskopiko bat osatu daitekeela. Eta begirada horretan era guztietako iritzi eta hurbilpenak sartu daitezke, betiere, oinarrian konpartitzen baldin badugu gizarte hobea izateko nahia. Gizarte hobea izango da, feminista bada; bestela, ez da ez gizarte eta ez hobea izango. Nik horretan sinesten dut. Ez dakit zer den gizarte erabat feminista bat. Inork ez du esperimentatu, ez hemen, ez inon, baina amets egin behar badut, nik nahiago dut horrekin amets egin eta ez gaur egungo gizartean