Pedro Miguel Etxenike: “Zientziaren ondorioei jarri behar zaizkie arauak, ez zientziari berari”

Ezagunena ez bada, Euskal Herriak eman duen zientzialari ezagunenetakoa da Pedro Miguel Etxenike (Izaba, 1950). Fisikan doktorea eta Materia Kondentsatuaren Fisikako katedraduna, Donostia International Physics Centerren presidentea da, sorreratik, eta CIC nanoGUNE martxan jartzen ere jardun zuen. Nazioarteko hainbat sariren irabazlea, Eusko Jaurlaritzaren lehen Hezkuntza sailburua ere izan zen, 1980 eta 1984 urteen artean.
Bergarako Laboratorium museoan gaude. Ondo ezagutzen duzun museoa da, ezta? Hasieratik, bertan ibili zara zeu ere…
Bai, betidanik izan dut harremana. Ez dakit behar bezain ongi ezagutzen dudan, baina ondo ezagutzen dut, bai.
Bergarak, gainera, badu zientziarekin harreman estua.
Bai, niretzat, batez ere, wolframaren edo tungstenoaren aurkikuntzagatik.
Gaur Bergaran egoteko motiboa da bertan aurkeztu duzula dagoeneko urtetxo batuk dituen El Secreto de la Naturaleza (Naturaren sekretua) izeneko ikus-entzunezkoa. Bertan zeu zara protagonista, eta zientziaren garrantziaz hitz egiten da. Oraindik ere azpimarratu beharra dago garrantzia hori? Zientziari ez zaio behar beste garrantzia ematen?
Uste dut oraindik ere garrantzia eman behar zaiola. Harrigarria da, zientzian eta teknologian hainbeste oinarritzen den gizarte batean, jende askok ez ezagutzea. Gero eta gehiago ezagutzen da zientzia, baina indar gehiago, bultzada bat ematea ez letorkioke gaizki.
Zu zeu zientzialaria zara, umetan zientziak letrak baino nahiago zenituelako. Ze pisu izan zuen horretan zure aita medikua izateak?
Aita medikua izateak ez dut uste hainbeste izan zuenik; ama maistra edo andereñoa izateak beharbada gehiago izan zuen. Izan ere, gure heziketan amak aitak baino eragin handiagoa izan zuen. Noski, aita medikua eta ama maistra izateak izan zuen garrantzia. Baina, nire kasuan, eskolatik etorri zen, ikasgaiek izan zuten eragina: errazagoak egiten zitzaizkidan zientziako gaiak edo ikasgaiak letretakoak baino.
Zergatik?
Zientzian, errazago dakizu ondo ulertzen duzun edo ez. Letretan, ezagutza orokorra izan behar duzu, alboko gaiak ere asko ezagutu behar dituzu,eta inoiz ere ez duzu ondo jakiten ondo ulertu duzun edo ondo egin duzun. Etengabeko bidea da letretakoa, zientzietakoa ez bezala.
Materia kondentsatua da zure zientziaren esparrua. Zer da zehazki hori?
Materia, egoera normalean; ez, Eguzkian bezala, egoera termonuklearrean, edo, Unibertsoan, tenperatura kritikoetan, baizik eta gauza normalak nola diren. Zergatik den aluminioa metala; zergatik den silizioa erdi-eroalea; zergatik existitzen den supereroankortasuna; Quantum konputagailua… Hori da materia kondentsatua; zer gertatzen den atomo askok elkar eragiten dutenean.
“Beti izan dut interes handia gauza askorekiko”
Materia kondentsatua ikertzen hasi zinenetik asko egin da aurrera horretan? Asko sakondu da?
Bai, teknologia gero eta zehatzagoa delako, eta gauzak gero eta hobeto neurtzeko aukera dagoelako, denbora laburrean, egoera ezberdinetan… Teknologiak neurtzeko ahalmena ekarri du eta neurtzeko ahalmenak beste era bateko ulermena eskatzen du.
Gaur egun, zenbat denbora eskaintzen diozu ikerkuntzari?
