Pello Bilbao: “Txirrindularitzak konfiantza handia eman dit neure buruarengan”

19 urterekin eta kasualitatez iritsi zen txirrindularitzara Pello Bilbao Lopez de Armentia (Gernika, 1990). Klasekide bati bizikleta zahar bat erosi zion, 120 eurotan, eta uste baino hobeto atera zaio inbertsioa. Hamasei garaipen handi lortu ditu eta iazko Tourrean amets bat bete zuen, Issoireko etapa irabazita. Burua beti hotz izaten saiatzen den arren, elkarrizketa honetan barrua hustu du. Gernikako Astra Kulturgunean batu gara harekin, Tourrerako prestaketetan murgilduta dagoen honetan.

ELKARRIZKETA

Pello Bilbao, ongi etorri TTAP-era!

Eskerrik asko!

Txirrindularitza munduko aurpegi ezagunenetakoa zara; nola bizi duzu hori?

Apurka-apurka etorri den zerbait da eta Euskal Herria bezalako toki batean natural eraman daiteke. Eta gauza ederra ere bai puntu honetara heldu ahal izatea, sekula pentsatuko ez nuena. Lanarekin eta pazientzia handiarekin apurka-apurka lortutakoa. Eta ia konturatu barik heldu naiz puntu honetara.

Bizitzak mila buelta ematen ditu! Gu ere txikitan elkarrekin jolastutakoak gara. Nork esango zigun urte batzuk geroago honela egongo ginenik!

Bai, ez nuen imajinatzen! Eta leku paregabea, Astra, elkarrizketa egiteko.

Astra Kulturgunean gaude, Gernikan; hemen bizi zara zu. Baina zenbat denbora egiten duzu etxean eta zenbat kanpoan?

Saiatzen naiz ahalik eta denbora gehien etxean egoten. Duela urte batzuk ez neukan horrelako nagirik etxetik kanpora ibiltzeko, eta urte erdi inguru egiten nuen lasterketa, kontzentrazio eta abarrekin. Baina gaur egun, saiatzen naiz nire egutegia pixka bat murrizten, eta nik uste dut 120 bat egun egiten ditudala etxetik kanpo. Eta etxean nagoenean saiatzen naiz disfrutatzen eta aprobetxatzen hemengo denbora, ze gero kanpoan nagoenean asko igartzen dut faltan.

Aurki, gainera, berriro bidaiatzea tokatuko zaizu, Frantziako Tourrean parte hartuko duzulako; sasoi aldetik nola sentitzen zara?

Ondo. Gauzak bere bidetik doaz. Lehenengo lasterketa-bloke potente bat izan dugu eta horren ostean atseden hartzeko tarte bat izan dut, lauzpabost egun pixka bat deskonektatzeko. Eta orain berriz hasiko gara eraikitzen Tourrera begira, ordu pila bat eta bolumen handiko lanak sartzen. Eta gero, lasterketa hurbildu ahala, Suitzako Itzulia izango dugu aurretik, pixka bat lasterketako erritmora bueltatzeko, eta konturatu orduko Tourrean izango gara jada.

Lasterketarik bereziena da?

Lasterketa bereziak asko daude eta, agian, nire gustukoagoak izan direnak ere badaude. Baina iazko esperientzia bizi eta gero, bai, esango nuke nire lasterketa gogokoenetakoa edo esperientzia potenteena bizi izan dudana bertan izan dela. Eta argi dago mundu mailan daukan oihartzunagatik bakarrik Tourra txirrindularitzako zitarik garrantzitsuena dela.

Nola ari zara entrenatzen?

Ba, etxe inguruan momentu honetan. Hemengo bideetan, klima ere jada aproposa da hemen. Esango nuke nire berezitasunetako bat dela etxe bueltan entrenatzen naizela. Txirrindulari gehienak, itzuli handiak jokatzen dituztenak eta Tourrean lehenengo hamar edo lehenengo hogeien artean mugitzen direnak, beti altuerako prestaketak egitera joaten dira bai Teidera, edo bai Sierra Nevadara edo Alpeetara. Eta nire kasuan, azken urteetan ikusi izan dut horrek ez didala funtzionatzen, eta, gainera, ez bakarrik fisikoki, mentalki lasterketa batera fresko heltzeko gustatzen zait etxean egotea, familiarekin, lagunekin, azkenengo unera arte. Eta esango nuke ez daukala misterio handirik nik egiten dudan prestaketak. Baina bai, egia da Tourrera begira kontzentrazio handiagoa eskatzen duela, lan bolumen oso handiak sartzen ditugu, saiatzen naiz moto atzetik ere entrenatzen lasterketako erritmo hori hartzeko… Eta zorte handia dut hemen ditudan entrenamenduko lagunekin. Talde berezia daukagu eta beraiek ere motibazio handia ematen didate, eta kalitatezko entrenamenduak izaten dira, baina gozatzekoak ere bai. Niretzako hori da sekretuetako bat luze iraun ahal izateko.

