Pertsonalizatutako osagarriak
Marka: Ai Ene Handmade
Hamar bat urtez Madril aldean antzerkigintza munduan ibili ostean, etxera, Durangora itzultzea erabaki zuen Noemi Loiti Morenok. Bizitzarako proiektu bila, Ai Ene osagarri marka sortu zuen. Bertan bere sormena garatzen du, hasieratik bukaerara bere proiektuei forma emanez.
Marrazkia eta izena, aukeran
Loiti Morenok egiten dituen gauza guztiak eskuz egindakoak dira: nezeserrak, poltsak, tote poltsak, betaurrekoendako zorroak, tamaina ezberdinetako motxilak… Eskuz egindakoak izanik, bezeroak gura moduan pertsonaliza daitezke. Adibidez, izena ipinita. Gauza bera egin daiteke umeendako dituen kirol jertseekin. Marrazkia eta izena ipintzeko aukera ematen du.
Belarritakoak
Osagarrien munduan erabat sartuta, buztin polimerikoz egindako belarritakoak egiten ditu. Forma, tamaina eta kolore ezberdinetakoak izan daitezke. Horiek egiteko, Gixane ahizparen ezinbesteko laguntza du. Biak batera ibiltzen dira azokaz azoka, produktuak saltzen.