Pello Gutierrez Peñalba: “Euskarazko rol-jokoen urrezko garaian gaude”

Rolariak elkarteko lehendakaria da Pello Gutierrez Peñalba. Harekin hitz egin dugu rol-jokoei buruz, euskarazko rol-jokoen egoeraz eta elkarteak egiten duten lanaz, besteak beste.
Rolariak elkarteko lehendakaria zara; euskarazko rol-jokoen lehendakaria, beraz.
Beste rolariek txiste asko egiten dizkidate lehendakari izatearen kontura, baina nik gogorarazten diet elkarte horizontal bat garela eta ni naizela, paperetan norbaiten izenak egon behar duelako. Bestela, denok gara Rolariak elkarteko bozeramaile eta denok pisu bera daukagu.
Has gaitezen oinarrizko galdera batekin: zer da rol-joko bat?
Oraindik ez dugu zehaztu rol-jokoetan jokatu edo jolastu egiten dugun. Rol-jokoa mahai-joko bat moduko bat da. Mahai baten bueltan jokatzen da, bospasei lagunen artean, eta joko narratiboa da. Hau da, istorio bat kontatzen da guztien artean, modu kolaboratiboan eta bat-batean. Rol-joko bakoitzak bere arauak ditu istorio horrek aurrera egin dezan. Oso rol-joko desberdinak daude gaur egun: batzuk tradizionalak dira –1970-1980koak– eta beste batzuk, narratiboagoak, ez hain taktikoak. Denetarik dago.
Non sortu ziren?
AEBetan. Oinarria gerra-jokoak ziren; hau da, estrategia-jolasak, zeinetan gatazka birsortu egiten den mapa baten gainean. Lehenengo rol-jokoak oso taktikoak ziren. Momentu batean, armadak protagonistak izan beharrean, pertsonak izaten hasi ziren, eta jokalari bakoitza pertsonaia horrek egingo zukeena adierazten hasi zen. Duela 50 urte izan zen hori.
Eta zu nola hasi zinen jolasten?
12 urterekin Eraztunaren jaunaren liburuak irakurtzen nituen eta fantasiazko munduak asko gustatzen zitzaizkidan. Donostian denda bat zegoen horrelako jokoak zituena, eta horiekin hasi ginen. Jokoak oso konplikatuak ziren, baina, nola edo hala, zerbait egiten genuen. Garai hartan euskarazko rol-jokorik ez zegoen –gaztelaniaz eta ingelesez bakarrik zeuden–. Gure lagun kuadrillan euskal hiztunak ginen, baina, jolasak gaztelaniaz zeudenez, gaztelaniaz hitz egitera pasa ginen, rol-jokoengatik. Azkenean, gutako batek esan zuen: “Zergatik ari gara gaztelaniaz jolasten? Hau berdin-berdin jokatu daiteke euskaraz”. Eta ordutik aurrera euskaraz hasi ginen. Pentsa ze garrantzitsuak diren ereduak! Gaur egungo haurrek ere telebista eta marrazki bizidunak ez badituzte euskaraz ikusten, beste hizkuntza batera pasatzen dira. Horregatik, Rolariak elkartean euskaraz sortutako rol-jokoak sustatzen saiatzen gara, euskaraz jolasteko.
“Denok aurkitu dezakegu gustuko rol-joko bat”
Rol-jokoetan jolastu ala jokatu egiten da?
Tradizionalki rol-jokoak deitu zaio; beharbada, mahai-jokoetatik eratorrita. Baina tira, mahai-jolasak ere entzun izan dut nik. Asko, baina asko eztabaidatzen dugu gure artean jokoa edo jolasa izan behar ote duen! Nire ustez, jokoa esaten dugu jolasa gehiago ulertzen dugulako arautu gabeko zerbait bezala. Jokoak dirua tartean dagoela ematen du, bai eta irabazle bat eta galtzaile bat ere. Baina rol-jokoetan ez dago irabazlerik, ez galtzailerik, denon artean istorio bat kontatzen da; inork ez du irabazten. Istorio hori bukatzen denean, bukatu egiten da. Zure pertsonaia hil egin daiteke, baina horrek ez du esan nahi galdu egin duzunik. Niri, bestetik, iruditzen zait jolasa haurren zerbait bezala atzematen dela, eta gu helduak garenez ez garela jolasten, jokatu baizik. Helduok ere jolastu gaitezke, baina gaizki ikusia dagoela esango nuke. Ni jolasaren aldekoa naiz, baina kosta egiten zait horrela deitzea. Ohitura aldatu behar dut.
Azalduko diguzu nola jolasten den?
Ongi iruditzen bazaizu, bost minutuko rol-joko bat egin dezakegu orain. Esan euskal kulturako pertsonaia bat.
Anari.
Ba, zu Anari zara. Eta ni maizterra naiz, jolasaren gidaria. Imajinatu ezazu zu, Anari, iristen zarela kontzertu bat ematera eta ez dagoela publikorik. Zer egiten duzu? Soinu-teknikaria inguruan dago eta zer egingo duzun galdetzen dizu.
Ba, Berri Txarrak-ekkontzertua eman baldin bazuen pertsona baten aurrean, nik, Anarik, ere horixe egingo dut; soinu-teknikariarentzako kontzertua eskainiko dut!
Dado bat botako dugu eta bertan ateratzen den zenbakiaren arabera zure bizitzako kontzertua eskaini duzu, baina soilik pertsona bakarrak entzun du. Zer egiten duzu bukaeran?