Nire ibilbidearen azken fasean sartzen nabil eta %100ean aprobetxatu nahi ditut aukerak

Eta helbururik edo finkatzen duzu lasterketa baten aurretik? Baduzu helbururik Tourrera begira?

Bai. Saiatzen naiz helburu kuantitatiboegiak ez jartzen, ze oso kapritxosoak izaten dira, eta gero, nahiz eta mailarik onenean egon, askotan zaila izaten da lasterketan gertatzen diren egoerengatik edo erorketaren bat edo norberaren kontrolpetik irteten diren hainbat gauza daudelako. Eta ez zait gustatzen emaitzetan askorik zentratzea. Orduan, nire helburuak gehiago izaten dira entrenamenduetan zenbaki batzuetara heltzea bermatzeko lasterketara puntu onean helduko naizela, eta, fisikoki eta mentalki %100ean eta ondo prestatua banago, lasterketak espero duguna ematea itxarotea bakarrik falta da. Eta egia da nire ilusioa etapa bat irabaztea dela, eta horretan zentratuko naiz. Bestalde, taldearen eskaera izango da sailkapen nagusian sartuta ibiltzea, eta saiatuko naiz, iazko moduan, biak aurrera eramaten!

Eta podiuma?

Podiumarena urruti ikusten den zerbait da. Azkenean, iaz ere Tour batean inoiz baino gertuago egon nintzen podiumeko postuetatik, baina lehenengo hirurak ni baino puntu bat gorago ikusi nituen eta helburu oso zaila da. Baina, bueno… Lasterketan gorabehera asko egoten dira eta egoera asko kontroletik kanpo irteten direnak, eta, egoera horiek aprobetxatuz gero, izan liteke lehia horretan sartzea. Hori ere sekula ez dakigu eta mugarik ez dut jartzen; goitik, behintzat, mugarik ez dut nahi jarri.

Eta zelan ikusten dituzu aurkariak?

Tadej Pogacar nik uste dut dela izen nagusia. Giroan ere lasterketa dominatzen ibili da bere gustura, ikusten da disfrutatzen ibili dela, aurkariekin jolasean, eta nik uste dut Tourrera ere puntu onean helduko dela. Eta gero, ba, pena Vingegaard aurreko bi urteetako garailea ez dela horren ondo egongo ia seguru. Entrenamenduetara bueltatu da hainbat denbora errekuperazioan pasatu ostean eta ospitalean ere denbora luzea egin ostean, eta ez dut uste Tourrera ondo heltzeko moduan egongo denik. Eta horiek izan dira azken urteotako izen nagusiak; eta gero, Roglic, Evenepoel… ziklista horiek ere kontuan hartu beharko dira, baina seguru denak buru-belarri daudela momentu honetan, eta arerio oso gogorrak dira. Baina badakigu Tourra bezalako lasterketa batean fisikotik aparte beste hainbat faktore kontuan izan behar direla. Arrisku handia dago, hainbeste erorketa –lehenengo astean, batez ere–, eta horrek denak sakabanatze bat sortzen du, eta ikusiko dugu lehenengo astea pasa ostean zein puntutan gauden eta podiumeko ametsekin sartu ahal garen, edo lehenengo hamarren arteko postu bat bermatzera joan edo, beharbada, aukera guztiak galduta gaude eta etapen lehia bakarrik geratuko da.

Arerioak aipatu dituzu; harreman ona duzue zuen artean edo badago halako pikerik edo?

Harritzekoa da, ze oso oldarkor jokatzen dugu lasterketetan, inoiz baino erorketa gehiago daude, kontaktuak ikusten dira pelotoi barruan, baina saiatzen gara lasterketetako arazoak lasterketetan uzten. Eta esango nuke arerio gehienen artean harreman esturik ez dugula, ze blokeak nahiko isolatuta mugitzen gara. Aurreko urteetan baino itxiago gaude taldean, gure taldeaz bakartik inguratuta, eta gutxiago nahasten gara pelotoian, baina errespetu handia dago gure artean. Eta badaude batzuk oso izaera zabala dutenak, eta erraza da beraiekin harremana izatea. Eta uste dut orokorrean nahiko giro ona daukagula, edo pike sanoa, behintzat.

Aurtengo Tourra ezberdina izango da, Nizan amaituko delako.

