Pello Lizarralde: “Bidaia bat kontatzen du ‘Argiantza’-k”

Argintza eleberria aurkeztu zuen uda hasieran, eta liburuaren promozio garaia Pello Lizarralde elkarrizketatzeko aukera bakanetakoa izaten da. Azken eleberriak zinema aretoa du ardatz nagusi. Badu beste pasio bat: musika.

Eskerrik asko, Pello, TTAPen gonbidapena onartzeagatik. Ez zara, bereziki azkeneko urte luzeetan, hedabideetan nabarmentzen den pertsona.

Ez naiz hitz gutxikoa, baina lagun artean errazago moldatzen naiz. Bestetik agertzen naiz agertu behar dudanean. Ez daukat esateko askorik, eta liburu bat aurkeztea aitzakia ona izaten da. Eta, orduan, normaltzat hartzen dut hedabideen aurrean agertzea, baina, gainerakoan, oso gutxitan onartu ditut hitzaldiak. Nik maite ditut irakurle klubak, baina hedabideetan agertzea esatekorik ez baduzu zentzugabea iruditzen zait. Nik esateko askorik ez daukat.

Bitxia da, zeren eta orain elkarrizketatuaren paperean zaude. Zuk, ordea, elkarrizketa asko egin zenituen garai batean, eta antzerki edo musika munduan ibilbide luzea egindakoa zara. Argia-n egiten zenituen kazetari lanak, eta gogoan iltzatuta geratu zitzaidan Donostiako etxe batean bi emakume elkarrizketatu zenituela, etxe berean bizi zirenak.

Garai haiek klandestinoak izan ziren. Gogoan ditut bi elkarrizketa horiek, artean EHGAM legalizatu gabe zegoen. Egiako pisu batean sei bat laguni egin nien elkarrizketa. Oso zaila zen horiekin kontaktua egitea. Banuen ikaskide bat EHGAMen zebilena, eta hari esker egin nuen elkarrizketa. Gogoan dut oso etxe zabala zela hirigunean, etxe zabala baina oso iluna, eta gogoan dut itzala nagusi zela elkarrizketa hartan. Mesfidantza pixka bat ere bazutela esango nuke. Uste dut euskaraz kolektibo horri egindako lehen elkarrizketa izan zela. Zaila zen; orain ikusita gezurra dirudi, baina halaxe da. Elkarrizketa asko egin nituen. Esker oneko agertuko naiz garai hartako Zeruko Argia eta Argia-ko lagunekin, haiek eman zidaten aukeragatik, zeren eta nik azken batean elkarrizketa horiek guztiak egin nahi nituen. Asko ikasi nuen, eta oso serio hartzen nituen elkarrizketa haiek. Genero hori zaila iruditzen zait, eta oso ongi pasatzen nuen horiek egiten. Eta gero, batez ere, elkarrizketak osatzen. Inork ez ninduen estutzen, gustura egiten nituen. Musikariak, pailazoak, kirolariak… Nik egiten nituen elkarrizketak ezagutu nahi nituen elkarrizketatuekin. Eta hori abantaila handia da. Uste dut orain kazetaria, askotan, presaka dabilela.

Elkarrizketatuak ezagutuz ikasten, beraz.

Asko. Orain, Iñigo Astizek eta kazetari batzuek tankera hartako elkarrizketak egiten dituzte. Profesionalak dira, eta nik baino denbora gutxiago izango dute, seguru aski. Alberto Barandiaranek egiten ditu tankera horretako elkarrizketak. Baina genero hori ez da zaintzen behar beste, nire ustez.

Zinema aretoena ez zen garai hartako gainbehera bakarra izan

Bergarako Seminarixoan gaude. Argiantza eleberria argitaratu duzu, zeinean herriko zinemen gainbehera hizpide nagusitzat hartzen den. Hemen bertan zinema eskaintzen hasi dira. Konta egiguzu eleberria nondik nora doan.