Gaur egun utzita daukat. Ikerketak, fisika teorikoan, asko eskatzen du, eta nik, orain, dagoeneko ez dut buruan izan dudan indarra. Batez ere, zuzendaritzan, antolakuntzan eta zabalkuntzan aritzen naiz gehiago. Emaitzak-eta begiratzen ditut baina… Zahartu egin naiz, ez dut behar den indarra.
Ze garrantzia ematen diozu dibulgazio zientifikoari?
Handia. Zientzialariok azaldu egin behar dugu zer egiten dugun, zertarako egiten dugun egiten duguna, zertarako balio duen egiten dugunak. Gizarteak heziketa zientifikoa badu, kultura handiagoa dauka eta libreagoa da gauzak erabakitzeko.
Zientzialari batek badu erretiroa hartzeko adinik?
Ez.
Kuriositatea mantendu egiten da?
Ez bakarrik zientzialariok; idazle batek esan zuen bezala, zahartzaroa hasten da kuriositatea galtzen duzun unean.
Eta zuri, oraindik ere, ez zaizu horrelakorik gertatu.
Ez, hainbeste gauza interesatzen zaizkit! Zientzia, kultura, literatura, politika… Hori guztia. Beti izan dut interes handia gauza askorekiko.
Ez zara mugatu zientziara, hortaz. Dena lotuta dago? Batak bestea laguntzen du?
Zientziak burua argi edukitzen laguntzen dizu, eta, burua argi izanez gero, beste gauzak ere hobeto ulertzen dituzu.
Hemen, Euskal Herrian, Donostia International Physics Centerreko (DIPC) presidentea zara, eta CIC nanoGUNE sortzen ere lagundu zenuen. Baina ondo ezagutzen dituzu, baita ere, nazioarteko erakundeak, eta hainbat akademiatako kidea ere bazara. Euskal Herrian, nahikoa egiten da zientziaren alde?
Harrigarria da zenbat aurreratu dugun, zeren eta, Eusko Jaurlaritza hasi zenean, ez zegoen ia ezer, eta, orain, jende-talde asko eta institutu asko dira munduan ezagunak direnak. Asko aurreratu da. Zientzian ezin da ahal duzuna baino abiadura handiagoarekin ibili. Nik uste dut nahikoa egiten dela, baita gehiago egin behar dela ere. Baina gero eta gehiago egingo dugu. Ezin dugu gehiago egin, egokia ez den momentuan. Momentu honetan ondo egiten da. Cambridge edo Harvard izan nahi dugu etorkizunean, baina pausoz pauso joan behar dugu. Gauza bakoitzak bere denbora behar du.
“Harrigarria da Euskal Herrian zenbat aurreratu dugun zientzian”
Erakundeetan ere izan dituzu karguak. Zuretzat zer da kezkagarriagoa: zientzian behar beste ez inbertitzea, behar beste garrantzia ez ematea; ala sasizientziak?
Biak dira kezkagarriak. Behar bezala inbertitzen ez baduzu, ez duzu etorkizunik izango; eta sasizientziei garrantzia ematen badiezu, bide okerretik ibiliko zara. Eta Lino Akesolok esaten zuen: “Bide okerretik zenbat eta azkarrago joan, orduan eta txarrago”.
Uste duzu gaur egun sasizientzietan behar baino foku gehiago jartzen dela? Toki gehiegi ematen zaiela?
Nik uste dut baietz. Harrigarria da nola sinistu dezakeen hainbeste jendek gauza batzuetan: terraplanismoa, txertoen kontrakotasuna… kezkagarria da. Gero eta garrantzia gehiago emateak ez dut uste ondorio onik dakarrenik. Nik ez nieke hainbeste foku jarriko.
Gaur egun, zein momentuan dago zientzia? Adimen artifizialari dagokionez, adibidez, badakigu nora goazen ala ez?
Inoiz ere ez dakigu nahikoa, baina badakigu asko.
Adimen artifizialak, adibidez, zuri kuriositatea ala kezka pizten dizu gehiago?