Bai; Paristik kanpo ez da inoiz Tour bat bukatu. Aurten, Olinpiar Jokoak direla-eta, Nizan bukatuko da, eta erlojupeko batekin. Ez da nire Tour bukaera amestua, baina aurretik ere Tour askotan ibili naiz eta Parisera heltzea zer den badakit. Niretzako, txirrindulari batek bizi ahal duen esperientziarik politenetakoa da Tourra bukatzea non eta Parisen. Baina aurten zerbait ezberdina izango da, eta tentsio handiko eguna, ze, azkenean, Parisko eguna gehiago izaten da modu erlaxatuan azken eguna disfrutatzeko; batez ere, esprinterrak ez garenok ez dugu etapa horretan zereginik, eta gehiago izaten da Tourra bukatzea, egunaz gozatzea. Kasu honetan, aurten krono batekin bukatuko da eta sailkapen nagusian sartuta bagaude tentsio handiko eguna izango da, asko izango dugu jokoan eta lan-saio oso serioa izango da. 30 kilometrotik gorako krono bat azken egunean; nire ustez, emozio puntu bat egon daiteke.

Nire berezitasunetako bat da etxe bueltan entrenatzen naizela

Zaila izango da iazko Tourra gainditzea. Zuretzat, zeuk esan duzu lehenago, berezia izan zen. Euskal Herritik abiatu zen, Gernikatik igaro zen, Muruetan mural handi bat egin zuten zure irudiarekin… Nola bizi izan zenuen hori guztia?

Nire ibilbideko momenturik bereziena izan da. Emozio handiko momentuak bizi genituen Tourra hasi aurretik. Nik sekula ez dut intentsitate horrekin bizi izan lasterketa bat. Hilabeteak aurretik egon ginen momentu hura aurreikusten, eta benetan gogoz eguna heltzeko. Aurkezpenean ere sekulako giroa egon zen. Sentitu nintzen, zelanbait, beste kirol batean egongo banintz bezala.

Messi, ezta?

Bai, egun batez Messiren pare sentitu nintzen. Normalean, txirrindulariok ez dugu horrelako harrerarik izaten, jende normalaren moduan tratatzen gaituzte gure egunerokoan. Ni, azkenean, Gernikan mugitzen naiz, beste bat gehiago sentitzen naiz kalean, eta jende askok aurpegi ezaguna nabaritzen du, baina nik bizimodu oso normala egiten dut. Egun horiek bai izan ziren, alde horretatik, oso arraroak. Jendeak modu ezberdinean tratatzen gintuen eta jende guztia zegoen Tourrari buruz galdezka, eta jendea aztoratuta egon zen denbora batez.

Entzuten zenuen zure izena?

Bai, bai! Etapa guztian pelotoian gehien entzun zen izena izan zen. Eta bai, kostatzen da karreran zentratuta egotea horrelako giroa dagoenean inguruan eta hainbeste jende. Ni, berez, nahiko txirrindulari hotza naiz, ideiak argi izaten dituena eta buru hotzarekin jokatzen saiatzen dena. Baina egun hartan, kostatu egin zitzaidan zentratzea eta emozioak alde batera uztea.

Etapa horiek igarota lortu zenuen helburua: Issoireko etapa irabazi zenuen. Nolakoa izan zen une hura?

Nik uste dut lasaitua hartu nuela Euskal Herritik irten ginenean. Asko gozatu nuen, baina intentsitate handia izan zuen, eta nire estilora bueltatu ahal izateko eta burua lekuan mantentzeko, lasterketan erabaki onenak hartu ahal izateko, egoera lasaiagoa behar nuen. Eta momentu hura heldu zen Issoireko etapan, lasterketako egoera oso alde jarri zitzaidalako, kontroletik kanpo joan zen ihesaldi batekin. Eta egoera hartan sentitu nuen agian ez zela beste halako aukerarik egongo nire bizitzan. Aurretiaz izan nuen aukera bat Tourrean etapa bat irabazteko eta bigarren bukatu nuen, eta pentsatu nuen egun hartan ezin zela barkatu. Pisuzko arrazoiak geneuzkan egun hartan irabazi nahi izateko eta Ginori [Gino Mader txirrindularia, 2023ko Suitzako Tourrean zendua] garaipena eskaini ahal izateko; bai ala bai irabazi nahi genuen etapa bat Tourrean. Pisu handia kendu nuen helmuga-marra pasatutakoan, eta konturatu 13 urtean egindako lana, hainbat lasterketa, hainbat aukera hurbil geratutakoan eta, azkenean, errematatzea lortzen duzunean… Gainera, momentu berezi batean eta taldeak nola bizi izan zuen garaipen hura. Egun oso berezia izan zen, betirako nire buruan markatuta geratuko dena.