Soinu-teknikariarekin afaltzera joan!
Ederki! Hori inprobisatua izan da erabat, baina rol-joko tradizionaletan maizterrak, gutxi gorabehera, badaki istorioaren hasiera nolakoa den, eta bertan zer gertatu daitekeen. Pertsonaia batzuk ere prestatzen ditu, haren hitz egiteko modu berezi eta guzti. Jokalariek egiten dutenaren arabera, istorioa moldatuz doa, jokalariek ustekabeko erabakiak hartu ditzaketelako.
“Gaur egun, sortzaile eta jokalari emakume asko dago”
Jokalari bakoitzak pertsonaia bat ordezkatzen du, beraz.
Jokalari bakoitzak bere pertsonaiaren fitxa dauka. Batzuetan, aurretik etxean prestatzen du; beste batzuetan, mahaiaren bueltan egiten da; eta beste batzuetan, maizterrak ematen dio prestatua. Oso dibertigarria da! Gaur hemen egin duguna ez dakit zer generotakoa den, baina rol-jokoa edozein generotakoa izan daiteke: beldurrezkoa, drama, erromantikoa, detektibezkoa…
Eta noiz bukatzen da? Aspertzen zaretenean ala maizterrak esaten duenean?
Biak dira balekoak. Badaude bala bakarreko partidak; hau da, saio bakarrean osatzen direnak, bizpahiru ordukoak. Eta badaude kanpainak deitzen direnak, luzeagoak. Badago jendea hamar urtez jolas berean ari dena, astero. Haien pertsonaiak garatu egin dira. Badira beste jolas batzuk, Pendragon bezalakoak, hamarkadaka jolasten direnak. Horietan zure bilobekin jolastu zaitezke!
Hezkuntzarako ere baliagarriak dira rol-jokoak.
Erabat. Hala ere, nahiko nuke rol-jokoen alde ludikoa azpimarratu. Helduok oso aukera gutxi izaten dugu jolasteko, eta rol-jokoak badira joko helduak. Hezkuntzari dagokionez, rol-jokoek ahozko adierazpena, irudimena, bat-batekotasuna eta kolektibotasuna lantzeko balio dute, eta ez da konpetitiboa. Balio asko ditu.
Rol-jokoak gizonen kontua dira oraindik?
Erantzuna motza da: ez. Erantzun luzea da garai batean oso gizonezkoen jokoa zela baina orain gauzak asko aldatu direla. Emakume askok esperientzia txarrak izan dituzte rolean jolastean, espazio seguruak ez direlako izan. Horretaz aparte, ulertu dezaket haiei interesatzen zaizkien jokoak ez izatea, gaiak, orokorrean, oso maskulinoak izan direlako tradizionalki. Gaur egun gauzak asko aldatu dira eta rol-jokoen sortzaile eta jokalari emakume asko dago. Rolariak elkartean esaten dugu gutako bakoitzarentzat existitzen dela rol-joko bat guretako propio egina. Baina oraindik ere badago lan asko egiteko. Rolariok ere lan egin behar dugu emakumeen presentzia areagotzeko, eta horretan ari gara. Jardunaldiak antolatzen ditugunean mahai seguruak sortzea bermatzen dugu. Guztia inprobisatua denez, ez dakizu nora eramango zaituen bideak; batez ere, ezezagunekin jolasten zarelako. Horregatik segurtasun arauak markatzen dira jolastu aurretik. Adibidez, adostu daiteke jolasean sexu-harremanik ez dela egongo, edo biolentziarik ez dela egongo. Mahaian X txartel bat egoten da, eta norbait deseroso sentitzen bada gertatzen ari denarekin, txartela atera dezake ekintza hori bertan behera uzteko, inork ezer galdetu gabe. Hau da, jokoa moztu egiten da.
Zein da euskarazko rol-jokoen egoera?
Guk esaten dugu euskarazko rol-jokoen urrezko garaian gaudela. Egia da pandemia aurretik ez geundela antolatuta. Pandemiak ikusarazi zigun Euskal Herriko hainbat tokitan ari ginela euskaraz rolean jolasten eta ez genuela elkar ezagutzen. Maitemintze bat izan da. Oso desberdinak gara, baina balioak konpartitzen ditugu. Hasi gara euskarazko rol-jokoak elkarrekin sortzen eta sustatzen. Lehenengo jokoa maila masiboan ezagun egin zena Atopia izan zen, Durangoko Azokako beka irabazi zuena. Hortik sortu zen Rolariak elkartea. Eta Atopia-ren ondotik etorri dira Adur, Centauri, GudaMailu, Pastorola…
Pastorola sortu duzu.
Bai; belaunaldi berriko rol-jokoa da, story telling deitzen zaion motakoa. Hemen garrantzitsuena da istorioak eta narrazioak aurrera egitea. Oinarria Zuberoako pastoralak dira. Hartzen da bertako egitura narratiboa eta guk istorio bat kontatzen dugu horri jarraituz. Ez duzu errimatu behar, abestu behar… edo nahi baduzu bai! Eta, azken finean, kontatzen dena pertsona baten bizitza da, jaiotzen denetik hiltzen den arte, baina ez kronologikoki. Saio bakarrean jokatzeko egina dago eta bizpahiru ordu irauten du. Normalean, telenobela modukoa izaten da, pertsonaien arteko harremanak direlako garrantzitsuena, baina edozein generotako istorioak kontatu daitezke.