Nire liburu guztiek irudi bat dute oinarri. Lehen irudia lehenengo orrialdean agertzen den hori da. Eta horrek ekarri zuen gainerako guztia. Ez berehala, horretan ere denbora eman behar izan nuen. Konturatu nintzen ez zela zinema aretoena izan urte haietan gainbehera etorri zen bakarra. Sistema batek, kapitalismoak, koska bat gehiago estutu zuen. Azken batean, nik esango nuke bi hari daudela eleberrian. Protagonistaren ibilbide existentzialista eta, bestea, protagonista eta gainerakoak inguratzen dituen egoera soziala, politikoa eta ekonomikoa. Konturatu nintzen hor bazegoela modu bat zalantza batzuk argitzeko. Gero, sekula ez ditut argitzen, baina, behintzat, horri buruz aritzeko aukera eman zidan, ikusteko noiz hasi zen orain ezagutzen dugun mundu hau. Bidaia bat kontatzen du Argiantza-k. Gizon batek egin behar duen bidaia; gizon hori dator mundu zahar batetik, berak jubilatua behar zuen urte batzuk lehenago. Bakarrik dago, alargundu berria da, eta ikusten du oraindik baduela zeregina mundu horretan. Azken batean, gerente izan da zinema enpresa batean, eta berak ikusten du oraindik baduela hor lana, egitekoa, eta are konbentzituago geratzen da gazte bat etortzen zaionean –jabearen semea–, eta esaten dioenean enpresak ezin duela jarraitu ordura arte bezala.

Zinematografikoa izan daitekeen eleberri bat da. Protagonistaren aldetik bururatzen zait film askoren oinarrian badagoela azkeneko zerbitzua egin behar duenaren istorioa. Hortik badu asko eleberri honek…

Bai, eta hori oso lotua dago nik hainbeste maite dudan Ipar Amerikako zinemarekin eta literaturarekin. Badaudelako etsi-etsian horrelako lanak hartzen dituzten protagonista asko. Azken batean, 1960ko hamarkadak aldaketa handia  ekarri zuen. Vietnamgo heroiak zirenak antiheroi bilakatu ziren. Ordura arteko heroiak galtzaile totalak dira, baina ez dute nolanahi galdu nahi. Eta, orduan, bere galerari duintasuna emateko ahaleginak egingo dituzte.

Eta zinemaz ari garelarik, Argiantza-ren azaleko irudia Koldo Almandozi mezu bidez bidali nion. Biak ere oso Almandoz-zaleak gara, eta begira zer erantzun zidan: “Euskaldun izatearen pribilegio gutxietako bat”.

Euskaldunok suerte handia dugu Koldo Almandoz, Imanol Rayo eta antzeko zuzendariekin. Euskaldunok ez gara asko, baina musikari, idazle, zinemagile asko gaude. Eta Koldo Almandoz oso eskuzabal agertzen da. Nik oso gogoko ditut berak egindako lanak. Eta badakit Koldok berak eta Imanolek oso bide interesgarriak urratuko dituztela. Gazteak dira oraindik, eta gauza interesgarriak egingo dituzte. Etorkizuna hortik dator, zinema komertzialetik aparte samar dabiltzan horien aldetik. Oso ongi ezagutzen dute zinema mundua, maite dute ikaragarri eta badakite zein zaila den bidea egitea. Hor ari dira borrokan. Imanolek laster aurkeztuko du lan berriena, Donostiako Zinemaldian. Koldo ere badakit ari dela beste lan batean, proiektu batekin esku artean. Horiekin esperantza handia dut, konplizitate handia daukat. Horietako edozeinek esango balit “zure obraren batekin egin nahi dugu film bat”, itsu-itsuan onartuko nuke. Konplize sentitzen ditudalako.

Nire liburuek irudi bat dute oinarri, eta horrek ekarri zuen gainerako guztia

Bueltatuko gara eleberrira. Aurkezpenean ikusitakoaren arabera, bazenuen kezka bat. Narratzaile ezberdinen agerpena, kontakizunean zehar data zehatzak sartu izana… Kezka zenuen, ea irakurleak nola hartuko zuen hori.

Beti dut kezka idazteko orduan. Lehenengo pertsonaren erabilera hain zaila iruditzen zait, iruditzen zitzaidan ez ote nintzen ur handitan sartu. Eta kezka horrek lan handia eman dit. Hirugarren pertsonarekin aisa moldatzen naiz eta errazagoa zait jarraitzea. Zalantza gutxiago eragiten dizkit, baina lehenengo pertsona sartzea, eta kasu honetan ez da bakarra, asko dira lehenengo pertsonan ari direnak, eta, gainera, hiru atal ditu eta halako simetria bat… Alde formaletik iruditzen zitzaidan hor saltsa zegoela, eta ez nekien onik aterako ote nintzen. Horrek kezkatzen ninduen.