Bahrain taldeko liderra zara orain; nola daramazu hori? Pisua, presioa, poza?

Apur bat denetarik, baina esango nuke duela 5 urte ez nintzela gai izango gaur egun egiten dudan paper hori egiteko. Azkenean, ardura hau apurka-apurka hartzen joan naiz, eta modu naturalean, taldekideek niri pisu hori emanda eta ez hainbeste nik egoera hori behartuta. Ez naiz besteen gainetik pasatzea gustatzen zaion txirrindulari bat, eta gauzak pixkanaka-pixkanaka lortzen joatea gustatzen zait. Konturatu naiz taldeak ardura hori eman didala neuk neure emaitzekin eta esperientziarekin irabazi dudalako pixkanaka, eta, talde guztiak hori onartzen duenean, besterik ez da geratzen. Ardura hori hartu eta norberak egin dezakeen onena egitea! Esperientzia handia daukat eta horrek laguntzen du lasterketako une zailenetan ideiak argi izaten, taldea pixka bat antolatzeko gaitasun hori izaten… Gaur egun ez dauka pisu handirik, motibazio bat da, lasterketara ondo iritsi naizela jakitea. Beste batzuetan tokatzen da ardura hori izatea, baina ez dituzu sentsazio onenak, ez zaude oso konbentzituta, eta hor hasten zara bilatzen ea beste aukeraren bat badagoen taldean pisu hori elkarbanatzeko. Baina, bueno, normalean, prestaketarekin nahiko ondo asmatzen dut eta urte osoan zehar nahiko erregular ibiltzen naiz. Beraz, gustura egiten dudan rol bat da.

Iazko Tourrean egun batez Messiren pare sentitu nintzen

Atzera egingo dugu, Pello, ze oso modu arraroan iritsi zinen zu txirrindularitza mundura, erdi-kasualitatez. Badago hor istorio bat bizikleta bat erosi zenuenekoa… Kontatu.

Bai, nik sekula ez dut pentsatu kiroletik biziko nintzenik. Oso kirolaria izan naiz eta asko gustatu zait beti gurasoekin mendira joatea, edo futbolean jokatzea, edo frontoian, edo olatuak hartzen joatea… Denetarik probatu dut, baina sekula ez dut sentitu onena nintzela kirol batean ere. Pixka bat kasualitateaz iritsi zen momentu bat futbolaz nekatu nintzena, eta kirola egiten jarraitu nahi nuen, sasoian egoteko eta ondo sentiarazteko, gustukoa dudalako, eta ziklismoan sartu nintzen. Neure kuadrillako beste lagun batzuk ere herriko taldean, Gernikesan, lehiatzen ibili ziren. Neure klasekide batek eskaini zidan bizikleta bat 120 eurogatik, beti esaten dut hori, ze inbertsio nahiko txikia da horrelako negozio bat hasteko! Azkenean, bizikleta zahar harekin hasi nintzen lehenengo pedalkadak ematen, eta, handik gutxira, nirekin entrenatzen edo bizikletan ibiltzen ginen lagunek, lehiatzen zebiltzanek, animatu ninduten hasteko. Ikusten zuten eurei gurpilean eusteko gai nintzela bizikleta zahar harekin entrenamendurik barik, eta esan zidaten: “Zuk probatu egin beharko duzu, ezta? Etorri gurekin lehiatzera!”. Gurasoek bizikleta dezenteagoa erosi zidaten eta handik gutxira nire lehenengo lasterketan nengoen!

Zein izan zen?

Igorren izan zen lasterketa bat. Nahiko ibilbide leuna zen, eta pelotoi handi batean sartu ginen. Ni pixka bat desorientatuta nengoen hainbesteko kaosarekin, ziklistak alde batetik eta bestetik… Oraindik ez nengoen ohituta halako pelotoi handi batesn mugitzen, eta taldearen erdian sartu nintzen, besterik barik. Baina gogoratzen dut bigarren lasterketan, gogortasuna agertu zenean, hasi nintzela mugitzen, eta ia gura barik 5. edo 6. heldu nintzen. Eta esan nuen: “Hemen ondo pasatzen nabil eta hasieratik aurrean”. Hasieratik gustua hartu nion eta entrenamenduetan ere asko disfrutatzen nuen, lasterketetan oso giro ona zegoen, futbolean aurkitu nuen giroa baino hobea. Eta etapa hura asko disfrutatu nuen.