Kuriositatea eta itxaropena, ardura baino gehiago. Baina kontuz ibili behar dugu, eta gizarte osoari dagokio ardura horrekin ibiltzea. Ez dugu presarik.
Horrelako gauzetan, zientziari arauak jarri behar zaizkio?
Zientziaren ondorioei jarri behar zaizkie arauak, ez zientziari berari; ez ezagutzari, baizik eta erabilerari.
Otsailean gaude, eta otsailean izaten da Emakume Zientzialarien Nazioarteko Eguna. Zuk zeuk ikusi duzu bilakaera bat egon denik, emakume gehiago dagoela zientzian?
Nik uste dut gero eta garrantzia gehiago ematen zaiola emakumearen paperari, eta hori ondo dago. Ni nagoen zentroetan ere baditugu horretarako programak, baina ez gara ari nik nahiko nukeen arrakasta izaten. Emakume gehiago behar dugu, baina ez dugu lortzen nik nahiko nukeen beste.
Zergatik behar dira emakumeak zientzian?
Talentuaren erdia direlako eta talentuaren erdia galtzen badugu… Praktikotasunagatik bakarrik ez bada ere! Etikagatik ere bai, emakumeari bidea eman behar zaio sisteman. Baina talentu osoa beharko dugu, eta haiek erdia dira, gutxienez!
Erreferentzia bat zara Euskal Herrian eta nazioartean, eta, akaso, egongo da elkarrizketa hau ikusten ari den eta zientzian murgildu nahi duen gazterik, zientzian aritu nahi duenik. Ze aholku emango zenioke gazte horri?
Oso arriskutsua da aholkuak ematea. Zientzialari batek beti aholkuak eman nahi baditu, zahartzen ari den seinale da hori! Baina nik esango nioke egin dezala maite duena; gero eta gehiago ezagutu, gero eta gehiago sakondu, gero eta gehiago maitatuko du. Jarrai dezala maitasunaren bidetik. Egin dezala nahi duena, maite duena.
Galderak egin ditzala ere bai? Izan ere, horri garrantzia ematen diozu.
Noski! Baina hori, orain, denek esaten dute: “Garrantzitsua galdera da”. Eta, noski, galdera da garrantzitsuena zientzian, baina erantzuna ematea ere bai. Zentzuzko galderak e, ez eroak. Baina inoiz ere ez dakigu galdera bat okerra den. Eta, gainera, galdera okerra baldin bada, hurrengoan badakigu zein bidetik ez dugun ibili behar.
Zientzian huts egitea ere garrantzitsua da noizbehinka?
Zientzian inoiz ere ez da hutsik egiten. Beti esaten diet nire ikasleei paper batean kalkulu bat egin eta txarto dagoelako paper-ontzira botatzen dugunean, ez dugula denbora galdu; aurkitu dugu zein bide ez den egokia. Ez dut uste zientzian denbora galtzerik dagoenik.
Ikasleak aipatu dituzu. Urteak daroatzazu ikasleei eskolak ematen. Igarri duzu horien artean bilakaerarik, ala gaur egungo ikasleak eta duela 40 urtekoak berdinak dira?
Beti dugu gaur egungo ikasleak lehengoak baino txarragoak direla pentsatzeko joera. Nik ez dut uste. Haiek hobeak dira gauza edo arlo batzuetan, eta beste gauza batzuetan ez dira hain onak. Ideiak idatziz azaltzen txarragoak dira, baina beste gauza batzuetan askoz hobeak dira. Iragana ez zen beti hobea izan. Onak dira, niri beti onak iruditzen zaizkit.
Hainbat lorpen egin dituzu, hainbat sari irabazi, hainbat aurkikuntza egin, hainbat gauza martxan jarri. Bada oraindik ere egin ez duzun eta egitea gustatuko litzaizukeen zerbait? Baduzu arantzatxorik?
Ez. Ni pozik nago egin dudanarekin. Noski edozeinek egin dezakeela gauza gehiago, baina ni oso pozik nago egin dudanarekin. Sortu ditudan zentroek edo hezi ditudan ikasleek poz handia ematen didate; haiek iraun egingo dute ni ez nagoenean ere.