Irakurle modura esan dezaket onik atera zarela.

Eskertzen dizut.

Mundu bat galtzen doa. Eleberria oso krepuskularra izan daiteke, baina, aldi berean, badaude beste hari batzuk. Eta esango nuke protagonistaren aldetik badagoela bizitzaren aldeko kantua. Anikarekin dagoen pasarte labur horretan, ez da gazteak protagonistari zer kontatzen dion. Nola baizik. Badago bizi nahi bat, protagonistaren aldetik.

Duintasunaren aldeko zerbait irudikatzen da protagonistarengan: “Bukatu behar al dut? Ba, buka dezadan duin, eta egin dezadan egin beharrekoa, eta garbi, gainera”. Agertzen da beste mutil bat, esango nuke herri handi eta industrial batean hazia. Garai batean, punkak indarrean ziren.

Ez da Bergaratik oso urrun kokatua egongo…

Hori zuk esan beharko duzu.

Kooperatibak aipatzen dituzulako.

Kooperatibak aipatzen dira, bai. Eleberrian, nekazaritza giroan hazitako Anika izeneko neska horrek badaki adineko batekin egoten, eta, hutsala dirudien arren, jardunean aritzen da. Gizon gizajoa izerditan dago, eta hura pixka batean gozarazten saiatzen da. Badaki egoten adinekoarekin. Ramon protagonistak esaten dio, “nahi baduzu joan zaitezke aitarengana”, eta gazteak erantzuten dio, “ez, ez. Niri aitak esan dit hemen geratzeko”. Aldiz, hirian kokatutako mutil gaztea zakarragoa da, beste mundukoa da, eta ez du kontenplaziorik nahi. Giza harremanetan, hirian edo herri batean hazten direnen artean nik uste dut badagoela oraindik ere aldea.

Liburuaren aurkezpenean aipatu zenuen tragedia handia izan zela nekazaritza munduaren gainbehera. Eta hauxe erantsi zenuen, aurrerago: “Nostalgia eta erromantizismoa elkartzen direnean, eta Euskal Herria erromantikoz eta nostalgikoz beteta dago, iruditzen zait puntu penagarri batera iritsi garela”. Behingoagatik liburu aurkezpen interesgarria, pentsatu nuen nire artean.

Holakoak askotan botatzen ditut, baina lagunartean.

Barrutik atera zitzaizun, nahigabe…

Uste dut galdera bati erantzunez egin nuela, ez dut gogoratzen. Badakizu, nire fobiak baditut eta horietako bat erromantizismoa da. Horrek ez du gauza onik ekarri. Orduan, badago nostalgia bat oso pozoitsua, galdutakoa goraipatzearena. Baina nola? Folklorearen bidez.

Folklorea, nostalgia, erromantizismoa… hor egiten da konbinazio beldurgarri bat eta horretan bizi gara erabat murgilduta. Horrek heriotza besterik ez dakar. Hori kritikaren kontrakoa da, ez da kritikoa. Aurrerabiderik ez dago horrekin, paralizatu egiten duelako. Eta harrigarriena da gazteek hartu dutela hori eta garai bateko gazteek baztertu zutena, kritikatu zutena, gazte hauek hartu dutela…. eta ni harrituta geratzen naiz. Neska-mutilak poxpolinez jantzita ikusten ditudanean…

Edo gazte asanblada bat danborrada bat antolatzen…

Esate baterako. Gauza penagarriak. Eta gero, urtero ez dakit zein errota berriro irekitzea eta han aleak xehatzea eta ogia egitea garai batean bezala, eta taloa… Hori heriotza totala da. Herri batek horrela jarraituz gero, ez dauka etorkizunik. Eta bide bera hartu du kirolak. Kirol mezu higuingarri horiek: “Saia zaitez, dena da posible, saiatzen bazara lortuko duzu…”. Kalbinismo nardagarri hori nagusitu da, eta hori alde batetik eta folklorearen konbinazio horrekin, koktelak akabatuko gaitu.

Kapitalismoa aipatu duzu. Eta nola iritsi gara honaino? Zure nobelan pista batzuk antzeman daitezke. Zeren eta gerentea, protagonista, zinema aretoetara doa, erreserbatu samarra da, baina une zail batzuk pasa behar izaten ditu. Bilera gordin samar bat aipa genezake. Garai hartan, gutxienez, gerentea aretoz areto joaten zen. Egun, enpresak ixteko eta langileak kanporatzeko posta elektronikoa erabiltzen da. Eta erreklamatuz gero, robotaren mezua ager liteke telefonoaren bestaldean.