2010ean eman zenuen saltoa profesionaletara; beste mundu bat…

Bai, beste mundu bat. Askotan, lagunek adarra jotzen didate. Badago argazki bat Miguel Madariagarekin, lehenengo prentsaurrekoan atera ginenean ofizial egiteko Euskaltelekin fitxaketa, eta daukat halako larritasun aurpegi bat momentu hartan…

“Zer nabil egiten”, ezta?

Bai, ez nengoen seguru pausoak hain azkar emateko. Aurreko urtean Euskal Herri mailako lasterketetan ibiltzetik urtebete geroago Dauphine bezalako lasterketa bat, Tourrera joango ziren ziklistekin batera… Esaten nuen: “Non sartzen nabil? Hau oso azkar doa.” Momentu hartan ardura puntu hura sentitu nuen. Ikasten nenbilen ere bai, eta denarekin aurrera egin nahi nuen eta urte intentsuak izan ziren, baina, azkenean, ondo irten da.

Zer eman dizu txirrindularitzak?

Asko. Zaila da esaten. Ez dakit txirrindularitzarik barik nora helduko nintzen edo zer izango nintzen. Baina argi dago txirrindularitzak konfiantza handia eman didala neure buruarengan. Azkenean, uste dut oso kirol justua dela, ze eguneroko lana oso ondo agertzen da islatuta emaitzetan edo norberaren errendimenduan. Eta ikustea lan bat dagoela, gero emaitzak lortzen zoazela, hobetzen zoazela… Gainera, talde-lana, dagoen konpromiso hori, sakrifiziorako gaitasuna, norbere gorputzaren mugak aurkitzeko nahi hori… Niretzat sasoi hartan aurkikuntza oso inportantea izan zen, beste kirol batzuek eman ez zizkidaten gauzak topatu nituen, eta, nahiz eta adin horretako gazte batek beste bizimodu bat edo denbora pasatzeko beste modu batzuk topatzen dituen askotan, nik ziklismoan buru-belarri egon nahi nuen eta apustu serioa egin nuen alde horretatik. Eta ezin naiz damutu gaur egun ikusita gauzak zelan joan diren.

Ezer kendu dizu? Parrandaren bat edo, agian.

Bai, kendu ere gauza asko. Nik esango nuke gure kirolaren alderdirik zailena dela dedikazio oso esklusiboa eskatzen duela; batez ere, goi errendimendura heltzen zarenean. Ez da entrenamenduekin bakarrik betetzea. Ziklista bizitza da 24 ordu buruan eduki behar duzun zerbait: zaintzeko, jateko orduan, lo egiteko orduan… Janarien bitartez gorputzean sartu ditzakegun energiak mugatuta daude, eta, azkenean, bizikletan gastatzen dugunarekin, ia-ia ez da geratzen energiarik beste gauza askotarako. Eta, azkenean, bai parrandak, bai asteburuetako plan asko, bai oporraldiak, gauza asko mugatzen ditu, eta familian ere bai. Egun asko etxetik kanpo, nahiko diziplina exigentea da eta xurgatzailea, esango nuke. Baina norberak aukeratzen duen bide bat da eta ematen duena askoz gehiago da kentzen duena baino. Eta, gainera, etapa labur bat bezala ulertzen dut. Nik ez dut ikusten neure burua 40 urtera arte, ezta erretiro adineraino mundu honetan sartuta. Orduan, gero izango dut beste bizitza bat probatzeko eta gauzak beste modu batera ulertzeko aukera.

34 urte dituzu eta 2026ra arte daukazu kontratua zure taldearekin; pentsatzen duzu etorkizunean?

Bai, orain inoiz baino gehiago. Nik ikusten dut nire ibilbidearen azken fasean sartzen nabilela, eta pentsatzen hasi naiz gero zer etorriko den. Modu positiboan ikusten dut. Etapa hau bukatu egin behar da, baina aprobetxatu nahi ditut %100ean geratzen diren aukerak, eta gero, beste gauza batera. Ez dut nahi ziklismoa luzatu edo erdizka geratu gauza batean edo bestean. Hemen nagoen bitartean eta ziklista naizen bitartean %100ean zainduko naiz, %100ean lehiatuko naiz eta, askorik luzatu gabe, gero beste gauza batzuk probatu. Ze, azkenean, bizitza azkar pasatzen da eta ez dut nahi bakarrik geratu nire ziklismo bizitzarekin. Gauza gehiago probatzeko gogoz nago.

Ba, etorriko dira horiek ere. Pello, eskerrik asko, benetan, gaur TTAPen egotearren. Eta nire aldetik, eskerrik asko, oso berezia izan da elkarrizketa hau, eta zorterik onena hemendik aurrera!

Eskerrik asko!