Hori izugarria da, eta eleberriaren gakoetako bat da. Aipatzen duzun bilera hori garbi izan arte ez nuen nobelarik izan, eta hori gakoa da. Kapitalismoa sekula ez da bera izan, kapitalismoa sistema krudela da, baina kapitalismo zaharrari alde batetik langileek aurre egiten zioten. Eta lortu zituzten berme batzuk, 70eko hamarkadan bazeuden berme eta defentsa batzuk. Ez bakarrik sindikatuei esker, baita asanbladak, eta abar. Bestetik, hemen, Gipuzkoan, baziren karlista eta jeltzale zahar horiek tailerra bazutenak, baina ez oso handiak. Eta horiek ez ziren askoz hobeak izango, baina bazuten sineste bat: “Nik nire pribilegioak nahi ditut, enpresa edo tailerra daukat, baina nire ingurukoak edo langileak oro har ongi dauden bitartean, ni ere hobeki biziko naiz”. Hori bukatu da, eta eleberriko gerentea mundu horretatik dator. Nobelan, hain zuzen, jabearen semeak ekonomialari baten diskurtsoa dakar.

Datuak besterik ez duenak.

Harrigarria da. Nik ez dut aurrekoaren nostalgiarik, baina berme batzuk bazeuden oraingoaren aldean. Suertea izan genuen garai hartan hazitakoak. Hemen ez dago begirunerik. Edo telelanaren historia hori. Hori da kapitalismoaren azken asmakizun zoragarria.

Bukatu aurretik, Pello. Egin zitekeen disko dendetan oinarritutako nobela bat ere.

Bai, eta gustura. Antzekoa egin zitekeen, bai. Gainera, asko gozatuko nuke. Oso gutxi daude horren gainean egindakoak. Bazen film ona, eta famatua: High Fidelity (Stephen Frears, 2000). Hark umorea erabiltzen zuen, eta bide asko itxi zizkigun askori. Handik aurrera…. bai, egin zitekeen berdin-berdin.

Musikazale amorratua zarelako. Askotan aipatu izan dut Iban Zaldua eta zu zeu musikazale amorratuak zaretela. Eta biak idazleak. Nondik datorkizu pasio hori?

Txiki-txikitatik. Ama nuen musikazalea. Etxean liburuak erosteko edo diskoak erosteko ez da sekula arazorik izan. Irratia beti piztuta egoten zen. Hit parade-etan agertzen zirenak… ez guztiak, baina proportzio handi batean oso onak ziren. Otis Redding egunean hamar aldiz entzuten genuen. Diskoak garestiak ziren, eta irabazitako lehenengo apurrekin lehenengo diskoak erosi nituen. Gehiegi ere baditut, baina egunero ematen dut ordu asko musika entzuten. Pasio izugarria dut, eta suerte handia izan dut musikariak ezagutu ditudalako. Letra batzuk egin ditut, eta horiekin kantak egin dituzte, eta ezin dut gehiago eskatu.

Ezin aipatu gabe utzi adiskide eta bidelagun duzun Toño Muro, Balerdi Balerdiko kantaria. Kantari puska, gitarra-jole bikaina eta musika-zalea.

Lagun mina dut eta askotan hitz egiten dugu musikaz. Diskoak erosten ditugu, elkarri pasatzen dizkiogu diskoak. Gailu berrietara gaizki ohituak gaude, eta zaharrak pasatzen dizkiogu elkarri, kontzertuetara elkarrekin joanak gara, izan gara leku askotan, bidaia luzeak egin ditugu kantariak ikusteko.

Eta bukatzeko, editoreekin ondo konpontzen zara?

Espezial. Suerte handia daukat editoreekin. Editoreak behar du izan literatura-zalea. Nik, batez ere, harremana Iñaki Aldekoarekin daukat, eta literatura-zale handia da. Hori da behar duzuna. Eta gero, behar duzu inork pelmadarik ez ematea, eta honek bakean uzten nau. Hitz egiten dugu liburuez eta bestelakoez, eta horrela, gogotik lan egiten duzu, ez daukazu aitzakiarik.